Buffalo Bill-en kontraesanak

  • Iowa (AEB), 1846ko otsailaren 26a. William Frederick Cody esploratzaile eta ehiztaria, Buffalo Bill ezizenez ezaguna, jaio zen. 14 urte besterik ez zituela, Pony Express mezularitza enpresa sortu berrian hasi omen zen lanean, eta zaldizko eta ehiztari trebe bihurtu zen. Sezesio Gerran parte hartu zuen, Batasunaren aldean. Eta gerra amaitutakoan Far West-a (mendebalde urruna) esploratzeari ekin zion berriro, Kansas Pacific Railroad trenbide enpresarentzat. Curriculum horrek heroi eta mito bihurtu zuen, Ned Buntline nobelagile eta lagunaren bultzadaz. Bizitzaren azken 30 urteetan ospe horri etekina atera zion, Wild West (1883) ikuskizunaren bidez.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena
2017ko otsailaren 19a
Buffalo Billen ikuskizunaren kartela. (Irudia: Rock Island Auction)
Buffalo Billen ikuskizunaren kartela. (Irudia: Rock Island Auction)

Milaka bisonte amerikar hil zituen Buffalo Billek. Kansas Pacificeko langileek bisonte haragiz elikatzen ziren nagusiki, eta Codyk marka ikusgarriak lortu zituen haien hornikuntzan: 30 minutuan 48 bisonte bota zituen; zortzi hilabetean, 4.280.  Espeziaren desagertzeari egindako ekarpen horrek eman zion Buffalo ezizena.

Gizakiak ere dozenaka hil zituen, batez ere indioak. Haien kontrako hamasei gerratan parte hartu zuen, Ile Hori buruzagi cheyennea esku hutsez hil omen zuen, eta ikuskizunetan bertatiarrak gutxietsi zituen. Hala ere, iraganean egindakoaren aurka predikatu zuen hainbat arlotan. Esaterako, bisonte amerikarra kontserbatzeko neurriak bultzatu zituen. Ehiza garaia mugatzen eta arautzen ahalegindu zen. Alferrik.

Gizaki guztien eskubideen aldeko diskurtsoa ere zabaltzen saiatu zen komunikabideetan. 1898an The Milwaukee Journal-eko kazetariak emakumeen sufragioa babesten ote zuen galdetu zion eta hark baietz erantzun zuen, gehienek ezezko borobila erantzungo luketen garaian. Annie Oakley garaiko tiratzaile trebeena kontratatu zuen ikuskizunerako eta Calamity Jane bera ere ezagutu omen zuen. “Idatz ezazu letra handi beltzetan emakumeen sufragioaren alde nagoela. Emakumeek dagokien tokira itzuli behar dutela dioten gizonek barrea eragiten didate. Emakumeek gizonen lana berdin egin dezakete eta berdin ordaindu beharko liekete”.

Azkenik, esan bezala, Buffalo Billen ikuskizunetan indioak gaiztoak izan ziren beti; bere diskurtsoan, ordea, ez. Dallas Morning News egunkariari adierazi zionez, “indioei erasotzen nienean lotsa ematen zidan nire buruak, eta damua sentitzen nuen. Gure aurka borrokatzeko eskubide osoa zuten”. 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Amerikaren konkista  |  AEB  |  Herri indigenak

Amerikaren konkista kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude