Osasunaren autogestioa

Medikuarengana joaten ez garenean

  • Nahia, Oihu eta Maray 17, 15 eta 12 urteko nerabeak dira. Arizkuren herrian (Nafarroa) bizi dira eta ez dira sekula medikuarengana joan. Gutxiago gaixotzen direlako ala gorputzaren sintomak ulertu eta konponbideak bilatzen dituztelako?

Ainhoa Mariezkurrena Etxabe
2017ko otsailaren 26a
Xandra Ruiz Santamaria, kosmetika eta osasun produktuak eskaintzen dituen “Aritzkuren tienduka” saltokian. Herriari  eta herritarrei buruzko informazioa biltzen duen “Aritzkuren Bizirik” blogetik hartu dugu argazkia.
Xandra Ruiz Santamaria, kosmetika eta osasun produktuak eskaintzen dituen “Aritzkuren tienduka” saltokian. Herriari eta herritarrei buruzko informazioa biltzen duen “Aritzkuren Bizirik” blogetik hartu dugu argazkia.

Biak ala biak dira erantzun egokiak. Hala baieztatu digu hiru nerabeen amak, Xandra Ruiz Santamaria arizkurendarrak. “Harreman osasuntsua, elikadura garbia, atsedena eta bizitza aktiboa izatea ezinbestekoak dira gorputzen oreka lortzeko”, dio. Ezaugarri horietako baten hutsunea nabarituz gero gorputzak komunikatu egingo digula kontatu digu, hala nola, gaixotu egingo garela: “Desoreka horretan aurkitzen garenean, gainditzeko hainbat aukera bilatuko ditugu naturan”.

Arizkuren abandonatua izan zen 1940ko hamarkadan, eta 50 urte geroago, 1995ean, “zaratak eta presak” alboratu nahi zituen kolektibo batek berreskuratu eta berreraiki egin zuen. Gaur 18 pertsonako “familia bat” bizi da mendi artean dagoen herritxo honetan. Osasunaren autogestioa bultzatzen dute. Gure arbasoen jakinduria eta bizimodua azpimarratu eta herritarren sinesmen eta bizitzetan aplikatzen dituzte. “Naturaren parte garen honetan, harenganako lotura berreskuratu behar dugu. Konpromisoa dugu harekin eta gure garapen pertsonalarekin. Pazientzia behar da, interesa, kuriositatea, propoleoa, baltsamoak, jarabea...”, dio Ruizek.

Ikasten ari dira eta erakusten. Sendabelarrak aztertzen eta konponbide naturalak detektatzen, “osasuna eta gorputzak ulertzen”. Izan ere, norberarengan mediku bat dagoela ikusarazi nahi digute, eta etengabe aipatzen dute gure arbasoak zein gertu zeuden baieztapen horretatik. Hori guztia zabaltzeko asmoz, kosmetika eta osasun produktuak egin eta saltzen dituzte azoketan, “Aritzkuren tienduka” izenpean: “Hau guztia autogestioaren bidez ateratzen dugu aurrera, ekonomia komuna oinarri hartuta”. Urtean zehar ikastaro desberdinak eskaintzen dituzte herrian bertan.

“Era berean garrantzitsua eta beharrezkoa da denontzako osasun zerbitzua egotea. Kirurgia, odontologia, fisioterapia...”, dio Ruizek. “Baita aromaterapia, musikoterapia, homeopatia, bach loreak...”, gaineratu du irribarrez. Baina honi guztiari erabilera egokia ematea gakoa dela pentsatzen du, hezkuntza eta jendarte ereduarekin lotura estua duelakoan. Medikamentuekin, adibidez, zalantza egin du arizkurendarrak: “Sendatzearen prozesua bera kaltetzen dute batzuetan; sintomaren gainean eragiten baita eta ez arazoaren sustraietan, ez zegoen lekuetan beste arazo bat sortuz”.

Familia handi honek apenas erabiltzen duen sendagairik; gaixotasunak hamar egun baino gehiago iraun eta propoleoak eta landareek eraginik egin ez dutenean soilik. Katarroa, infekzioak, sukarra edo gripeak kaltetutakoan, esaterako, lagungarri naturalak hartzen dituzte: “Sendatze prozesua zailagoa bada ere, bigarren mailako efekturik ez dugu izango”. Intsusa baliatzen dute sukarra edo sinusitisa tratatzeko, eztul-belarra bronkitisarentzat, iruntzi-belarra buruko min edota eztularentzat, plantina marranta edota asmarentzat, eukaliptua katarroarentzat, hurritza sukar eta eztularentzat, eta abar.

Ruiz Santamariak azaldu digunez, sendagilea erabat harritu zen Nahia, Oihu eta Maray lehen aldiz medikuarengana joan zirenean errebisioa egitera, ordura arte sekula artatu gabeak zituelako. “Izugarria da gorputzak sendatzeko duen gaitasuna. Bizitzari eskertzen diot gehiago behar ez izatea”, dio haien amak.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Gorputza  |  Osasuna

Gorputza kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude