Emakumeak borrokan
Adingabeak eta mugikorrak

Internetekoa ez da bizitza birtuala

  • Litekeena da inoiz telebistak saltzen dituzten denda batera sartu eta ume bat ikustea hatza pantailaren gainean irristatzen, belaunaldi berriek teknologiarekin duten harremanaren erakusgarri. Koxkortzen doazen heinean, arriskuak etengabe errepikatzera mugatzen gara askotan helduok, kontziente izan gabe adin txikikoen identitate digitala eraikitzeko prozesuan gure jardunak zuzeneko eragina duela. Interneten zu zeu izaten jarraitzen duzula barneratzea, funtsezkoa.

Jon Torner Zabala @jtorner
2017ko martxoaren 12a
Sare sozial bakoitzak gutxieneko adina finkatzen du erregistratu ahal izateko, 13-14 urteren bueltan, baina maiz jaiotze-data besterik eskatzen ez dutenez, oso erraza da sistema engainatzea. Gurasoen egitekoa da pribatutasun-politikari buruzko azalpenak i
Sare sozial bakoitzak gutxieneko adina finkatzen du erregistratu ahal izateko, 13-14 urteren bueltan, baina maiz jaiotze-data besterik eskatzen ez dutenez, oso erraza da sistema engainatzea. Gurasoen egitekoa da pribatutasun-politikari buruzko azalpenak irakurri eta, ahal den neurrian, seme-alabekin erabilpen arauak adostea, berezkoa duten arren helduen “kontrolari” ihes egiten saiatzea. / DANI BLANCO

Urruñako (Lapurdi) San Frantses Xabier ikastetxean Hamar egun pantailarik gabe erronkari helduko diote maiatzaren 9tik 18ra bitartean, bi helburu nagusirekin, Lehen Mailako irakasle Eneko Jorajuriak azaldu digun moduan: bortizkeriaren banalizazioaz ohartaraztea batetik, eta pantailari begira behar baino denbora gehiago emateak eskolako errendimenduan eragin negatiboa duela azaleratzea bestetik.

“Kolpeak, irainak, hitz larriak… banalizatuak direla ikusten dugu, ez soilik helduen kolegioetan, baita Lehen Mailan ere, 11 urtez azpiko umeen artean”, kontatu digu Jorajuriak. Bortizkeriak presentzia handia du telebistan, marrazki bizidunetan eta gazteei zuzendutako filmetan ere bai, eta horrek ekar dezake indarkeria dagokion tamainan ez neurtzea, ikasleek distantziarik ez hartzea, sarri ez dutelako bortizkeria gisa errekonozitzen. “YouTubeko hainbat bideorekin berdin; umore modu berria da haientzat”. Dioenez, geroz eta lehenago erosten dizkiegu mugikorrak umeei, eta zaila da kontrolatzea uneoro zer egiten duten. Gauez ohe ondoan uzten dituzte, eta goizeko ordu txikietan elkarri mezuak igortzen dizkiote, hirugarren bati buruz hitz egiten aritzen dira… Horrek guztiak eragina du harremanetan”.

Halaber, gosaltzeko tenorean edo oheratu baino lehen pantailari begira egoteak atentzio anitz eskatzen diela esan digu, ez duela laguntzen burmuina pausatzen, eta arreta gutxiagorekin doazela eskolara. Edupax.org webgunean jaso daiteke Hamar egun pantailarik gabe egitasmoari buruzko informazioa. Eskolaz kanpoko gailuak direnez ahal bezain gutxi erabili beharrekoak, gurasoen parte-hartze aktiboa ezinbestekoa izango da, eta zonaldeko eragileak ere inplikatuko dituzte, “sobera” geratuko zaien denbora hainbat elkarteren jarduna ezagutzeko baliatuko baitute ikasleek.

Ez da errealitate paraleloa

“Batez beste, neska-mutilak Jaunartzean hasten dira lehendabiziko mugikorrak eskatzen, 9-10 urte dituztenean. Smartphone bat nahi dute gainera, gutxiagorekin ez dira konforme”, esan digu Larraitz Zeberiok, 7 eta 10 urteko bi mutikoren amak. Goiena komunikazio taldeak Arrasaten (Gipuzkoa) duen egoitzan elkarrizketatu dugu, Itziar Larrañagarekin batera. Guraso.eus proiektuko kideak dira biak, Goienak eta Txatxilipurdi aisialdi elkarteak kudeatua. “Elgetan bizi gara. Inguruko ume batzuek jada badute mugikorra, baina 12 urte izan arte eurei ez diegula erosiko hitzartu dugu guk”, jarraitu du Zeberiok. “Bigarren Hezkuntza hastean jasoko dute, Bergarako eskolara doazenean”. Lehendabiziko telefonoa zein adinekin erosi, zenbat denboraz erabiltzen laga, arriskuak nola saihestu edota erabilpena zein punturaino kontrolatu ohiko hizketa-gaiak dira gurasoen artean.

Arriskuez hitz egitean, datu pribatuen eta bereziki argazkien erabilerak sortzen du kezka gehien. “Sare sozialetan-eta, aski da irudi bat zabaltzea betirako agertzeko Interneten”, dio Eneko Jorajuriak. “Sarri, gazteek ez dute aski pentsatzen zer partekatzen duten, eta ez dira nahikoa sentsibilizaturik datu guztiak ez direla ezabatzen ahal, edonork ikus ditzakeela”. Zentzu berean mintzo da Larraitz Zeberio: “Argi izan behar dugu sare sozialetan zerbait publikatzea dela herriko plazaren erdian bozgorailuekin haizatzea bezala”.

Guraso.eus-eko kide Itziar Larrañaga eta Larraitz Zeberio. / JON TORNER

Itziar Larrañagaren hitzetan, arazo nagusietakoa da Internet “errealitate paraleloa” dela barneratzea: “Uste dut hitz horrek kristoren arriskua ahal duela ekarri, pentsarazten dizulako errealitate paraleloa izanik beste identitate bat zeureganatu eta nahi duzuna egin dezakezula, iraindu eta beste, jendeak ez duelakoan deskubrituko nor dagoen pantailaren beste aldean. Bada, argazki edota izen faltsuak erabili arren, ez da oso zaila benetan nor zaren jakitea. Inportantea da jabetzea Interneten zu zeu izaten jarraitzen duzula”.

“Teknologia ez da txarra; ematen zaion erabilera da gakoa”, dio Larrañagak: “Arriskuak saihesten irakatsi behar diegu adingabeei, txikitatik ikasten duten bezala errepidea ez dela edozein lekutik gurutzatu behar, edo bizikletan kaskoa erabiltzea komeni dela. Eta erakutsi ahal izateko, helduok ere etengabe ikasi behar dugu, teknologien mundua aldakorra baita oso”. Prozesu horretan, arriskuak behin eta berriro errepikatzen aritzea baino, eraginkorragoa da sare sozialen eta aplikazio berrien inguruko informazioa pilatu eta erabilpenaren ingurukoez elkarrekin eztabaidatzea. Hedabideetako diskurtso alarmistez kexu dira Guraso.eus webguneko kideak, beldurtu besterik egiten ez dutelako: “Teknologiaren inguruan ezagutza nahikorik ez baldin badaukazu, alarma guztiak piztu eta debekuaren bidea hautatuko duzu. Arriskutsua da hori”.

Iritzi berekoak dira Iyuya Urrutia eta Lierni Goya, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak abiatutako “Instant1ean” programako ordezkariak. Nerabeei zuzendutako ekimenak sustatzen dituzte, teknologiekin lotutakoak sarri, herrialdeko udal-gaztelekuetako hezitzaileekin elkarlanean. “Arriskuak aipatu egin behar dira, baina alde positiboak landu nahi ditugu guk, badirudielako gauza oro txarra dela. Gure nahia da gazteei euren identitate digitala modu egokian sortzen laguntzea, iritzi kritikoa bultzatu eta eztabaida prozesua bermatzea, giza eskubideez, pribatutasunaz, sexismoaz eta abar. Gazteak nazkaturik daude zer egin behar duten behin eta berriro entzuteaz”.

Gipuzkoako Diputazioaren “Instant1ean” programaren arduradun Lierni Goya eta Iyuya Urrutia. / JON TORNER

Dena den, hezitzaileengandik jasotako zuzeneko lekukotzak oinarri, Urrutiak eta Goyak diote erabilera okerrari buruzko teoria barneraturik daukaten arren, gazteek maiz pentsatzen dutela haien –edo ingurukoen– larruan ez dutela halakorik biziko. “Gerta liteke zenbait portaerari garrantzia kentzea, eta teknologiaren berehalakotasuna medio, konturatzerako arazoa jada erroturik egotea. Batzuetan, sare sozialetan lagun berria egin eta denbora gutxira etxeko helbidea ematen diote. Horrelakoak saihesten ikasi behar dute”.

Identitate digitala eraikitzen

Sare sozial eta aplikazio konkretuak erabiltzea modernotasun edo heldutasun ikur izan daiteke, eta haien identitatea eraikitzen ari diren gazteentzat garrantzitsua da hori, Itziar Larrañagak azaldu digunez: “Talde bateko kide direla sentitu nahi dute, onartua izan, eta sare sozialek aukera ematen dute norberaren moduko pertsonak aurkitzeko, etiketen bidez zaletasunak zerrendatuta, esaterako”. Dioenez, Facebook “zaharren kontua” bailitzan ikusten dute gaur egungo gazteek. Eta gurasoak han dabiltzanez, eurek beste norabait egiten dute salto, Instagram edo Snapchat-era, gehien erabiltzen dituztenak aipatzearren.

Lierni Goyaren hitzetan, gai konkretuetan erreferente diren pertsonak aurkitzeko erabiltzeaz gain, sare sozialek aukera ematen dute sormena landu eta norbera protagonista bilakatzeko, bideoak grabatu edota Instagramera argazki artistikoak igota, besteak beste. Alegia, haien gustuko zaletasunetatik abiatuta gaitasunak garatu ahal dituzte gazteek, nortasun digitala eraikitzeko prozesuan lagungarri gerta dakiekeena. Urruñako irakasleak ere horri heldu dio: “Teknologia baliagarria da haurrek beren ekoizpenak egin (bideo laburrak, animazioak, soinu grabazioak…) eta aktore gisa pasatzeko pantailaren gibelera. Eguneroko erronkei erantzuteko, lehen urratsa da umeak sortzaile izatea”.

Gurasoek bizitza konplikatzen dutenean

Zergatik hitz egiten da hainbeste sare sozialek gazteengan duten arriskuez, eta hain gutxi helduok egiten dugun erabileraz? Gurasook koherenteak al gara gure diskurtsoarekin? Zer nolako herentzia digitala ari gara uzten gure seme-alabei?

Ohikoa baita sare sozialetara gure haurren argazkiak igotzea, jaiotzen diren unetik bertatik, ez bada lehenago ekografiak sareratu ditugula. Seme-alaben biografia grafikoa osatzen goaz egunetik egunera, haien bizitza pribatuari buruzko informazioa (etxebizitza, eskola, lagunak…) zabaltzearekin bat askotan, erabat kontziente izan gabe adinez txikikoen argazkiak publikatzeak ondorio kaltegarriak izan ditzakeela, segurtasunari dagokionez batetik, eta psikologikoak bestetik. Publikatzen ez dena ez dela existitzen uste dugu, eta zakua bete “Atsegin dut” jasotzeak itsutu egiten gaitu batzuetan, are gehiago tartean seme-alabak daudenean.

Itziar Larrañaga, Guraso.eus
ekimeneko kidea: “Guraso-kontrolerako aplikazioak ezartzen ditugunean komeni da seme-alabei azaltzea zergatik egin dugun, mehatxuek edota ezkutuan aritzeak maiz ez baitute fruiturik ematen”

Gurasoentzat dibertigarria den argazkia edo garrantzirik ez duen datua, bestelakoa iruditu dakioke seme-alabari, eta litekeena da etorkizunean inpaktu bat izatea haren lan jardunean, familian edo harreman sozialetan. “Agian, handitzean, adingabeari ez zaio gustatuko jendeak jakitea zein ikastetxetara joaten zen, edo pailazoz mozorrotuta agertzen den umetako argazkiak bere kontra egitea nerabea denean, ikaskideek trufa egiteko balia dezaketelako”, dio Kataluniako UOC unibertsitateko psikologo Irene Montielek (La Vanguardia, 2017-01-21): “Sare sozialetan seme-alaben argazkiak erakusteak eragina du haien garapen psikologikoan, euren identitatea garatzen ari diren etapako parte den heinean. Ume horrek, 8-9 urterekin Interneten sartu eta ikusiko du norbaitek jada osatu duela bere identitate digital bat. Litekeena da berak nahi duenarekin bat etortzea, edo ez, eta bere izaera eraikitzeko agian borroka egin beharko du beragatik erabaki duen pertsonak sortutakoaren aurka. Eta, hain justu, bizitza konplikatu diotenak gurasoak dira, bere eskubideak defendatu beharko lituzketen horiek”.

“Ni ez nago umeen irudiak publikatzearen aurka, baina tentuz jokatu behar da”, esan digu Guraso.eus-eko Itziar Larrañagak: “Nortzuk dira zure ustezko lagunak, 20 ala 500? Sare sozialetan argazkiak publikatu baino lehen pribatutasun arauak irakurtzea eta mugak jartzea komeni da. Berdin WhatsApparekin. Argazkia nire lagunei soilik bidali ahal diet, baina auskalo gero haiek euren kontaktuen artean zabalduko duten ala ez”. Argi ibili, diote adituek, litekeena baita dauzkazun 500 lagun horien artean bakarren bat hain laguna ez izatea.

“Gurasoen jarrera batzuk inkoherenteak dira haien diskurtsoarekin”, onartu du Larraitz Zeberiok. “Tentuz ibili beharra dago, umeek gehiago ikasten baitute egiten duzunetik, esandakotik baino”. Haiekin gaudenean etengabe WhatsAppari begiratzea, mugikorra eskuetatik kendu eta gu bakean lagatzea komeni zaigunean atzera berriro ematea, sare sozialetan zientoka lagun egin eta orotariko edukia igotzea, kontsolarekin jo eta su aritu eta mugikorra jolaserako erabili ez dezaten eskatzea… Helduok ere badaukagu zer ikasi.

Kontrola vs espioitza

Zeberiok kontatu digu etxean daukaten telebistak Interneterako zuzeneko sarbidea duela. “Egongelan dago, semeek zer ikusten duten hobe kontrolatu dezakegun lekuan”. Hitzok bide eman digute adingabeek teknologiaz egiten duten erabilera zein punturaino kontrolatu behar den galdetzeko, kontziente izanik gai arantzatsua dela, zaintzaren eta espioitzaren arteko muga lausoa izan daitekeelako oso. “Gurasoek begiratzen duten bezala seme-alabek euren armairuetan zer gordetzen duten, begiratzen dute zein webgunera sartu diren edota sare sozialetan zenbat lagun egin dituzten, bereziki susmoa hartzen badiote ohiz kanpoko zerbait gertatzen ari dela, umeak eskola-jazarpena sufritzen ari direla-edo”, esan digu Larrañagak. Jazarpena aipatu dugunez, parentesitxo bat irekiko dugu bi kontu argitzeko: Batetik, seme-alabak “biktima” izan daitezkeela sinetsita gomendioak eman eta gaiaz hitz egitea positiboa da, baina ahaztu gabe “erasotzaile” edo “konplize” izan daitezkeela, eta zentzu horretan ere komeni dela prebentzio lana egitea. Bestetik, teknologiak dituen alde txarrekin (sufritutako umiliazioak denbora gutxian izan dezakeen zabalpena kasu), badu nabarmendu beharreko ezaugarri positibo bat, Guraso.eus-eko kideak dioen bezala: “Grabatutako bideoei esker jasandakoaren froga bat daukazu; salaketa jartzerakoan baliagarria izan daiteke”.

Gazteekin aurrez aurre hitz egitea funtsezkoa dela irizten diote elkarrizketatuek. “Askotan pentsatzen dugu hobe dela mota bateko bideoak ez erakustea, horretara bultzatzen ari garelakoan, baina nire ustez kontrakoa da, ulertaraztea gaizki dagoela; gure laguntzarik gabe ere helduko dira eduki hori ikustera”, dio Larrañagak. Era berean, guraso-kontrolerako aplikazioak ezartzen ditugunean komeni da seme-alabei azaltzea zergatik egin dugun, mehatxuek edota ezkutuan aritzeak maiz ez baitute fruiturik ematen.

AVG enpresak hainbat herrialdetan egindako inkestaren arabera, 6 hilabete dituzten haurren %81ak presentzia du Interneten, eta %23ak baita jaio aurretik ere, gurasoek publikatzen dituzten ekografiengatik. Halaber, 2 urtetik beherako umeen %7ak e-posta helbidea du (gurasoek sortua), eta %5ak kontu propioa Facebooken. Horrek guztiak legalki ere izan dezake ondoriorik. Austrian gertatu da, esaterako, 18 urte bete berritan neska batek gurasoak salatu dituela sare sozialetatik bere umetako argazkiak (pixontzian eserita, pardela aldatzen...) kendu ez dituztelako, bere intimitate eskubidea urratu dutelakoan. Frantzian, bestalde, agintariek ohartarazi dute adingabeen argazkiak publikatzeak 45.000 eurora arteko isuna ekar dezakeela, kasu bakoitzaren arabera.

Bestalde, Guraso.eus proiektuko lagunek azaldu digute nahikoa zabaldurik dagoela seme-alabekin akordio batera iritsi eta kontratu moduko bat sinatzea, teknologiaren erabilpenari buruzko arauak eta balizko zigor eta sariak jasoko dituena. “Espioitzan aritu beharrean, hobe da lehenago adostasunera heltzea, umeek argi izan dezaten hitz emandakoa bete ezean zer gerta dakiekeen”, esan digu Larrañagak. “Euren iritzia kontuan hartzen dugula ikusiz gero errazagoa da guztia”.

Euskaltel konpainiak pasa den Gabonetan aurkeztu zuen “Lehen hitzarmena” kanpainaz gogoratu gara, oinarri gisa zuena teknologiaren erabilera zuzenari buruzko dekalogo moduko bat. “Gurasoen eta seme-alaben arteko akordioa da, lehen mugikorraren erabilera egokia bermatzeko sortua”, zioen enpresak: “Etxe askotan sortzen da kezka bera: Zer adin da egokia lehen mugikorra eskuratzeko? Azken ikerketen arabera 10 urtetik beherakoen %10ek badute mugikorra. Hala ere, garrantzitsuena ez da zer adinetan hasten diren, baizik eta zer baliorekin”. Balorazio sakonagoetan murgildu gabe, Zeberiok aipatu digu iragarkian agertzen diren umeen adinak apur bat harritu duela, gazteegiak direlakoan –bideoan agertzen diren neska-mutiko batzuek 8 urte dauzkate–. “Aditzera ematen du adin horretan mugikorra izatea erabat normala dela”.

Martxa honetan bai, normala izango da. Normala izan beharko duen bezala helduok etengabe egokitzea gailu eta aplikazio berrietara. Erreportajean aritu gara sare sozialen inguruan, bat-bateko mezularitza-zerbitzuez, pribatutasunaz, identitate digitalaz eta abar, baina adingabe eta teknologiaren arteko harremanak adar askoz ere gehiago du, guraso edo hezitzaile gisa bazterrean laga ezin ditugunak: bideo-jokoekiko menpekotasuna, Internet bidezko kirol-apustuak, estereotipo oso markatuak produzitzen dituen pornografiaren kontsumoa… Adarretatik heldu beharreko hamaika adar.

ENTRENATZAILEEK NOLA BEHAR DUTE JOKATU KIROLARIEKIN?

Eusko Jaurlaritzaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritzaren menpeko Kirolaren Euskal Eskola gida bat prestatzen ari da, “adingabekoek osatutako taldeen barruko komunikazioan sare sozialak behar bezala erabil daitezen”, arreta berezia jarrita WhatsApp bezalako plataformetan, klubeko arduradun eta jokalarien arteko komunikazioaren oinarrietako bat diren heinean. Bitarteko horiek alde positiboak baitituzte, baina arriskuak ere bai, zenbait irizpide finkatzen ez badira behintzat.

Kirolaren Euskal Eskolako teknikari Joseba Bujanda.

Batez ere entrenatzaileei zuzendutako gomendioak bilduko ditu gida horrek, haiek baitira jokalariekin zuzeneko harremana daukatenak. “12-13 urteko nesken saskibaloi taldea entrenatzen dut Bilbon”, azaldu digu Kirolaren Euskal Eskolako teknikari Joseba Bujandak. Ohikoa den moduan WhatsApp taldea sortu zuten, informazioa helarazi eta talde dinamika sortzeko tresna eraginkorra delako, baina erabili ahala zalantzak sortu zaizkio: “Neskekin banaka komunikatzea egokia al da? Euren gurasoekin hitz egin behar al nuke?”.  Nahiz eta ez duen arazorik sekula izan, kontziente da, adibidez, sexu jazarpenaz mintzo garenean kirol-eremua dela arrisku-guneetako bat. “Gaiaz informazioa bilatzen hasi eta konturatu nintzen entrenatzaile eta jokalarien arteko komunikazioaz ezer gutxi dagoela. Horregatik heldu genion gida plazaratzearen erronkari. Arriskuak nola saihestu azalduko dugu, teknologiaren alde positiboak alboratu gabe: esaterako, hitzorduak adosteko erreminta eraginkorrak dira oso, baita kirola bera sustatu eta zaletasuna txertatzeko ere, entrenatzailearen nahia baita adinez aurrera doazenean gazte horiek saskibaloia ez uztea. Horrela bada, saskiratze ikusgarrien bideoak bidaltzen dizkiet, edota mugimendu zehatzenak, gauza bera egitera animatu daitezen”. Maiatzean aurkeztuko dute gida.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Teknologia  |  Hezkuntza  |  Internet  |  Mugikorrak  |  Kirola

Teknologia kanaletik interesatuko zaizu...
Neurokapitalismoa
Lan egin, bizi eta kontsumitu datuen eta pantailen aroan

Eredu produktibo bat da. Historiaren une honetan kapitalismoak jantzi duen azken maskara. Ideologia bat ere bai, etenik gabe errepikatzen dena negozioak nola egin erakusten duten unibertsitateetan, enpresei aholku ematen aritzen diren bulegoetan, ekintzailetza eta enpresa-sorkuntzari buruz nonahi antolatzen diren jardunaldietan. Eta, batez ere, leku guztietako agintariek besarkatu duten masta da, azken hamarkadako ekonomiaren itsaso zakarrak zeharkatu ostean India berriak agertuko direlakoan... [+]


Teknologia oro politikoa da

Donald Trump presidenteak eta Google megakorporazioak Huawei enpresa txinatarrari jarritako betoaz:


Gezurrak, engainuak eta lapurretak

Beti izan da boterearen dimentsio garrantzitsu bat irudipenen maneiua munduko gertaeretan. Orain protagonismo osoa berri faltsuek dute; halere, hauek jazartzeko Mendebaldeko gobernuek, hedabideek eta unibertsitateek sortu dituzten ikerketa zentroek ez dituzte finkatu zein ezaugarri izan behar dituen berri faltsu batek. Izan ere, fake news eta egia-ostea bezalako kontzeptuak propaganda gerrarako tresna gisa sortutakoak dira eta beraz, sortzaileek nahiago dute kontzeptuak lausoak izatea; bestela,... [+]


Futbolina, poesia eta anarkismoa

Finisterre, Galizia, 1919ko maiatzaren 6a. Alexandre Campos Ramirez poeta, asmatzaile eta editore anarkista jaio zen; jaioterria zela-eta Alejandro Finisterre (galegoz, Alexandre Fisterra) esango zioten.


2019-05-13 | Jon Torner Zabala
"Hamar egunez pantailak utzi" desafioa egingo dute Euskal Herriko hainbat ikastetxetan

"Gure bizitzan, gero eta leku gehiago hartzen dute pantailek, zaila sahiestea", diote desafioaren sustatzaileek. "Gure mendean bizi behar dugularekin ados izan arren, 10 egunez pantailak utzi desafioak emendatuz doaz urtez urte". Haurtzaindegi eta ikastetxeek, ume eta nerabeek, irakasleek, gurasoek, medikuntza edo hezkuntza arloko profesionalek, artistek, hautetsiek eta lekuan lekuko elkarteek parte hartuko dute erronka honetan, pantailekin dugun harremanari buruzko... [+]


ikergazte egitasmoa
"Euskara beste hizkuntzen parekoa da, baita ikerkuntzan ere"

Ikerkuntzan ari diren gazte euskaldunak biltzen ditu IkerGazte proiektuak. Hirugarren edizioan murgildurik daude eta aurtengo kongresua Baionan izango da, maiatzaren 27, 28 eta 29an. Orotara 111 artikulu zientifiko aurkeztu dira, eta antolatzaileek ekitaldi arrakastatsua izango dela aurreikusi dute. Proiektuak aurrera jarraitzearen beharraz eta bidean topatutako oztopoez hitz egin dugu antolatzaileekin.


Denbora gehiago pasatzen dugu familian... baina mugikorrari begira

Denbora gehiago elkarrekin, elkarri jaramonik egin gabe. Horrela laburbildu daiteke Britainia Handian berriki kaleratu duten ikerketa baten emaitza: etxean gurasoekin lehen baino denbora gehiago pasatzen dute seme-alabek, baina nor bere munduan, mugikorrari so.


2019-04-05 | ARGIA
Blogetan! lehiaketak blogari aktibo, umoretsu eta kritikoak saritu ditu aurten

Xerezade, 27 Zapata, Kontra-kantxa eta Laborategia izan dira Azkue Fundazioak eta ARGIAk elkarlanean antolaturiko lehiaketako aurtengo irabazleak. Horrez gain, Kablegintza eta Kablelariak eta Begane blogak ere ARGIAren urte osoko kidetzarekin saritu dituzte.


2019-04-02 | Amaia Fernández
Teknologiekin euskaraz aritzeko auzolan digitala antolatu du Librezalek
MULTIMEDIA - erreportajea

Librezalek martxan jarri duen Common Voice proiektuak teknologietan euskaraz aritzeko ahotsak biltzea du helburu. Horretarako, auzolan digital bat egingo dute apirilaren 9an Tabakaleran, ahots ezberdinek grabatutako 5.000 esaldi baino gehiago behar baituzte.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude