Ezagutzen al dugu gure blog komunitatea?

Itsaso Zubiria Etxeberria @itsasozubiria
2017ko martxoaren 05a

Blogetan! lehiaketaren berri eman genizuen txoko honetan orain aste batzuk. Azkue Fundazioak antolatutako ekimenean laguntzaile dabil ARGIA, eta euskarazko blog komunitatean kultura, gizartea eta politika, aisialdia, eta zientzia eta teknologia arloetan banatuta idazten diren blog onenak saritu nahi dira. Sarean ere euskaraz bizi gaitezke eta hau bada seinalea.
    Lehiaketa hutsa izan ez dadin, baina, Azkue Fundazioak aurtengo edizioan inkesta bat ere jarri du martxan. Ezagutu nahi ditu zein diren euskarazko blog komunitatearen joerak, nola kudeatzen dituzten blogariek beren orrialdeak, zein gairi buruz idazten duten, zergatik, zein euskarriren gainean aritzen diren lanean, zein maiztasunekin argitaratzen dituzten postak, eta abar. Eta gaurko joera horiek baliatu nahi dira etorkizunerako estrategiak, garapenak eta egitasmo berriak martxan jartzeko. Horretarako, ordea, ahalik eta blogari gehienek inkesta betetzea komeni da; errealitatearen ikuspegi zabala lortu eta informazioa benetan baliagarria izan dadin. Euskarazko blog komunitatea oso handia ez izanik ere oso joera ezberdinetako erabiltzaileak biltzen ditu, eta guztien errealitatea ezagutzea beharrezkoa da benetako analisi bat egin ahal izateko.


    Eta inkesta hau martxan jarri dela jakinda, niri galdera bat etorri zait burura. ARGIAk bere blog komunitatea badauka, eta noizbait aztertu al dugu daturik? Zer dakigu gure komunitate honi buruz?
Korrika batean eta azterketa handirik egiteko astirik hartu gabe, baina datu orokor batzuk atera ditugu. Gaur egun 109 dira ARGIAn bloga duten lagunak. ARGIAko kazetariak batzuk, kolaboratzaileak besteak, blog bat ireki nahi eta ARGIA plataforma moduan aukeratu dutenak; eta badira taldeak edo gai konkretuak lantzeko irekitako blogak ere. 2006an hasi eta gaur arte joan dira irekitzen orrialdeak, eta 2013an izan zuen indarrik handiena; 39 blog zabaldu ziren. Urte horretan eguneko 5 postetik gora publikatu ziren, eta hori izan da momentu indartsuena. Gaur egun eguneko 2,5 post argitaratzen dira, batez beste.
    Mugimendu eta joera hauek bezala beste hainbat aztertzen jarraituko du ARGIAk, hau ere bai baita denok osatzen dugun komunitatea.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Argia Jendea  |  Blogak

Argia Jendea kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude