Euskal Oasia sutan

  • Txosten gordina argitaratu du HerriUni-ko kide Nekane Jurado ekonomialariak. Krisiaren lehen urte gisa hartzen den 2008 urtea egungo egoerarekin konparatu du, Hego Euskal Herrian ere aberats eta txiroen arteko arrakala zabaltzen ari dela agerian utziz. Bertan 533.222 pertsona pobreziaren mugatik behera bizi dela jakiteak argi uzten du “Euskal Oasirik” ez dela, aberasten jarraitzen duten gutxi batzuentzat ez bada.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz
2017ko apirilaren 02a
Masiboki zorpetu dira familiak eta enpresak Hego Euskal Herrian. Juradok argi du zorrak edozein pertsona lotzen duela prekarietatera, lan baldintza txarrak izan arren edozein lan onartzera. (Argazki Press / Gorka Rubio)
Masiboki zorpetu dira familiak eta enpresak Hego Euskal Herrian. Juradok argi du zorrak edozein pertsona lotzen duela prekarietatera, lan baldintza txarrak izan arren edozein lan onartzera. (Argazki Press / Gorka Rubio)

“Esperantzaren printzipioa soilik gauzatuko da, herritarren gehiengoa konturatzen denean bere bizi baldintzak ez direla direnak inongo lege naturalengatik edo helburu zerutiarrengatik, pobrezia eta inpotentzia sortuz, handi-mandi gutxi batzuen aberastasun eta botere-gose ase ezinagatik baizik”.

Vicente Romanoren aipu horrekin hasten da Atzeraldi handiko hamarkadaren osteko egoera ekonomiko eta soziala txostena. HerriUniko kide Nekane Juradok egin du, beste eragile sozial eta politiko batzuekin: Eusko Ekintza, Herritar Batasuna, Euskal Herriko Komunistak, Askatasunaren Bidea eta Libertate Nafarra.  100 orriko txosten zorrotzak batean eta bestean argitaratu diren datu eta estatistikak ditu oinarri, egoeraren argazki beltza islatuz.

Lanaren tesia da 2008 eta 2017 urte bitarteko Hego Euskal Herriko aurrekontuek gizarte desorekan sakondu dutela urtez urte. Nekane Juradok oso garbi du herritarren parte handi bat pobretzen ari den bitartean, gutxi batzuk aberasten ari direla. Ez da Hego Euskal Herriko berezko kontua, Europar Batasunean ere kapital metaketa biderkatu egin baitute herrialdez herrialde gutxi batzuek. “Lisboako Itunarekin hasi zen Europar Batasuna 2000ko martxoan ongizate estatuak desmontatzen”, dio. Egun, prozesu beraren bigarren fase bortitzago bat bizitzen ari garela defendatzen du Juradok. Estatuak arlo sozialean egiten ari ziren murrizketak, krisia heltzean bizkortu egin zituzten prozesuak, shock egoeran zeuden gizarteen erantzun azkarren faltan.

“Gizarte prekarioa eraiki dute, lege-kolpeka”, dio egileak txostenean. Prekarietatea bultza duten zazpi faktore zerrendatu ditu: lan erreformak, zerga politika gero eta erregresiboagoak, gastu publikoa espekulatzaile eta iruzurtien artean banatzea, ondasun publikoen pribatizazioaren eta liberalizazioaren aldeko araudiak idaztea, zorpetze maila handitzea, aberastasunaren pilaketa versus txirotasunaren handitzea, eta azkenik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako krisi demografikoa.

Desorekan sakontzen

“Kapitalismoa zerbait bada, hori polarizazioa da, aberastasunaren kontzentrazioa”, dio begirada zorrotzez Juradok. Oxfamek 2016 amaieran salatu zuenez, munduko 62 pertsona aberatsenek, 3.500 milioi lagun txiroenek adina aberastasun daukate pilatuta, eta munduaren erdia planetako aberastasunaren %2arekin bakarrik bizi da. Europar Batasuneko informeek jasotzen dute aberastasunaren kontzentrazioa bereziki nabarmena dela ondorengo herrialdeetan: Polonia, Estonia, Grezia eta Espainian. Unibertsitate munduan egin diren ikerketen arabera, Euskal Herriko kapital kontzentrazioa altuagoa da Espainiako Estatuko eta Europar Batasuneko bataz bestekoa baino. Espainiako datuak baditugu: Espainiako Estatuan, %1 aberatsenak %80ak adina ondasun dauka. Hego Euskal Herrian kontua larriagoa bada, zein ote dira kopuruak? EAEko eta Nafarroako kontu publikoak ez direla batere gardenak salatu du Juradok, eta datu zehatz hau falta dela dio.

