Verdes liburu-dendak euskal kulturari egin zion ekarpena omenduko du Bilboko Loraldiak

  • Loraldia Festibalak Bilboko Verdes liburudendako azken kudeatzaileei omenaldia eskainiko die martxoaren 24an Arriaga Antzokian, Loraldia Festibalaren 5. edizioaren baitan.

ARGIA @argia
2019ko martxoaren 20a
Bernardo Atxagak proposatu zion Loraldia festibalari Verdes liburu-dendari omendaldia egitea.

"Javi Escuderok eta Asun Zuloagak liburuz inguraturik oasi erakargarri bat eratu zuten Bilboko Zazpikaleetako bihotzean", Loraldiaren antolatzaileek adierazi dutenez. Verdes liburu-denda berehala ezinbesteko elkargune bihurtu zen euskal kulturgileentzat: handik banatu ziren lehen ikastoletako testu-liburu debekatuak, Bernardo Atxagak eta Gabriel Arestik ere liburu-denda horretan izan zituzten lehenbiziko hartu-emanak eta Asteasuko idazleak Joseba Sarrionandiarekin, Ruper Ordorikarekin, Jon Juaristirekin, Jimu Iturralderekin eta Manu Ertzillarekin batera osatu zuen Pott Bandak ere behin baino gehiagotan bisitatu zituen Verdeseko apalategiak.

Loraldian egingo zaion omenaldian, Verdes liburu-dendaren hainbat lagun batuko dira. "Euskaltzaleok zorretan gaude eta eskertu behar diegu eman ziguten guztia", adierazi dute Loraldiaren antolatzaileek.

Bernardo Atxagaren ideia bati jarraituz antolatu dute ekitaldia. "Ekintza xume bezain hunkigarria izango da", antolatzaileek aurreratu dutenez. "Idazleek, musikariek eta kultur gizon-andreek parte hartuko dute, batzuetan kantuen bitartez eta bestetan testuak irakurtzeko". Bernardo Atxaga bera, Natxo De Felipe, Ruper Ordorika, Juan Carlos Perez, Miren Agur Meabe, Joseba Sarrionandia eta Patxo Telleria dira parte-hartzaileetako batzuk.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Bilboko Loraldia  |  Bernardo Atxaga  |  Bilbo

Bilboko Loraldia kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude