Euskaraz ezin bada ikasi, mediku euskaldunak nola?

  • Medikuntzako graduazio ekitaldian ozen esan zuen ikasleak: Medikuntzako euskarazko adarrean ematen dugu izena, baina ezin dugu euskaraz ikasi, eta guk mediku euskaldunak izan nahi dugu. Leioako campusean lehen hiru urteak egiten dituzte, euskaraz. Bigarren zikloan, ezin ordea. Hizkuntza Planak dio urte honen hondarrean derrigorrezko irakasgai guztiak euskaraz irakatsi behar direla. Onenean, Donostia Unibertsitate Ospitalean, irakasgaien %71 dira euskaraz, okerrenean, Gasteizen, %0.

Donostiako ospitale ondoan dago Medikuntzako Fakultatea. Gipuzkoako hiriburukoa da fakultaterik euskaldunduena. Argazkia: Dani Blanco.
Donostiako ospitale ondoan dago Medikuntzako Fakultatea. Gipuzkoako hiriburukoa da fakultaterik euskaldunduena. Argazkia: Dani Blanco.

Alde handia dago batetik bestera, hau da, ez da gauza bera EHUko Leioako campusean Medikuntzako hiru urteak ikastea ala hurrengo hirurak lau unibertsitate-ospitaleetako batean egitea. Leioan euskaraz ikas dezakete euskarazko adarrean izena eman duten ikasleek. Bigarren zikloan ospitaleetan ikasten dute. Ziurrenik, ikasleak poz-pozik ariko dira orpoz orpo medikuekin. Ordea, salbu eta Donostiakoan, lantokiotan (Txagorritxun, Basurtun eta Gurutzetan), giroa erdalduna da eta ikasleek faktura ordaintzen dute.

Medikuntza euskaraz zergatik ezin den ikasi, ezin da bi esalditan azaldu ordea. Faktoreak asko dira. Hurrengo lerroetan giltza nagusiak emango ditugu.

Euskarazko adarra desagertzeko beldurra

Maria Fuentes Rodriguez 3. maila bukatzen ari da. Medikuntza Asanbladako kide gisa hitz egin digu. Euskarazko matrikulazioa beherantz doala dio. Aurreko Dekanotzak hala adierazi omen zien: beherantz segituz gero bi talde beharrean bakarra izango zen euskarazkoa. Euskarazko lerroa arriskuan ikusten dute: “Presio demografiko handia daukagu, Espainiar Estatuko edonork lor dezake plaza EHUn, jan egiten gaituzte, eta euskarazko plaza kopururik ez dago finkatuta. 300 ikasle hartuko badira, adibidez, zergatik ez gorde euskaraz 150?”. Erantzuna berak ere badaki: EHU Espainiar Estatuaren mende dago eta ezin da euskarazko Medikuntza gradua egin. Fuentesek aitortu du selektibitatea euskaraz egiten duen ikasle dezentek gaztelaniaz ikastea erabakitzen duela. Ikasleak badaki Medikuntzako bigarren zikloa gaztelaniaz egin beharko duela neurri handi batean, BAME azterketa  (Barneko Mediku Egoiliar) ere gaztelaniaz, eta lantokian ere, Osakidetzan, berdin. “Dekanotzari badagokio matrikulazioa euskaraz sustatzea, baina ez dago horretarako estrategiarik”. 

Itziar San Martin Euskarako eta Eleaniztasuneko dekanorde berria da. Jon Zaratek bi urte daramatza Euskararen arloko errektoreordetzan. Haien ustez euskarazko matrikulazioa ez doa beherantz. Haiek emandako datuen arabera, azken bost urteotan batez bestekoa 111 ikasle izan da (guztira 280 inguru), gehienean 119 eta gutxienean 100. San Martinen ustez, ikasleek 100eko kopurua dute buruan eta susmoa izan dute talde bat galduko dutela: “Esan genien ez dugula talde bat ezabatuko. Diskriminazio positiboa egiten da, 95 ikasle balira ere ahalegin guztiak egingo genituzke bi talde ateratzeko”. San Martini euskaldunak gaztelaniazko lerroan matrikulatzeaz galdetu diogu. Bere iritziz, uste okerrak dituzte. Euskaraz ikastea ez da desabantaila, nahiz eta gero gaztelaniaz ikasten jarraitu: “Gaztelania eta ingelesa gero ere erabiliko dituzte eta terminologia ikasiko dute. Euskara gero ez dute ikasiko. Euskarazko matrikulazioa sustatzeko asmoa daukagu”. Oraindik ez ditu erantzunak aztertu, baina Medikuntzako ikasle guztiei, gai horren inguruko inkesta egin die.

Donostiako ospitalean Medikuntzako ikasleak praktikak egiten. Argazkia: Dani Blanco.
Osakidetza dute aurrez aurre

EHUk hitzarmena du Osakidetzarekin irakasleak kontratatzeko. Bi egitura oso desberdin dira eta harremanak zaildu egiten dira. Desberdintasunak desberdintasun, batzuetan borondate falta antzematen da, aukerak egonda ere, ospitaletako hainbat zerbitzuburuk mediku euskaldunak irakasle izateko hautatu ordez atzean uzten baitituzte. Maria Fuentes ikasleak ez daki nola funtzionatzen duen EHUren eta Osakidetzaren arteko hitzarmenak, baina adibide bat eman digu: “Lagun bat Gurutzetako ospitalean ari zen praktikak egiten, Neumologia zerbitzuan. Bi mediku euskaldun ezagutu zituen, biak prest zeuden irakasgaia euskaraz emateko, baina ez zieten halako plazarik zegoenik ere esan. Nire lagunak neumologiako irakaslea erdalduna zeukan. Zergatik ez zieten deitu mediku euskaldunei?”. Ikasleek irakasle euskaldunak eskatu dituztenean sarri ondoko erantzunak entzun dituzte: ez dago nahikoa mediku euskaldun eskolak emateko moduan, plaza elebiduna atera dugu baina ez da euskaldunik aurkeztu...

Itziar San Martin eta Jon Zarateren ustez, EHUk badauka zer egin Medikuntza euskaraz irakats dadin, baina gauza asko ez daude EHUren esku, Osakidetzaren ardurapean baizik. Irakasleak kontratatzea gakoa dela diote, eta ezinean dabiltza. Bi hitzetan kontatuta prozesua ondokoa da: EHUk onartu du plaza bat ateratzea halako irakasgai emateko Medikuntzan. Euskaraz C1 maila (EGA maila) duen irakaslea kontratatuko da, bai ala bai. Osakidetzari profil horretako medikua eskatzen zaio, eta hark esango du badaukan ala ez. Zer gertatzen da? Behin baino gehiagotan dagokion Zerbitzuak erantzuten duela ez duela mediku euskaldunik postu horretarako. Mediku euskaldunik “ez dagoenez” eta plaza elebiduna denez derrigor, ikasturte batez aldi baterako irakaslea arituko da. Irakasle hori erdalduna izan daiteke.

Zarateren ustez, Medikuntza gradua berezia da, beste erakunde bateko langileekin egiten dute lan, irakasle asoziatuak dira, eta gainera medikuak. Euskarazko adarra osatze bidean, hainbat muga aipatu ditu: EHUk aurrekontu mugatua du eta sailek ezin izaten dituzte nahi adina irakasle plaza atera; irakasleak kontratatzerakoan baldintza geografikoa bete behar da, alegia, Txagorritxuko unibertsitate-ospitalean dauden ikasleei bertako medikuek eman behar dizkiete eskolak, ez adibidez Donostiakoek, aldi berean baitira irakasle eta mediku; irakasle espezializatuak izan behar dute, irakasgai bakoitzeko irakasle bat behar da, kardiologiako halako gai zehatz ematekoa, neumologian beste halako irakatsiko duena... Hala dio Zaratek: “Mugak dira, baina ez dira gaindiezinak”.

Kontratazioa giltza denez, Osakidetzarekin plazak eskaintzeko bideak hobetu nahi izan dituzte: “Prozesua gardenago egitea nahi dugu. Ikasleek kritikatzen dute, eta guk ere ikusi dugu, plazak atera eta Osakidetzako zerbitzuek haien intereseko medikuak eskaintzen dituztela”. Osakidetzak lan moldea aldatzea  proposatu zien: EHUren plazak Osakidetzako Euskara zerbitzura bideratuko dira eta  ospitaleetako zuzendari medikuen bidez deialdi zabalak egingo dira. Mediku batzuk plazak atera zirela ohartu ere ez ziren  egiten batzuetan, –dio Zaratek–. Euskarako errektoreordea pozik ari da lanean Osakidetzarekin, batik bat giza baliabideetarako zuzendaritzarekin eta Euskara zerbitzuarekin.

Argazkia: Dani Blanco.
Hizkuntza Plan estralurtarra

Fuentes ikaslea halako tonuan entzun dugu elkarrizketa egin diogun bitartean: plaza elebiduna ateratzen da, baina ez dakigu zergatik gero urtebetez elebakar den; irudipena daukagu Osakidetzan azpijokoan ibiltzen direla eta nahi duten medikuak aurkezten dituztela irakasle plazetarako, baina ez dugu frogarik...   Eta kazetariaren galdera: Dena hain da zalantzagarria, lausoa? Hizkuntza Plana izango duzue bada? Horrek zer dio? Harritu egin da Hizkuntza Planaz galdetu diogulako: “Hizkuntza Plana? Pasibitatea da hemen nagusi. Euskararen inguruko ekintzak lipdubak, narrazio lehiaketak, eta horrelakoak izaten dira. Guk karrera euskaraz nahi dugu!”.

EHUko Euskararen II. Plan Gidaria 2013-2017-ren arabera, Medikuntzan derrigorrezko irakasgai guztiak euskaraz ematea lortu behar da urte hau bukatzerako. 23. orrialdeko datuak ikusita, miraria litzateke plana betetzea. Zaratek aitor du plana ez datorrela bat errealitatearekin. Aurten bukatuko da bost urteko plana eta beste bat egin beharko da, zein helburu izango dituen, ez digu aurreratu Zaratek: “Ikusiko dugu nola egin. Oraingo plana oso orokorra da eta agian beste modu batez landu behar dugu”.

Mediku ona / mediku euskalduna gainditzeko beharra

Ekainaren 27an eta 28an Osasuna eta Hizkuntza jardunaldiak izango dira Bilbon, EHUren Udako Ikastaroek antolatuta. Mediku on / mediku euskaldun eztabaida tabernatik atera eta akademiara eramatea aldarrikatu dute Zaratek eta San Martinek. Erdigunean pazientea jarri behar da, eta osasun arretaren kalitatea hizkuntzarekin lotu behar da: “Horren ebidentziak lortu behar ditugu ikerketa bidez eta eztabaida gizartera zabaldu”. Ikerketa lerro horri ikasleek ere heltzea nahiko lukete, Bidane Petralandak (ARGIAn, 2017ko ekainaren 4an elkarrizketatua) egin duen moduan. Petralandak Osakidetza barruko euskarazko zirkuituak aztertu ditu. Berea da Medikuntzan osasuna eta euskara lotu dituen gradu amaierako lehenengo lana.

Medikuntzako ikasleen aldarrikapen bakarra ez baita haien eskubidea kontuan hartzea, hau da, ikasketak euskaraz egitea. Ikasleok mediku euskaldun izan nahi dute. Kalitatezko arreta eskaini nahi dute, beraz, euskaraz eman nahi dute zerbitzua.

 

Izaskun Elezgarai,

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle eta ikertzailea

“Medikuntza gradua Euskal Herriak bizi duen egoeraren adierazle egokia da”

 

Medikuntza euskalduntzeko dauden oztopoez galdetuta, fokua urruntzeko ariketa egin duzu.

Estrategia eta erabaki politiko falta dago atzean. Herri ikuspegitik aztertu behar dela iruditzen zait. Arazoa ez da EHU, arazoa da EHU Espainiako araudien menpe dagoela, horrek esan nahi duenarekin. Horrez gainera, EHU aldian aldiko errektoretzen erabakien menpe dago eta horiek irizpide politiko-kultural euskaltzaleagoak edo kontrakoagoak izan ditzakete. Medikuntza gradua Euskal Herriak bizi duen egoeraren adierazle egokia da.

Osakidetzak zeresan handia du.

Bigarren zikloa Osakidetzako ospitaleetan egiten dute ikasleek. Ospitaletik ospitalera egoera desberdina bada ere, gehienetan oso giro erdalduna dago. BAME (Barneko Mediku Egoiliar) azterketa gaztelaniaz egiten dute. Lanbidea bera ere gaztelaniaz garatuko dute. Arazoa egiturazkoa da eta EHUtik askoz harago begiratu behar da.

Oso bitxia egin zaigu jakitea plaza elebidunak hutsik geratu daitezkeela,  mediku euskaldunak irakasle lanetan aritzeko prest egonda ere. Ulertzen zaila da.

Hori Osakidetzako arduradunen eskuetan dago eta orain arte Osakidetzan botereguneak erdaldunak izan dira, eta ikusten dugunez, medikuntza arlo oso hierarkikoa da.

Hemengo ikasleek espainiarrekin lehiakortasun handia dutela-eta, euskarazko adarra ahulduko den beldur dira.

Lehen esan dut herri ikuspegia behar dugula. Orain, gutxi gorabehera, 200 gaztelaniazko adarrean eta 100 euskarazko adarrean gabiltza. Lehenik eta behin, pentsatu beharko litzatekeena da zenbat profesional euskaldun behar diren, eta horren arabera kalkulatu beharko da fakultatean zenbat ikasle euskaldun sartu behar diren.Nire ustez, denek izan beharko lukete euskaldunak, gure helburuak Euskal Herriko mediku guztiak euskaldunak izatea izan beharko lukeen moduan.

Baina horretarako eskuduntzarik ez du EHUk.

Argi ikusten dut hemen erabaki politikoak eta estrategia bat behar direla, hasieran esan dudan moduan, eta beste aldea aurrean izango dugula. Euskaldunak gara eta geureagatik begiratu behar dugu, bestela nork begiratuko du gugatik? Nork bermatuko du euskalduntze prozesua EHUn? Nork arautuko du EHUn? Gatazka sortuko du, jakina, baina aurre egin behar diogu.

 

 


ASTEKARIA
2017ko ekainaren 11
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


Ez da zapalkuntza? Orduan, asimilazioa

Hezkidetzarekin lotutako proiektuak koordinatzeko lankideekiko bilera batean, mutiko batek ikaskide neska bati irain matxista bota diolako gertakaria kontatu zuen irakasle batek, zalantza sortu zitzaiolako egoki jokatu ote zuen, eta gure artean hausnarketa interesgarria sortu... [+]


2024-04-19 | ARGIA
Gasteizko Udalak berean segitzen du: 112.000 euro exijitzen dizkio Lazarraga elkarteari

Lazarraga kultur elkarteak jaso du udalaren eskutik 2023ko dirulaguntzaren zuriketaren xedapena: 112.000 euro itzuli beharko ditu. Elkarteak adierazi du “udalaren borondate faltak” Gasteiz Antzokiaren proiektua kolokan jarri duela eta “udalak sortutako... [+]


Eguneraketa berriak daude