Emakumeak borrokan

Iraganeko leloak orainean

Irati Elorrieta
2017ko azaroaren 05a

Udazkeneko sua, AfD alderdia bostetik batek bozkatu duen herri batean. Batasunarekin zerbait galdu zuen Alemaniako ekialdeak. Losing my religion entzuten da. Hiru lagun kantuaren leloa baino gehiago abesten hasi gara. Seme-alabak begira jarri zaizkigu jakinguraz, hunkituta, deseroso. Auzo-lotsa ere ote zegoen beren begiraden koktelean? Seguruenez. Seme-alaben adina ez da nahikoa kantuak nora eraman gaituen jakiteko: 12-15 urte genitueneko nerabezarora eta orduko sentipenetara. Nora eza, barne eta kanpoko gerrak, bakardade eta ametsak, erantzunik gabeko maitasunak eta entzungor egiten duen ingurua. Musika-txinparta batek piztu digu iraganeko su baten oroitzapena, bakoitzari berea. Batzuei Led Zeppelin edo Iggy Pop entzuten gertatuko zaie, besteei Hertzainak edo Neguren arrakastekin.

No pasarán entzun omen zen Bartzelonan, poliziari zuzenduta. 80 urteko tartea bere burua defendatzen zuen Errepublikaren eta deklaratua izan nahi duenaren artean. Frankismoa amaitzeke ote dagoen. Zilegi al den Gerra Zibila gogora ekartzea, zilegi al den iraganaz halako erabilera egitea. Batzuek ezetz diote, irmoki. Nazismoa ere amaitu zen, eta Alemanian naziekin konparaketak egiten diren oro, ez egiteko eskatzen da, arren, ez konparatzeko.

Batzuetan musika bat entzuten dugu, eta buruak loturak egiten ditu. Batzuetan iraganeko gatazka batek, borroka batek, txinparta batek bezala salto egiten digu begien aurrera. Eta akaso, etorkizun posible baten irudia argitzen du. Antza, Europak irudi berri bat behar du.

Atzera eta aurrera, epe luzera begira jartzen gaitu Kataluniak. Espainian sortu duen krisia ezin da banatu Europar Batasunak bizi duen krisi egoeratik. Herrien Europa desio dutenek esperantzaz begiratzen diote Kataluniari, estatu nazionalen Europan agintzen dutenek, aldiz, kezkaz.

Ez da mugimendu fokalizatu batek Europan larritasuna sortzen duen lehen aldia. Denbora-jauzi handia egingo dut, 1871. urtera, alegia: Europak, beste arrazoi batzuengatik, beldurra izan zion Parisko Komunari. Vive la Commune! aldarrikatu zutenek ere, commune hitza iraganeko musiketatik erreskatatu zuten, citoyenne hitzarekin batera, Frantziako iraultzaren garaiari aipamen zuzena eginez. Autonomia lokalaren eskakizun horretan, denek ez zuten gauza bera ulertzen: deszentralizazioa, autogestioa, federalismoa... Eskala internazionalean proiektatzen zuten beren iraultza, eta Europako prentsak satanizatu egin zituen. Alemaniaren laguntzaz, egun gutxitan zapaldu ahal izan zuen Frantziak Parisko Komuna.

Nazioarteko prentsan ez dute Katalunia guztiz txarto tratatu. Alemaniakoan ordea, oro har, testuinguru gutxiegi eskainiz eman dute hango gertaeren berri. No pasarán leloaren berrerabilera fartsa gisa kalifikatzen zuen kazetariren batek, eta katalanek Gerra Zibilaren erabilera oldarkorra egiten dutela salatzen zuen. Baina nortzuk dira farsanteak? Marxen esaldi ezagunenetakoa izango dena datorkit gogora. Eta dio, Hegelen tesi bat osatuz, historia bi aldiz errepikatzen dela: lehenengo tragedia gisa, eta bigarrenez, fartsa gisa. Tragediaren sortzaileak izan zirenak bigarren bueltan farsanteak badira, hau da, ez diren zerbaiten itxura ematen badute, Espainiaren kasuan, demokrataz jantzita aurkezten dute beren burua.    

Belaunaldiz belaunaldi, sarritan familia barruan, motibo jakin batzuk iragaten dira. Europa han eta hemen sutan daukagun garai honetan, hainbat lekutako iragan ezberdinetatik agertzen ari zaizkigu txinpartak.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Iritzia  |  Katalunia independentziarantz

Iritzia kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude