ARGIA.eus

2022ko irailaren 25a
Río Paraná, kuir artista antikolonialak

“Kolonizazioaren biktimak ohoratzen ditugu, ez heroi irabazlea”

  • Katalina/Antonio Erausoren ahotsa eta aurpegia ezagutzen ditugu, baina ez dakigu ezer bera moduko kolonoek sarraskitutako eta esklabo bihurtutako genero-disidenteei buruz. Lapurtutako memoria eta duintasuna berreskuratzeko artxibo historikoetan murgiltzea da Rio Paraná-ren lanaren ardatza, Duen Sacchi eta Mag de Santo artista bisual, performer, idazle eta ikertzaile trans argentinarrek osatutako taldea.

Duen Sacchi (kamiseta horiarekin) eta Mag de Santo, La Virreinako erakusketaren prentsaurrekoan. / PEP HERRERO
Duen Sacchi (kamiseta horiarekin) eta Mag de Santo, La Virreinako erakusketaren prentsaurrekoan. / PEP HERRERO
June Fernández @marikazetari
2022ko irailaren 25a

Rio Paranáren proiektu artistiko antikolonialetan eta kuirretan, mende luzetako konkista garaietako indiarren sarraskiak daude, baina baita disidentzien aurkako gaur egungo jazarpena ere: nahitaezko desagertzeak, transnazionalen estraktibismoa, nazio indigenen aurkako indarkeria instituzionala edo trabestizidioa. Kontraespedizioak egiten dituzte Europara, suntsituen, profanatuen eta museo antropologikoetan ikusgai daudenen lekutik kontatzeko historia.

"Baliteke Erausoren ezaugarri ospagarri bakarra izatea trans pertsona gisa bizirik irautea, baina historiak Katalina moja alfereza moduan izendatzen jarraitzen du: horra hor Mendebaldeko gizateriaren bi eredu nagusien batura sintetiko eta oximoronikoa". 2021ean Bartzelonako La Virreina aretoan eta 2022an Panamako Arte Museo Garaikidean ikusgai egon zen La pisada del Ñandú (Ñanduaren oinatza) katalogorako idatzi zuten esaldia. Erauso gonbidatu bat baino ez da erakusketa horretan, eta Abya Yalako pertsona trans, trabesti eta ez binarioak dira protagonista, bai Argentinako Trans Memoriaren Artxiboak gordetzen dituen herritar garaikideak, bai weye, muxe edo bixa izenak jaso zituztenak.

Analisi gehienek ozta-ozta ukitzen dutena, horixe interesatzen zaio Rio Paranári Erausoren iruditik: indigenen genozidioan izan zuen parte-hartzea, ez baita bere biografiaren xehetasun txiki bat, baizik eta bere bizitzako patua eta ospea azaltzen duen funtsezko elementua. Nolanahi ere, arreta prozesu kolonialaren biktimetan jarri beharra azpimarratzen dute, eta ez hainbeste biktimarioetan, hauek oso kuir izanagatik ere.

Nola ezagutu zenuten Erauso?
D. Sacchi: Erausorekin topo egin nuen erakusketa honetarako ikertzen ari nintzela, baina ez zitzaidan asko interesatu. Kortsarioak neskak diren istorio horiekin lotu nuen. Ez ginen bilatzen ari transen existentzia historikoa frogatzea –hori ziurtzat jotzen genuen–, baizik eta kolonialismoaren, arrazakeriaren eta genero-binarismoaren eraikuntzaren arteko kodependentziaren adibide izatea. Hego Amerikako Inkisizioaren artxiboetan, trans maskulinitateagatik epaitutako kasuak topatu nituen, gehienak beltzenak edo indigenenak. Ez zituzten hil, baina haien komunitatetatik alde egin behar izan zuten eta historiatik ezabatu zituzten. Kasu horietako batean, Erauso aipatzen dute.

Aldi berean, Amerikako Museoan bildumak berrikusten aritu ginen, izaera antropologikoa zuten erakusketak arte-museoetara eramateko asmoz. Pieza piloa genero ez-binarioaren adibide onak ziren. Amerikako Museoak egindako erakusketa antropologiko batean, Erausoren koadroa identitate ez-binarioaren adibidetzat hartzen zela aurkitu nuen. Googlen bilatu nuen ondoren, pertsonaiari buruzko milaka sarrera atera zitzaizkidan eta koadroa Kutxan zegoela ikusi genuen. Informazio gehiago ere aurkitu genuen Txileko artxiboan, non konkistatzaile izendatzen zuten, eta han hasi zitzaidan pertsonaia interesatzen. Alferez kargua ez da edozein kargu, konkistatutako lurraldean bandera ezartzen duena baizik. Beraz, kolonoaren koadroa Bartzelonako erakusketan sartu genuen, testuinguruan kokatzeko, La Virreinan izanda bereziki esanguratsua zelako.

M. De Santo: Niri beste ikerketa-ildo bat interesatzen zait: fikziozko autokontakizun horretan Erausok bere burua nola eraikitzen duen. Azken finean, haren bidez Aita Santua eta erregea konbentzitzea nahi zuelako kolonian egindako lanagatik biziarteko ordainsariak kobratzeko. Berak kontatzen duenak ez du zentzurik, Andeak oinez zeharkatu zituela, adibidez. Aita Santuaren bulda jaso zuela esaten da, baina ez dugu hori frogatzen duen erregistrorik aurkitu. Oso zaila da, halaber, inor ez konturatzea transa zela. Ni liluratuta geratu nintzen lanaren eleberri izaerarekin eta testuan bi literatur genero gurutzatzen direlako, hurrenez hurren Europan feminitate eta maskulinitate tresna gisa funtzionatu dutenak: mojen egunkari intimoa eta Indietako kronika. Txundituta utzi ninduen nola pasatzen den gizon heroikoa izatetik birjina dela aitortzen duen emakumea izatera; nola igarotzen den oso kanpora begira egindako kontakizun batetik, emaginek bagina eta himena ote zuen egiaztatu zutela kontatzera.

Dokumentu eskuragarria da, ez zen galdu, eta berrargitaratu egin da. Gainera, Argentinan nahiko ezaguna den idazle batek, Gabriela Cabezón Cámarak, hitzaurre lesbikoa jarri dio. Filmak ere egin dira. Baina, jakina, zuria delako gertatzen da hori. Badakigu Mexikon moja alferezari buruzko haurrentzako liburuxka bat saltzen zela kioskoetan, propaganda kolonial gisa funtzionatzen zuena.

“Botereak duen xarmarekin hautsi behar dugu. Lortu behar dugu Erauso hiltzaile gisa ikustaraztea, inork bereganatu nahiko ez duen subjektu ankerra”
MAG DE SANTO

Feminismo zuriaren irakurketa da genero-zapalkuntza gizonez mozorrotuta saihestu zuela, Juana de Arco gerlariak egin zuen moduan. Guk azpimarratu genuen indiar-hiltzaile bat izan zela, eta hortik eraiki zuela bere maskulinitatea. Erausok kontatu zuen bidaiaren kontra-espedizio bat egin nahi dugu: kolonoarenaren alderantzizko bidean abiatu beste irakurketa batzuk aurkitzeko. Antonio gisa ondasunak heredatu zituen, eta horrek esan nahi du sasoi hartan hark trantsizio osoa egin zuela, guk XXI. mendean oraindik ezin dugunean hautatutako izenarekin heredatu. Noski, ekonomia- eta arraza-posizioagatik lortu zuen erregistro-aldaketa horiek egitea.

“Donostiako familia aberatseko semea, biziarteko sostengu ekonomikoa lortu zuen indigenen genozidioan jarduteagatik”. Erausoren erretratua asmo kritikoarekin agertzen da La pisada del Ñandu erakusketan. / PEP HERRERO

D. Sacchi: Alde koloniala ezkutatzeko joera dago, alde hori pertsonaiaren arazotxo gisa aipatzekoa. Baina guk zigorra, erbestea edo heriotza helburu zuten beste pertsonaia batzuekin alderatzen dugu, esate batera Eleno Cespedesekin, apur bat lehenago Espainiako testuinguruan jaio eta hazitakoa. Erausoren kasuan, erregeari zuzenean idatzi zion gutuna dugu, eta erregearen erantzuna ere bai. Cespedes, aldiz, Inkisizioaren dokumentuetan bakarrik agertzen da, ez dugu haren ahotsik.

M. de Santo: Cespedes esklaboa izan zen eta libertoa zen, baina gizarte-igoera lortu zuen zirujaua zelako eta gorterako lan egin zuelako. Trans zela jakin zutenean, zigortu egin zuten, jipoitu eta deabruarekin ituna zuela leporatu zioten. Argigarria da, zuriak aurpegia eta ahotsa, liburuak eta filmak ditu; aldiz, afrikar jatorrikoaren kontakizunik eta erretraturik ez dago. Indietara bidali omen zuten, baina ez dago baieztatuta. Erakusketan Sebastián Calfuqueoren Nunca serás un weye (Inoiz ez zara weye izango) bideo-performancea ere sartu genuen. Horretan erreferentzia egiten zaie Erausok Txilen pertsona gehien hil zituen komunitate indigenetako batean izandako sarraskiei eta genero-identitate suntsiketari. Horrela, transen hiru tratamendu desberdin erakusten ditugu, haien lurralde-kokapenaren arabera. Asimetria hori gaur egun ere mantentzen da: boterea dutenek beren burua kontatzen dute, eta "besteak", alteritate posizioan daudenak, kontatuak izaten dira. Lehen Inkisizioak jazartzen gintuen eta gaur egun Poliziak.

D. Sacchi: Erausoren kuadroa ez genuen Bartzelonan sartu hura lehen trans gisa omentzeko, bere ondorengoak zuzenean interpelatzeko eta egitura kolonial hori erakusteko baizik. Oso dibertigarria izan zen ikustea Bartzelonako kultura-agintariek balio handia ematen ziotela koadroari, Velazquezen maisu Francisco Pachecorena zelakoan. Guk, aldiz, garrantzi handiagoa ematen genion Cespedesen dokumentuen erreprodukzio on bat izateari.

M. de Santo: La Virreinako zuzendaritzak ez zuen zalantza txikiena izan dirutza gastatzeko koadroaren garraioan eta kontserbazioan. Bazegoen lilura bat objektuarekiko, guk partekatzen ez genuena, eta nahiago genuen diru hori guztia bizi diren trans artistei eskaintzea. Gainera, une batean, esan zuten kuadroa ez zela Pachecorena, Juan Van der Hammer delako batena baizik, eta bat-batean balioa galdu zuen.

Nola antzematen duzue euskaldunek kolonizazioan izan zuten papera?

M. de Santo: Elkano izeneko kale oso garrantzitsu bat dugu Buenos Airesen. Eta gure askatzaile deituriko baten [Juan Manuel de Rosas] emaztearen abizena Ezcurra da. Hemengo lehen kolonoak euskaldunak izan ziren.

D. Sacchi: Independentzia-gerra deiturikoetan botere militar eta judiziala zuten familia gehienak euskaldunak ziren eta, zehazki, Basamortuaren Konkistaren buruak [Rosasek 1833an zuzendutako espedizio militar bat, non pampak, rankelak, tehuelcheak eta maputxeak sarraskitu zituzten]. Euskal Herria Patagoniara eramateko proiektua aurkeztu zien Rosasek Nazioaren Kongresuari eta presidenteari. Aukera hori aintzat hartu zuten argentinarrek! Eta tristeena, lurraldea plurikolonia batean banatzeko oinarri moduan hartu zuten: euskaldunak hemen, alemaniarrak hor, galestarrak han…

XIX. mendeko genozidio indigena horren eta Hego Konoko XX. mendeko genozidioen arteko jarraipena frogatzea interesatzen zaigu, David Viñas idazleak ondo aztertu duena. Nestor Kirchner presidente zela, diktadura zibiko-militarraren aurkako epaiketak hasi ziren, egiaren, oroimenaren eta justiziaren alde egiteko. Orduan, diktadoreen koadroak jaistea izan zen estatuak burututako ekintzetako bat. Horretan inspiratzen gara eta gure erakusketan Erausoren koadroa jaisten dugu kontinente amerikarra zapaltzen duenean, jarraikortasun hori sinbolizatzeko.

M. de Santo: Kuadroa jaisteko keinuarekin batera, Cespedesi buruzko artxiboak igo genituen eta koaderno zuri batzuk banatu genituen, norberak bere genero-autofikzioa sor dezan eta nortasuna eraikitzeko espazio hori izan dezan. Azken orrialdean Erausoren historiari buruzko gure irakurketa eskaintzen dugu.

“Ez dugu Erauso ospetsuago egin nahi; aparra jaitsi
behar zaio”
MAG DE SANTO

Catalina Erauso kalearen izenean Antonio eransteko eskatu dute Cabello/Carcellerrek. Ados zaudete edo ohore hori kendu beharko litzaioke? Eta zer egingo dugu bere bustoarekin?

D. Sacchi: Oso ondo iruditzen zait Erausoren identitate maskulinoa berrezartzea, bere garaian aitortua izan zena ezabatu delako. Baina konkistan eta genozidioan parte hartu zuela ere argitu beharko litzateke. Monumentu bat kentzen bada (Bartzelonako Udalak Antonio López enpresaburu esklabistarenarekin egin duen bezala), ezabatutako historia kontatzen duen plaka utzi behar da, oroimenari eta egiari ekarpena egingo diona. Nolanahi ere, Erausoren koadroa jaisteko ekintzaren bidez zera gogorarazi nahi dugu: pertsona bat ez dela guztiaren erruduna, baizik eta genozidioei eusten dien egitura zabalean jarri beharko genukeela arreta. Konkistan parte hartu zuten euskal familia guztien koadro genealogikoa egin zenezakete!

M. de Santo: Argentinan ohikoa da aktibistek kaleen izenetan esku-hartzea. Espazio publikoak indar handia dauka gurean, Espainiako Estatuan baino errazagoa da eztabaidaleku bihurtzea. Artista gisa, kasu bakoitzerako oso ondo pentsatutako estrategia zehatza diseinatzen dugu. Henry de la Vaulx kolonizatzaileari buruz lan egin dugu; Patagonian hilobiak profanatu eta gorpuak lapurtu zituen, Europako museoetan erakusteko. Champs Elyséesetan hileta ederra izan zuen. Gure proiekturako hileta-plaka bat sortu genuen, bere ekintza makurrak zehazten dituena. Beste estrategia bat biktimak ikusgai egitea eta omentzea da: Vasco Nuñez de Balboak Panamako istmoa zapaldu eta komunitate oso bat hil zuen; ez ditugu biktimen izenak ezagutzen, ez dugu haiei buruzko informazio askorik, baina haiek daude gure proiektuaren erdigunean. Alegia, irabazle heroikoa nabarmentzen jarraitu beharrean, nahiago dugu garaituak izan zirenen zein egun erresistitzen dutenen memoria berreskuratzea.

D. Sacchi: Biktima horiei lore eskaintza egin genien, eta Panamako museoko langileek parte hartu zuten. Askotan ahaztu egiten ditugu biktimak, baita errebisionismo historikotik eta arte bisual dekolonialetatik ari garenean ere. Adibidez, hain ospetsuak diren Bryren Théodore-ren grabatuetan [sarraski kolonialak ageri dira] fokua biktimarioetan dago jarrita. Beste ohiko akats bat da genozidioaz hitz egitea entelekia bat balitz bezala, eta gu saiatzen gara horretan ez erortzen. Erakutsi nahi izan dugu sarraski hori istmo honetan gertatu zela, geolokalizazio bat duela, joan gaitezkeela, gaur egun ere badaudela komunitate horretako oinordeak, kolonizazioa ez dela amaitu eta haren ondorioek gaur egun arte jarraitzen dutela. Vaulxen kasuari buruzko gure proiektuan (¿Qué hacen con nuestros huesos? Zer egiten dute gure hezurrekin?) zientzialariak, estatuko funtzionarioak eta Europako konplizeak izan ditugu lagun, memoria, egia eta justizia bilatzeko. Justizia sinbolikoaz gain materiala izatea lortu dugu: lapurtutako gorpu batzuk itzuliko dituela iragarri du Frantziako Estatuak.

Egun trabesti, trans edota ez-bitar gisa izendatuko genituzkeen Abya Yalako pertsonen kontrahistoria ehuntzen dute De Santok eta Sacchik.

Preciado eta Cabello/Carcellerek nabarmentzen dute Erausoren erretratua dela pertsona trans baten lehenengo erregistro bisuala. Zuen lanak, aldiz, historian ezabatuak izan diren genero-disidente indigenengan jartzen du azpimarra.

M. de Santo: Europak ekarri zuen Abya Yalara dimorfismo sexualaren naturalizazioa. Aldi berean, trans izateko modu homogeneizatzaile eta unibertsal bakarra inposatu digute, Erausok gorpuzten duena: maskulinitate zuria, itxia, passing-a eta aitorpen instituzionala duena, besteen deuseztapenaren gainean eraikitzen dena. Lehen transa izan zela baieztatzen denean, kolonizazio-prozesuak suntsitu zituen esperientziak inbisibilizatzen dira.

D. Sacchi: Ez dugu esan nahi Abya Yalan genero-binarismoa ez zegoenik, baina ez zegoen Mendebalde zurian bezain orokortuta, eta bestela pentsatzen ziren feminitate eta maskulinitatea. Erauso trans figura ulergarriagoa da Mendebaldearentzat eta guretzat ere, jatorrizko herrien aniztasun sexogenerikoarekin alderatzen badugu. Baina argi izan behar dugu aniztasun hori ez zela puntuala, baizik eta unibertsala. Bestela, Latinoamerikan eta Afrikan oso errotua dagoen aurreiritzia indartuko dugu: trans identitateak Mendebaldetik heldu zaizkigula. Eredu bakar globalizatua da heldu zaiguna.

M. de Santo: Dena den, oso joera europarra da norbait “ez-dakit-zer egin duen lehenengo pertsona” izan zela nabarmentzea. Nori axola zaio nor izan zen lehena? Monumentalizaziorako irrika hori problematikoa iruditzen zaigu. Zerbait txikiagoa interesatzen zaigu: tokiko inskripzioak, kasu. Gure ustez, keinu epikoek ezin gaituzte leku interesgarrietara eraman.

D. Sacchi: Elkano gogorarazten dit horrek: munduari bira eman zion lehen gizona. Ozeano Barean eta Atlantikoan antzinako komunitate nabigatzaileak bazeuden, baina agian ez zitzaien interesatzen munduari bira ematea, oso anbizio europarra baita.
Cabello/Carcellerrek Erausoren alde dio haren bokazioa ez zela militarra, merkataria baizik.

D. Sacchi: Testuinguru horretan merkataritzan aritzeak esklabuen, lurren eta indigenen baliabideen trafikoa zekarren. Zer beste merkataritza mota zuen koloniak?

“Konkistan parte hartu zuten euskal familien arbola genealogikoa egin zenezakete”
DUEN SACCHI

M. de Santo: Eta pirata izan zen aurretik!

LARRUN honen asmoa da Erauso bezalako ikonoak erabiltzea hausnarketa antikoloniala pizteko. Egoki ikusten duzue?

M. de Santo: Ez dugu Erauso ospetsuago egin nahi; aparra jaitsi behar zaio. Hari buruz hitz egiten badugu, orduan bere ekintza lazgarrien berri ere eman dezagun, ispilu efektuaren bidez identifikaziorik sor ez dezan. Aitortzen dut, Erausoren autobiografia irakurri nuenean, neure buruaren aurka borrokatu behar izan nuela, nolabaiteko lilura sentitu nuelako. Hiri-testuinguru zuritu batetik nator ni, eta txikitatik irakatsi didate kolonoaren antza izatea desiratzen. Botereak duen xarmarekin hautsi behar dugu. Lortu behar dugu Erauso hiltzaile gisa ikusaraztea, inork bereganatu nahiko ez duen subjektu ankerra.

D. Sacchi: Niri ez zitzaidan lilurarena gertatu, agian nire sorterrian eta nire familiaren historian presenteago daudelako kolonizazioa zein indigenen erresistentzia. Bestelako trans erreferente historikoak aurkitu beharko genituzke, LGTB pertsonon ispilu bakarra izan ez dadin?

D. Sacchi: Genozida bat ez da inoiz erreferente izango niretzat. Videlari [Jorge Rafael] buruz dudan iritzia aldatuko al litzateke trans zela jakingo balitz? Zergatik ez da Eleno Cespedes erreferente Europan? Arrazakeriak badu zerikusirik, akaso.

M. de Santo: Eta klasismoak.
D. Sacchi: Guk geuk Inkisizioaren artxiboetan trans beltz eta indigena ugari aurkitu bagenituen, edonork aurki ditzake Euskal Herrian beste figura batzuk, are gehiago kontuan izanda euskaldunek genero-binarismoarekin lotura berezia duzuela. Alegia, baserriko edozein amatxu arbaso izan daiteke Erauso baino erreferente hobea!

Ondoko artikulu hauek ere LARRUN honen atalak dira:

Moja Alferezaren ikonoa, eztabaida trans eta antikolonialerako akuilu

Erauso, gure buruaren ispilu


Dekolonitatea kanaletik interesatuko zaizu...
2022-09-25 | June Fernández
Erauso, gure buruaren ispilu

Mercedes Azpilicueta jatorri euskalduneko artista argentinarrak Londresen aurkeztu zuen joan den urtean Bondage of Passions erakusketa. Katalina/Antonio Erausoren historiatik tiraka, kolonialismoaren eta generoaren performatibitatea landu zituen han oihalgintzaren bidez.


2022-09-25 | June Fernández
Moja Alferezaren ikonoa, eztabaida trans eta antikolonialerako akuilu

Erauso, Katalina (Moja alfereza deitua). Gipuzkoar abenturazalea”. 1603. urtean, nerabe izanda, komentutik alde egin eta, geroztik, gizonezko jantziekin bizi izan zela kontatzen digu Lur Entziklopediak. Ameriketan gizon zuriekin izan zituen liskarrak eta horiek eragin... [+]


2022-09-18 | Axier Lopez
"Monumentuak ez dira historia, boteretsuen bertsio interesatua dira, publizitatea besterik ez"

Peio H. Riaño (1975, Madril) arte historialaria eta kazetaria da. Hainbat egunkari eta aldizkaritan egin du lan, besteak beste Público-ko kultura erredaktore buru izan da. Gaur egun, bere sinadura aurkituko duzu elDiario.es webgunean. Hainbat liburu ere idatzi du... [+]



Irakurrienak
ASTEKARIA
2022ko irailaren 25a
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude