Urteko sorpresa Kataluniatik etorri da

  • Harridura, zoriontasuna, samurtasuna, tristura... sentimendu horien zurrunbiloan sartu naiz. Ez nintzateke gai izango, zinema areto batetik irten ostean “benetako zinema ikusi dut” esaldia azkenekoz noiz esan ote nuen asmatzen. Baina Carla Simón-en lehen lana ikusi ostean, Estiu 1993 (1993 udara) zutik jarri eta txalotzea besterik ez zait geratzen. Iberiar Penintsulan azken hiru urteetan egin den film onena dela esango nuke eta momentuz, 2017an ikusi dudan lan sendoena.

Ahozabalik uzteko moduko lana egin duen Laia Artigas hasiberriak, Frida izeneko pertsonaia gorpuzten du. Orain dela urte batzuk bere aita eraman zuen birus berberak –ez da zehazten, baina nabarmena da zein birus den–, oraingoan amaren bizitza ere betiko itzali du. Abiapuntu horretatik, Carla Simonen kamera Fridaren ikuspuntuan kokatzen da eta hortik aurrera etorriko zaion bizitzaren testigu bilakatzen gaitu hasieratik. Bertan egongo bagina bezala sentituko ditugu ezkutuko elkarrizketak, egunsentiko purrustadak, ulermen keinuak, arbuioak edo haur-parkean gertatzen den sekuentzia ahaztezin bat. Filma ohikoa ez den sentikortasun maila batetik igarotzen da etengabe, larritasuna, barrea eta negarra eszena desberdinetan banatuz. Haurtzaro gogor horren erradiografia hori egiteko, gainera, ez da inongo momentuan sentimentalismo errazean erortzen. Zinemaren hizkuntzak eskaintzen dituen erreminta guztiak modu sotil eta oso eraginkorrean erabiltzen baititu. Planoen egitura perfektu batekin jolastuz eta Victor Erice handiaren pintzelkadak dituen argiztapen naturala erabiliz, momentu batzuetan Frida garela sentituko dugu, baina besteetan aldiz, bere familia berria. Ama, aita, ahizpa txiki ahaztezin hori. Ez dago manikeismoetarako tokirik, tragedia batetik loratu den eta giza-erlazioek eskain diezaguketen konplexutasun horretarako ordea bai.

Filmaren barruan bageunde bezala biziko dugu Fridari gertatzen zaiona, Laia Artigas aktorearen lanari esker

Telefonoaren sekuentzia latza adibidez. Sinplea dirudi, bai, inuzentea, baina pertsonaia nagusiaren barrenean, inflexio puntu bat markatuko du. Bi ume, telefonoarekin jolasean, galdu berri duen amaren etxera deika. Tonu bat bi, hiru… bost… telefonoaren beste aldean ez dago inor. Sei urteko ume horrek ez du erantzunik jasotzen. Tonuak isiltasunean galtzen dira; neskak ez du telefonoa inongo momentuan askatzen. Hitzik ez, negarrik ez, keinu txiki bat soilik, baina momentu horretatik aurrera Frida beste ume bat izango da. Beno, berbera, baina errealitateaz geroz eta kontzienteagoa den umea. Bere gurasoak ez ditu sekula berriro ikusiko eta Bartzelonan zuen bizitza betiko amaitu da.

Victor Erice aipatu dut. Baina ez estetika natural horrengatik bakarrik, edo protagonista baserri-girora moldatu beharko den umea delako; 1973ko El espíritu de la colmena-ren pintzelkadak dituen kontaketa zoragarri hau keinu txikiz osaturiko maisulan bat delako baizik. Eta batez ere, Ericeren lanetan bezala, esaldi txikiz osaturiko egoera xumeek hausnarketa erraldoiak eragiten dituztelako. Gauza garrantzitsu guztiak ez dira hitzen bidez esaten, ikusleak interpretatzen ditu, aipaturiko tresna zinematografikoen batuketa eginez. Umeak “helduak” izatera jolasten; basoan ezkutaketan ari diren une beldurgarria; bigarren planoan ikusten den koltxoia; ama “berriaren” begiradak; aitona-amonak kotxean doazen unea; eta batez ere amaiera. A ze amaiera. Familia arteko jolas batetik hasita, oilo ipurdia jartzeko gai den une horretara eramaten gaituzten arte. Berriro ere, hitzik erabili gabe, sentimenduen eztanda. Laia Artigas ikaragarri, sekuentzia horrek eskatzen duen maila aise gaindituz. Aurreko bizitza batean aktore gisa hogei urte lanean aritu izan balitz bezala. Pantaila belztu eta 96 minutuak pasa direla ohartu naizenean, zinemaren lurrinak airean jarraitzen zuela sumatu dut, eta hori, gauden garaian egonda, gauza zoragarria da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'.


Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


Eguneraketa berriak daude