Bilboren nortasuna(k)

  • Loraldia Festibalaren barruan, martxoaren 16an Lutxo Egia idazleak eta Mikel Inunziaga musikariak eskainitako
    Hiri hori da hiri hau emanaldiaren kronika.

Dabi Piedra
2017ko martxoaren 26a

Aurtengoa hirugarren edizioa bada ere, udaberri hastapenean Bilbon sustrai sendoak bota dituen egitasmoa da Loraldia, urtetik urtera luzeago, oparoago eta zabalago. Ikuspegi garaikidetik euskal kulturari begiratzeko leihoa da Loraldia eta, Azkuna Zentroko hitzaldi-kontzertuan, hiria bera izan zen protagonista. Meatzaleak programaren eta Loraldiaren arteko lankidetzari esker, Hiri hori da hiri hau aurkeztu zuten Lutxo Egia idazleak eta Minel Inunziaga, Inun, kantautoreak.
    Lekua, ezin aproposagoa. Bilboren eraldaketaz hausnartzea izan zen hitzaldi-kontzertuaren helburua, Guggenheim Museoaren titaniozko distirak hiria nola aldatu duen aztertzea. Azkuna Zentroa, behinola ardo usain sarkorreko alondegi, diseinuzko eraikin kulturala da egun. Azalarekin batera aldatu ote da Bilboren mamia, alondegi zaharrean bezala? Lehengo eta oraingo Bilboren nortasuna bat eta bera al da? Horiexek Egiak eta Inunek plazaratutako zalantzak. Alegia, hiri hura ote da hiri hau?


    Hotsa. Portuko iskanbilak. Ondoren, Abbaren Take a chance on me, Inunen ahotsaren eta gitarraren bidez. Hala hasi zen saioa. “Paisaia begia da, baina belarria ere bai, eta sudurra”, horra Lutxo Egiaren baieztapena. 1990eko hamarkadan, itsasadarraren ertzeko fabrika ketsuek pasealekuei, parkeei eta museoei utzi zieten lekua. Bilboren itxura aldatu zuen horrek. Garai bateko zaratak eta usainak –kiratsak– desagertu ziren.
    Hurrengo ordubetean, desagertutako Bilbo haren eta errealitate bihurtutako Bilbo utopikoaren arteko talkaz gogoeta egin zuen Egiak, Inunen doinuek lagunduta. Guggenheim Museoa eraiki izana, zenbateraino izan da etena hiriaren nortasunean? Erantzunak baino, galderak bota zituen. Lehen autentikoagoa zen Bilbo, ala iragana idealizatu dugu? Itxurakerian galdu gara? “Simulakroaren munduan, kartoizkoa benetako bihurtzen da”.
    Euskal literaturak zeresana izan zuen Egiaren eta Inunen hausnarketan. Euskal idazle ugari erakarri dituen zurrunbiloa da Bilbo, baina hiria aldatzen joan den bezala, idazleen ikuspuntua ere ez da bera garai batean edo bestean. Bernardo Atxaga aipatu zuen Lutxo Egiak lehenik, asteasuar bilbotartua. Haren atzetik etorri ziren Miren Agur Meabe, Koldo Izagirre, Jon Alonso, Jon Arretxe, Irati Jimenez, Blas de Otero, Itxaro Borda eta abar. Eta, jakina, Gabriel Aresti. “Londres da Dickens, Dublin da Joyce, Donostia da Saizarbitoria. Bilbo da Aresti”, bota zuen Egiak.
    Bien bitartean, Inunek hainbat abestiren zatiak kantatu zituen, Bilbo eszenatoki edo protagonista duten piezak. Eta Donostia. Bilbo baita Donostia ez den guztia, eta Donostia Bilbo ez den guztia. Ala ez? Inunek entzule guztiak harritu zituen Donostiari eskainitako rap gisako abesti batekin. Sarriegiren Donostiako Martxa zen doinuaren oinarria.
    Ziurtasunak baino, zalantzak agertu zituzten Egiak eta Inunek, entzule bakoitzak gogoeta egin zezan. Euskal idazleak bidelagun, jauzika ibili ziren: fabriketatik museoetara, Abandoibarratik San Frantziskora, auzo herrikoietatik gentrifikaziora, abangoardiatik bazterkeriara. Bi Bilboren arteko tentsioa dago? Bilbo bakarra da, baina geruzaz osatua, Egiaren ustez. “Gezurrezko Bilbo baino egiazkoagorik ez dago”. Azken finean, hiri hori ere bada hiri hau.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Bilboko Loraldia  |  Literatura  |  Kontzertuak  |  Bilbo

Bilboko Loraldia kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude