AEBak INF itun nuklearretik irtenda, Gerra Hotz usaina berriro Europan

  • Ez du oraindik sinatu baina erabakia iragarrita dauka Donald Trumpek: irismen ertaineko misil nuklearrak debekatzen dituen INF itunetik irtengo dira AEBak. Mundua berriro hurbilago dago, beraz, arma nuklearren kontrolerako lehen hitzarmena sinatu aurreko girotik, zeinetan potentzia bakoitzak ezarri zitzakeen nahi zuen lekuan eta nahi adina. Europan berriro hasi da entzuten Gerra Hotzaren arotik ahaztua zirudien “armamentu norgehiagoka”. Tamalez, erreakzio gutxi jendartean.

Argazkian, Mikhail Gorbatxov –ezkerrean– eta Ronald Reagan 1987ko abenduaren 8an sinatzen INF akordioa, bi potentziek urte luzez negoziatu ostean. Tratuak debekatu zituen errusiarrek eta iparramerikarrek orduan zeuzkaten misil guztien artean 500dik 5.500
Argazkian, Mikhail Gorbatxov –ezkerrean– eta Ronald Reagan 1987ko abenduaren 8an sinatzen INF akordioa, bi potentziek urte luzez negoziatu ostean. Tratuak debekatu zituen errusiarrek eta iparramerikarrek orduan zeuzkaten misil guztien artean 500dik 5.500 kilometro arteko irismena zeukatenak. Ondoko hiru urteetan 2.692 misil desegin zituzten AEBek eta Sobietar Batasunak.

AEBen erabaki alde bakarrekoak inarrosi du mundu osoko diplomazia: Donald Trumpek urriaren 20an iragarri du bere herrialdeak ez duela gehiago ontzat emango Errusiarekin Gerra Hotzaren garaian sinatutako itun garrantzitsu bat, INF ituna, irismen laburreko eta ertaineko lurreko misilak debekatzen dituen ituna. Kezka handia sortu du munduan, ez ziurrenik bere garrantziagatik piztu beharko zukeen adinakoa.

Ingelesez eta osorik Intermediate-Range Nuclear Forces Treaty deitu akordioa 1987ko abenduaren 8an sinatu zuten Sobietar Batasuneko Mikhail Gorbatxov eta AEBetako Ronald Reagan lehendakariek, bi potentziek urte luzez negoziatu ostean. 1988ko maiatzean jarria indarrean, tratuak debekatu zituen errusiarrek eta iparramerikarrek orduan zeuzkaten misil guztien arteko sail batekoak, 500dik 5.500 kilometro arteko irismena zeukatenak. Ñabardura garrantzitsu batekin: lurretik jaurtitzeko misilak debekatzen zituen, ez ordea itsasontzietatik jaurtitzekoak. Historiak erakutsi duenez, xehetasun hau ez da hutsala suertatu akordioaren garapenean.

INF itunak, bonba atomikoak eramateko arma oso arriskutsuak debekatzearekin amaierako mugarria ipini zion 1980ko hamarkadan Europak ezagututako krisi handienetakoari, hiriburu europar nagusiak mehatxatuz Sobietar Batasunak SS-20 misilekin piztu zutenari. Tratu berriarekin, 1991 amaitzerako  2.692 misil desegin zituzten bi aldeek, 846 AEBek, 1.846 Errusiak. Europar Batasunarentzako INF ituna da “Europak segurtasun arloan daukan arkitekturaren oinarrietakoa”.

Donald Trumpek dio Errusiak ez duela ituna errespetatu. Barack Obama izan zen bere aginte aldian urraketa ohartarazi zuena, errusiarrek Novator M729 misil berriak ezartzean. Ukraina, Donbass eta Krimeako gatazkaren garaian izan zen. Trumpekin AEBen segurtasun aferetan jaun eta jabe den John Boltonek antolatu du operazioa yankiek INF bukatutzat eman eta, are urrutiago joanez, 2021n iraungiko den New Start misil estrategikoen beste itun nagusiaren bernegoziaketa guztia blokatzeko.

Gaur 87 urte dauzkan Mikhail Gorbatxovek esan omen du –Reagan 2004an hil zen– hutsegitea litzatekeela Washington INFtik ateratzea, horrek errekara emango lukeela berak eta solaskide iparramerikarrek Gerra Hotzaren garaiko “armamentu-norgehiagoka eteteko ahalegina”. Vladimir Putinen ekipotik errepresalia “tekniko-militarrak” iragarri dituzte.

Europako bihotzean, Alemanian, Der Spiegel astekariak Trumpen iragarpena honela aztertu du: “Gerra Hotza berriro? AEB itun nuklearretik irteteak europarrak kezkatzen ditu”. Der Spiegel-ek nabarmendu du nola atera duen berriro mahaira armamentu-norgehiagoka Alemaniako Atzerri ministro Heiko Maasek, kontzeptua kasik ahantzia baitzen Gerra Hotza beste inon baino beroago sentitu zuten Alemanian bertan.

INFek bere garaian asko lagundu zuen giroa lasaitzen arma nuklearren arriskuak jende askori loa kentzen zion Alemanian, eta zabalago hartuta Erdialdeko Europan eta orduko Sobietar Batasunaren eta bere aliatuen mugetako herrialdeetan. Garai hartan eraso atomikoetatik babesteko eraikitako bunker eta gelak dauzkate oraindik orduko etxe eta eraikin askok, Erdiko Europako herrialdeetan militarrek geografia osoan zehar barreiatuta dauzkaten zulo eta aterpe anti-atomikoez gain.

Kontua da 1980ko hamarkadan zientoka milaka herritarrek egin zutela protesta AEBek Alemanian Pershing II misil balistikoak kokatzea eragotzi nahian.  Aldiz, 2018ko mehatxu berrion aurrean herritarrek ez dute kasik erreakzionatu inon.

Txina ere sartuta dago jokoan

Zientzialari Atomikoen buletina –Estatu Batuetan editatzen den Bulletin of the Atomic Scientists famatua– mundu mailako erreferentzia da gaiotan. INF itunaren krisiaz plazaratu dituen artikuluen artean, Pavel Podvig fisikari errusiarrak –Errusiaren indar nuklearren ikerketa proiektuan aritua denak– “Nork hondatu du INF ituna?” titulatu analisian onartzen dio: “Egoera honetan kezkagarriena da ez dakigula zehazki zer gertatu zen. Urraketaren arrazoia den misil mota izendatzeaz gain, AEBk ez dute eman balizko urraketaren inolako xehetasunik”.

Podvigek onartzen du Errusiak urraketaren bat egina duela, 2008an garatzen hasitako 9M729 misilarekin, antza denez horrekin 2012an frogak egin eta 2014an amerikarrek Errusiari aurpegiratu zioten ituna urratu izana. “Oso larria izan ote zen urraketa? Guk segurtasunez esan dezakegu INFren debekua hausteko mailaraino ez zirela heldu”.

Antza denez, bi potentziek aspaldi galdu zuten Gorbatxov-Reaganen garaietako konfiantza giroa eta irtenbide bat negoziatzeko modurik ez da izan. “Ondorioz, galtzeko arriskuan gaude armagabetze nuklearrerako akordioen arteko garrantzitsuenetako bat eta behar bada armen kontrolerako prozesu osoa, horren zergatiaren frogarik ikusi gabe”.

Der Spiegel-ek krisi larri honen ekuazioan Txina ere aipatu du. Alegia, Txinak ez badu sinatzen INF, yankientzako itunak ez duela zentzurik. “Txina Gerra Hotzaren garaian gaur dena baino askoz ahulagoa zen bai ekonomiaz eta bai militarki. Baina ordutik hona Txina bilakatu da AEBen arerio geopolitikoetako bat. Pentagonoak prestatutako azken “Defentsa Nazionalerako Estrategia”-n Txina aipatzen da AEBen lehiakide estrategikotzat Errusia aipatzen hasi baino lehen”.

Analisi horren arabera, Txinak ez dauka bere estrategia oinarritzerik geografiak ematen dion abantailan baizik: lur eremu izugarri zabal baten jabe da eta hori egoera aproposa da ezartzeko lurrean kokatutako irismen ertaineko armak... hain zuzen INF itunaren sinatzaileek debekaturik dauzkatenak. Txinak gaur dauzkan misilen erdiak baino gehiago suntsitu beharko lituzke Pekin hitzarmenean sartuko balitz. Eta alderantziz, AEBek eskuak libre nahi dituzte misilak jartzeko Japonian.

Pavel Podvigek, nabarmendu ondoren INF ituna posible izan bazen herritarren kezka, protesta eta bultzadagatik izan zela, honela bukatu du bere analisia: “Tamalez, historiak erakusten digu egoerak larriagoa izan beharko duela, ziurrenik askoz larriagoa, jendearen presioak behartu baino lehen liderrak gauzak hobeto egitera. Ez dakigu AEBek eta Errusiak Europan daukaten enpate nuklearrak zein beldurgarri izateraino iritsi beharko duen, mundua jabetu dadin jasanezina dela bakea arma nuklearren arriskuan oinarritzea. Soilik geratzen zait sinestea mundua konturatuko dela berandu baino lehen, beranduegi izan baino lehen”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gerra Hotza
Telefono Gorria eta txakur nagia

Washington-Mosku, 1963ko ekainaren 20a. Gerra Hotzeko bi potentzia nagusien arteko komunikazio linea zuzena, Telefono Gorria, jarri zuten martxan. Baina benetan telefono bat al zen?


Cybertonia, metabertsoaren hazia

SESB, 1960ko urtarrilaren 1a. Kieveko Zibernetika Institutuko urte berriko festan, ikerlariei, txantxetan, herrialde birtual bat asmatzea bururatu zitzaien. Cybertonia izena ipiniko zioten eta, beti ere, umore ukitua galdu gabe, 1960ko hamarkadan ideia hura garatzen jarraituko... [+]


Obninsk, lehenengo zentral nuklear “baketsua”

Obninsk (Sobietar Batasuna), 1954ko ekainaren 27a. Moskutik 110 kilometrora eraiki berri zuten zentral nuklearra sarera konektatu zuten lehenengoz eta, hala, energia industrialki ekoizten zuen lehen erreaktore nuklearra izan zen.


2022-06-10 | Sustatu
Napalmak erre zuen neskatoa: 50 urte bete ditu argazkiak

Artikulu hau ilustratzen duen argazkia duela 50 urte egin zen. 1972ko ekainaren 8an, AEBetako undar armatuak Trang Bang herria bonbardatu zuten napalm bonbekin. Nekazari herri hartako biktimen artetik, haur multzo batek ihesean irten zuen, eta herri kanpoan zeuden... [+]


AEBek irabazi, McDonaldsek galdu

Los Angeles, 1984ko uda. XXIII. Olinpiar Jokoak AEBetako hirian egin ziren eta McDonald's frankiziak marketin kanpaina berezia prestatu zuen horiei lotuta: "Urratu eta irabazi" moduko txartelen bidez, bezeroek Big Mac bat jasoko zuten doan AEBek urrezko domina... [+]


Eguneraketa berriak daude