Emakumeak borrokan

ARGIA ikusten dut bazter guztietan

Itsaso Zubiria Etxeberria @itsasozubiria
2017ko ekainaren 11
Terrassan (Katalunia) calšot-jatea egiteko 
baliatu duenik ere bada.
Terrassan (Katalunia) calšot-jatea egiteko baliatu duenik ere bada.

Ez naiz hain positiboa, irakurle. Bazter guztietan ARGIA ikusten dudala diodanean ez naiz ari dena koloretsu ikusten dudala esaten; ziur harrapatu duzula txistea, horren argia bazara.
    Denoi pasa zaigula esango nuke: orain arte sekula ikusi ez duzun (edo zure buruak aurpegi hori ez du inoiz gogoratzeko betarik hartu) pertsona bat ezagutu eta bat-batean leku guztietan ikusten hasten zara. Horixe gertatzen ari zait niri azken denboran ARGIArekin. Ez dut ezagutu berria, egia da, baina azken aste hauetan txoko oso desberdinetan topatzea tokatu zait, eta hortik abiatuta ingurukoei ere hasi naiz galdezka beraiek non ikusten ote duten. Erantzunak denetakoak izan dira. Non irakurtzen du ote jendeak ARGIA?
    Kasurik klasikoenetik hasteko, gutxietsi gabe nonbaitetik ekin behar baitzaio, paperekoa sofan irakurtzen dutenak daude, denbora librea goxatze aldera. Ezagutzen ditut lotarakoan ohean leitzen dutenak, argudiatuz irakurriz ederki hartzen dutela lo. Eta espezie honekin beti izan dut zalantza bera: zein atal irakurtzen ote dute ametsetan murgiltzeko? Alegia, zerk aspertzen ote ditu gehien?
    Orain gutxi esan dit lagun batek (eta badakit zerbait kontatzerakoan errazena “lagun batek esan dit” aitzakia jartzea dela, baina hau hala da) ARGIAren azken alea beti gordetzen duela komunean. Irriño batekin dio: “Nik nire santutegian irakurtzen dut astekaria gustuen, patxada ederrean”. Tira, bakoitzak du bere txoko maitatua! Gaztetxean irri-algaraka Beranduegi irakurtzen ari zela topatu nuen kideak ere huraxe izango du leku gogokoa.
    Beste lagun bat orain urtebete egin zen ARGIAko kidea, eta bere fisioterapiako kontsultaren itxarongelan jartzen du aldizkaria bezeroek irakur dezaten.
    Baina dena ez da hain polita. Inoiz maldiziorik ere aditu dut. Ezagutzen al duzu EGAko edo laugarren profileko azterketan irakurgai bezala ARGIAko artikuluren bat jarri eta suspenditu duenik? Bada niri tokatu zait baten bat.
    Eta zerrendarekin luze jarraitzeko aukera izango nuke, baina zuri, irakurle, utziko dizut zure inguruan begiratzen hasi eta galdetzeko aukera. Ea non topatzen gaituzun!

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Argia Jendea

ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude