Zigortzea da kartzelaren funtsa. Zigorra ordea, ez da denentzat bera izaten, bestelakotzen delako generoa, arraza, klase soziala edota beste ezaugarri sozialen arabera. Euskal preso emakumezkoen kasuan argi geratzen da zigor-sistema. Espetxea gizonak gizonarentzat pentsaturiko gunea eta unea izanik, patriarkatuari eta heterosexismoari aurre egin behar die emakumeak. Egiaztapen hori egunerokoan zer nola gauzatzen den azaltzeko denbora hartu dute emakume preso politiko ohi eta eragile feminista batzuek.
Kartzelaren barneko errealitatea ez da berdina izaten guztientzat. Zapalketa-sistema ezberdinetan presoak duen kokagunearen araberakoa da zigorra. Euskal preso emakumezkoen kasuan begi-bistakoa izaten da zigorraren areagotzea: zigor bakarra izan beharrean, hirukoitza eta usu laukoitza dutelako. “Lehena zigor penala izaten da, legearen arabera delitu bat egiteagatik espetxean egotea, horri gehitu behar zaio euskal preso gisa dagoena, hau da, arrazoi politikoengatik diren salbuespen neurriak, baita emakume izateagatik gehitzen den zigorra ere”, Idoia Arraiza Zabalegi Bilgune Feministako kideak dioenez. Zigor Kodeak ez du halakorik finkatzen, alta, emakume identitatetik kartzelaz hitz egiten hasiz gero, ia sistematikoki ateratzen den ohartarazte bat da. “Delitua eta emakumea bateraezinak direla sinestarazi nahi digu pentsamendu patriarkalak eta gehienetan emakume ona izateko sozializatzen gaituzte. Patriarkatuaren gidoi horretatik ateratzen garenean, gogor zigortzen gaituzte”. Soto del Real kartzelan bi urte pasa zituen Rosa Iriarte Laset preso politiko ohiaren hitzak dira.
52 euskal preso politiko emakumezko dira gaur egun 28 espetxetan sakabanaturik. Buruan argi ukanik izendatzen ez dena existitzen ez dela, subjektu gisa emakumea harturik hitz egiten da geroz eta gehiago kartzela sistemaz. Aldaketa horren lekuko, azken aldi hauetan loratzen ari diren idatzi, hitzaldi eta ekimenak. Testuinguru hori eta feminismoak azken urteetan eskuratu ikusgarritasuna direla eta, hitza publikoki eta kolektiboki hartzeko urratsa egin zuten 60 bat emakume preso ohik Kalera Kalera ekimenaren barruan: “Orain artean guk geuk behar bezalako garrantzia ematen ez genion auzi honi dagokion lekua egitera bultzatu gaitu giro honek”, Olatz Dañobeitia Ceballosen hitzetan. Sei urtez egon zen preso Dañobeitia Ceballos, 2001etik 2005era eta 2007tik 2009ra, Madrilgo Soto del Real, Avila, Alacanteko Villena, Galizako A Lama eta Arabako Langraizko kartzeletan. Emakume gisa kartzelako bortizkeriak zein diren zerrendaturik, Euskal Herriaren gatazka politiko armatuaren ondorioei begiratzeko deiaz gain, “itzaletan gordetzen diren beste indarkeriak lantzeko” gomita luzatu zuten Usurbildik. Guztien ardura dela ohartarazirik, eragile askoren arteko elkarlanerako esparrua sortzea dute xede.
Gizonak gizonarentzat
Badelako zer erran. Gorderik atxikiriko hirugarren zigor klase horri begira jarriz gero, hamaika aurpegi dituela ohartzen gara. Kartzela gizonak gizonentzat irudikatu eta eraikiriko gunea eta unea izanik, diskriminazioa eta heterosexismoa eguneroko ogi dute emakumeek. Hain zuzen, kartzelei buruzko dokumentuetan arras gutxi aipatzen dira emakumeak. Gutxiengoa osatzen dutelako, eta ez dituztelako garrantzitsutzat jotzen. Espazioaren antolaketan berean islatzen den diskriminazioari aurre egin behar izaten diote. Horretaz hitz egitean adibideak ez ditu eskas, Madrilgo Soto del Real, Salamancako Topas eta Kordobako kartzeletan sei urte preso pasa zituen Teresa Toda Iglesiak: “Topaseko espetxeko komunetan zutikako pixalekuak daude eta eseritako gutxi... emakumeak hara bidali zituztenean inork ez zuen egokitze lanik planteatu. Kordobako espetxean, erizaindegiaren moduluan ez dago emakumeentzako tokirik. Egoera larri edota ebakuntza baten errekuperazioa modulu arruntean egin beharra dago”. Betaurreko moreekin so eginez gero, egiaztapena da gunea ez ezik, giroa, portaerak, denboraren osaketa, kontrola, zigorrak, hots, guztia dela sexista.
Estereotipoen bortizkeria
Hain zuzen, generoan oinarrituriko jendarte antolaketaren estereotipoekin talka egiten du emakume borrokalariaren izaerak. Ona, sentibera, eztia zein bihotz zabala izatea dira berezko ezaugarriak, jitekotzat jotzen diren izaera eraikiak. Parean ordea, gizona indartsua, kementsua, determinatua eta nonbait, kartzelan imajina daitekeena kausitzen da. Irakurketa binario horren arabera, emakumea kartzelan egotea zigortu beharreko gertakizuna da. “Zutaz espero denari buelta ematen diozu eta sistemak zigortzen zaitu”, Arraiza Zabalegiren hitzetan. Izugarri bortitza dela dio Oihana Etxebarrieta Legrandek, espetxea tarteko duten bikote harremanak aztertu dituen militante eta hautetsi feministak: “Genero eraikuntzan izugarrizko eragina duen espazioa da, genero kartzela bilakatzen da nolabait”.
Dañobeitia Ceballosek gaineratuduenez, zigortzeaz gain, bide txarretik kendu eta bide onean ezartzeko logikan dabiltza: “Kartzela emakume txarrak on bihurtzeko makina da, beti ere heteropatriarkatuaren baloreen arabera. Izan ere, izugarria da duen karga moralizantea”. Horrek dakar eskainitako aktibitateak zeharo estereotipatuak izatea: joskera, zeramika, pintura ala beste, lasaitasuna eta diskrezioarekin errimatzen duten eginbeharrak dituzte esku artean. Futbol edo boxeorik ez, horiek gizonentzako eskaintzak dira. Lana lortuz gero, gauza bera gertatzen zaie. Hor ere emakumeei zuzendutako ohiko lanak baino ez, eta soldata askoz apalagoarekin. Kartzelan izan ezik, atxiloketa eta galdeketaren orduan ere gauza bera gertatzen dela gehitu du: Emakumearen izaera politikoaren eta militantearen ukazioaz hitz egiterakoan, gorputzean, sexualitatean eta rol estereotipatuetan kontzentratzeko joera. Entzun behar izaten dituzten hainbat “astakeria” adibide ematen ditu preso ohiak: Haien ekarpena gizonen sukaldari izatera edo behar sexualei erantzutera mugatzen dela, gizonezko bikotekideagatik eman dutela engaiatzeko pausoa, eta abar.
Horrez gain, zigor penala ere gogorragoa izaten dela ohartarazi du Arraiza Zabalegik. Demagun, presoak asaldatzerakoan, gizonezkoen jazarraldi batean baino lasterrago erreprimituko dituzte emakumeak, haien iruditegian gizon bat bai, baina emakumezko bat ez delako erreboltatzen: “Emakumeak legeagatik baino, bekatu bat egiteagatik dira askotan epaituak, zigor morala da gehiago”, Bilgune Feministako kideak dioenez. Horren lekuko ondoko zenbaki esanguratsu hau: emakumeek euskal preso politikoen kolektibo osoaren %13 osatu dute, baina, bakartutako kideen %63.
Emakume zintzoa bihurtzeko xedearekin, kartzela sistemak “presoaren infantilizazioa” eta “sexualitatearen erabateko kontrola” gauzatzen duela deitoratu zuen Fleuryko presondegian den Itziar Moreno Martinez preso politikoak, urtarrilaren 13ean publikaturiko gutunean. Gizonezko presoekin gertatzen bada ere, emakumeekin azkarragoa dela ohartarazi du. Hain zuzen, gizonek beharrizan sexualak dituztela onarturik, horien asetzeko baliabideak jartzen dituzte, emakumeen kasuan, haatik, ez da beharrizan horien kontuan hartzen. Hori horrela, gizonezkoentzat eskuragarri den pornografia zentsuraturik da emakumeen kartzelan; bisiten unean sexu harremanak nekez gertatzen dira, pairaturiko ikuskatzeagatik, kontrola “eraso huts bilakatzerainokoa” delarik. Agindu “iraingarriz” osaturiko derrigorrezko biluzketek ondorioztatu “umiliazioa” askok “bortxaketa” gisa bizi du. Bisita uneetan maiz deseroso sentitu izana oroitu du Toda Iglesiak ere: “Aurrez aurreko intimoak ia publikoak dira, espetxeko funtzionarioek badakite noiz egingo duzun; momentu batzuetan nahiko gaizki senti zaitezke ”. Maitatzeari zuzenduriko denbora biziki mugatua dela gehitu du. Funtsean, intimitate falta orokorra da eta oro har, sexualitatea garatzeko eta bizitzeko aukera mugatzen du. Gizonen eta emakumeen arteko komunikazioa eta harremanak garatzeko aukerarik ia ez denez, “modu gaixoan elikatzeko arrisku handia” izaten dela ohartarazi du Iriarte Lasetek. Harreman heterosexualak gogorrak izaten badira, homosexualak are gogorrago izan ohi dira. Erabat giro heteronormatiboa delako. Harreman lesbikoak “infantilizatzeko” edo “jolastzat hartzeko” joera ere deitoratu du Iriarte Lasetek.
Zaintza rolaren pisua
Zaintzaren rola kanpoan bezainbat bete ahal ez izanak zigor laukoitza ekar lezakeela dio Arraiza Zabalegik; hori, nork bere buruari jartzen diona izanik. Hain zuzen, ingurukoen beharrak norberaren beharrak aitzin pasarazteko heziak dira emakumeak, eta nahi ala ez, sakonki barneraturiko jarrera izaten da. “Kartzelaratuta direnean beraien buruarekiko zigor bat eragiten dute, beraien ingurukoei huts egin dietelako”. Kulpa sentimendu hori emakume askok sentitzen duten karga dela dio Bilgune Feministako kideak.
Zaintzari dagokionez, beste alde bat ohartarazten du Moreno Martinezek: “Gizonengana doazenean, nor egoten da itxarongeletan? Amak, emazteak, seme-alabak... Eta emakumeen espetxeetako itxarongeletan? Amak, ahizpak, seme-alabak... ”. Bisiten orduan gehiengoan emakumeak kausitzea “zaintzaile rolaren erakusgarri” dela azaltzen du. Hau da, proportzioan aldea handia da mutil laguna bisitatzera doazen neska lagunen kopurua eta neska lagunen bisitatzera doazen mutilen kopuruaren artean. Emakumeek segurtatzen duten babes emozional hori baloratu gabea dela dio Arraiza Zabalegik. Gainera, harreman afektibo sexual osasuntsuak ukaiteko baliabideak erabat murrizturik direla deitoratzen du Etxebarrieta Legrandek. Adibideetariko bat da komunikazio esparruak urriak eta erabat kontrolatuak izatea. Harreman ahal bezainbat osasuntsua izateko bidean, behar afektibo eta emozional guztiak pertsona bakar batean ez bideratzeko aholkua ematen du Etxebarrietak. Hau da, preso dagoenak inguruan dituen beste presoengan ere topatzea babes sareak eta kanpoan dagoenarentzat, bikotekideaz gain maitasun eta zaintza emango dioten beste hainbat pertsona topatzea.
Feminismoa, ahalduntzeko
Kartzela, genero indarkeriaren askotariko formez jabetzeko “eskola gogorra” dela dio Toda Iglesiak. Espetxeko langileen jarreraz gain, preso arrunten errealitatean kausitu “matxismoaren adierazpen eta jarrera gordin-gordinak” eta horri begirako emakumezkoen “onarpenak” ere min egiten dio. Egoera gogor horretan, etsipenak hartzen du lekua artetan: “Askotan sutan jartzen zara entzuten edo ikusten duzunarekin eta inpotentzia handia sentitzen duzu”. Gune horretan biziraun behar izanik, ikusmira feminista agertzen edo azkartzen zaiela dio. Funtsean, Dañobeitia Ceballosek dioenez, feminismoa izan liteke ahalduntzeko tresna azkar bat: “Bizi duguna ulertzeko eta identifikatzeko tresna handia da, zapalkuntza horren adierazpen ezberdinei aurre egiteko ere bai”. Halaber, askapen prozesu orotan beharrezkoa den elkartasuna eta berotasuna ere ematen dizkiela dio. Hala ere, bakoitzaren bizipen, ibilbide eta kontzientzia hartzearen araberakoa izanen da ikusmira feminista. Hori dela eta, preso guztientzat ahalduntzeko tresna denik ezin liteke erran. Emakumeak feminista sortzen ez direla argi ukanik, erantzun gisa ondoko galdera luzatzen du Dañobeitia Ceballosek: “Galdera litzateke ea zein prozesu eta baliabide ezarri duen ezker abertzaleak eta Euskal Herriko mugimendu feministak emakume horiengana feminismoa gerturatzeko”.
Bilgune Feministaren lan ildoetariko bat da gatazka politikoari buruzko hausnarketa feministak bultzatzea. Otsailaren 11n Valladolideko presondegira egingo den espetxe martxa da gaiari lotzeko erabakiaren erakuspen bat. Bestalde, iaz formakuntza, ikerketa eta dokumentazio feministarako Emagin zentroak antolatu Eskola Feministak helburu horri begira zuzendu zituzten. Urrats bat gehiago eman eta presoak hausnarketaren barne izateko pausoak dituzte adosturik. “Beraien eta gure arteko harremanak sendotzeko eta aliantzak sortzeko helburua dugu”, