Militarren gerra berrien biktimak artatzen ikasi beharko dute medikuek

  • Gatazka-Medikuntzaren Biltzarrak bildu ditu Beiruten munduko baina batik bat Ekialde Hurbileko ehunka mediku, erizain, osasun funtzionario eta GKEetako aditu. Helburua: medikuntza eta larrialdietako egitura, profesional eta boluntarioen plan eta teknikak egokitzea arma eta gerra estrategia berriek eragindako osasun kalteetara. Munduaren eremu handiak bizi dira gerra perpetuoan murgildurik eta hauek jendeei eragiten dizkieten zauriak ezin artatu gerraren ekologia ulertu barik.

Hassan Abdallah argazkilariak bildutako irudian, mutiko errefuxiatu siriar bat Arsala herriko kanpalekuan, Libanoko Bekaa bailaran. Gerraren ekologia usaintzen da, inguruan tirorik ez den arren. Gatazka-medikuntza lantzen duten doktoreek diote ofizialki g
Hassan Abdallah argazkilariak bildutako irudian, mutiko errefuxiatu siriar bat Arsala herriko kanpalekuan, Libanoko Bekaa bailaran. Gerraren ekologia usaintzen da, inguruan tirorik ez den arren. Gatazka-medikuntza lantzen duten doktoreek diote ofizialki gerra deklaratuta dagoen lekuez gain munduan beste edonon ere bizi direla gerraren ekologiak bustitako osasun arazo fisiko, sozial eta mentalak: ustez gatazkak aspaldi baretutako herrialdeetan, baina baita lehen mundu aberatsean ere, txirotasuna pilatu den hainbeste auzotan.

Libanon behar zuen, non bestela. Inon baldin badakite nolakoak diren hondamendi militar modernoak, Beiruten da. AUBMC Unibertsitate Amerikarraren ospitale eta medikuntza fakultateak lan handia egin du Ekialde Hurbileko azken ehun urteko gatazkek eragindako kalteak artatzen. 1982ko gerra zibilak eta Israelgo armadaren inbasioak Libanon hamasei urtetan 250.000 heriotza eta milioi bat zauritu eragin zituenean “gatazkaren alde guztietako biktimak artatu genituen, horrela garatuz esperientzia handia gerrak eragindako zaurien kudeaketan”, diote harro erakundeko arduradunek.

2003an Irakeko inbasioa eta osasun sistema osoaren suntsiketa iristean, AUBMCra jo zuten gerrak gaixotu eta zauritutako milaka irakiarrek. Berrikitan Siriako hondamendia lehertu zenean, horko biktima asko ere heldu dira Beiruteko ospitaleraino.

Beiruteko hitzaldiak entzutera joatekota barrenak gogortuta eraman beharra zegoen, izenburu larriek iradokitzen dutenez. Gerra kimikoaren eragin akutu eta kronikoak. Hondamendiei erantzuten: gerren arteko ezberdintasunak. Leherketek eragindako zauriez tailerra. Masan zaurituen artatzea larrialdi zerbitzuetan. Hemorragien kontrola gerran, Irak eta Afganistanen ikasi duguna. Bolondresak gatazketan: noiz esan behar dute ezetz. Gatazkako medikuntza eta gerraren ekologia...

Biltzarrean egon diren doktore ospetsuen arteko bik, Ghassan Abu-Sittah zirujau palestinarrak eta Omar Dewachi epidemiologo libanoarrak 2015ean beste batzuekin batera zabaldu zuten Conflict-Medicine manifestua, MSF Mugarik Gabeko Medikuak erakundearen babesean: “Manifestuarekin nabarmendu nahi dugu hobeto ezagutu beharrean gaudela zaurien eta ber-zauritzeen dinamikak, aldatzen ari den gerraren ekologiaren baitan”.

Irak, Siria, Libia, Yemen eta abarretan ikusi denez, gerrak gero eta gehiago hirietan gertatzen dira, honek dakarrela biktimen ugaritzea gudarien bezala zibilen artean. Funtsean lausotzen ari da gudari eta zibilen arteko bereizketa, eta jasandako zauriak ere gero eta berdintsuagoak dira. Horregatik dira mugatuak eta desegokiak zaurituei eskaintzen zaizkien laguntzak, gerrarekin  hondatuta geratu direlako –sarritan espreski planifikatuta– osasun azpiegiturak.

Gerra aldatzearekin aldatu dira zauriak, baina horiek artatu nahi dituzten medikuen ahalmena ere murriztu da. Gainera, errefuxiatuen krisi eta leku aldatze masiboek are gehiago konplikatzen dute lana, auzoko herrialdeen osasun sistemek egin behar baitute iheslari kopuru handien kargu.

Arma berrien zauriak artatzeari dagokionez, militarrek –haiek sortu eta probatuak baitira armak– bai garatu dituzte kalteok beren kanpainako ospitaleetan tratatzeko aurrerapenak; aldiz, gerra berrietan zauritu gehienak zibilak izan arren teknika horiek ez dira iritsi ospitale zibiletaraino eta hauek oso esperientzia gutxirekin egin behar diete aurre gero eta osagai bio-psiko-sozial konplexuagoak dauzkaten zauriei.

Baina hori ez da dena. “Gerrak aldatzen du biosfera, alegia, azpiegitura fisikoak eta jendea bizi den ingurumen biologiko eta soziala. Gerrak dakartzan suntsiketa eta aldaketak sarritan konponezinak dira eta epe luzerako ondorioak dauzkate pertsonengan eta gizartean”. Gerrak bere ekologia sortzen du, eta horren barruan birus eta bakterioek ere ez dute berdin jokatuko.

Gerra bakoitzak bere ekologia

Ghassan Abu-Sittah zirujauak elkarrizketa batean azaldua du gerraren ekologia ulertzearen garrantzia. Gaurko gerrek ez baitute zerikusirik antzinakoekin. Napoleonen garaietan, XIX. mendean, bi armadak egiten zuten talka, gehien bat frontean, elkar eraso, elkarri tiro egin eta elkar hiltzeko. Zauritu gehienak gudariak ziren eta ospitale militarretan artatzen zituzten. Orduan sortua da gerrako medikuntza.

Aldiz, gaur Ekialde Hurbilean ikusten ditugun gerrak ez dira gudu klasikoen antzera hasi eta bukatzen direnak, beren fronte, intentsitate eta iraupenekin. Gaurkoak luzatzen dira jendea bizi den ingurumenaren ekologia aldatzeko adina. Gerrako ekologia sortzen dute.

Ekologia berezi horrek gero iraun egingo du armen tiroak isildutakoan ere, jendearen ingurumena aldatuz. Jendeak eraso militarretan jasandako zauri fisiko, psikologiko eta sozialak, are gehiago gaiztotzen dira ingurumen eraldatu horietan.

Adibide bat daukagu botikekiko erresistenteak diren mikrobioekin. Mundu osoko ospitaleetako kirofanoetan baldin badira arazo, pentsa gerrak suntsitutako ingurune batean. Abu-Sittah doktorearen kalkuluetan, Irakeko gerran zauritutakoen %85ek dauzka botikekiko erresistenteak diren bakteriak soinean, eta Sirian zauritutakoen %70ek.

“Gerrako ekosistema honek, gatazka batek sortzen duen biosferak, bakterioengan DNA mailako aldaketak ere eragiten ditu. Zenbait teoriaren inguruan ari gara lanean. (...) Beraz, zure biosfera, zu gatazka batean bizi zaren burbuila ekologiko hori, eten gabe doa aldatuz. Eta ez da desagertuko bonbak isiltzen diren egunean ere. (...) Dena aldatzen da: bakterioak, ura, uraren zikloak, hondakin toxikoak, jendeen gorputzen erreakzioak... Ikusi ditudan gaixo irakiar askoren familietan senide asko daude zaurituta”.

Txirotasuna ere ekologia honen osagaia da. Eraso batean zauritutako gorputz bat erizainak saiatzen badira sendatzen gerrak degradatutako leku batean, gorputzak bigarren eta hirugarrenez zauritzen dira. Siriaren kasuan, gudu zelaietatik urrun ere gertatzen da, esaterako errefuxiatuen kanpalekuetan, non aterpeetan nozitzen den jende pilaketagatik haurren artean erredura kopuru harrigarriak gertatzen baitira.

Osasun azpiegitura gehienak suntsitzeak eragiten du kontrolatzeko moduko gaixotasunak artapenik gabe geratzea: minbizia edo diabetes larria nozitzen dituzten gaixoek zein tratamendu onkologiko edo dialisi jarraitu dezakete Siria, Libia edo Yemenen? Armaz zaurituta ez egonagatik, ez dira gerraren biktima? Eritasun mentalen artapena ere berrantolatu beharra dago krisi iraunkor horietan, gerraren eta traumaren ondorio psikikoek ez dute eskuliburuetan bezala funtzionatzen gatazkak belaunaldiz belaunaldi kronifikatu diren eremuetan.

Gerra berriengatik, munduko leku asko betiereko gerran daude. Perpetual war. “Ez da bukatzen. Etengabe dirau. Ez da krisi kontua, gu hitz horren kontra gaude. Hemen ez da arbitrorik txistuarekin krisi baten amaiera iragartzen duenik. Kamerek alde egitean, lehenik hedabideek eta gero munduak erabakitzen dute krisi bat fini dela”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gerra
Ruandarekilako gerra saihesteko "azken aukeratzat" jo du Angolaren mediazioa Kongok

Tutsi eta hutu etnien arteko gatazka zein mineralen ustiaketa dira gaiztotuz doan gatazka odoltsu horren iturrien artean. Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Agentziak jakitera eman du orotara 5,7 milioi errefuxiatu eragin dituela 2021ean areagoturiko gatazkak.


Nola obedituko diot eroari

1997. Aguraingo Intsumiso Eguna. Antimilitarismoak milaka lagun biltzen zituen bere ekimenetan, artxibotik berreskuratu dugun argazki honetan ikusten den moduan. Aurten 30 urte beteko dira Intsumiso Eguna ospatzen hasi zirela.


Gerra danbor hotsak Europako Batasunean

Urtebete pasa da Mendebaldeari Ukrainako gerra okertu zitzaionetik. Xakean esaten da jokalari bat zugzwang posizioan dagoela egin dezakeen edozein mugimenduk kaltetuko badu. Mugimendurik egin beharko ez balu berdinketa lortuko luke, baina bere txanda bada, bereak egin... [+]


Israelgo Armada hornitzen duten petrolio konpainiak, gerra krimenen konplize?

Israelek 2023ko urrian Gazako sarraskia hasi zuenetik, petrolioa jasotzen aritu da itsasoz munduko txoko askotatik, petrolio enpresa handienek hornituta. Petrolio horren zati bat armada hornitzeko erabiltzen da palestinarren kontrako erasoekin segi dezan.


Eguneraketa berriak daude