Nor da aberasten ari Euskal Herrian? “Finantza sektoreko eta elektrizitate sektoreko familiak, akzionista handi-handiak”. BBVA eta Iberdrolako administrazio kontseiluetako kideak adibidez. Altzailuraren “jauntxo” handiak gai hau aipatzean isilean pasatzen direla uste duenez, aberasten ari direnen multzoan sartu ditu. “Altzairuari lotutako enpresa publikoak EAJren oniritziarekin pribatizatu zituztenean, hauek ondoren nazioarteko konpainia handiei eta holdingei saldu zizkieten. Salerosketa honetan, batzuek fortuna izugarriak egin zituzten, eta ikusi egin behar litzateke ea ustelkeria norainokoa izan den hemen”. Euskal herritarrek lurraldeko aberats handiak oso gutxi ezagutzen dituztela uste du ekonomialariak.

Pobrezia eta prekarietatea gora

Txanponaren beste aldean kokatzen dira, Eurostaten 2015 amaierako datuen arabera, pobrezian eta bazterkeria arriskuan dauden Europar Batasuneko 122,3 milioi pertsonak. Herritarren %24, lautik bat; hamar urte lehenago multzo honetan herritarren %15ean zegoenean. Espainiako Estatuan 2007 eta 2015 urteen artean, txiro kopurua %26,6 igo da, hau da, 2,8 milioi txiro berri daude krisia hasi zenetik. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan herritarren %19,3 eta Nafarroako %17,1 pobreziaren mugatik behera daudela jaso du Espainiako Pobreziaren Egoeraren 6. informeak. EAEn 423.002 pertsona eta Nafarroan 110.220. Guztira Hego Euskal Herrian bostetik bat pobrezia mugatik behera: 533.222 pertsona.

Pobrezia mailaren datuak, gainera, “tranpa” daukala gehitu du Juradok. Nork eta non jartzen du pobrezia mailaren marra gorria? “Datu hori erlatiboa da eta azken urteetan jaisten joan da, jende gutxiago egon dadin izen horren atzean”. Adibidea jartzearren, Espainiako Estatuan 2009an pobretzat hartzen ziren kontsumo unitate gisa hilean 739,7 eurotik beherako diru sarrerak zituzten etxeetan bizi ziren pertsonak. 2015ean pobrezia maila 667 eurora jaitsi dute, eta beraz, hilean 667 eta 739 euro bitarteko sarrerak dituzten pertsona guztiek “txiro” izateari utzi diote txosten ofizialetan, beren bizimoduetan inolako hobekuntzarik izan gabe.

Erakundeak gastu sozialetan etengabeko murrizketak egiten ari direla eta Europa Batasuna "ongizate estatuak desmantelatzen" ari dela argi du Juradok. (Argazki Press / Jon Hernaez)

“Langile txiro” deritzanen datua ere alarmak piztekoa iruditzen zaio Juradori. EAEn 18 urtetik gorako herritarren %13,57k ez du inongo errentarik jasotzen, edo urtean 12.000 eurotik behera jasotzen du 18 urtetik gorakoen %44k, Eustatek emandako datuen arabera. “Urtean 12.000 eurotik behera gure gizartean ezin da etxebizitza bat eskuratu, ezin da jan, ezin da jantzi, ezin da energiarik eskuratu”.

Datu ofizialen arabera, Hego Euskal Herrian 255.000 pertsonak energia pobrezia pairatzen du. Energia pobrezia kontzeptua modan jarri dela uste du Juradok, baina hori pobrezia ekonomikoaren adierazle bat dela. “Hitz egin genezake energiaz gain, nutrizio-pobreziaz, zaintza pobreziaz, kultur pobreziaz eta beste. Energia pobrezia pairatzen duen jendeak, ez du hori bakarrik pairatzen, baliabideak izango balitu argindarra erabiliko bailuke. Badirudi diagnostiko globala ez dugula ikusi nahi, sakonean dagoena da pobreak direla ekonomikoki”.

Legea eskuan, prekarietatea eraiki

Segidan datorren datu zopa handia irakurleak lehen kolpean asimilatzea zaila izan daitekeen arren, ongi dokumentatutako datuok osatzen duten erradiografiak talka egiten du hainbat eragile zabaltzen ari diren ekonomiaren berreskuratzearen ideaiarekin.

  • EAEko industria 1975ean BPGren %48,8 sortzetik erdira jaitsi da 2015ean, %24ra.
  • Langile industrialak 355.400 izatetik 181.041 izatera jaitsi dira.
  • 2008tik 142.000 lanpostu deuseztatu dira.
  • EAEn egindako kontratuen %93,5 aldi baterakoak dira, batez beste, bi hilabetetik beherakoak.
  • Erregistratutako 176.217 langabeturekin itxi du 2016a Hego Euskal Herriak, erregistratu gabeak gehitu behar zaizkio horri.
  • 2009an langabeen %68,7k jasotzen zuen prestazioa egun %37,5ek.
  • Langabezia prestazioa jasotzen duen pertsona bakoitzarekin egiten den batez besteko gastua %19 jaitsi da 2009tik 2016ra.
  • Egun 44 urtetik beherako gazteen %39,4 gurasoen etxean bizi da; 2008an %34,4 ziren.
  • 2009 eta 2014 urte bitartean arrazoi ekonomikoengatik 14.300 gaztek migratu behar izan du atzerrira.
  • Segurtasun eza, dependentzia, autokonfiantza falta, estresa, sozializatze arazoak, depresioak edo gaixotasun psikikoak geroz eta arazo ohikoagoak dira.
  • 2009-2014 bitartean 1.328 pertsonak egin dute beren buruaz beste: 296 Nafarroan, 1.032 EAEn. Astean 4 suizidio.
BPGa, datu engainagarria

“2016an Euskadin hirugarren urtez jarraian ekonomia eta lanpostuak berreskuratu dira, eta 2017ra luzatuko da errekuperazioa”, dio Confebasken iazko balantzeak. Barne Produktu Gordina gisako datuei erreparatuta, hori uler liteke. Hego Euskal Herriko Barne Produktu Gordina 2016an %2,9 igo da Eustat eta Nafarroako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera. Juradok datuok aztertzeko orduan, Iberdrola eta BBVA gisako enpresen kapital guztia, “herritarrok usaindu ere egiten ez dugun aberastasuna”, hor kontabilizatzen dela nabarmendu du.

“Jo dezagun BPGa guztion irinarekin egiten den tarta dela, nahiz eta hemengo irinari gehitzen zaion Hego Amerikatik bezala, beste lurraldeetatik batzuek lapurtzen dutena. Behin tarta eginda, herritar kopuruaren artean zatitzen da, eta gainera oso gutxi garenez, zenbaki altua ateratzen da. Pertsona bakoitzari 33.000 euro dagozkigula ateratzen da EAEn, etxean bi bagara 66.000, eta haur bat izanik 99.000 euro ditugula. Hori ez dauka ia inork. Batez besteekin jokatzen denean, Euskal Herriko per capita errentarekin eta abar, ezberdintasun guztia ezkutatzen ari dira. Ikaragarria da”.

BPGaren igoera hiru faktore nagusiren eraginez gertatu dela jaso dute txostenean: faktore monetarioa, turismoa eta esportazioak. Eragile nagusia monetarioa da. “Atzean ez du ezer, fiktizioa da”. Orain bi urte inguru, Europako Banku Zentralak “zabalkunde monetarioa” deitu ziona abiatu zuela gogoratzen du, hau da, krisiaren sakontasuna ikusita, diru gehiago produzitu eta bankari interes negatiboekin eman ziotela: 1,14 bilioi euro. “Bankak bestela inola koloka ezin zezaketen herrialdeen zor publikoa eros zezan, arrisku saria jaisteko eta inflazioa igotzeko. Oso operazio politiko-ekonomiko arriskutsua da, lehendik AEBak eta Japoniak egin zuten. Makinari dirua ematean Europako herrialdeen BPG %1,8 eta %2 artean igo zen zuzenean”. Horrela ezin dela luze jarraitu uste du Juradok.

“Badakigu BPGaren igoeraren %2 moneta masa zabaldu delako gertatu dela. Beste %1, turismoagatik igo da, baina oso koiunturala da”. Mediterraneo itsasoaren inguruko hainbat herrialdetan ezegonkortasun politiko handia dago, turisten aurkako atentatuak eta beste. Eta horregatik guztiagatik ere badoa gurea gora”. Txostenean jaso dute Hego Euskal Herrian sektore horretako langileen prekarietateak bermatzen dituela prezio baxuak, eta eragina duela turismoarekin lotutako enpresen igoeran. Juradok ez du turismo eredu hori babesten.

Esportazioen igoeraz dio BPGan ez duela hainbesteko igoerarik eragin, diskurtso ofizialak kontrakoa esaten badu ere. Hauek gora doaz produktuaren prezioa jaitsi egin delako, lan eskua merketzen ari delako. "Pobrezia eraikitzen ari dira”, dio borobil.

Zor publikoaren burbuila arriskutsua

Ekonomia errealak baino indar handiagoa du finantza ekonomiak, txostenean defendatzen dutenez. “Batetik, langileek soldata baxuak kreditu bidez konpentsatzeko, eta bestetik, kapital handiek autoerreproduzitzeko eta mugarik gabe hazteko bidea aurkitu dutelako. 1970eko hamarkadaz geroztik, herritarrei aberastasuna kentzeko kapitalaren palanka berria bilakatu da kreditu sistema”.

EAEko zor publikoa krisia hasi zenetik 16 aldiz biderkatu da. EAEk 2007an 642 milioi euroko zor pubikoa zuen, eta 2017an 10.450 milioi eurokoa, Espainiako Bankuak egindako informe baten arabera. 2017ko aurrekontuen %10 zorra eta interesak ordaintzeko dela jaso du.

Zor publikoak herritar xeheari zuzenean eragiten diola erakusteko, familia baten kasua jartzen du adibide gisa ekonomialariak. Etxearentzat hipoteka eskatu du, beste bat autoarentzat eta beste bat beste zerbaitetarako. “Bankuekin zorrak ditut, baina ez al dit eragiten? Bizitza maila jakin batean bizi naiz. Hori ordea, ez da erreala eta lehertu egingo da goiz edo berandu. Batetik, kapitala itzuli egin behar dudalako noizbait, eta horrez gain, interesak ordaintzen ari naizelako urtez urte. Errenta, elektrizitatea edo janaria ordaintzeko orduan eragiten ari da beraz. Diru sarreren jaitsiera eta aurrera begira diru hazkunde ekonomiko baten perspektiba falta gehituz egoerari, geroz eta zorpetuago zaude, eta hori da gertatu dena. Euskal Herria bide horretan sartu da”.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zorraren %25 AHTren lanak ordaintzeko erabili da: Eusko Jaurlaritzak unilateralki 2.570 milioi euro aurreratu ditu. Egun ordaintzeko dagoen zorraren %30 AHTren aurre ordainketak egiteko izan dela dio. “Aurten aurreikusi dituzten 390 milioi euro horiek zorrarekin ordaindu dituzte jada, alegia, egun zorra eta interesak %30 txikiagoa izan litezke”.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zorraren %25 AHTren lanak ordaintzeko erabili da. (Argazki Press / Juanan Ruiz)

Zor publikoaz gain, zorpetze pribatuak herritarrak “prekarietatean harrapatuta geratzea” esan nahi du bere ustez. “Ez soilik lan arloan, prekarietate izugarria bizi dugu gure bizitzetan. Maileguak masiboki eman zituzten, jendearekin zor txikiak ditu gehiengoak, eta azkenean eskaintzen dizuten lana hartu besterik ez duzu, miseria guztiarekin. Zorra da jendea prekarietatera betirako kateatzeko modua”. Gazteak geroz eta zorpetuago daudela ere nabarmendu du Juradok.

Aurrez emandako datuok izebergaren punta direla diote, Ogasunak kontrolatzen dituen errentetan oinarritzen baitira. Kanpo geratu den 13.560 milioi euroko iruzur fiskala familia eta enpresa ingurune murritz batean kokatzen da nagusiki. Datua Ogasun Ministerioko Teknikarien sindikatuak eman zuen Arabako Batzar Nagusietan 2012ko martxoan. EAEko sistema fiskalean gertatzen ari den “iruzur fiskal altuaz” mintzatu ziren. “Hori asko ala gutxi da? Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua 11.000 milioi dira. Iruzurra 13.560 milioi. Hori kentzearekin bakarrik, aurrekontua bikoiztu liteke”, dio Nekane Juradok.

Nork jartzen du denon dirua?

Etekin handiak izaten ari diren euskal enpresa handiek Ogasunari egiten dioten ekarpena oso baxua dela uste du Juradok. “Euskadiko Zerga Koordinaziorako Bulegoak emandako datuen arabera, EAEn biltzen den diruaren %92,2 lan errendimendutik dator, %6,1 aktibitate ekonomikoaren errendimendutik eta azken %1,7a gainontzeko elementuek osatzen dute. Honek esan nahi du, hemen biltzen den 100 eurotik 6,2 bakarrik ari direla jartzen enpresak, eta gainontzeko guztia herritarrok jartzen dugula”. Krisiak enpresei iruzur fiskala areagotzeko balio izan diela argi du, diru ekarpena erdira jaitsi baitute datuon arabera. “Diru publikotik azpiegiturak eta diru-laguntzak exijitzen dituzten horiek ematen dutena baino gehiago jasotzen dute, eta politikariek esaten digute ez presionatzeko enpresa handiak, krisian gaudela eta bizirik mantentzea nahikoa dela; kontua denean aberastasuna igotzen doala eta beren ekarpena jaisten”, dio haserre.    

Kupoaren bidez EAE eta Nafarroako herritarrak Espainiako Gobernuari geroz eta gehiago ordaintzen ari direla jaso dute txostenean. Bost urtetik behin berritzen den kupoaren legea 2011n iraungi zen, eta ordutik prorrogatuta dago, ez baitira ados jarri Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua kopuruetan. “Hego Euskal Herriko administrazioek beren esku ez dituzten eskumenengatik Madrili ordaintzen zaion dirua da kupoa: EAEk %6,24, %1,6 Nafarroak, orain urte batzuk lurralde hauen ekonomiak estatu mailan zuten pisuaren arabera finkatua. “Madrilek guk ez ditugun eskumenetan xahutzen duena xahutzen duela, guk ehuneko hori ordaintzen dugu”. Madril alor horietan gastua biderkatzen ari dela dio, gastuak igoz zor publikoan, langabezian, gizarte segurantzan, NATOren edo Europar Batasunaren gastuan, Monarkian, armadan eta beste hainbat alorretan. Hego Euskal Herriko administrazioak kopuru izugarriak ordaintzen ari direla azpimarratu nahi du, noiz eta presio fiskala jaistearen ondorioz biltzen den diru kopurua jaisten ari denean.

Euskal Herriko udalak erabat zorpetuta daudela jaso dute txostenean. Aldundiek lehenik eta behin Espainiarekiko kupoa ordaindu behar baitute, ondoren Eusko Jaurlaritzari beste ehuneko finko bat eman, eta ondoren geratzen den dirua herrientzat eta aldundientzat dela dio. “Ura lepoan dutenak udaletxeak dira. Arrisku guztia gurea da, gure diru sarrerak kontutan hartu gabe Madrili ordaintzen ari garelako gastatzen duen oro. Eta luzatzen diren krisi garaietan, sistema ekonomikoaren eraldaketa honetan, euskal sistema publikoaren kiebra finantzarioa ekar dezake. Eta hau EAJk isilik du, bere kudeaketa eredua delako”.

Krisia hasi zenetik, sektorez sektore, hamaika protesta izan dira murrizketa sozialen aurka. (Argazki Press / Marisol Ramirez)

Egoera ezin dela ekonomia politikoa aztertu gabe ulertu uste du, Grezia adibide gisa jarriz, eurotik ez ateratzearren zigorra onartu behar izan baitzuen, nahiz eta botere handia pilatuta izan ezkerrak. Kritika faltan botatzen du. “Aurrekontuak alderdi baten plasmazio politikoa dira. Alderdi baten programa politikoak fondo publikoak behar ditu, finantzazioa, eta hori da aurrekontua. Beste dena diskurtsoa da”. Egun, diskurtsoetan aldeak egon daitezkeela aitortu arren, hauxe dio: “Praktikan eta sakoneko ideologian, ezberdintasunak minimoak dira ezkerra deitzen zaion horren eta eskuinaren artean. Sozialdemokraziari gertatzen ari zaiona da”. Ezker Abertzalearen azken urteetako aldaketarekin oso kritikoa dela dio. “EH Bildu sozialdemokrazian erori da. Egun dena joko instituzionala da, noiz eta politika ekonomiatik gidatzen ari direnean. Iaz ez zen ezta kritika sakonik ere egon aurrekontuekiko”, dio.

“EAEkoa bezalako gizarte zaharkitu batean, zerbitzuen sektorea eskaintzen da, turismoa indartzen da, Guggenheimen izenean promozioa egin, AHT eraikitzen dirutza xahutzen jarraitzen da, industria guztia suntsitzen ari dira eta AEBetako paradisu fiskaletan dirutza izugarria daukate hemengo enpresa askok. Horrela ez dago irteerarik”.

2014az geroztik Espainiako IBEX35 osatzen duten enpresa guztiek dute presentzia paradisu fiskaletan. 2012an 555 enpresa zituzten lurralde horietan, 2013an 815, eta 2014an 891. Tartean dira “euskal enpresa handiak”, Iberdrola, BBVA, Gamesa eta Euskal Herriko kapitala duten beste batzuk. BBVAk adibidez, 52 elkarte zituen 2014an paradisu fiskaletan. “Isiltasun informatiboak lagunduta, nork babesten du euskal multinazionalik handienaren inpunitatea?”.

Lehen 100 ordaintzen genuen tokian, orain 87 ordaintzen dugu presio fiskala jaitsi egin dutelako. BPGren arabera, ordea, aberastasuna 5 puntu igo da. Zergen partea jaitsi egin da. Baina zer jaitsi da? "BEZa %16tik %21era igo digute, beraz, kontsumo zerga ez da jaitsi. IRPFa ere geroz eta diru gehiago biltzen ari da. Beraz, erdia baino gehiago jaitsi dena enpresen zerga da. Honenbestez, esan dezakegu enpresak Euskal Herrian 100etik 7 baino gutxiago ari direla ordaintzen, baina BPGaren erdia baino gehiago beren kontu korronteetan daukatela, langileek sortzen duten aberastasuna. Tartaren erdia baino gehiago jaten dute 100etik 7 jarri dutenek. Zer arraio ari da gertatzen?”, dio.

“Krisia” deitzen dioten hamarkada honetan goi mailan hartutako erabakiak eragin zuzena izaten ari dira herritarren bizi baldintzengan. Egun zabalduta dauden hainbat uste ustelen aurrean datuak eskaintzeaz gain, Nekane Juradoren txostena baliagarri izan daiteke etorkizunean, ulertzeko aurretik ditugun urte hauetan gizarteak har dezakeen norabidea. Alde batera, edo bestera.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Prekarietatea kanaletik interesatuko zaizu...
2018-11-18 | Juan Mari Arregi
Euskal modernitatea eta lan prekarietatea

Nafarroako eta EAEko gobernuak, hala nola beren foru edo tokiko administratzaileak harro dabiltza hemengo hiri, museo, geografia, gastronomia eta edozelako ekitaldi mota handiren modernotasuna azpimarratuz: gero eta nazioarteko turismo gehiago erakartzen dutela diote. Egun batzuez gure artean bizi diren turistok dirua gastatu eta kontsumitzen dute, eta milaka langileren egoeran eragina dauka horrek. Administrazioa diru publikoa jartzen ari da turismoarentzat traktore omen diren ekitaldi... [+]


2018-11-14 | ARGIA
Mozal Legea ezarri diote LAB sindikatuari, lan heriotzak salatzeko ekintza batengatik

  300 euroko isuna jarri dio Espainiako Gobernuak, 2018ko apirilaren 27an Nafarroako Lan Ikuskaritza sinbolikoki okupatzeagatik.


Madrildik itzulita

ELA Madrilen hainbat talde parlamentariorekin bildu da (PSOE, PDECat, ERC, Unidos-Podemos eta EH Bildu), baita Magdalena Valerio Lan ministroarekin ere. EAJrekin bilera Bilbon izan da, EBBko hiru kiderekin. ELAk eskatu zituen bilera hauen helburua zela azaltzea lan erreformek izan dituzten eragin larriak eta talde horiek mugiaraztea, kalte haiek bertan behera gera daitezen urratsak egin ditzaten. Hori izan zen talde horietako batzuren konpromisoa. ELAk, besteak beste, garrantzia eman dio datu... [+]


2018-11-06 | ELA sindikatua
Bilboko NH eta Barcelˇ-Nerviˇn hoteletako garbitzaileak greban

Azaroaren 2az geroztik, greba mugagabean dira Bilboko NH eta Barceló-Nervión hoteletako geletako garbitzaileak.


2018-11-06 | LAB sindikatua
Gutxienez, 62 dira Euskal Herrian urte hasieratik hildako langileak

Azken egunotan, langile bi hil dira lanean. Urriaren 31an, Castejonen hil zen C.V.B. langilea, Construcciones y Obras Vitorino Vicente S.L. enpresakoa, in itinere istripu hatean. Bestalde gaur goizean, 10:00ak aldera, J.S.F. 57 urteko langilea hil da Eibarren, lan istripu ez traumatiko batean, ABC enpresan lanean zegoela, ADECCO enpresatik azpikontratatua.


2018-10-19 | Hala Bedi
Simply supermerkatuak jai egunetan irekiko dituztela salatzeko langileen grebak jarraipen zabala izan du

Enpresa Komiteak hala erabakita, Gasteizko Simply supermerkatu guztietan greba egin dute urriaren 18an, supermerkatu asko ixtea lortuz. Gasteiz Hiribidean kokatuta dagoen supermerkatuak igandero, urteko 365 egunetan eta 07:00etatik 01:00ak arte ireki nahi ditu ateak: bertako langileek igandero egingo dute greba, supermerkatua itxita mantentzeko asmoarekin.


2018-10-18 | Topatu.eus
#GazteBira, prekarietatearen kontrako norantzan

Urriaren 11, 12 eta 13an, Ernai gazte antolakundeak deituta Hego Euskal Herriko lau hiriburuetatik pasa zen Gazte Bira ekimena. Prekarietateak gazteen bizitzak zeharkatzen dituen moduak azaleratzea eta Oraina borrokatzeko koordenadak txostena hedatzea helburu, hezkuntza, enplegua, etxebizitza eta feminismoa izan zituzten hizpide gazte mugimendu ezberdinetako partaideek.


"Zahar egoitzetako langileek sektore maskulinizatuetakoek baino %30 gutxiago kobratzen dute"

Txomin Lasa ELAko erresidentzietako arduraduna da Gipuzkoan. 2017an negoziazio mahaiak ezer eman ez zuela-eta greba egunak jarri dituzte urria-azaroa-abendurako. ELAk sektore estrategikotzat du egoitzetakoa, adinekoen zaintzaz ari delako eta sektore feminizatu eta prekarizatua delako.


2018-10-07 | Jon Torner Zabala
Jokoa normalizatzea, apustu arriskutsua

Gure herrietako denda eta ostatu ugarik itxi dituzte ateak, eta zabaltzen ari dira joko-areto berriak, kirol-apustuen gerizpean nagusiki. Geroz eta gazteago murgiltzen gara jokoan, neurri handi batean Internetek –telefono mugikorrak– eskaintzen duen erosotasun eta bat-batekotasunak hauspotuta. Abantaila dirudiena, ordea, kalterako da sarri, adikzioa borrokatzea helburu duten elkarteetatik diotenez. Kalterako den bezala jokoak duen irudi geroz eta normalizatuagoa, Gasteizko... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude