"Beldurra diogu aspertzeari, ez dugulako nahi gure barrura begiratu"

  • Hondarribiko Blagan euskara elkarteak antolatuta, ekainaren 7an Martxel Mariskalek Azken zakatzak poema liburua aurkeztu zuen herriko kultur etxean eta aretoa leporaino bete zen. Berezia izan zen egun hura: hitz egin genuen Susaren eskutik publikatu duen lanaz, baita musikaz eta bizi dugun egoera sozialaz ere. Eta asko eskertu genion ahalegina Mariskali, ia bi orduz aritu baitzen hizketan, aspaldiko urteetan bere bizitza baldintzatu duen gaixotasunari aurre eginez. Egun hartan grabatu genuenaren ebaki batzuk dira jarraian eskaintzen dizkizugunak.

'Azken zakatzak' liburua da Mariskalen lehenbiziko poema liburua, lehenagotik berak idatzitako testuak kantuen bidez aski ezagunak ziren arren (argazkia: Dani Blanco).
'Azken zakatzak' liburua da Mariskalen lehenbiziko poema liburua, lehenagotik berak idatzitako testuak kantuen bidez aski ezagunak ziren arren (argazkia: Dani Blanco).

Ikusmina piztu du liburu honek iragarri zenetik, poesiazaleen ohiko publikoa gainditu duela ere esango nuke. Nola bizi duzu harrera hori?

Ez dut euskal literaturan halako ibilbide bat, urteak dira lehen eleberria argitaratu nuela eta martxan nituen beste bi, baina zoritxarrez gaixotasun baten eraginez hantxe gelditu dira etxean. 2003ko azaroaz geroztik oinaze neuropatikoak ditut. Orain beste etapa batean nago baina oraindik nire bizi-kalitatea oso eskasa eta mugatua da. Ez dut inolako ekoizpenik lotu ahal izan urte hauetan, nahi bai, baina ezin. Beraz, zaila egiten zait neurtzea: merkatutekniaz ez dakit, eta ez dut jakin nahi; baina oso pozgarria da sentitzea jakin-min hori egon dela.

Zer izan da Azken zakatzak idaztea?

Sendagilearekin beste etapa batean gaude eta lema da limiteak eta mugak areagotzea, nahiz eta paretaren kontra jo. Borroka horretan, erronka izan da idaztea, baina plazera ere bai, noski. Nire buruarekin exigentea izan naiz beti eta ez nago prest edozer gauza argitaratzeko. Nire helburua zen idaztea eta nire buruari esatea “merezi du, saiatuko naiz kaleratzen”.

Liburu osoa zeharkatzen du daukazun gaitzak eta eragiten dizun oinazeak. Pentsatzen dut ezinbestekoa zela hori agertzea.

“Ez zait gustatzen literatura panfletarioa, horrelakoak idazteko beste testu mota batzuk behar ditugu”

Beti bereizten dut gauza bat dela gaixotasuna eta bestea oinazea. Badira pertsonak gaixorik daudenak eta ez dira enteratzen, zoritxarrez, berandu den arte. Okerrena oinazea da. Oinazea dagoenean ez da besterik existitzen. Norbaitek oinazearen esperientzia eduki izan badu, eta ez momentu bateko haginetako mina edo txikitako belarritako mina, segur aski gogoratuko duena; baizik eta denboran luzatzen den oinazea: hori oso esperientzia bitala da, oso talka gogorra, eta pertsona bezala lan handia egin beharra dago. Edo amore ematen duzu eta horren ondorioz beste gaitz mota batzuk etortzen dira, oso ilunak eta zama handikoak; edo borrokatzen jarraitzen duzu. Nik zorionez baditut arrazoiak borrokan jarraitzeko, oso ondo inguratuta nago eta gauzak egin nahi ditut, aurrera begiratu. Poemetako batean esaten da: “Bizitza aurreraka egiten da”. Pentsamendu hori askotan daukat, hemendik ateratzen garenean bizitzak jarraitzen du edo hasten da.

Poema hauek osatzeko “arrantzan” aritu zarela esan zenuen aurkezpenean. Irakurtzean iruditu zait oso bisualak direla eta fragmentatuak. Bilatu duzun zerbait izan da?

Dena bilatuta dago, kasualitatez ez dago ezer, kontzienteki egindako lana da. Kolpeka bezala jokatzen dut: ez zait gustatzen literatura panfletarioa, panfletoak eta dogmak idazteko beste testu batzuk behar ditugu –eta beharrezkoak dira, noski; baina ez poesian, nik ulertzen dudan bezala behintzat–. Ez dut poesia ulertzen zerbait erromantikoa bezala ere, lan sakona dela uste dut, non norbera bere buruarekin hizketan ari den, eta era berean gizartearekin. Lan horretan, eguneroko pragmatismo linguistiko honetatik haratago, zure burua beste toki batean kokatzen duzu.

Kantak egiten nituenean Xabirekin [parean eserita dagoen Xabi Lopez seinalatu du, Beti Mugan taldeko kidea] eta beste Xabirekin [ezkerrera daukan Xabi Strubelli egin dio keinua, Dut eta Zura taldeetako kidea] gustatzen zitzaidan hitzekin jolastea, ez jolas hutsarengatik, irudiak sortzeko baizik, hitzen artean talkak eginez, adjektiboak ez dagozkien substantiboekin jarriz, adibidez; horrek badu bere indarra, nik horretan sinesten dut. Gauzak zuzenean esaten dizkizutenean, adibidez euskal rockean  –“polizia gaiztoa da”, “askatasuna behar dugu” eta horrelakoak–, edo kanta erromantikoetan, lerroa bukatu aurretik badakizu zer esango duten, aurreratzen zara. Poesia bera erronka da alde horretatik.

Aurreikusteko erraza ez den zerbait egitea.

Hori da. Anekdota bat etorri zait honekin lotuta: Beti Muganekin lehenengo disko luzea egin genuenean, irratian elkarrizketa egin ziguten. Disko horretako Denbora geldian kantuan bada momentu bat esaten dena “marrazki bizidunak aztertzen gauero”. Norbaitek deitu zuen galdezka, esplikatzeko zer esan nahi zuen horrek. Nik ez dut hori esplikatu beharrik, bere testuinguruan, horrek badu indar bat; norbait bere buruari galdezka gelditu bada, hor egon da efektu bat. Poesian ere misterio puntu hori mantendu behar dela uste dut, bestela ez gara iristen beste plano batzuetara.

Argazkia: Dani Blanco.

Nola sortzen dira zure testuetan hain indartsuak diren irudi horiek?

Etorri egiten zaizkit eta badut joera etorri bezala idazteko. Formakuntzagatik eta nire ibilbideagatik, ingelesa oso tresna egokia iruditzen zait bat-bateko gauzak idazterakoan, orduan, askotan egiten dut porrusalda bat: euskaraz hasten naiz, jarraitzen dut ingelesez, gero gaztelaniaz… Baditut halako zirriborroak. Eta gero konturatzen naiz zer den benetan mamia. Bigarren txanda batean hasten naiz serioki lantzen, baina irudiak dagoeneko hor daude eta normalean, irudi potenteenak bat bateko horretan ateratzen dira. Gero, idazle batek jakin behar du egiten duen guztiak ez duela merezi, baina egiten duzun guztiak bai balio duela nonbaitera iristeko.

Kontraste ugari dago Azken zakatzak-en: arrantzale hizkera alde batean, skate park-ak eta kamiseta bustien lehiaketak bestean. 

“Haurrak helduegiak dira eta helduak haurregiak telebistaren eraginez, eta mundu digitala iritsi denetik”

Nire burua beti ikusi izan dut bi mundutan, txikitatik. Auzoko guztiak ginen arrantzale familiakoak, nire kintako gehienen aitak, nirea bezala, patroiak; gure etxean eta lagunekin bazen hizkuntza mota bat. Eta lagun hauek guztiak joan ziren eskola nazionaletara. Ni aldiz, nire gurasoek horren alde apustua egin zutelako, ikastolara. Horretaz oso kontziente nintzen, ikastolara joaten nintzen eta kultura bat jasotzen nuen, euskaraz hitz egiteko modu bat, nire auzokoen hizkeraren oso desberdina zena. Nire formakuntzan haratago joan da bi munduen kontu hau: aukera izan nuen AEBetara joateko Soziologia ikastera, lau urte egin nituen han, bigarren etapa batean lanera joan nintzen Bostonera… Ez da teoria kontua, hor ateratzen diren gaiak zuzenean bizi izan ditut. Adibidez, Miamira joan eta bat-batean halako areto batean ikustea nesken kamiseta bustien lehiaketa. 1985ean Hondarribiko mutil batentzat hori ikustea zen… “zer da hau?”. Horregatik daude liburuan keinu batzuk, zeren nik barnean neraman 15 urterekin atunetara joatea, auzo konkretu batekoa izatea, herri konkretu batekoa… Zenbat bider esaten nion nire buruari: “Koadrilakoei deitzen badiet flipatu behar dute”. Beste gizarte bat ikusten nuen.

Baina AEBak oso modu familiarrean agertzen dira, ez dituzu ezagunak zaizkigun ikono kulturalak erabili.

Aipatzen ditut momentu batzuetan Fellini edo “kantautore sasi-dylaniarrak” eta tentazio handia dut Bob Dylani buruz gauzak esateko, niretzat betidanik izan delako berezia. Gaztetan anaiak Tarantula ekarri zuen, Dylanen poema liburua; eta pasa nuen arratsalde oso bat Jaizkibelgo paradorea zegoen azpiko arroketan irakurtzen. Mundu berri bat aurkitzea bezala izan zen. Baina ez nuen hori gehiegi sartu nahi, gehiago aritu naiz esperientzia pertsonaletatik abiatuta.

Haurtzaroarekin konektatzeko gogoa ere antzematen da, baina infantilismorik gabe.

Nire kezketako bat hori da gaur egungo bizimoduan. Denok dakigu paradigma historikoa aldatu dela. Lehen gauzak oso garbi zeuden, oso zurruna zen dena. Orain lanaren eta familiaren kontzeptua aldatu dira, eta horiekin batera dogmatismo batzuk ere bai. Trantsizio horretan pertsona dezente galduta dabiltza, edo, gabiltza. Neil Postmanek bazuen liburu oso interesgarri bat: Haurtzaroaren desagerpena. Bertan esaten zuenez, Erdi Aroan ez zen bereizten haurren eta helduen munduen artean. Zazpi urteak bete arte oraindik umeak ziren, baina hortik aurrera gai ziren helduak bezala hitz egiteko, lengoaiaz jabetzen ziren eta ordutik aurrera heldu bihurtzen ziren. Ez zegoen arroparik eta jokorik haurrentzat, janzten ziren eta hitz egiten zuten helduak bezala eta ez zegoen eskolarik haurrentzat. Gero, inprentaren garaian, helduak hasi ziren edukitzen arma bat txikiengandik babesteko beren sekretuak eta desioak, heldutasun hori: alfabetatua ez bazinen ez zenuen horretara iristerik. Eta horrekin batera sortu ziren eskolak, haurrentzat jokoak, arropak… Hor hasi ziren bereizten haurren eta helduen munduak. Baina 1950eko hamarkadan telebistak eztanda egin zuenean, berriro ezabatu zen banaketa hori: edozein haurrek badu orduz geroztik helduen mundurako leiho bat zabalik, horrek dituen ondorio guztiekin. Nire ustetan ondorio kaltegarriak hein handi batean, zeren ez gara uzten ari haurrei behar bezala garatzen. Zer esanik ez mundu digitala iritsi denetik. Horregatik aipatzen dut poemetako batean, haurrak helduegiak direla eta helduak haurregiak.

“Sortzen dugun eta elkarren artean trukatzen dugun horretan aurkitzen dugu gure izatearen arrazoia”

Behin eta berriro ikusiko dituzun pelikuletako posterrak poeman ere bizi dugun gizartearen gabeziak seinalatzen dituzu. Artifizio gehiegirekin bizi gara?

Oso garai interesgarrian bizi gara eta kristoren zortea dugu, hainbeste kontu interesgarri daude, halako potentziala dago eremu askotan… Guzti hori ondo erabiliz gero, noski. Baina zoritxarrez, “ongizatearen gizartea”-k hori gainditzen du. Izen horrekin oso polita dirudi, baina sekulako tranpa da: nahikoa badugu lanarekin, familiarekin, eta nekearen ordez nahi duguna da entretenimendu bat; esperientzia guztiak horretara bideratuta daude. Eta ondo dago, beharrezkoa da katarsia, baina horretan bakarrik geratzen bagara –eta gertatzen ari da–, orduan gure nortasuna, gurea bezalako komunitateena… Etorkizuna ez dago idatzita, baina… Gu zer izango gara biharko egunean, turista elitista batzuentzat halako paradisu txiki bat? Arriskua hor dago, adibidez. Folklorismo hutsean geratuko gara? Kezka horiek guztiak baditut, eta hausnarketa horiek orain egin behar ditugu, zeren gure atzetik badago gaztedi bat oso-oso potentea. Kontzienteak izan behar gara, baina ez dut diskurtso ezkor bat mantendu nahi: alde on asko ikusten ditut, baina horretarako entretenimenduaz gain, jarrera kontzienteak landu behar ditugu.

Zer ekartzen du literaturak eta poesiak alde horretatik?

Etendura bat gaur egungo martxan. Bizi garen erritmoa bera tranpa bihurtzen da, sekulako beldurra diogu aspertzeari eta esanguratsua da. Aspertzen bagara, normalean izaten da gure barrura begiratu nahi ez dugulako. Isiltasun une bat dagoenean derrigorrez zurekin topo egiten duzu eta agian ez zaizu gustatzen ikusten duzuna; orduan, estali egiten duzu entretenimenduarekin. Ez dut uste ez poesian eta ez literaturan egi borobilak azaldu behar direnik, “hau polita da, hau itsusia; hau ongi dago eta hau ez”… Baina bai akuilua izan behar duela. Diskurtso hegemonikoa zein den badakigu, beraz literaturak, bai egilearen aldetik, bai irakurlearen aldetik, apustu pertsonala izan behar du: “Hau da nire eskaintza txikia”. Sare humano honetan artelanak eta sormen lanak ezinbestekoak dira. Bestela bizi gara oso gizarte pragmatikoan. Hezkuntzatik hasita, zer den baliagarria bakarrik neurtzen dugu, baina gizakia askoz gehiago da, utilitarismo eta kontsumismo horretatik haratago: sortzen eta elkarren artean trukatzen dugun horretan aurkitzen dugu benetan gure izatearen arrazoia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (I)
Aulkitik aulkira, euli-giro eta Jenisjoplin, kontrako eztarritik dendaostera

Uxue Alberdiren lanari begira jarriko gara oraingoan. Lehenengo artikulu honetan helduentzako idatzi dituen ipuinak, eleberriak, saiakera eta kronika hartuko ditugu kontuan. Bigarren artikulu batean ilustratutako anekdotez, istorioez, filosofia liburuez eta idatzizko bertsoez... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


2024-02-06 | Estitxu Eizagirre
Gorka Setien idazlea hil da

Gorka Setien Berakoetxea poemagile hernaniarra hil da otsailaren 4tik 5erako gauean. Bost liburu idatzi zituen, irrati libreetako ahotsa izan zen eta gozo entzuten eta zaintzen zekien. 2019an autoedizioan argitaratu zuen bere poema liburu berriena, Naufragoen altzoa.


Eguneraketa berriak daude