Frantziako Asanblea Nazionalerako bozak izanen dira ekainaren 11n eta 18an; hauteskunde legegileak. Inkognita bat dago oroz gainetik: Emmanuel Macronek Gobernuan lortu duen botere kontzentrazioak ekarriko al dio Legebiltzarreko gehiengoaren sostengua? 557 diputatu hautatuko dira. Anartean, Manchesterreko atentatuak bozen inguruko gaiak uxatu ditu hedabideetatik, juxtu kanpaina ofiziala hastear zenean. Halaber, Britainia Handiko hauteskunde legegileak dira ekainaren 8an. Seguritatea berebiziko gaia bilakatu da Europako estatuetako hauteskunde kanpainetan.
“Ziurgabetasuna” da Frantziako solastoki politikoetan gailendu den hitza. Hexagonoa hauteskunde giroan murgilduta dago iragan udaz geroztik eta kanpaina guztietan “incertitude” hitza errepikatu da behin eta berriz. Emmanuel Macron presidenteak Les Républicainseko (LR) kide Edouard Philippe lehen ministroa eta gobernu berria izendatu ostean, galdera ugari dira airean. Lehenbizikoa hauxe: nola eragingo du Legebiltzar Nazionalaren osaketak gobernu berriaren politikan?
“Erreforma” da Macronen hitzaldietako hitz nagusia. Gobernu berriko –MoDem alderdi zentristako– François Bayrou justizia ministroak horretarako “politika birmoralizatu beharra” gogorarazi dio. Macronek agindutako “moraltasunaren aldeko lege berria” eginkizun nagusietako bat da. Ezbairik gabe, gobernu berriak deontologia politikoa landu beharko du, baldin eta Macronek agindutako aldaketak beteko baditu. Lan erreforma, fiskalitatearen berrikuntzak, hezkuntza arloko aldaketak, segurtasuna eta Europarekiko elkarkidetasuna dira presidenteak berritu beharko dituen esparruak, baldin eta politika egiteko modu berria ekarriko badu Frantziako politikagintzara.
Konparazionera, egungo Lanaren legea, El Khomri legea deitua ere, 2016an ezarri zen, Manuel Valls lehen ministroa zelarik eta Myriam El Khomri Lan ministroa izaki. Aurreko gobernuaren arabera, “legea berritu zen lanaren eskubidea eta askatasun esparrua zabaldu aldera, baita enpresa eta lan esparruko eragileak babesteko ere”. Macronek Ekonomia ministro kargua utzia zuen ordurako, nonbait, legea ez zuen begi onez ikusi, baina legea horren liberala izanda, inor gutxik uste du egungo legea bere tesietatik urrun dagoenik. Edonola ere, Hollande presidentearen gobernuak ez zuen enplegu arlora espero zituen emaitzak ekarri, aldiz, legeak sindikatuen eta langileriaren kritikak jaso ditu. Bien bitartean, Macronek ez dio Hollanderen bosturteko mandatuari onespena eman, hori Eliseoko balizko teilatu berriari harriak botatzea bailitzateke.
Ezkerra ofizialetik harago dauden ezkertiarren ikuspegitik, “Macron lan erreforma egitera behartuta dago gobernu berria itxuratzeko, baina funtsean, bere lege berriak ere ez luke ekarriko lan mundua berregituratzeko behar den aldaketa sakona”. Fiskalitatearen erreformari dagokionez, presidenteak Taxe d’habitation delakoa (Etxearen zerga) kenduko zuela agindu zuen kanpaina garaian. Agindu bai, besterik da gauzatzea. Erreforma horren aplikazioak hainbat oztopo aurkitu ditu dagoneko. Hots, ez dago zehazturik noiz hasiko den aplikatzen. Zein adineko zergaduni? Zergadun guztientzat berdin?
Estatu Islamistak (EI) Manchesterren egindako sarraskiak seguritatearen gaia ekarri du eztabaida politikoaren lehen lerrora berriz ere
Edonola ere, Estatu Islamistak (EI) Manchesterren egindako sarraskiak seguritatearen gaia ekarri du eztabaida politikoaren lehen lerrora berriz ere. Hauteskunde legegileen kanpaina ofiziala hastear zegoenean, Macron presidentea, Edouard Philippe lehen ministro eta, kanpo harremanetarako eta Europarako ministro Jean-Yves Le Drianek bete dituzte hedabideetako lehen lerroburuak eta egunkarietako orrialdeak. Ekainaren 8an hauteskunde legegileak izanen dira Britainia Handian. Theresa May lehen ministroak “Erresuma Batua terrorismotik babesteko” neurri berriak iragarri ditu. Bretainia Handian abian da Brexit delakoa, alta, seguritate gaiak Europako estatu guztiak batzen ditu. Izan ere, atentatuak britaniar gobernu eskuindarra “indartu” du datozen hauteskundeen aurrean. Frantzian ere, halako atentatu bat jasotzearen beldurra zegoen aspaldion, bertan horrelako atentatua izan gabe ere antzeko ondorioa atera daiteke. Fronte Nazionaleko (FN) Marine Le Penek altxatu du ahots disonante bakarra: “Frantzian ez da deus seriosik egin terrorismo jihadistaren aurka”.
Hedabideez harago, kanpaina kalean dago zernahi gisaz. Hautagaiak tokian tokiko arrondizamendu edo barrutietan ari dira. 557 diputatu izendatuko dira. Marine Le Penen Fronte Nazionala ez da Errepublikanoak Martxan alderdiaren arerio nagusia. Boz presidentzialetan ez zen K.O. gelditu, baina puntutan galdu zuen. Gainera, bozen sistemak ez du laguntzen FN. Hautagaitza guztiek diputaturen bat lortzeko aukera “zapuztuko” diote bigarren itzulian. Diputatu edo senatari bat lortzeko LR da FNren arerio nagusia.
LR ahul dago halere. Bere hogei diputatuk begi onez ikusi dute Philippen izendapena. Bordeleko auzapeza Alain Juppe da (Juppe eta Philippe ildo berekoak dira LRn) indarrez eta nortasunez LR ordezkatu dezakeena. Oraingoz, ez da LRko inor Errepublikanoak Martxanen zerrendetan. Jupperekin batera, LRko buru esanguratsu den François Baroinek dioenez, Macronek LRko hainbat kide bahitu ditu, baina ez du “gerra” irabaziko. LRek Macronen “erasoaldiari” eutsi nahi dio, lehen rounda ekaineko lehen itzulian jokatuko da.
PSko kideak ere badira gobernu berrian. Lyongo auzapez eta barne ministro Gerard Collomb ez da edonor. Macronek K.O. utzi du Alderdi Sozialista. Hollandek eta Vallsek Macroni lagundu diote zeregin horretan. Benoît Hamon da PSko ikur bakarra. Argia ematera deitua izan zen, baina itzalpean geratu da. PSko 24 diputatu Errepublikanoak Martxaneko zerrendetan daude. Honek 428 diputatugairen izenak aurkeztu ditu.
Le Pen ez da arerio sendoa eta LR kolokan dago. Frantzia Intsumisoaren Jean-Luc Mélenchonek Marseillako barrutian aurkeztu du bere burua. Hau da, FNren plaza nagusietako batean. Ez da alderdien liderren arteko norgehiagoka bakarra. Adibidez, Benoît Hamonek PCko hautagai Michel Nouaille sostengatu du Essoneko 1. barrutian, Manuel Vallsen aurka. Era berean, Hamonek Caroline De Haas hautagai feminista sostengatzen du Parisen, lan ministro ohi eta PSko Myriam El Khomri hautagairen aurka. Areago, EELV ekologistek eta PCFk ere De Haas sostengatzen dute.
Frantzia Intsumisoa da Errepublikanoak Martxanen arerio nagusia. Mélenchonek ez omen du bere hautagaiak engainatu nahi. PCFrekin zuen aliantza bertan behera utzi du. “Presidentzialetarako gure programa ukitu gabe mantenduko dugu, ez dugu boza eman digun inor traizionatuko”. PCFk programako hainbat gai “apalarazi” nahi zituen.
Frantziak IV. Errepublika garaiko egoera bizi du. Europar Batasunaren proiektua orduan jarri zen martxan. Frantzia II. Mundu Gerra eta Algeriako Gerraren krisitik atera berria zen. NATOren barruko aliantzak finkatu behar izan zituen, besteak beste. Egonkortasunik gabeko egoera haren ondoren sortu zen V. Errepublika, Charles de Gaullek gidatua. V. Errepublika larrialdian dago egun, eta Macronek VI. Errepublikaren bidean jar lezake Frantzia. Horrek baina, erreformez harago, Konstituzioaren erreforma beharko luke. Horretarako, Macronek Frantziako Legebiltzarraren gehiengoaren sostengua beharko luke. Gobernuan lortu duen botere kontzentrazioa berresteko eta berak aldarrikatzen duen Frantzia berria martxan jartzeko.
