"Tamaina handiko zein obratan ez da komisiorik egon?"

  • "Derrigor egin beharreko galdera da: non ez da komisiorik egon? Tamaina handiko zein obratan ez da komisiorik egon? Estatuan ikusten ari gara zer gertatu den, PPren paperetan atera izan diren enpresek kontratu publikoak hartzen dituzte hemen. OHL enpresa adibidez, PPren finantzaketa ilegalaren kasuan harrapatu dutena da Nafarroako Ubidea egin duena. Galdetu behar dut: nork ziurtatzen digu hemen ez dela komisiorik egon?”. Patxi Zamora, Kontuz! elkarteko kidea oso zorrotz mintzo da ustelkeriaz.

Lehen postuan langabezia, eta bigarrenean ustelkeria eta iruzurra. Horiek dira Espainiako Estatuan 2017ko martxoko CISek egindako inkestak ematen dituen kezka nagusiak. Azken bi hilabeteetan hamaika puntu igo da ustelkeriaren inguruko ardura. ETAren borroka armatuaren amaierak eta krisi testuinguruan politika neoliberalen aplikatze bertikalak izango zuen eraginik horretan, baita azken urteetan diru publikoaren erabilera okerra egitea egotzita lehertu diren ustelkeria kasu kopuru altuak ere. Gehienak Ebrotik behera.

Hego Euskal Herrian zein da egoera? Nafarroan UPN, PP eta PSNk eutsitako gobernua botatzeko karta politiko erabakigarria izan zen CANen hari usteletik tiraka Kontuz! elkarteak jokatutakoa. EAEn, EAJ, PSE eta PP elkarrekin irudikatzen diren garaiotan, ez dira gutxi epaitegietan dabiltzan ustelkeria kasuak.

Gai hauei buruz mintzatu gara ondorengo lagunekin: Kontuz!-eko Patxi Zamorarekin, Adi! elkarteko Unai Mendizabal, Gaizka Amorrortu eta Patxi Ibarzabalekin, eta Ahoztar Zelaieta kazetari eta kriminologoarekin.

Ondorioa garbia da, alfonbrapean zer dagoen begiratzea komeni da.

Yolanda Barcina eta garaiko Nafarroako Gobernuko agintariak CANeko ustelkeriarekin lotuz, politikoki birrintzen lan handia egin zuen Kontuz! elkarteak. (Jagoba Manterola / Argazki Press)

“Miguel Sanzek esan dit esateko putaseme bat zarela, bere bizitza izorratzen ari zarela eta autonomo pobre bat besterik ez zarela”. Askotan kazetarien bidez iritsi zaizkio Patxi Zamorari boterearen mezuak. Irribarrez eta haserre kontatzen ditu Kontuz!eko aurpegi ezagunenetako honek. Zizurren geratu gara berarekin mintzatzeko.

El Banquete liburuan kontatu zuten, Nafarroa osoan emandako hitzaldi eta ongi neurtutako prentsaurrekoen bidez, Nafarroan 1.200 milioi euro balio zituen CAN herrialdeko aurrezki kutxako diruak desagertuak zirela.

“Publikoaren kudeaketan ardura badaukazu, erantzukizunak onartu behar dituzu. Nik uler dezaket erratzea, akatsak humanoak dira, baina zuk ikusi al duzu hauetakoren bat inoiz esaten: “Okertu egin naiz”? Ez dira inoiz okertzen. Hori da problema. Herritar guztiontzat ondorio kaltegarria duen zerbait egitean, ardurak ez dituela inork onartzen”. Zamora aho bilorik gabe mintzo da.

Baina zer da ustelkeria? Honela definitzen du Euskaltzaindiak: “Kargudun edo enplegaturen batek, bere egoeraz zilegi ez den moduan baliatuz, diru edo onuren truke, inoren mesedetan aritzeari amore ematea”. Gaztelaniazko Wikipediako bertsioan xeheago sartzen dira: “Formak aldatzen dira, baina hauek dira komunenak: informazio pribilegiatuaren erabilera ez-legitimoa, eroskeria, influentzia trafikoa, estortsioa, iruzurrak, diru publikoaren erabilera okerra, prebarikazioa, kazikismoa, kooptazioa, nepotismoa, inpunitatea eta despotismoa”.

Arrakastaren gakoa? “Informazio ona eskuratzeaz gain, zintzotasunez lan egitea, hedabide guztiekin mintzatuz, gauza arrarorik egin gabe, eta zerbait esaten genuenerako, azken komaraino neurtuta, hurrengo kolpea jada lotuta edukitzea”.

CAN-en haritik tiraka

UPN, PP eta PSNk kutxa berena balitz bezala jokatu zutela nabarmentzen du. “Lehenik, alderdi disidenteak bota zituzten erabakiguneetatik, eta hauekin batera, bizi osoa bertan eman ostean gertatzen ari zenarekin flipatzen ari ziren langileak ere bai”. Zamorak azaltzen duenez, aurrejubilazio mordoa egin zituzten, gero oraindik eta jende gehiago hartzeko. “Jendea ez zuten egitura arrazoiengatik bota, beren jendea jartzeko baizik. Berehala etorri ziren zuzendaritzako kideen soldata igoerak, kide hauen kopurua handitzea, dieten igoera... egoera ekonomiko txarrenean beren soldatak biderkatu zituzten”. Nork sinatu zituen ordea soldata igoera horiek? Miguel Sanz (UPN) eta Martin Fluxak, Zamorak dioskunez. “Organigrama berri honetan, bakailaoa mozten zutenek nahi zutena egiten zuten”.

"oso kalitate demokratiko eskaseko sistema batean bizi gara, bananeroa da, leku guztietan dago ustelkeria", Patxi Zamora.

Asmo politikoekin batera, Nafarroako botere ekonomiko nagusia kontrolatzea ere bilatzen zuten. “Ez dago ikuskaritzarik, bakarrik geratu zirenez disidentzia eliminatuta, inbertsioetan eta beste nahi zutena egin zuten, gauza erabat ulertezinak barne. Hala ere, epaiketara joatean, interesagatik egin zituztela demostratzea zaila da”.

“Mundu mailako krisia” aitzakia hartuta, azalpen handirik eman gabe pasa nahi zuten gaia bere ustez. “Ez izan astunak, badaude hondoratu ez diren enpresak eta aurrezki kutxak. Estatutuetan oso argi dago Nafarroako Gobernuak aldian behineko ikuskatzeak egin behar zituela, eta azkena 70. hamarkadakoa zen. Badakigu Espainiako Bankutik gutunak iristen zirela eta zakarrontzira botatzen zituztela. UPN, PP eta PSNk 80ko hamarkadan, Parlamentuan defendatzen zuten Espainiako Bankuak CANen esku hartu behar bazuen, Nafarroako baimenarekin izan behar zuela. Hori defendatzen zuenetako bat Gabriel Urralbururen gobernuko presidenteordea eta CANeko azken presidentea zen: Jose Antonio Asiain, diferentzia handiarekin diru gehien eramaten duena. Bere bila goaz”.

Kontsumitzaileen elkartea

Baliabide publikoen kudeaketan izandako ustelkeria eta gehiegikeriak borrokatzen dituzte. Kontuz!-en izen osoari erreparatzea garrantzitsua da: erabiltzaileen, kontsumitzaileen eta zergadunen elkartea. Azken urteetan panorama politikoaren lehen lerroan kokatu bada ere, ez da atzo goizean sortutako elkartea. Urralbururen kasuarekin hasi ziren. “150 lagun elkartu ginen, ideologia ugaritakoak, abokatuak eta beste, eta akusazio partikularra izan ginen Urralburu eta Javier Otanoren kasuan”.

Belaunaldi gazteek agian ez dute ezagutuko Gabriel Urralbururen kasua, Euskal Herriko garrantzitsuena maila politikoan. “Roldan kasua” gisa ere ezaguna, 1994an azaleratu zuten; gobernuko lehendakari ohia espetxeratu zuen Nafarroako Lurralde Auzitegiak, higiezinen enpresei milioika euroko komisioak kobratzea egotzita, obra publikoen adjudikazioen truke. Guardia Zibileko zuzendari ohi Luis Roldanekin eta beste hainbat pertsonarekin batera, 11 urteko espetxe zigorra ezarri zioten.

Horren ostean, lozorroan geratu zen Kontuz!, Gaztelu Plazako aparkalekuarekin itzuli ziren, mobilizazio handien erdian. Azkenik, fundatzaileetako hainbat 2005 eta 2006 bueltan bazkaltzeko batzen hasi zirenean berraktibatu zen hirugarren kolpea emateko, “zerbait zikina” gertatzen ari zela sumatzen baitzuten.

De Miguel auzia

EAEko ustelkeria prozesu garrantzitsuena 'De Miguel' auzia da. Horixe adierazi berri du 2017ko martxoaren 16an Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, EAJko kide-ohiek gidatutako komisio ilegalen ustezko trama, 26 auzipeturekin. Ondorengoa egozten zaie: Eroskeria, influentzia trafikoa, kapital zuritzea eta ondasun publikoen erabilera bidegabea. Arabako EAJko bigarrena eta diputatu foral ohi Alfredo de Migueli egozten diote sarea zuzentzea.

“Ainhoa Alberdi izeneko enpresari bati adjudikazio publiko baten trukean komisioa ordaindu behar zuela esan zioten eta aurka egin zuen. Alderdikoa izan arren, xantaia egin zioten, eta egoeraz nazkatuta, elkarrizketa batzuk grabatu eta fiskalarengana jo zuen, hortik leherraraziz kontua”. Haritik tiraka, bezero sarea aurkitu zuten. “Gazte plan bat egin behar duela Aldundiak? Goazen enpresa bat sortzera plan horretaz arduratu eta horretara bideratu beharreko dirua eramateko. Zer moduz ateratzen den plana? Horrek berdin du”.

Unai Mendizabal, Gaizka Amorrortu eta Patxi Ibarzabalekin elkartu gara Gasteizen, Adi! elkarteko kideak dira. Nafarroako Kontuz! adibide gisa hartuta, Gasteiz eta Araba inguruko ustelkeria kasuak aztertu eta sozializatu nahian ari dira.

Adi! elkarteak deituta Gasteizen ustelkeriaren aurkako kontzentrazioa. (Jaizki Fontaneda / Argazki Press)

“14 hilabete daramatzat itxaroten Ertzaintzaren informe bat Arzallusen semeak De Miguel auziarekin duen harremanari buruz”, kexu egin zuen Josu Eizagirre Arabako fiskal buruak Radio Euskadin. 11.000 ertzainetik lau agente bakarrik daude ustelkeria kasuak ikertzera, Adi!-koek salatzen dutenez.

Lezo operazioan edo Zubietako erraustegian sartua dagoen Cuatrecasas bufeteko abokatu batekin defendatu da De Miguel. “Fiskalaren errelatoa fabula bat dela adierazi zuen honek”. De Miguel auziak zazpi urte ditu, eta epaiketa udazken-neguan has litekeela kalkulatzen dute.

Ustelkeria askotan legala da

Iruñera itzulita, Patxi Zamorak gogoratu nahi du ustelkeria ez dagoela zigor gisa ezarria Espainiako Zigor Kodean.

Ustelkeria ez da soilik komisiotan dirua eramatea. Baliabide publikoen erabilera pertsonala da, norberak edo beste norbaiten onuran. “Niretzat ustelkeria dira ate birakariak, arduradunak nahieran hautatzea, faboreak, aurrez adostutako enkanteak...".

“Badaude ustelkeriak edo jokamolde ez etikoak baliabide publikoen kudeaketan, legalak direnak. Badakizu, hecha la ley hecha la trampa. CANen adibidez, abokatuak organigrama juridiko bat egin zuen, gauza onartezinak baimenduz: Administrazio kontseiluko bileran inbertsioak zein enpresatan egin erabakitzean, kontseilukideen enpresak hautatzen ziren. Juridikoki lotuta zuten, legala zen. Dietekin antzeko zerbait gertatu da”.

Zerk bermatzen du ustelkeria?

“Gakoetako bat inpunitate absolutua da, erabat usteldutako sistema honetan. Justizia ez da independentea eta konplikatua da lan egitea”, hasi da Zamora. “Nola da posible alor honetan delituek preskribatzea? Ezin dut ulertu. Gaztetan delitu bat egin eta urte mordoaren ostean, zuk bizitza berregina, uler dezaket judizialki eta etikoki. Baina denon diruarekin erabilera okerra egin duenari nola preskribatuko zaio? Horrek ez luke preskribatu behar”.

Joaquin Navarro epaile espainiarrak esandako esaldia baliatzen du Zamorak egoera deskribatzeko: “Espainiako Estatuan epaileak ez dira erosten ez saltzen, oparitu egiten dira”. Hori zen beren premisa, eta badakite zeren aurka ari diren. “Botere politikoak eragin handia du justizian, ikusten denez; ustelkeriaren aurka oso indartsu egiten ez duen legedia duzu batetik, eta bestetik, alderdi eta sindikatu ustelez osatutako gune politiko batzuk, hori da panorama”.

Ahoztar Zelaieta kazetaria ustelkeria kasuetan aditua da. Mungian geratu gara berarekin. “EAEn Fiskaltzak esan du ez daukala tresnarik ustelkeria ikertzeko. Ustelkeria ikertzeko bi tresna nagusi daude: Ertzaintza eta Ogasunak, biak EAJren eskuetan”.

Euskal Herria txikia dela ere erabakigarria iruditzen zaio Zelaietari. “Erraz salatzen ditugu Urdangarin, Valentzia eta urrutiko beste ustelkeria kasuak. Baina gertukoez hitz egiten al dugu? Elkarbizi behar dugu, eta oso gertukoak direnean eta lanpostuak eskaintzen badizkigute? Hozka egiten badiezu, kontuz”.

Nork agitzen du hemen?

“Lehendakariak enpresen fiskalitateari buruz zer pentsatzen duen esateko unea da”. Bizkaiko patronaleko presidente hautatu berri Iñaki Garcinuñok El Correo egunkarian egindako adierazpenok berreskuratu ditu Ahoztar Zelaietak, egoeraren adierazle gisa. Nork agintzen du hemen? Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun kontseilari Pedro Azpiazuk zergak igo nahi dizkie enpresei, eta gehiago jaisteak “zerbitzuen prestazio txikiagoa, inbertsio txikiagoa eta berrikuntza gutxiago” esan nahiko duela adierazi du. “Enpresariak Foru Aldundietatik gerra ematen ari dira, kontseilaria gainetik eragin nahi dute Urkullurengan”.

“ELAk ere esan izan du hauek agintzen dutela hemen. Kontu Epaitegiak diru laguntza zuzen irregularrak jaso izan dituzten ikertu du, ez dute nahi zergak igotzea, jaistea nahi dute, lanpostuak prekarizatzen ari dira, paradisu fiskalekin lan egiten dute askok, dumpinga egiten dute... Europa osoko enpresen gisara ari dira jokatzen. Bizkaia joan da Londresko burtsako multimilioidun handiei abantaila fiskalak eskaintzera. Zeini eta paradisu fiskaletan putoamoak direnei, ustelkeria eta zerga ihesean, alderdien finantziazio ilegalean. Publiko eta begi-bistakoa da, hori da dagoena”, salatzen du Zelaietak.

Erabaki politikoak ez datozela zerutik ikusten du kazetariak. “Herritar gutxi boteretsu batzuek agintzen dute, kriston lobbya osatzen dute, gehitu multinazionalak hor”. Kutxabank el saqueo de Euskal Herria liburuan ideia hau aletu zuen 2015ean izen eta abizen zerrenda luzeak argitaratzearekin batera.

“PPrekin akordioa egin zezan EAJ presionatu duena Confebask izan da, eta ondoren txalotu egin du. Orain zergak ez igotzeko exijituz sutan daude. Legegintzaldi honetan Eusko Jaurlaritzak 1.200 milioi euroko murrizketak egin ditu, eta aldi berean, erosio fiskala eragiten ari dira, enpresa handi eta aberatsei iruzur egitea ahalbidetuz. Hori denok ordaintzen dugu”. PPren aurrekontuak babestuz, EAJk egoerak bere horretan jarraitzea ahalbidetzen duela ulertzen du Zelaietak. “Ustelkeriarentzat opakutasuna babestu dute eta zerga ihesaren eta ustelkeria politikoaren aurkako gardentasuna blokeatu”, dio.

Ustelkeriaren zerrenda azkarra

Euskal Herrian izan duen eta duen dimentsioaren berri emateko, Euskal Herriko ustelkeria politiko kasu nagusiak zerrendatu dituzte Berria egunkariko Enekoitz Esnaola, Joxerra Senar eta Maddi Ane Txoperena Iribarren kazetariek.

Batetik, zigor epaia jaso duten kasu batzuk: Urralburu kasua, Euskal Herriko kasu politiko larriena, lehendakari ohiak kartzelan amaitu baitzuen. 1990. urteko Osakidetzako oposizioetako azterketan tranpak egiten harrapatu zituzten PSE-EE eta UGTko pertsonak hartzeko. Irungo Ogasunean, Bravo auzia, zerga biltzailearen lapurreta. Bilboko Guggenheimen 556.000 euro lapurtu zituen finantzaburuaren kasua; Galipienzo auzian Eguesibarko alkateari zigorra, Juan Ramon Ibarra Bizkaiko Aldundiko Ogasuneko Ikuskaritza arduradun izandakoari lau urte eta erdiko zigorra. Epsilon Euskadi kasuan 50 milioi euro jarri ostean, porrot egin zuen enpresaren kasua. Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari ohi Mikel Cabiecesi urtebeteko kartzela zigorra jarri zioten, eta Mario Fernandezi sei hilabetekoa, Kutxabank auziagatik.

Ondorengoak ikerketa fasean edo auzibidean daude: CAN auzia Espainiako Auzitegi Nazionalean dago eta Miguel Sanz, Yolanda Barcina, Alvaro Miranda eta Enrique Maya inputatuta. De Miguel auzian 26 pertsona inputatuta daude hamaika delitu leporatuta; Hiriko auzian, ibilgailu elektrikoaren proiektuan diru publikoa beren mesedetan erabiltzea egotzita sei lagun inputatuta daude; Bidegin agiriak faltsutzea eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egozten diete hiru pertsonari; Gurtel auzian 40 pertsona auzipetuta daude PP legez kanpo finantzatzea leporatuta, eta PPren Bilboko egoitzaren ustezko finantzaketa irregularra ikerketan dago; Balentziaga museoan 2000-2007 artean 1,2 milioi euro lapurtzea egotzita hiru inputatu. Marie auzian, Bernard Marie Miarritzeko auzapez eta diputatu ohia hiru epailek zuten jomugan, dirua bidegabe erabiltzea leporatuta, Michele Alliot Marierekin batera. Kasu hauez gain, Realari 6,4 milioi euroko zorra barkatzea egotzita, Iñaki Badiolak jarritako kereila kriminalagatik, Markel Olano formalki inputatuta dago, Ahoztar Zelaietak gogoratzen digunez.

Bi auzi preskribatutakoen multzoan: 1989an Eginek argitaratutako Txanpon makinen auzian hainbat pertsonari egotzi zieten makinen lizentzien salmenten bidez EAJ legez kanpo finantzatzea.

2001ean ahozko epaiketa egin zuten, Bizkaiko Lurralde Auzitegian, eta epaileek kasua preskribatuta zegoela ebatzi zuten. Bestetik, Nafarroako Javier Otano presidenteari Suitzan diru kontu bat zuela atera zioten eta dimititu egin zuen 1996an. 2004an preskribitu zuen auziak.

Igor Meltxor kazetariak Gestion a la vasca, el Oasis Vasco I eta II liburuetan aurrez aipatu gabeko ondorengo auziei buruzko nondik norakoak ematen ditu, diru publikoaren erabilera okerrak salatuz: Pasaiako Lonjaren kasua, AHTren eraikuntzarekin lotutako kasuak, EAEko jantokietako negozioa, ETB eta gertuko produktorak, Gurtel, Bidegi eta abarretan errepikatzen diren enpresen zerrendak eta Gasteizko San Antonioko alokairuen kasua.

Nola dago EAJ?

“Nik EAJrekin susmo handiak ditut”, dio Patxi Zamorak. “Zergatik ari da EAJ PPrekin horrelako itunak egiten? Barrabiletatik eutsita dituztelako. Begiratu Pujolekin zer gertatu den Katalunian. Orain hiru mende zekiten guztia, eta orain atera diete. Nafarroan UPNrena eskandalua izan bada, ez dut jakin ere egin nahi EAJk Bizkaian eta EAEn egin dituenak. Kristorenak”.

Bere ustez herritarrek ez dute gaitasunik izan hori aldatzeko. “Nik oso garbi dut: EAJ ez duzu mugituko planteamendu horietatik beste inola, ez bada harrapatzen dituzula eta jendeak zigortzen dituela”.

El País egunkarian irakur daitekeenez, 2012. urteko emaitzak hartuta, Espainiako Kontu Epaitegiko fiskal buruak salatu zuen estatuko hainbat alderdik, ustez iruzur fiskalak edota dokumentuen faltsutzea egin zutela: PP, PSOE, CDC, Unió, EAJ eta EA.

Euskal Herriko bi alderdietara etorrita, Eusko Alkartasunari egotzi zion bere kontuetan ez zeudela “diru sarrera eta gastu guztiak”. EAJri berriz, egotzi zion bere kontabilitatean 4,9 milioi euroko diru sarrera batzuk ez erregistratu eta deklaratu izana. Horrez gain, debekatuta egon arren, merkataritza-sozietate batzuen sarea duela eta hauetatik “finantzaketa ilegala bidera dezakeen fluxua joan daitekeela”. Fiskalak, horrez gain, adierazi zuen EAJren kontuak ez zirela “errealak” eta ez zuela aktibitate guztia jasotzen. Eusko Alkartasunak bere kontuetako irregulartasunak “erabat gezurtatu” eta ardurak eskatu zituen. EAJk ere guztiz gezurtatu eta puntuz puntu azalpenak eman zituen.

Gaiari eutsiz Ahoztar Zelaietak azpimarratzen du Kontu Epaitegiak hori salatu izanak asko esan nahi duela. “Gaitzetsi du sarrera pribatuak nola dauden erregistratuta, alderdiari egindako hainbat ekarpen eta donazio. EAJko kargu bat susmopean dago Ogasuneko informe batean Bakioko kasuan, iruzurra egin izana egotzita. Hori alkate guztiei estrapolatuz gero, hemen izugarrizko korapiloa legoke. Kontu Epaitegia hori seinalatzen ari da, eta Gernikako Epaitegi bat ari da ikertzen Bakioko alkate zigortua. Badakite jendea informazioz saturatuta dagoela eta ziurrenik alkateak bi urteko espetxe zigorra jango du, eta kitto. Ezingo du mozkor gidatu bi urtez. Gainera, errekurrituko dute”.

Bakioko alkate ohi Txomin Renteria Fernández jeltzalearen aurkako epaiketa, prebarikazioa egotzita. (Marisol Ramirez / Argazki Press)

Bakioko operazioan irabazten atera zen enpresa-burua zerga iruzurra egitea egotzita Panamako paperetan ateratzen dela dio Zelaietak. “Dena Bakio gisako leku txiki batean. Luxenburgon hau kontatzen duzunean, esaten dizute: 'Harrapatuta daukazue!'. Hori da herri honen txikitasunaren alde ona”.

Bezero sareak ongi josita

Urrezko egin dira batzuk. Patxi Zamorak salatzen du Nafarroan hainbat enpresa kontratu publikoen bidez aberastu direla. “Ez dakit legala den ala ez, baina batzuk milioidun izatera iritsi dira. Kasu bat nabarmentzearren: Enrique Goñi CANeko buru zen bitartean, Ricardo Bermejo publizistak 10 milioi euro baino gehiago fakturatu zizkion bere diseinu enpresatik. Kukuxumuxu erosi berri du”.

“Administrazioan antzeko zerbait pasa zen, publizitate esparruan kanpainak-eta egiteko 30 bat enpresa txiki egotetik, bakoitzak bere lantxoak egiten zituena, Galobart izeneko enpresa dena egitera igaro zen, eta 40 milioi euro fakturatu zizkion administrazioari. Iruñeko Udaleko lanetatik hasita Gobernuraino. Beste enpresa guztiak pikutara joan dira”. Bere ustez argi dago faboreak egiten zirela. “Arduradunak kontrolatzera behartuta zeuden eta berentzat hartu zuten dena”. Zamoraren esanetan “sare klientelarrak administrazio osoan” daude eta “desmuntatu” egin behar dira.

Dozenaka hitzaldi emandakoa da Ahoztar Zelaieta. Youtuben ikusgai dago Evasores, morosos y millonarios vascos, Panama connections hitzaldia. Bezero sareei edo bezerokeriari buruz nabarmentzen du EAJk sare sendoak eraiki dituela azken hamarkadatan, eta PSOE eta PPrekin elkarbanatzen dituela. “EAJko kargu-ohiek PPrekin negozioak egin dituzte: Mediasal, Miguel Angel Rodriguez... denak EAJk emandako kontratuak ziren. EAJ boterean egon denean, adar klientelistak PSOErekin partekatzen zituen, eta horietatik jaten zuten PP eta PSOEren enpresek ere.

Gipuzkoako erraustegiko kasuarekin jarraitu du azalpena ironiaz: “José Ignacio Asensio, EAJk fitxatu du erraustegiaren zerebroa izan dadin, PSOEkoa, Deia eta EAJk egurra eman zioten bere garaian Patxi Lopez Gobernuan zegoenean, Euskotreneko zuzendaria zela eta negozio ilunetara zuelako enpresa Uruguaira. Egurra eman ostean gauetik goizera tipo bideragarria bihurtzen zaie erraustegia bezalako gai sentsible bat eramateko, osasunean horrenbesteko eragina izan dezakeena. Dirua dago denaren gainetik”.

Zubietako erraustegiaren kontratua lortu duten konpainien artean, Urbaser eta Cuatrecasas abokatuen bufetea epaileen aginduz miatu dituzte PPren finantzazio ustelaren ikerketan, Canal Isabel II enpresaren hariari tiraka. ARGIAn Pello Zubiriak jasotako albistean irakur daitekeenez, Cuatrecasasek Gipuzkoan presentzia handia dauka. “Konpainian ari diren abokatuen artean Joanes Labaienek eduki du, publikoaren aurrean bederen, zerikusi nabarmenena Gipuzkoako errausketaren gora beherekin. Esaterako, Santander eta Caixabank bankuen defentsa lanak egin zituen Karlos Ormazabalen (EAJ) agintaldian GHK-k kontratatutako swap kreditu ustelen epaiketan. Zubietako erraustegiaren kontratua lortu duen enpresa taldearen barruan ere badago Cuatrecasas, Noticias de Gipuzkoa egunkariak 2016ko abenduaren 28an plazaratu zuenez, Urbaser, LKS-Mondragon, Altuna y Uria, Moyua, Meridian eta Muriasek osatutako kontzesionarioaren aholkularitzan”.

“EAJk dio PPrekin babestearen argazkiak desgastatuko dituela. Zer arraio desgastatu! Ustelkeriaren boltsa bien artean daramazue eta hor zoazte bi heldulekuetatik hartuta, Rajoy batetik eta Urkullu bestetik. Ustelkeria eta zerga iruzurra. Eskutik doaz”, dio Zelaietak suminduta. “PPko kideen ate birakarietan EAJko enpresak ere badaude, EAJko kideen ate birakarietan PPkoak dauden lez. Lezo Operazioan Urbaser, Cuatrecasas, eta PWC enpresen izenak atera dira, Eusko Jaurlaritzaren eta aldundien kontratu publikoetan esleipendunak. EAJk jakin du partidua irakurtzen, buletinak oso ongi idazten ditu. Ustelkeria buletinak idatzi aurretik ematen da”, dio kazetari bizkaitarrak.

Hala ere, izan dira alderdien arteko hika-mikak ere. 2014an EAJ eta PP akusazio gerran sartu ziren 200 batzokien sareagatik. Lehenik, PPko Nerea Llanosek adierazi zuen “Pujol kasu gehiago” egon daitezkeela euskal abertzaletasunean. Oyarzabalek EAJri eskatu zion iritzi publikoari azaltzeko “nola lortu zituen sede sozialen hain sare garrantzitsua zabaltzeko beharrezko dozenaka milioiak”. Egibarrek mehatxu egin zien harremanak hautsiko zituztela “frogarik gabe akusazio faltsu eta injustuak” egiten jarraitzen bazuten. Oyarzabalek aitortu zuenez, frogarik gabe egin zuen. “Gure kontu eta ondasun guztiak urtero auditatzen ditu Espainiako Kontu Auzitegiak”, adierazi zuen Egibarrek PPri gogoratuz “beren aitona politikoak” arduratu zirela 1936ko Gerraren ostean EAJren ondasunak ere inkautatzeaz. Ura bere onera itzuli zen, harik eta 2017ko apirilean PPk salatu zuen arte Bizkaiko Diputatu Nagusi ohi José Alberto Praderarekin lotutako enpresek 20 milioi euroko kontratu publikoak lortu zituela azken hamarkadan. Bizkaiko Aldundiak PPri erantzun zion Praderari buruzko akusazio horiek egia badira, epaitegietara eraman ditzala. Pradera da Panamako paperetan agertzen den euskal herritarretako bat.

Ate birakarietan bueltaka

“Ni nazkatu naiz artikuluetan esateaz: Miguel Sanz presidente zenean baino gehiago kobratzen ari da, kargua utzi eta bigarren hilabetetik aurrera. Legala da? Denbora jakin bat itxaron eta enpresa batzuek fitxatu dute. Badakigu administrazio kontseilu mordoan dagoela. Zer gertatzen da? Ekonomista izugarria da ala? Hondakin toxikoez, garraioaz eta denaz daki? Ez, lagunentzat negozioak lortzen ari da presidente aritu denean egin dituen harremanen bidez. Hori horrela da. Eta bitartean, hilero taka-tun. Barcinak esan zuen ez zuela ate birakaririk erabiliko eta hamabost egunera Movistarreko Administrazio Kontseiluan sartu zen!”, salatzen du.

Josu Jon Imaz EAJko presidente ohia, Eusko Jaurlaritzako Industria, Komertzio eta Turismo kontseilari izana, Repsol-eko zuzendaritza batzordeko kide da egun. (Andoni Canellada / Argazki Press)

Baina zein da ate birakarien logika? Aurrez politikari batek enpresa zehatz batzuei egindako faboreen buelta izan daiteke, edo bestela, politikari horrek karguan egon denean egin duen harreman kartera enpresa batera eramatea, gaiari buruzko ezagutzarekin batera.

Sarean asko zabaldu da Ahoztar Zelaietak egindako infografia bat. Bertan azaltzen da energiaren sektoreko multinazionaletara EAJko zein azken buruzagi joan den: Juan Mari Atutxa Iberdrola eta Bahia de Bizkaia Gasera, Idoia Zenarruzabeitia Comisión Nacional de Energíara, Mario Fernandez Iberdrola eta Repsolera, Xabier Irala Iberdrola eta Enagasera, Javier Balza Petronorrera, Josu Jon Imaz Petronor, Orisol eta Repsolera...

Adi! elkarteko kideek, seme-alabak ere enpresa publikoetan goi kargudun jartzen dituztela salatzen dute: Atutxaren semea Bilboko Portuko zuzendaria, Arzallusen alaba Etxepare institutuko zuzendaria, semea Bizkaia txakolinako zuzendaria izana... “Hori legala izango da, baina azken finean ustelkeria da. Baliabide publikoak baliatzen dituzte, soldata izugarriekin beren bizitza konpontzeko, beste guztiok bizi garen mailatik harago bizitzeko”, diote.

Paradisu fiskaletan galduta

“Bazenekien McDonalds eta Telepizzak, bi adibide jartzearren, apenas ordaintzen dutela zergarik hemen?”, galdetzen du Ahoztar Zelaietak, Bruselan ustelkeriaren aurka egindako jardunaldi batzuetatik ekarri dituen bi liburuxka atereaz. “Luxenburgon ordaintzen dute gehiena, eta 68 milioi euro zor lituzkete azken bost urteotan, horri berandutze-interesak gehituta orotara 100 milioi eurotik gora. Hori Europa osoan gertatzen ari da”. Bolivian, adibidez, zergak bertan ordaintzeko edo alde egiteko esan zietela nabarmentzen du. Mc Donalds kiebrara joan zela jasota dute nazioarteko egunkariek. Irlandan McDonaldsek urtean ordaintzen ez dituen zergekin lau ospitale ireki daitezkeela kalkulatu ei da.

“Paradisu fiskalei buruz galdetuta, esaten dute mundu osoan egin behar dutela lan eta horregatik dauzkatela bulegoak batean eta bestean. Hala ere, nik administrazio publikoarentzat lanak egiten dituen enpresa bat banu, xehe azalduko nioke ogasunari zer, non eta zertarako daukadan, nire datuak eta kontu korronteak. Baina ez du inork egiten hori. Ezkutatu egin nahi dutelako dirua, eta harrapatzen duguna izebergaren punta besterik ez da”, dio Patxi Zamorak.

Nekane Jurado ekonomialaria buru, HerriUni-k argitaratutako txostenean eta Euskal Oasia sutan erreportajean ARGIAn jaso genuenez, 2014az geroztik Espainiako IBEX35 osatzen duten enpresa guztiek dute presentzia paradisu fiskaletan. 2012an 555 enpresa zituzten lurralde horietan, 2013an 815, eta 2014an 891. Tartean dira “euskal enpresa handiak”, Iberdrola, BBVA, Gamesa eta Euskal Herriko kapitala duten beste batzuk. BBVAk adibidez, 52 elkarte zituen 2014an paradisu fiskaletan.

“Prozesu honen amaieran enpresek ez dute zergarik ordainduko. Zertarako ordaindu, munduan sakabanatuta dauzkaten enpresen bidez ekidin badezakete? Langileok ordainduko ditugu zergak, soldata penagarriekin”, iragartzen du Patxi Zamorak. Bere ustez ezin dute egun batetik bestera egin, baina horra doa prozesua.

Paradisu fiskalei zergatik ez zaien eskua sartu galdetzean, erantzuna borobila da: enpresek finantzatzen dituztelako alderdi politiko eta hedabideak. “Oso kalitate demokratiko eskaseko sistema batean bizi gara, bananeroa da, leku guztietan dago ustelkeria”. Espainiako Estatuan gertatzen ari dena, Alemania eta Bretainia Handian ezinezkoa ikusten du. “Argazki eta guzti frogatu genuen epaile eta politikariek elkarrekin jaten zutela afari pribatuetan. Barcina epaile baten ondoan esertzen zen eta hau izan zen atikoaren kasuan absolbitu zuena. Halako argazki bat Ingalaterran kaleratu eta han amaituko zen epailearen karrera judiziala. Hemen ez. Legala da”.

“Gure” multinazionalak ere berdin

Zer moduz ari dira Euskal Herriko kapitala duten multinazionalak? “2010ean EAE zen Espainiako Estatuan estatutik kanpo inbertsio gehien zuen bigarren erkidegoa. 2015eko datuetan hirugarrena da. Orotara 484 fabrika eta 600 enpresa dauzkate EAEko enpresek munduan, 1.200 bulego. Ez da broma”, dio Ahoztar Zelaietak. “25.000 milioi euro mugitzen dira urtean ekonomia birtualean. Trantsakzioak lehen eskritura publikoetan egiten ziren, orain software batzuekin egiten dituzte. Kapitalismoak horrela funtzionatzen du, esparru berri hau kontrolatzeko askoz ere zailagoa da, eta adituek diotenez, paradisu fiskalik gabe kapitalismoak ezin du bizi, hain da toxikoa, ustelkeria behar duela bizirauteko. Gure multinazionalak joko horretan sartuta daude erabat, arazo potoloa dugu”.

Zelaietak gogora ekartzen du Lakuak sinatutako informe batean 2015 urtean EAEn 826 milioi euroko ustelkeria identifikatu zutela zerga ihesean. Honen ostean, Eusko Jaurlaritzak kontratatutako adituek 3.700 milioi euroko zerga ihesa kalkulatu zuten –“826tik 3.700 milioira kriston zuloa dago”–, baina jokaldia borobiltzeko Espainiako Ogasun Ministerioko Teknikoen Sindikatu Gesthak kalkulatu zuen EAEko zerga iruzurra 13.670 milioi eurokoa zela 2015 urte hartan. Horietako %70 enpresa handiena. “Hegan egin duen dirua, ospitale publikoetan murrizketak egiten ari diren bitartean”.

“Guzti hau gurekin doa. Panamako paperak eta abar kontu puntualak dira, baina gurekin harreman zuzena dutenak. Ez bagabiltza adi, aberats hauek estatu kolpea emango digute eta dena pikutara bidali. Kutxabank eta Euskaltelekin egin berri digute”, dio kazetari eta kriminologoak.

Hedabideen zeregina

Ustelkeria azaleratzeko, hedabideek jokatzen duten rola garrantzitsua da, eta horretarako, hedabideak noren jabetzan dauden aztertzea ezinbestekoa. Nafarroako ustelkeria politiko guztia ateratzeko orduan, Estatu mailako hedabideek gaia “estali” zutela uste du Patxi Zamorak. “Gauza nabarmenak” gertatu zirela dio, adibide gisa jarriz Cuatro telebista kate espainiarretik Mercedes Milá aurkezle ezagunak elkarrizketa egin ziola bere etxean eta ez zutela sekula emititu. “Nafarroa estatu gaia da, eta estatuko hedabideak ez dira sartu”.

Nafarroakoak bai, bertakoak sartu zirela dio. Gara eta Diario de Noticiaseko bi kazetari Kontuz!-en lanean ibiltzeaz gain, hedabideak ongi zaindu zituztela oroitzen du Zamorak. “Guk dena denei eman diegu prentsaurreko bidez, eta probak medio guztiei ematen genizkien. Aurkakoek ere, horrelako frogak ematen badituzu eta beste denek kontatzen badute, kontatu egin behar dute”.

“Txokea Diario de Navarrarekin izan genuen, baina ustelkeria kasuan erabat sartua zegoelako egin zuen egin zuena. Arduradun nagusia CANeko Kontseiluan zegoen. Hau eta beste bi arduradun ziren helikopteroko bidaietan ibili zirenak. Oso barregarria zen”, dio.

EAEra etorrita, panorama mediatikoa beste bat da. Ahoztar Zelaietak galdetzen du ea Vocento eta Prisa taldeko hedabideei interesatzen zaien EAJren ustelkeria azaleratzea. “Vocentoren atzean BBVA dago, eta Prisarenean Santander. EAJk oso ongi idatzi du bere historia boteretik. EiTB kontrolatzeaz gain, bi talde mediatiko hauekin ere loturak dituzte; CiUk ez bezala. PPk izan dezake negozioa Vocentorekin, baina Prisarekin ez. PSOEk Prisarekin bai, baina Vocentorekin ez. EAJk, ordea, biekin ditu. EAJren Pandoraren kutxa irekitzeak askoz arrisku gehiago dakar, askoz eragin kolateral gehiago ditu”, dio.

Vocento eta Prisako hedabideek ehunka milaka euro jasotzen dituzte urtero aldundietatik eta Eusko Jaurlaritzatik, Hekimen elkarteak eskatuta Eusko Legebiltzarreko txostenean ikus daitekeenez. Euskara sarean sustatzeko Jaurlaritzaren diru-laguntzetatik Vocentok 187.000 euro jasotzeak eta konparaziorako, ARGIAk 17.000, haserrea eragin zuen orain hilabete gutxi. Zer gertatuko zatekeen publizitatea hedabide guztien artean modu parekatuagoan banatzea erabakiko balute, eta beraz, Euskal Herrian administrazioak gehien bultzatzen dituen hedabideek milaka euroko publizitate partidak galduko balituzte?

Ezker abertzalea eta EAJ, gako garrantzitsua

Honaino helduta, galdera bat airera: ezker abertzaleak egin al dezake ustelkeriaren aurkako borroka politiko sakona, baldin eta horrek oztopatuko badu EAJrekin independentziaren aldeko ituna egitea? “EAJren gai hori gakoa da, historikoki gakoenetako bat”, dio Patxi Zamorak.

Markel Olano eta Xabier Olano, EAJko eta EH Bilduko Gipuzkoako Diputaziorako ahaldun izateko hautagai zirela, ARGIAko Xabier Letonak egindako aurrez aurrekotik, pasarte bat:

Markel Olano: Nik erabaki eskubidearen alde egingo dut eta gure jendeak ere bai, baina ez dago baldintza objektiborik ezker abertzalearekin elkarlanean aritzeko, eta hori egiten ez den bitartean, herri honek jai dauka arlo honetan. Joseba Permach Azpeitiko Auzitegira badoa, han ustelak eta mafiosoak garela esaten badu eta hurrengo minutuan erabaki eskubidearen aldeko elkarlana eskatzen badigu, horrek duen ahuldade politikoa beldurgarria da. Gure aurkako gorroto handia dago eta horregatik, herrietan normalizazio politikoaren aldeko dinamikak bultzatu behar dira.

Xabier Olano: Ezin zaio inori eskatu horren izenean ustelkerien zantzuen aurrean bestaldera begiratzea. Bi bideak jorratu behar dira.

Markel Olano: Baina Permachek zera nahi du: “Zu, mafioso, etorri nirekin erabaki eskubidea lantzera”. Norbaitek pentsatzen badu horrela zerbait egin litekeela desorekaren bat du.

“Ez du ezertarako merezi Panamako Paperak edo Bidegi salatzeak, ez bagara konturatzen hau estrukturala dela, aurre hartu behar zaiola”, dio Ahoztar Zelaietak. “Nik EAJri eta PPri ustelkeriaren aurkako akordio bat eskainiko nieke EH Bildu eta Podemosetik. Ez dadin EAJren aurkako zerbait izan, eta bere afiliatu eta bozkatzaileek ez ditzaten lerroak itxi. Alderdia garbitzeko balia dezaten, barruan dituzten botere egitura klientelistak gainditzeko, agian, ez dietenak uzten presoen edo Gure Esku Dagoren gaietan gerri politikoa izaten. “Gehiago ikusten ditut, hala ere, arerio politikoaren jokoan desgastatzera doazela, ustelkeriari buruzko kriterioak finkatzen baino”.

Markel Olano eta Eneko Goia, Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Donostiako alkatea (eta Gipuzkoako Azpiegitura diputatu ohia) hurrenez hurren, Bidegi auziari buruzko ikerketa batzordean. (Andoni Canellada / Argazki Press)
AHT, nor da arduraduna?

Patxi Zamorak uste du ustelkeriaren aurkako jarrera dela “alferrikako azpiegitura handien” aurkako borrokak babestea. AHTri buruz galdetuta, Valentzia eta Madril arteko zatia ireki zutenean bertara joan zen AEBetako goi kargudun baten anekdota kontatzen du. “Espainiako Ministroak galdetu zion ea zer iruditu zitzaion, eta honek erantzun zion, ederra, fabulosoa, baina han ez zutela dirurik horretarako. Hori da gertatzen dena. AEBetan ez dute dirurik AHTrentzat, eta hemen zertan dabiltza?”.

Nafarroako egoera ekonomikoarekin, AHTa egiten jarraitzea “ez dagoela nondik eutsi” uste du. “Hor sartu beharra dugu, Kontuz! gisako erakundeok ardura politikoak eskatzen ditugu, dirua lapurtu ala ez. Nor da desastre honen arduraduna? Kirofanoak itxita ditugu aurrekontu faltagatik, gaixoen zerrenda luzeak. Zergatik ez dugu medikuntza fakultate publiko bat jartzen? Baliabide falta. Eta eutsi ezin zaion zerbaitetan xahutzen dugu. Nor da arduraduna?”, galdetzen du.

Adibide pedagogiko bat: “Zure etxean, bi bazarete eta bietako bat lanik gabe geratu bada edo soldata jaitsi badizuete, erosiko al zenuke 20.000 euroko plantxa bat? Ziur izugarri ongi plantxatzen duela, baina ez zenuke erosiko. Jana, arropa eta zure gastuetara bideratzen duzu daukazuna. Hau gauza bera da eta ez dago nondik eutsi. Oso garrantzitsuak diren kriterio ekologikoez gain, oinarrizko gauzak dira”.

Aurrera begira zer?

Hasteko, ustelkeriaz hitz egitean, izen abizenak eman behar direla ere azpimarratzen du Patxi Zamorak. “Ausardia falta ikusten dut askoren artean”, dio gai hauei buruz arduradunen izenik esan gabe hitz egiten dutenekin haserre.

Justizia ez dela independentea eta lan egitea konplikatua dela, dio Zamorak. Nafarroako Gobernu berriak hartu zuen konpromisoetako bat Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa antolatzea izan zela oroitzen du, eta badakien arren ari direla lanean, bi urte pasa direla eta aukera ezin dela galdu uste du. “Erabat beharrezkoa da tresna publiko bat, Kontu Ganberaz gain, ustelkeria kontrolatzeko eta herritarrek era anonimoan gauzak konta ditzaten”.

“Motxila” mugimendu sozialek eraman behar dutela defendatzen du Ahoztar Zelaietak. “Honek guztiak eragina du gure bizitzetan, eta horregatik babestu behar ditugu mugimenduak, jendea sentsibiliza dezaten. Esnea eta ogia garesti ordaintzen ari gara zerga ihesagatik eta ondasun publikoen erabilera okerragatik”.

“Egia da batzuetan frustratuta sentitzen zarela”, dio Adi!-ko Unai Mendizabalek. “Ematen du ustelkeriak ez duela oihartzun edo zigorrik. Hala ere, ni ez nau frustratzen epaiketa bat ez irabazteak. Guk salatu nahi dugu ustelkeria sistemaren kontua dela, eta hori bermatzeko prestatuta dagoela. Euskal Herrian interes berezia egon da ustezko oasiak aurrera jarrai dezan: EAJri, bere garaian CiUri bezala, gauza batzuk onartzen zaizkio mesede politikoen truk. Guztiak daude sartuta: epaileak, fiskalak, poliziak eta hedabideak”.

EAEn Kontuz-en inurri lana egitea falta dela uste dute Adi!-tik. “Informazioa eta jendea falta zaigu, informazioari filtroa jartzea, zerbait mamitsua topatzea une jakin batean”. Gakoa lanean eta antolakuntzan dagoela diote. “Lortuko bagenu gaia kalean egotea, jendearen artean egonezina sortzea... bikaina litzateke lurralde bakoitzean halako talde bat, gizartea sentsibilizatzeko eta elkarren artean lan egiteko”.

“Hemen ustelkeriarik ez dagoela uste duen jendeak bideo bat oroitarazten dit. Madrilen tipo bat kexaka Udalak kutsaduragatik hartutako neurriekin: Non dago kutsadura? Ez da ikusten esaten du. Hemen berdin”.

Gauza ugari egin daitekeela dio Zelaietak. Adibidez, paradisu fiskalik gabeko eremuak, herri, elkarte eta udal sarea hitzarmenak egiten ari da lan publikorik ez esleitzeko paradisu fiskaletan egoitzak dituzten enpresei.

“2007tik hona presio fiskala jaitsi dute enpresentzat, iruzurraren egile nagusiak dira, eta oraindik Urkullu eta Rajoyri dei egiten diete akordioa egiteko. Basakeria da! Oso izorratuta gauden garaiotan gogoratu behar dugu, higiezinen burbuilaren ondorioak herritarrok jan genituela, mundu mailako lan prekarietatea ezartzen ari direla, eta orain zerga iruzurra biderkatzen ari direla. Kristoren drama dator, eragiten digu eta ezin da horrela jarraitu”, itxi du elkarrizketa Ahoztar Zelaietak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ustelkeria
Ustelkeriaren normalizazioa

904.000 milioi euro. Hori da ustelkeriaren kostua urtean Europar Batasunean, 2020an egindako ikerketa baten arabera. 2008. eta 2020. urteen artean 3.743 ustelkeria kasu plazaratu ziren komunikabideetan Espainiako Estatuan, horietatik 109 Hego Euskal Herriari zegozkien. Atzera... [+]


Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


'Bidegi auzia' berriz ireki eta txosten independentea egiteko agindu du Gipuzkoako Auzitegiak

EH Bilduren helegite baten bidez, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak berriz ireki du Bidegi auziko bi kereiletako bat, AP1 autobidearen Eskoriatza-Arlaban zatiari dagokiona. Pasa den irailean Azpeitiko epaitegiak erabaki zuen kasua behin behinean artxibatzea. Orain, auzitegiak... [+]


Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


Iberdrolaren kontrako isuna 85 milioi eurotik 5,4 milioira jaistea eskatu du fiskalak

Ustelkeriaren kontrako Espainiako Estatuko fiskalak berretsi du Iberdrolak argindarraren prezioa manipulatu zuela 2013an, eta urtegietatik ura kentzen aritu zela frogatutzat eman du, konpainia elektrikoaren kontra egiten ari diren epaiketan.


Eguneraketa berriak daude