Maiatzean Mocchi abeslari uruguaitarrak El frío que nos convoca [Batzen gaituen hotza], 2024 amaieran plazaratutako diskoa aurkeztu zuen Euskal Herrian, Abian Kultur Elkartean (Algorta, Getxo). "Eskerrak elkarrekin gauden" [Menos mal que estamos juntes] abestuz eman zion hasiera kontzertuari eta ia bi orduz nor den kontatu zigun bere abestien eta horien atzean dauden pasadizo eta istorioen bidez.
Kontzertuko bi orduetan, lurrean gero eta aulki eta kuxin gehiago jarri behar izan zituzten antolatzaileek, topaketara iristen ari zen jende andanari leku egiteko. Beroaren ondorioz, leihoak zabalik amaitu zen kontzertua, guztiok batera loop-ean (buklean) abestuz herrien memoria gogoratzeaz eta partekatzeaz hitz egiten duen abestia. "Mocchi musikaren bidezko proiektu politikoa da", azaldu zuen: “Giza loturak sendotu nahi dituen proiektu politikoa, mundua gure eguneroko keinu bakoitzarekin aldatzeko”. Batzen gaituen hotza elkarrekin epeltzea helburu duen proiektu politikoa.
Nola sortu zen azken diskoa?
Oso modu berezkoan sortu zen. Eskuinaren aurrerapena eta Argentinako Mileiren onarpena prozesatzen ari nintzen [Buenos Airesen bizi da Mocchi orain], eta sentitzen nuen ez zegoela leku erosorik, aldi berean Uruguain Lacalle Pouk gobernatzen zuelako, eskuinekoa bera ere. Toki bakoitzeko nortasun politikoak besarkatu edo baztertu egiten zaitu. Baina parte ez sentitzeak beste gauza askoren parte sentiarazten zaitu, edo espazioak eraikitzeko aukera ematen dizu. El frío que nos convoca lanean, bilduko gaituen sua izango den abesti multzo bat sortzea nahi nuen, gertatzen ari diren eta muturreko hoztasuna duten gauza horiei beste leku batetik behatzeko.
Zer leku izan zuen Compostaje [Konpostatze] abestiak diskoa grabatzea erabakitzerakoan?
Argentinako hegoaldean geunden eta egin berri nituen kanta batzuekin disko bat grabatzeko gogoa etorri zitzaidan. Grabatzeko leku bat lortu genuen herri batzuk beherago, eta joan egin ginen. Gau hartan Barracaseko lesbizidio beldurgarriaren berri jaso genuen: gizon bati bururatu zitzaion lau lesbianek lo egiten zuten ostatu bateko gela batean molotov bonba bat botatzea. Hiru hil ziren. Berria iritsi zitzaidan eta isilik geratu nintzen. Horrelako gauzak jada ez dira kasu isolatuak, gobernatzen duenaren ahotan daude gorroto diskurtsoak, eskubideak eta segurtasuna bermatu behar dizkigunaren ahotan, hain zuzen ere. Oso gaizki sentitu nintzen eta gelditu gabe idazten hasi nintzen: Compostaje kanta sortu nuen eta egun horretan bertan grabatu nuen. Disko osoa hain arin egiteko pizgarria izan zen; "esan behar dut" pentsatu nuen. Mezua batzuetan premiazko bihurtzen da eta irten behar da.
"Ziur lehen belaunaldia izan ginela kalean musukatzen arriskurik sentitu gabe, eta botikan erositako porroa erretzen"
1990 diskoan zure belaunaldia erretratatu zenuen. Ze ezaugarri izan zituen belaunaldi horrek Uruguain?
1990eko belaunaldiak, Rio de la Platan, hainbat krisialdi igaro genituen: 90eko hamarkadakoa, 2001ekoa, eta orain hau. Hamaika urte nituenean, amak gauera arte lan egiten zuen eta aitak kanpoan. Bakarrik bizi nintzen, ama lotan baino ez nuen ikusten. Nire lagun gehienak berdin bizi ziren, ez zen kasu arraroa. Horri zor dizkiodan gauza asko daude, baita ez jakitea nahiago nukeen gauza asko ere. Nire obra horretaz blaituta dago, batez ere disko horretan, non asko hitz egiten dudan nire identitate-eraikuntzaz belaunaldi honen parte izateagatik. Demokraziaz gozatu zuen belaunaldia izan ginen, eta, aldi berean, diktadura osteko larrialdiko hezkuntza-plan bat aldatzeko borrokatu behar izan genuen. Ziur lehen belaunaldia izan ginela kalean musukatzen arriskurik sentitu gabe, eta botikan erositako porroa erretzen. Garai hori gogoratzeko eta argazki bat uzteko modu bat da diskoa. Sinesgaitza egiten zait pentsatzea datozen belaunaldiek berriro borrokatu beharko dutela lortutako eskubideen alde, munduaren egungo eraldaketek eta gorroto diskurtsoen aurrerapenak erakusten baitute eskubide horiek galduz joan gaitezkeela.
Behin irakurri nuen Susy Shock abeslari argentinarra entzun zenuenean Milongón del Guruyú abesten, hunkitu egin zinela, jendaurrean abestu zenuen lehen abestia izan zelako. Zer du berezi abesti horrek zuretzat?
Oso abesti garrantzitsua izan zen niretzat. Adriana Varelaren bertsioa entzun nuen eta ezin nuen sinetsi kantatzen ari zen pertsona emakumea izatea. Emakume izatearen eraikuntzagatik eta inposatzen zidaten guztiagatik. Gaur egun eskertzen dut nirea ahots hegemonikoa ez izatea, hori da definitzen nauena. Etxeko patioan zuzenean jo nuen lehen aldian, abesti hori kantatu nuen eta Mandrake Wolfen Amor Profundo kantaren bertsioa, loop-ean. Oso gauza politetara eramaten nau: eszenatoki bat asmatzera edonon eta kaleko kultura horretara. Liliana Herreroren ahotsak eta beste ahots ez-hegemoniko batzuek ere bultzatu ninduten. Orain Liliana Herrerok disko bat atera du nire hiru kantarekin eta bere ahotsean entzuteak hunkitu egiten nau, abestu nezakeela sinetsarazi zidaten ahotsetako bat delako.
Konposatu zenuen lehen kantetako bat amak Maiatzaren 1eko manifestaziora joaten utzi ez zizunean egin zenuen. Zer zenioen abesti horretan?
Jendeari erakutsi nahi izan nion lehen kanta izan zen. Oso arraroa izan zen, nire amak bizitza osoan erakutsi zidalako manifestazioetara joaten, baina egun hartan bere zigor modua bertara joatea debekatzea izan zen. Eta Boceto de un primero de mayo [Maiatzaren 1eko zirriborroa] abestia idatzi nuen, nire burua manifestazioan irudikatuz. Konpartitzeko gogoa sentitu nuen eta hori lehenago ez zitzaidan gertatu. Gaur arte uste dut ez dudala egin, kontakizun poetikoari dagokionez, irabaziko dion abestirik. 12 urte nituen eta orain esaten dut: "Gustura konposatuko nuke berriro horrela".
Abian Kultur Elkarteko kontzertuan esan zenuen Mocchi proiektu politikoa dela. Zertan datza proiektu hori?
Elkarrekin egotea eta bakoitzari zer gertatzen zaigun entzutean datza. Hau da, pertsonen bidez leku bakoitzaren testuingurua ulertzen saiatzea. Hori da politika egiteko, leku bakoitza bizitzeko eta kontakizun propioa izateko moduetako bat, ondoren kontakizun komun bat eraikitzeko eta historia egiteko moduak zalantzan jartzen hasteko. Beti ari gara politika egiten, baita ezer egiten ez dugunean ere. Askoz ere osasuntsuagoa den industria berri bat sortzen ari gara. Estrategia politiko baten parte naiz, dagoenak ez didalako balio eta ez duelako nireen antzeko idealik. Proiektu honekin giza harremanak sendotu nahi ditut, mundua aldatzeko. Nire ustez, batzuetan munduaren aldaketa gauza txikietan dago: bertan egotea eta norbaitek behar zaituenean erantzutea edo esatea "asteazkenetan Buenos Airesen jubilatuak jotzen ari dira, zer egin dezaket?".
Zure abestietako batean diozunez, "isiltasun oro politikoa da"...
Isiltasunak gauza asko komunikatzen ditu. Jendeak bozkatu bazaitu, jendeak ahotsa eman badizu, isiltasuna oso mezu gogorra da. Pertsona batzuk ezin dira isilik egon eta ezin dute ez entzun. Beste isiltasun mota batzuetan ere pentsatzen dut: gu, pertsona transak, trabestiak, izendatzen ez gaituztenean, "disidentzia" deitzen duten horren barruan ezkutatzean. Isiltasun hori ere, politikoa da, eta horretan eragin dezakegu. Emakume eta disidentzien inguruko zerbaitetara deitzen nautenean, identitate guztiak izendatzen badituzte baino ez dut parte hartzen; adibidez, trabesti hilak izendatzen badituzte, ni honaino ekarri nautenak baitira. Isiltasun hori arriskutsua ere bada. Askotan konturatzen naiz ezin nautela izendatu.
"Irratia piztu eta [Pepe Mújica] hitz egiten entzuteak bizitza asko aldatu zigun. Guk ulertzeko moduko politika egin zuen"
Kontzertuan esan zenuen gero eta zaurgarriago agertzen zarela diskoetan.
Nire diskoetan armairutik irten naiz. Hasieran, oso metaforatik konposatzen nuen, unibertso poetikoaren atzean ezkutatzen nintzen pixka bat. Nire ahultasun sakonenetik kantatzen dut orain, baina ikusgai nago, eta zaindu beharreko ingurune batean egon behar dut horretarako. Hurbileko jendeak oso ondo ezagutzen du nire hauskortasuna, lehen neuk ere ez nuen ezagutzen. Batzuetan min ere ematen du.
Eta grabatzeko moduari dagokionez, zer da zuretzat garrantzitsua estudioan zaindua sentitzeko eta zaurgarritasun hori erakutsi ahal izateko?
Maila teknikoan, beti borrokan aritu behar izan dut, unibertso oso matxiruloa baita: gauzak nola egin behar ditudan esan izan didate gizonek. Gizon atseginekin egin izan dut topo, baina, hala ere, gauzak askoz gehiagotan errepikatu behar izan ditut, gizon zisa izango banintz baino. Aldatu beharreko unibertso bat dago. Lehen ez nengoen hain ahaldunduta, orain erabaki batzuk har ditzaket, ni bainaiz abestiak egin dituena eta nola entzun nahi dituen dakiena. Asko borrokatu izan naiz hona iristeko. Lehen konbentzitzen ninduten esaten ari nintzena ez zegoela ondo eta gizonezko bat ari zen esaten hori zela nire diskorako onena, nahasketari, instrumentazioei eta ideia musikalei dagokienez. Egia zela pentsatzen nuen azkenean.
Lehen esan duzu musikaren industria ere aldatu nahi duzula. Zer irauli nahi duzue Mundo Mejor taldetik?
Asko hunkitzen nauen zerbait eraiki dugu, gizateriarenganako fedea itzultzen dit inguruan dudan taldeak. Badakit zaindua sentituko naizela eta nire jendeak besteak zainduko dituela, publikoa zainduta egongo dela. Lagunez osatutako ekoiztetxea gara, eta mundua aldatzea helburu duten gauzak ekoizten ditugu.
Pepe Mújicaren beila-egunean hasi zenuen bira, zure abestien esaldiak idatzita dituzten kamisetak ikusi genituen argazki batzuetan. Zer eragin zizuten irudi horiek?
Aurreko egunetan gutxi falta zela esaten ziguten lagunek, bagenekien gertatuko zela. Poztu naiz berak aukeratu eta eraiki zuen gobernu bat utzi digulako. Mújicaren proiektu politikoak bizitza aldatu zidan. Frente Amplio delakotik [Uruguaiko zentro-ezkerreko eta ezkerreko koalizio politikoa. Gobernuko alderdia izan zen, besteak beste, Mújica presitente izan zenean] hurbil geundenok ez ginen konturatzen bere irudiak munduan zuen dimentsioaz; agian hala pentsatuko genuen Uruguairen tamaina txikiagatik. Jendea agur esaten ikustea izugarria izan zen, eta nire kamisetak hor ikustea egoteko modu bat izan zen. Mújica pertsonaia eztabaidagarria izan zen, baina ukaezina da bere mezuarekin gizateriari on egin ziola, alderdien politikatik haratago. Irratia piztu eta hitz egiten entzuteak bizitza asko aldatu zigun: pentsatzeko, hausnarketa eraikitzeko, unibertso politikoaren parte sentitzeko eta horrek gurekin zerikusia zuela sentitzeko gaitasuna eman zigun. Guk ulertzeko moduko politika egin zuen.
Euskal Herriko kontzertua maiatzaren 31n izan zen, Nora Cortiñas Maiatzeko Plazako amaren heriotzaren lehen urteurrenean. 70eko hamarkadako borroketako pertsona erreferentea, hori ere. Memoria ez ahaztearen inguruan publikoarekin batera loop-ean abestu zenuen. Ederra izan zen.
Adierazpen artistikoak tresna garrantzitsuak dira esateko: “Hemen gaude, hau gertatu zen”. Oso garrantzitsua da historia kontatzea, berreraikitzea, osatzea, horregatik da hain arriskutsua isiltasuna. Baina historia kontatzeaz herria ez bada arduratzen, gutxienez ondo konta dezaten exijitu behar da. Zeintzuk dira gure erreferenteak orain? Zer dugu eskaintzeko? Hutsune bat dago, ez dut uste Argentinako jende guztiak Milei bozkatu duenik berak bezala pentsatzen duelako. Oposizioak gauza asko gaizki egin zituela uste dut eta erreferenteak ere falta dira. Jendea aspertu egin zen hain txarra ez denari bozka emateaz. Orain Uruguain Yamandú Orsi lehendakari izateak itxaropena ematen dit, eta aldi berean beldurra sentitzen dut: gauzak ondo egingo dituela pentsatu nahi dut, bestela hurrengo hauteskundeetan eskuina izango dugulako berriro aurrez aurre. Fidatzen naiz, baina ez ditut eskuak sutan jartzen inorengatik. Frente Ampliorengatik ere ez. Bozkatu eta militatu egin nuen, fidatzen naizelako, nahiz eta batzuetan inozoa naizela uste dudan. Palestinarren genozidioan irmoki ez posizionatzeak ilusioa galarazten dit.
2015eko urtarriletik maiatzera bitartean, 25 urterekin ikasketak amaitu ondoren, Irati Astobieta laguna eta biok Txilen, Argentinan eta Uruguain zehar ibili ginen Kalabazan Ibiltaria proiektuaren barruan. Poesia xuxurlatua tresna poetikoa baliatuz euskal poemak ahotik belarrira... [+]
José Alberto Mujica, gerrillari tupamaro eta Uruguaiko presidente izandakoa, astearte honetan hil da, minbizi baten ondorioz. 89 urte zituen eta txakurrarekin batera bere etxebizitzan lurperatzeko argibideak utzi zituen. “Nire zikloa amaitu da”.
95.000 botogatik gailendu da Fronte Zabala azaroaren 24an eginiko hauteskundeetan. Yamandu Orsi izango da Uruguaiko hurrengo presidentea, Álvaro Delgado eskuineko Alderdi Nazionaleko presidentegaiari aurre hartuta.
Manuela Aldabe artista, kazetari eta irakasle uruguaitarra da eta urteak daramatza bere praktika artistikoarekin heriotza bidegabeak ikertzen. 2016an hasi zen feminizidioaren biktima izan diren emakumeen jantzien inguruan lanean eta, besteak beste, senarrak hil zuen Delmira... [+]
Uruguaiko diktadura zibiko-militarrean (1973-1985) desagertutako 197 lagunak kalera atera zituzten milaka lagunek beste hainbeste argazkitan, 27. Isiltasunaren Martxan. Manifestazioa bereziki jendetsua izan da aurten, pandemiagatik bi urtez egin gabe egon ondoren.
Mikel Zabalzari buruzko Non dago Mikel? filmak Urugaiko Nazioarteko Zine dokumentalaren festibalaren sari nagusia irabazi du, AtlantiDoc Saria hain zuzen ere, dokumentu-film luzerik onenarentzat.
Kaxa hutsak proiektuaren baitan, azken hamarkadetan Uruguain bizi den Josu Lariz euskal iheslariaren esperientzia biltzen duen dokumentala estreinatu zen ostegun honetan Iruñeko Katakrak liburudendan: Oroimina loretan
Hamabost urteko agintaldi ezkertiarraren ostean, martxoaren 1ean eskuinak hartuko du Uruguaiko agintaritza. Presidente berria Luis Alberto Lacalle Pou izango da, herrialdeko presidente ohiaren semea, eta jada 457 neurri iragarri ditu. Neurrion artean, greba eskubidea murriztea,... [+]
Aurreko mendeko ziklo neoliberala atzean utzita, Abya Yalako edo Hego eta Ertamerikako politikaren grabitate zentroa ezkerrean egon da 2000. urtetik. Mugimendu eta protesta herritar eraginkorrak, kontinente mailako aliantza berriak, gobernu ezkertiar edo aurrerakoiak herrialde... [+]
Uruguaiko Paysandú departamentuan egindako ikerketa batean pestizida arrastoak aurkitu dituzte zerutik datorren euriko uretan. Hainbat ikerlarik laborategian aztertu dute ura eta intsektizidak eta fungizidak dituela ondorioztatu dute.
“Zinemak gezurrak esan ditzake, kirolak ez”. Hauxe da Julien Faraut zuzendari frantsesaren L’empire de la perfection (2018) pelikularen ardatza. Ideia Godarden elkarrizketa batetik dator: “Giza gorputzak gezurrik esan gabe jarraitzen duelako ikusten dut... [+]
Apirilaren 26an izango da sari banaketa, Gernikako bonbardaketaren 79.urteurreneko ekitaldien barruan.
Idazle uruguaitarra Montevideoko ospitalean hil da 74 urterekin, Espainiako Irrati Publikoak zabaldu duenez eta Uruguaiko Montevideo Portal guneak baieztatu duenez. Hego Amerikako idazlerik nabarmenduenetakoa da.