Konfiantzaren erronka izenburua jarri diote Kanakyko indar independentisten eta unionisten arteko akordioari. Ozeano Bareko uhartediak herrialde europarraren parte izaten jarraituko luke, baina estatu izaera lor dezake kaledoniarrek hala bozkatzen badute. Datorren urte hasieran... [+]
Dozenaka lagunek agerraldia egin dute astelehen arratsaldean Baionan, Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren egoitzaren aurrean. Frantziak EEPn 100.000 euro gehiago inbertituko dituela iragarrita, euskararen etorkizuna bermatzeko hizkuntza politikak "ausardia eta... [+]
"Egungo baldintzetan" EEP Euskararen Erakunde Publikoak berritzeko hitzarmena sinatuko ez duela mehatxu eginda, Euskal Hirigunearen Elkargoak sei hilabete eman die erakunde publikoa osatzen duten partaideei Parisekin negoziatzen jarraitzeko. Astelehenean agerraldia egin... [+]
Maider Behotegi Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) lehendakariak inbertsio handitze guztiak berri onak direla adierazi zuen iaz. Hala ere, erakunde bakoitzak gutxienez 300.000 euro gehiago ipintzea "beharrezkoa" dela nabarmendu zuen, helburua 2050ean hiztun kopurua... [+]
Maiatzaren 27an Frantziako Estatuko Legebiltzarrak onartu zuen heriotzarako laguntza baimentzen duen legea. Askok aurrerapen humanistatzat jo arren, lege berri honek kezkak piztu ditu pertsona ezinduen eskubideen aldeko mugimenduetan. Gaur egungo gizarteak ez badizkie pertsona... [+]
Debekua uztailak 1ean sartuko da indarrean hainbat espazio publikoetan, hondartzak edo parkeak kasu. Araua errespetatzen ez duten herritarrei 135 euroko isuna jarriko diete.
Eritasunaren kontrako protokoloa salatzeko eta prefeturarekin hitzordu bat lortzeko asmoz, bideratu dute okupazioa ehun bat laborarik. Tuberkulosia kasu batzuk agerturik Zuberoan, eritasunaren kontrako neurri sanitarioak segitu beharrean dira inguru horietako 280 etxalde... [+]
Lurraren alde borrokan dabilen orok begi onez hartu du Frantziako Legebiltzarrak laborantza lurren babesteko lege-proposamenaren alde bozkatu izana. Peio Dufau diputatu abertzaleak aurkezturiko testua da, eta politikoa eta sentimentala juntaturik, hemizikloan Arbonako okupazioa,... [+]
Urte bat beteko da laster Pazifikoko Kanaky herriko matxinada eta estatu-errepresiotik. Maiatzaren 14an gogortu zen giroa, kanaken bizian –baita deskolonizazio prozesuan ere– eraginen lukeen lege proiektu bat bozkatu zutelako Paristik. Hamar hilabete pasa direla,... [+]
Ur kontaminatua ur mineral eta ur natural gisa saltzen aritu dira urte luzeetan Nestlé eta Sources Alma multinazional frantsesak. Legez kanpoko filtrazioak, iturburuko ura txorrotakoarekin nahasi izana... kontsumitzaileen osagarria bigarren mailan jarri eta bere interes... [+]
Baldintzapeko askatasunaren alde agertu bada ere Parisko dei auzitegia, ekainaren 19ra atzeratu du epaia, Georges Ibrahim Abdallahk ez dizkielako kalte-galerak ordaindu AEBei. Baldintzapeko askatasunaren alde agertu zen azaroaren 15ean Frantziako Zigorrak Aplikatzeko Epaitegia,... [+]
Ostegun arratsaldean egin dute bozketa eta, aurreikusitako moduan, François Bayrou lehen ministroaren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin. Izan ere, eskuin muturreko Batasun Nazionalaren sostengurik gabe, ez zuen aurrera egiteko aukerarik.
331 diputatuk bozkatu dute ezkerrak aurkezturiko zentsura mozioaren alde. Eskuin muturrak babestu du ezkerraren testua, eta horrek ekarri du gehiengoa lortu izana. Emmanuel Macron presidenteak hitza hartuko du ostegun honetan 20:00etan.
Frantziako Gobernuaren aurrekontu proiektuan Gizarte Segurantzan egitekoak dituzten murrizketak salatzeko mobilizazio eguna dute ostegunean. Manifestazioa abiatuko dute 10:00etan Baionako geltoki aitzinetik. Bezperan, zentsura mozioaren alde eman dute botoa Frantziako... [+]