Pepsiren itsas armada sobietarra

  • Mosku, 1959ko uztaila. New Yorken SESBri buruzko erakusketa bat prestatu eta hilabete batzuetara, Sobietar Batasuneko hiriburuan AEBetako Erakusketa Nazionala antolatu zuten, Gerra Hotza pixka bat epeldu nahian. Erakusketako standak bisitatzen ari zela beroaldia jasan behar izan zuena Nikita Khrustxev Alderdi Komunistako lehen idazkaria izan zen, beharbada Moskuko udako tenperaturengatik ala, agian, AEBetako presidenteorde eta erakusketako gidari Richard Nixonen ohiko hitz-jario astunaren erruz.

Nikita Khrustxev lehenengoz Pepsi edaten, Moskun, 1959ko udan, Richard Nixon (orduan AEBetako presidenteorde) adi-adi begira duela.
Nikita Khrustxev lehenengoz Pepsi edaten, Moskun, 1959ko udan, Richard Nixon (orduan AEBetako presidenteorde) adi-adi begira duela.

Kontua da Khrustxev izerdi patsetan iritsi zela Pepsiren stand parera, eta Donald Kendall freskagarri enpresako marketing presidenteordeak aukera ez zuela alferrik galdu. Edalontzia bete Pepsi hartu eta sobietar buruzagiari eskaini zion. Time aldizkariaren arabera, sobietarrak hurrupa “eszeptikoa” eman zion freskagarriari. Hortxe hasi zen Pepsiren eta sobietarren arteko idilioa.

Donald Kendall 1963an izendatu zuten Pepsiko presidente (eta Nixon 1969an AEBetakoa). Moskuko elkarretaratze hartatik aurrera asmo bat zebilkion buruan Kendalli: Pepsi SESBen salduko zen lehen produktu atzerritarra izatea (eta, ahal izanez gero, bakarra). Urte luzez negoziatu ondoren, 1972an akordioa sinatu zuen sobietarrekin. Baina errubloa nazioarteko merkatuan trukatu ezin zitekeenez, nola ordainduko zituzten sobietarrek freskagarri kapitalistak? Countertrade edo konpentsazio merkataritzaren bidez, beste edari batekin egingo zuten trukea. Pepsi Stolichnaya vodkaren inportatzaile esklusiboa izango zen AEBetako merkatuan. Eta handik bi urtera Sobietar Batasuneko Pepsiren lehen fabrika abiarazi zuten Novorossiysken.

1980ko hamarkadan harreman berezia krisian sartu zen. 1980an Olinpiar Jokoak Moskun egin ziren, eta haien ustiatze-eskubideak Coca-Colarenak ziren 1924tik. Gainera, 1985eko urtarrilaren 23an sobietar agintariek Pepsiren lehiakide nagusia merkaturatzeko baimena eman zuten, turistei saltzeko besterik ez izan arren.

Promiskuitate kontsumitzailea saihestu nahian, Kendall sobietarrekin bildu zen eta beste akordio bat sinatu zuen 1989an: Pepsik hamazazpi gerra-urpekari, gurutzaontzi bat, fragata bat eta destruktore bat jaso zituen. Hala, SESBek itsas armada zaharkitua garbitu zuen eta Pepsi munduko seigarren potentzia militarra bihurtu zen, urpekari kopuruari zegokionez. Diotenez, Donald Kendallek hau esan zion Bush aitaren segurtasun kontseilari Brent Scowcroft-i: “Sobietar Batasuna zuek baino bizkorrago armagabetzen ari gara”. Egoera hark, jakina, egun gutxi batzuk besterik ez zuen iraun, ontziak txatarra birziklatzen zuen suediar enpresa bati saldu baitzizkioten.

Azkenean, Perestroikak hautsi zuen bikotea 1990eko hamarkadaren hasieran, eta egun Coca-Colak gaina hartua dio Pepsiri Sobietar Batasun ohiaren merkatuetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gerra Hotza
Telefono Gorria eta txakur nagia

Washington-Mosku, 1963ko ekainaren 20a. Gerra Hotzeko bi potentzia nagusien arteko komunikazio linea zuzena, Telefono Gorria, jarri zuten martxan. Baina benetan telefono bat al zen?


Cybertonia, metabertsoaren hazia

SESB, 1960ko urtarrilaren 1a. Kieveko Zibernetika Institutuko urte berriko festan, ikerlariei, txantxetan, herrialde birtual bat asmatzea bururatu zitzaien. Cybertonia izena ipiniko zioten eta, beti ere, umore ukitua galdu gabe, 1960ko hamarkadan ideia hura garatzen jarraituko... [+]


2022-06-10 | Sustatu
Napalmak erre zuen neskatoa: 50 urte bete ditu argazkiak

Artikulu hau ilustratzen duen argazkia duela 50 urte egin zen. 1972ko ekainaren 8an, AEBetako undar armatuak Trang Bang herria bonbardatu zuten napalm bonbekin. Nekazari herri hartako biktimen artetik, haur multzo batek ihesean irten zuen, eta herri kanpoan zeuden... [+]


Obninsk, lehenengo zentral nuklear “baketsua”

Obninsk (Sobietar Batasuna), 1954ko ekainaren 27a. Moskutik 110 kilometrora eraiki berri zuten zentral nuklearra sarera konektatu zuten lehenengoz eta, hala, energia industrialki ekoizten zuen lehen erreaktore nuklearra izan zen.


AEBek irabazi, McDonaldsek galdu

Los Angeles, 1984ko uda. XXIII. Olinpiar Jokoak AEBetako hirian egin ziren eta McDonald's frankiziak marketin kanpaina berezia prestatu zuen horiei lotuta: "Urratu eta irabazi" moduko txartelen bidez, bezeroek Big Mac bat jasoko zuten doan AEBek urrezko domina... [+]


Eguneraketa berriak daude