Zor publiko bidegabeak Europako udalak eta jendeak ere itotzen ditu

  • Bruselan zortzi orduko eztabaida-maratoia burutu dute argitzeko nola estatuek beren gain hartutako zor ez-legitimoek murriztarazten dituzten zerbitzu sozialak eta herritarrak menpekoago egiten. Hirugarren Munduaren zorpetzea ikertzeko sortutako CADTM elkarteak salatu du orain korporazio handiek goi mailako politikariekin elkar hartuta finantza bonba bera darabiltela lehen munduko gizarteetan.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2017ko otsailaren 26a
CADTMk interneten jarritako bideotik hartu irudian, ezkerretik hasita Silvia Federici hizketan, Noëmie Cravatte eta elkartearen fundatzaile Eric Toussaint, Bruselan abenduaren 6an burututako 8 orduko eztabaida maratoian. Mahaian idatzirik: “Ez dugu ezer z
CADTMk interneten jarritako bideotik hartu irudian, ezkerretik hasita Silvia Federici hizketan, Noëmie Cravatte eta elkartearen fundatzaile Eric Toussaint, Bruselan abenduaren 6an burututako 8 orduko eztabaida maratoian. Mahaian idatzirik: “Ez dugu ezer zor. Ez dugu ezer pagatuko. Ezabatu dezagun zor ez-legitimoa”. Batzarrean hitz itxaropentsuz aipatu ziren Espainian zor bidegabeak auditatzeko sortu diren plataformak, menturaz Europan Podemoseko jendeak pizten dituen espektatibak direla eta.

Martxoan joatekoak dira Europako Legebiltzarrera Espainian sortu berri den zor publiko bidegabearen aurkako udal elkarteko ordezkariak. Hori jakinarazi dute urtarrilean Iruñean burutu diren MAK2 Munizipalismoa, Autogobernua eta Kontraboterea jardunaldietan. Podemos alderdiak –erkidego autonomoetan dauzkan marka ezberdinak barne– Espainiako udaletan dituen kargu politikoak ari dira bultzatzen zor bidegabeari buruzko eztabaida, azterketa eta behatokiak. Lan horietan aitzindariak izan dira PACD Zorraren Herri Auditoria Plataforma espainiarra eta CADTM Zor Bidegabeak Ezeztatzeko Komitea, mundu osoan zabaldua dagoena.

Liderrik ezagunena Alain Toussaint belgikarra duen CADTM 1990ean sortu zen lehen mundu aberatsak herrialde txiroei historian zehar ezarritako zor bidegabea salatzeko; bere siglen azken bi hizkiek Tiers Monde esan nahi dute, Hirugarren Mundua. Geroztik, eta nabarmenago 2008an krisi handia lehertu zenetik, ikusi da munduko eliteek tresna berdintsuak erabiltzen dituztela herrialde aberatsetako finantza publikoak zurrupatzeko. Grezia itotzear daukan zorpetze erraldoia deslegitimatzen lan handia egina du CADTMk: agintea hartu berritan Alexis Tsiprasek eskatu zien laguntza greziarren zorraren auditoria egiteko, nahiz eta azkenean Syrizaren gobernuak Troikak ezarritako memoranduma irentsi behar izan.

CADTMk abenduan antolatu zuen “8h contre la dette“ zortzi orduko maratoi luzea gaiaz eztabaidatzeko militante, Europa osotik iritsitako elkarteen ordezkari eta herritar interesatuen artean. 300dik gora jenderen bilkurari hasiera eman zion Silvia Federici militante feminista ezkertiar munduan ezagunak, ondoren berak gidatzeko atelierretako bat: “La dette, arme fatale du capitalisme“.

Historiari erreparatuz, Federicik azaldu zuen nola aldatu den azken mendean zorpetzea. XX. mende hasieran kreditua soilik lortu zezaketen hura ordaintzeko ahalmena demostratzen zutenek, diru iturri finkoak zituzten jende urriek alegia, baina gero kontsumo gizartea indartu ahala zabaldu ziren zorrak ere jende arrunten artean. Zor publikoari dagokionez, 60 eta 70eko hamarkadetan langileentzako enpleguak sustatzeko erabiltzen bazen, azken 30 urteetan langabezia zabaltzeko usatu da.

Zorra tresna politikoa da ekonomikoa adina. Ekonomiaren norabidea nahasi du, eredu produktibista eta estraktibista sustatu, ekonomia pribatizatzeko erabili, herritarren txirotze masiboa ekarri. Nazioartean asko erabilia da, herritarren erreakzio gutxiago sortu eta desmobilizatzailea delako.

“Zorrak –esan zuen Federicik– zanpaketa ezkutatu eta jendeak isolatzen ditu. Soldataren aldeko borrokan sartuta dagoen langilea ohartzen da nozitzen duen injustiziaz eta kolektibitate baten parte sentitzen da. Aldiz, zorretan sartuta dagoena agertzen da diru bat bere probetxurako xahutu duen norbait bezala. (...) Zor publikoaren eta pribatuaren arteko lotura garbia dago, azkenean jendeak zorretan sartu behar baitu Estatuak eman beharko lizkiokeen zerbitzuak bere kasa eskuratu ahal izateko. Baina ez dira ohartzen bankuek egiten dieten zanpaketaz, errudun sentitzen dira gehienetan, pentsatuz zorrak egin dituztela kudeaketa txar baten ondorioz”.

Lapurreta ondo mozorrotuak

Genero osagaia ere badu zorrak, Federicik argudiatzen duenez. Kalterik handienak egiten dizkie obreroei, munduko Hegoaldeko jendeei, beltzei –Federici AEBetakoa da– baina denen aurretik zorrak kolpatzen ditu emakumeak: independentzia ekonomikoa lortzeko borrokan atzera eragin die eta menpekotasuna handitu, batik bat etxeko lanetan.

Zorpetze publikoaren aitzakiatan estatuek zerbitzu sozialak murrizten dituztenean, lehen eskueran zeuden zerbitzuak kaltetzen dituzte: haurren zaintza, gaixoen artatzea, zaharrei lagundu beharra... Emakumeei, batetik, etxeko lan bihurtzen zaizkie horiek denak eta bestetik, justu lan horiek besteren etxeetan egiten ere emakumeek hasi behar izan dute miseriazko soldaten truke, txirotze orokorraren barruan beren familiak aurrera ateratzeko.

Populazio kontrolerako ere balio du  zorpetzeak, mundu aberatsean bezala txiroan. Federicik dioenez, karrera ordaintzeko prostituziora jo behar duten ikasle gazteak, gainera, zorrak antzututa ere sentitzen dira, ezin dute amestu ama izatea hil arteraino zorrari lotuta bizitzekotan. Beste askok beren uteroa alokatu behar diote ume subrogatuen industriari, horra emakumeen gorputzaren komertzializazio berri bat.

Eric Toussaintek aspalditik aldarrikatzen du uko egin behar zaiola zor publiko ez-legitimoak pagatzeari, dirua txiroei kendu eta kapitalistei oparitzeko ponpa baizik ez direlako. Lapurreta doblea. Bat, zor publikoak administrazioek langileei kendutako zergen diruz ordaintzen dizkiete banku handiei, onurak batik bat kapital handiari ekartzen dizkieten proiektuak pagatzeko. Bi, estatuek bankuei barkatzen dizkiete gastu horiekin irabazitako etekinen zergak, opari fiskalen bidez, eta kapitalista handiek zergetatik aurreztutako dirutzak inbertitzen dituzte zor publiko haboro erosten, langileek berriro pagatu beharko dituztenak beren sakeletatik.

Zor publiko bidegabearen gakoetako bat da, Toussainten aburuz, langileari ikusezin egiten zaiola lapurreta: “Soldataren gaineko zerga berri bat berehala ikusten da, nagusiak egindako gehiegikeria bat ere bai, baina zor publikoaren ordainketaz askoz nekezago ohartzen gara, ez baitugu pagatzen zerga berezi bat zor publikoaren pagakizunetarako. Eta hala ere, pagatzen ditugun zergen parte handi bat zor publikoa ordaintzeko dira”. CADTM bezalako elkarteen lehentasunetako bat, hain zuzen, lapurretari mozorroa kentzean datza.

Zorraren herri auditoria erabiltzen dute nagusiki, ahalik eta herritar gehienei azaltzeko zorpetze publikoaren jatorria eta auzitan jartzeko horren parte ilegal, ez-legitimo, gorrotagarri edo ez-iraunkorra. Baina herri mugimenduak lan konplexu hori burutu ostean, zorpetzetik askatzeko nahitaezko baldintza da agintariak prest egotea urrats ausartak emateko.

Toussaintek bi esperientzia justu kontrako aipatu zituen hitzaldian. CADTMk 2007an lagundu zion Ekuadorreko Rafael Correari zorraren auditoria egiten, eta honek finantz erakundeei gogor eginez lortu zuen herrialde haren zor erraldoia negoziatuz txikiagotzea. Kontrakoa gertatu zaio Grezian. Gobernuari lagundu zion 2015ean Troikari aurre egiteko argumentazioa antolatzen, baina Alexis Tsipras ez zen ausartu enbidoari eusten eta Greziari zorraren zama handitu baizik ez zaio egin geroztik.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Zor bidegabea

Zor bidegabea kanaletik interesatuko zaizu...
2018-07-19 | ARGIA
AHT-ren xahubidea
Bergarako lotuneko beste zati bat esleitu du Adifek: kilometroko 35 milioi euro

Espainiako Sustapen ministerioak Euskal Y-aren bigarren zati bat esleitu du Bergarako lotunean, trenbide azkarraren sareak bat egiten duen tokian.


Xahubidearen geografia

Europako Kontu Auzitegiak ezbaian jarri du Espainiako AHT sarea eta kritika oso gogorra egin dio ez delako eraginkorra izango; tartean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eraikitzen ari diren Euskal Y trenbidea aipatzen du Europako txostenak, hau ere errentagarria ez dela izango azpimarratuz.

Bagenekien AHT eta antzeko azpiegitura erraldoiak eraikitzen dirutza joan dela azken bi hamarkadatan Espainiako Estatuan. Baina orain, Europako eta beste hainbat erakundeetako ikerketek baieztatu egin dute... [+]


2018-07-01 | Xabier Letona
Javier Onieva. Diru publikoaren zaindari eta gerlari
"Nafarroan alderdi bakarrak ere ez du zor publikoa ikuskatzeko interesik"

Gogorra da entzutea Nafarroan inongo alderdik ez duela zor bidegabean arakatzeko interesik, ez eskuinean ez ezkerrean. Edo aldaketaren gobernuak ez duela UPNk baino gehiago egiten zerga iruzurraren aurka. Berarekin jardun ondoren, argi ikusten da bankuek 2008an baino botere handiagoa dutela egun, eta botere publikoetatik nekez dagoela haien jarduerari aurre egiteko borondaterik.


2018-02-14 | ARGIA
Etxegabetze asko eragin duen IRPH indizearen auzia Europara iritsiko da, Arabako kasu batengatik

Arabako auzitegiak Europara eramango du IRPH klausulen inguruko auzia. Espainiako Auzitegi Gorenak, epaileen arteko desadostasun handiekin, atzera bota zuen Arabatik emandako epai bat, zeinak indize hipotekarioa baliogabetzat jo zuen.


Lizarrako kirol hiria: inoiz egin gabeko proiektuak 14 milioi euroko zuloa utzi dezake

Lizarran duela urte batzuk kirol instalazio bat eraikitzeko operazio urbanistikoak kiebrara eraman dezake udalerria, egungo alkate Koldo Leozen (EH Bildu) arabera. Nafarroako Kontuen Ganberak kaleratu berri duen txostenak susmo horiek baieztatu baizik ez ditu egin.


2018-01-23 | ELA sindikatua
Zor Publikoaren inguruko astea Iruñean

Nafarroako Parlamentu Sozialak -ELA tarteko- zor publikoaren aurkako astea antolatu du Iruñean, urtarrilaren 22 eta 26 bitartean. Astean zehar hainbat ekitaldi eta hitzaldi izango dira zor publikoaren inguruan. Aipagarria da Eric Toussaintzoren hitzaldia, alegia, zor ilegitimoaren aurkako batzordeko kidearen hitzaldia. Asteartean izango da, hilak 23, Iruñeako Kondestable Jauregian.


2017-12-27 | ARGIA
Erraustegiaren 52.000 tona eskoria nahasteko, urtean 6 milioi euro gastatuko ditu Gipuzkoak

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) Eguberri egunaren biharamunean onartu ditu Zubietako erraustegiaren bigarren fasearen baldintza pleguak. Biometanizazio planta eta eskoria nahiz errauts toxikoak tratatzeko gunea egingo dituzte, orain erraustegia eraikitzen ari diren tokitik gertu.


Kopenhagen Amager Bakke errauste planta, 'elefante zuri' berria

Aginte publikoek sustaturik altxatako eraikin oso handi, ospetsu eta garestia, aldi berean bere ustiapen edo mantenuan zama ekonomiko bihurtzen dena, horra zer den ingelesez White elephant eta frantsesez Eléphant blanc izendatzen dutena. Hondakinetatik negozio egiten duten korporazioek Kopenhageko Amager Bakke erraustegi berria saltzen dute munduko aurreratuena delakoan. Aldiz, martxan jarri aurretik bihurtuta dago herritarrentzako buruhauste galanta.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude