ARGIA.eus

2020ko urriaren 22a
Lehoia eta otsoa aurrez aurre

Ezagutzen al dituzte umeek bertako animalia arruntenak?

  • Cambridgeko Unibertsitateak 2002an egindako ikerketaren arabera, Erresuma Batuko Lehen Hezkuntzako ikasleek Pokemónen pertsonaia gehiago ezagutzen zituzten inguruko animaliak eta landareak baino. Urte berean, Suitzan, 6.000 gazteri egindako galdetegian, batez beste euren inguruko 6 animalia baino ez zituzten izendatu. Costa Rican, ikasleek gehiago ezagutzen dituzte kanpokoak diren landareak ingurukoak baino. Eta Euskal Herrian hiriburuetako ikasleek sabanako edo oihan tropikaleko animalia gehiago ezagutzen dituzte bertakoak baino.

Iñaki Sanz-Azkue  |  Aritz Ruiz-González  |  Joserra Díez @@diez_joserra  |  Beatriz Larraz
2017ko maiatzaren 21a

Munduan naturari buruzko ezagutza belaunaldiz belaunaldi gainbehera doan heinean, hainbat ikerketak ohartarazi du ezagutza ezak bioaniztasunaren kontserbazioan eta, beraz, gizakiaren ongizatean eragin zuzena izan dezakeela. Honi aurre egiteko bidea, garbi dute: hezkuntza da etorkizuna. Erreportaje honetan bildu ditugu Euskal Herrian ikasleen artean egin den ikerketaren emaitzak.


Gizartea hiritartzeak ekarri du umea-natura erlazioaren haustura


XX. mendean, Euskal Herriko paisaiak eta honekin batera gure bizimoduak, sekulako bilakaera izan dute. Baserriz osaturiko eta naturaz inguratutako herri txikietatik, Euskal Herri askoz urbanoagora egin dugu salto. Gizartearen hiritartze hau mundu osoan ari da gertatzen. Hau dela eta, naturan bizi eta natura bizi izatetik, naturarekin apenas kontakturik gabe bizitzera igaro gara denbora gutxian.

Mundu mailan egindako hainbat ikerketak adierazten duenez, naturarekin kontaktu gutxi izanaz bizitzeak eragin du ingurumenaren ezagutza-maila nabarmen jaistea belaunaldi berrietan. Esaterako Finlandian, herrialde baltikoetan, Suitzan, Hego Amerikan zein Ipar Amerikan azken bi hamarkadetan egindako ikerketak ondorio berera iritsi dira: herritarrek naturari buruz duten ezagutza murriztuz doa. Ezagutza horren barruan daude gure inguruko animalia, landare zein onddo arruntenak identifikatzea, hainbat prozesu biologiko interpretatzea edo naturako oinarrizko kontzeptuak ulertzea, adibidez, bioaniztasuna.

Mundu mailako arazo honen aurrean zaila da pentsatzea Euskal Herria irla bat denik. Baina ikerketarik ezean, emaitzak ere ezin igarriko ditugu. Hori dela eta, ikasleek bertako animaliekiko duten ezagutza neurtzeko eta naturari buruz duten iritzia jakiteko ikerketa-lerro bat sortzea ezinbestekoa zela iruditu zitzaigun lan-taldea osatzen dugunoi. Beraz, aurreneko ikerketa diseinatu eta burutu da 2016-2017 urteetan: Euskal Herriko hainbat eskolatan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 1. mailako 1.000 ikasle inguruk galdetegi bat bete dute. Jarraian azalduko ditugu, ikerketan jasotako emaitzak:

 

 

Animalia basatien ezagutza: Bertako edo kanpoko animaliak, zein dituzte gure ikasleek buruan?

1.000 ikasle baino gehiagok erantzundako galdetegietan 9.540 animalia basati izendatu dituzte, guztira 240 animalia-espezie. Galdetegietan jarri dituzten animalien artean, gehiago izan dira aloktonoak (%57) eta gutxiago autoktonoak (%43).

Egungo gazteek duten naturarekiko kontaktu faltak bertako faunaren ezagutza baxuagoa eragiten duela izan daiteke emaitza hauen arrazoia. Bestalde, egungo testu-liburu, umeentzako liburu, marrazki bizidun eta dokumental askok animalia aloktonoak erabiltzen dituzte hainbat kontzepturen azalpenak emateko, eta LHo ikasleekin Frantzian egindako ikerketa baten arabera, internet eta telebista dira espezieen ezagutzaren oinarri handi bat egungo gizarte hiritartuan. Teknologiek, ordea, umeek naturarekin zituzten esperientzia zuzenak murriztu dituzte. Joera honek etorkizunera begira arazoak sor ditzake umeek bertako bioaniztasunari baino kanpoko espezie birtualei eman diezaieketelako lehentasuna.


Lehoia eta otsoa aurrez aurre


Bertako eta kanpoko espezieen artean nabarmena da animalia batzuek galdetegietan duten presentzia (ikus koadroa). Espezie aloktonoen artean, esaterako, “lehoia” eta “tigrea” dira gehien izendatu direnak, Costa Ricako landa gune bateko ikasleen artean egindako ikerketaren emaitzekin bat eginez. Hauen atzetik datoz “elefantea”, “marrazoa” eta “krokodiloa”. Gure animalien artean, “otsoa” da ezagunena eta atzetik datoz “basurdea”, “hartza”, “azeria” eta “arranoa”. Aipaturiko animalia ia guztiek badute halako “handitasun” eta “arriskutsu” kutsua, gazteak erakartzen dituena. Stokesek mundu mailan eta Kellertek Islandian egindako ikerketen arabera, espezieen identifikazioan garrantzia duten faktoreak izan ohi dira arrazoi “estetikoak”, “kulturalak” eta “gizakiarekiko antzekotasuna”.

Arreta deitzen du, bestalde, autoktonoen barruan gehien izendatzen dituztenen artean dagoeneko Euskal Herrian ia desagertuak diren bi animalia egotea: “otsoa” eta “hartza”. Dudarik gabe, espezie hauen sinbologiaren indarrak eta hainbat liburu eta ipuinetan duten protagonismoak ere bere eragina izango zuten. Galdetu bestela Txanogorritxuri…

Herri txiki, bertako ezagutza handi

Boliviako Amazonasen egindako ikerketa batean atera zuten ondorioaren arabera, landa eremuko herri txikietan bertako ingurunearen ezagutza handiagoa da. Euskal Herrian gauza bera gertatzen den jakin nahian, biztanle kopuruaren arabera bost kategoriatan banatu ziren ikerketan parte harturikoak. Honela, jatorriaren arabera izendaturiko bertako animalia eta kanpokoen artean alderik izan den jakin nahi izan da: hiriburuetako ikasleen eta 5.000 biztanletik behera dituzten herrietako ikasleen artean animalia aloktonoak eta autoktonoak izendatzeko orduan aldea estatistikoki nabarmena da, herri txikietan bertako espezieekiko dagoen ezagutza handiagoa da. Gainontzeko biztanle kopuruen artean ez dago ezberdintasun nabarmenik.

 

 


Ugaztunak nagusi, artropodoen lurraldean


Zerrendatutako espezieen artean ugaztunak dira aipatuenak, izendatzen diren animalia guztien %73 dira. Atzetik datoz hegaztiak (%9), narrastiak (%8) eta arrainak (%5), bai animalia aloktono, bai animalia autoktonoak batuta. Azkenak dira animalia ornogabeak, %3 baino ez. Hortaz, 20 espezie izendatuenen artean ere 17 ugaztun daude, hegazti bakarra eta bi narrasti. Artropodoak ez dira ageri. Gure emaitzek bat egiten dute mundu mailan egin diren hainbat ikerketarekin, non ugaztunak diren animalia ezagunenak, hegazti eta artropodo edo zomorroen aurretik, nahiz eta azken hauek izan aniztasun handieneko taldea gure lurraldean. Zomorroen lurraldean, ugaztunak dira nagusi ikasleen artean.

Espezieen talde taxonomikoak ikasleen sorlekuarekin kontrastatzen ditugunean estatistikoki esanguratsuak diren zenbait joera behatu ditzakegu. Esaterako, herri txikienetako ikasleek narrasti gehiago aipatzen dituzte hirietakoek baino. Artropodoen kasuan, ostera, kontrakoa beha daiteke.

Amaitzeko, deigarria da baita ere, aipatzen dituzten espezie guztien artean gehientsuenak baso epeletakoak direla (%39) baina sabanako animaliek (%30) ere presentzia handia dutela gure ikasle gazteen “animalia basati” kontzeptuan. Kasu honetan ere, esanguratsua da herri txikietakoek baso epeletako animalia gehiago ezagutzen dituztela hiriburuetakoek baino. Hiriburuetakoek, bestalde, sabanako eta oihan tropikaleko animalia gehiago aipatzen dituzte.

Gure ikasleek animaliekiko eta landareekiko interesa dute

Naturan dauden animalia eta landare ezberdinekiko duten interesagatik galdetuta (ikus koadroa), ikasleen %51ek interes handia edo oso handia duela dio. Txikia edo oso txikia, ordea, %9ak baino ez. Honek adierazten du hainbat ikerketekin bat eginez, ume zein gazteek badutela naturarekiko berezko interesa. Hori bai, ikerketek diotenez adina aurrera doan heinean naturarekiko atxikimendua gutxitu egiten da. Beraz, ahalik eta lehen hasi natur gaiak lantzen, orduan eta hobe.

Animalia edo landareek, nortzuk pizten dieten interes handiena galdetzean,  animalienganako hautu garbia egiten dute gehienek (%76) eta landare eta animaliekiko (%17) beste batzuek. Bakarrik landareenganako interesa %3k baino ez du adierazi. Honek mundu mailan publikazio askok dagoeneko baieztatzen dutena Euskal Herrian ere ematen dela erakusten digu: Plant blindness edo landareekiko itsutasuna nabaria da gure ikasleen artean.


Unitate didaktiko berria: Zoologoak gara!


Ikerketa honen egileek, eskola guztietan ezarri ahal izateko moduko unitate didaktiko bat diseinatu dute, naturarekiko ezagutza handitzeko proba moduan, eta Irungo El Pilar Ikastetxeko DBH1eko 60 ikasleekin aplikatu eta eraginkortasuna ebaluatu dute.

Unitate didaktikoari esker, DBH1eko edukietan dagoen “ornodunen gaia”ren eduki nagusiak emateaz gain, ikasleen artean bertako espezieen ezagutza sustatu da, baita espezie hauen bizimoduak, bizilekuak eta arriskuak landu ere.

Lorturiko emaitzek garbi erakusten dute unitateak bertako eta kanpoko espezieen artean zegoen balantzari bira emateko balio izan duela. Unitatea burutu aurretik ikasleek izendatzen zituzten espezie aloktonoen ehunekoa %62koa zen. Autoktonoena, aldiz %38koa. Unitatea burutu ostean, ordea, autoktonoen kopuruak gora egin zuen %57raino, aloktonoen kalterako (%42) noski. Datuek bezainbesteko garrantzia dute, ordea, unitatea egin ostean ikasleek adierazi dutela bertako animaliekiko duten interesa hazi egin zaiela eta naturaren kontserbazioan eta honen aldeko ekintzetan parte hartzeko borondate gehiago dutela.


Gure bioaniztasunaren alde, zer egin dezakegu eskoletan?


Unescok 2012an adierazi zuen bezala edo 2009ko Convention of Biological Diversity-n aipatu zen moduan, bioaniztasunaren kontserbaziorako ezinbestekoa da hezkuntza munduaren parte-hartzea eta inplikazioa.

Europako hainbat herrialdetan eginiko ikerketek ondorioztatzen dutenaren arabera, ikasleek ez ezik, irakasle izateko bidean direnek eta egun irakasle direnek ere bertako faunaren eta floraren ezagutza oso urria dute. Ipar Europan egindako ikerketan, irakasle-gai direnen artean espezie arrunten ezagutza maila oso baxua da (%3k baino ez zituen bere inguruko espezie arrunt guztiak ezagutzen) eta azken 20 urteetan irakasleen artean ere ezagutza asko murriztu da.

Deigarria da, ordea, ikerketa hauetan bertan, irakasleek “bioaniztasuna” oso kontzeptu garrantzizkotzat jotzeaz gain, eurentzako formazioaren beharra ere ikusten dutela. Irakasle profesionalen artean bertako espezie arruntenen identifikazioa eta ezagutza lantzea ezinbestekotzat jotzen dute fenomeno ekologikoak eta bioaniztasuna ulertu eta ikasteko.

Euskal Herrian ere, bertako faunaren eta floraren, eta orokorrean bioaniztasunaren ezagutzari loturiko irakasleentzako oinarrizko eta etengabeko formazioa izan daiteke etorkizunera begirako lehendabiziko pausua. Izan ere, biodibertsitatearen ezagutza eta bere kontserbazioa jasangarritasunerako oinarrizko bidea da. Hezkuntzak oso paper garrantzitsua joka dezake gure ikasleak euren etxe inguruetako ekosistema, fauna, flora, mikroorganismo eta orokorrean bioaniztasunaren eta garapen jasangarriari buruzko gaietan trebatu eta hezterako orduan.

ZERGATIK DA GARRANTZITSUA BIOANIZTASUNA EZAGUTZEA?
Bioaniztasuna edo biodibertsitatea, gure planetan dauden gene, espezie eta ekosistemen aldaerek eta aldakortasunek osatzen dute, baita euren artean sortzen diren erlazioek ere. Bioaniztasunak berak kalkula ezineko onurak, zerbitzu ekosistemikoak deritzogunak, ematen dizkio gizakiari: elikagaiek, urak, polinizazioak, hainbat hondakin toxikoren neutralizazioak zein arnasten dugun oxigenoak berak erlazio zuzena dute ekosistemen aniztasunarekin, bioaniztasunarekin. 1980ko hamarkadatik hona egindako hainbat ikerketak ondorioztatu du gizakiaren ongizatea zuzenki loturik dagoela bioaniztasunarekin.
    Kenian egindako esperientzia batek erakusten digu, ordea, egungo ikasleei eskolan irakasten zaizkien “bioaniztasuna” edo “garapen jasangarria” bezalako hitzak guztiz abstraktuak zaizkiela, naturarekin kontaktuan dituzten esperientzia urrien erruz, euren egunerokotasunetik urruti geratzen direlako bi kontzeptuok. Umeek ez badute naturarekin harremanik, nola ezagutuko dute bada gure inguruan dituzten ekosistema ezberdinen eta faunaren eta floraren aberastasuna?
    Zentzu honetan, Suitzan egindako ikerketa batek kezka sortu du, gazteen %60ak adierazi baitu “bioaniztasuna” hitza ez duela inoiz entzun. Aditu askoren ustez, bioaniztasuna ezagutzeak etorkizuneko garapen jasangarriarekin eta gizakiaren ongizatearekin duen lotura ikusita, honi loturiko kontzeptuen transmisioa ezinbestekoa da. Transmisio horretarako lekurik hoberena zein den ere adierazten dute: hezkuntza.
    Bioaniztasuna lantzeko eskola barruko esperientziek eragin positiboa izan dezakete 2006an The Journal of Environmental Education-en publikaturiko ikerketak dioenaren arabera, esaterako, 13-14 urteetako ikasleengan 7,5 ordutik gorako eskolak emanez. Ikerketa gehienek bat egiten dute, ordea, orokorrean naturaren eta zehatzago bertako faunaren ezagutzarako metodorik onena txikitatik naturan bertan izandako esperientziak bizitzea dela. Naturarekin kontaktua sustatzea eta eskolaz kanpoko esperientzia zuzenak izatea jotzen da metodo egokiena.
    Suedian eginiko ikerketa baten arabera, esperientzia horiek, bioaniztasuna positiboki ikustea eragiten dute eta animalia eta landareen ezagutza eta hauen bizi-ziklo eta biologiari buruzko ideia gehienak modu askoz errazagoan barneratzen dira. Izan ere, ezin da bioaniztasuna ulertu animalien identifikazio eta hauen biologiari buruzko oinarrizko ezagutzarik gabe. Bertako espezieak ezagutzen ez dituen ikasleak nekez ulertuko du bioaniztasuna zer den eta kostata kontserbatuko du ezagutzen ez duen zerbait. Hau dela eta, egungo ikasleek, etorkizunean Euskal Herria kudeatuko dutenek, bertako espezieen identifikazio-maila eta ezagutza-maila oinarrizkoa izatea ezinbestekoa da, bai Euskal Herriko bioaniztasunaren kontserbaziorako, bai gizakiaren ongizaterako ere.

 

IKERKETAK JARRAITU DUEN METODOLOGIA
Euskal Herriko hainbat eskolatan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 1. mailako 1.000 ikasle inguruk galdetegi bat bete dute. DBH1eko curriculumaren arabera ikasleek ezagutza horren jabe beharko luketenez eta galdetegia modu egokian erantzuteko autonomia ere badutenez, lagin egokia dira ikerketa burutu ahal izateko. Ikerketa hiru adar nagusitan banatu da:
1. Animalia basatien ezagutza. Ezagutzen dituzten 10 animalia basati izendatzeko eskatu zaie ikasleei eta zerrendatzen dituzten animaliei buruzko informazioa aztertzeko: espezieen sorlekua, bioma eta klasifikazio taxonomikoa. Emaitza hauek ikaslearen jatorrizko herriaren biztanle-kopuruarekin alderatu dira, herriaren neurriak ezagutzan eraginik baduen ikusteko.
2. Naturarekiko eta animaliekiko interesa. Hainbat galdera itxi jarri dira ikasleek animaliekiko eta naturarekiko duten interesa eta naturaren kontserbazioari loturiko informazioaren berri jasotzeko.
3. Unitate Didaktiko berri bat diseinatzea. DBH1eko “animalia ornodunak” gaia erabiliz unitate didaktikoa burutu zen, curriculumak eskatzen dituen helburuak betez eta gaiari dagozkien eduki guztiak emanaz. “Arazoetan oinarritutako ikaskuntza” metodologia erabili zen, eta ikasleek jarri zitzaien “arazo erreal” bati erantzuna eman behar zioten. Testuingurua honakoa zen: “Animaliak ikertzen dituen zoologo taldea zarete eta kongresu batean animalia jakin bati buruzko hitzaldia eman behar duzue”. Talde kooperatiboetan lan eginez, animalia ornodun jakin bati buruzko hitzaldia eman behar izan zuen ikasle bakoitzak, teknologiak erabiliz. Osatutako aurkezpenak bildu eta apunte gisa erabili zituzten ikasteko eta ondorengo azterketa egin ahal izateko.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Biodibertsitatea  |  Hezkuntza  |  Euskal Herria

Biodibertsitatea kanaletik interesatuko zaizu...


ASTEKARIA
2017ko maiatzaren 21a
Azkenak
EGILEAK
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude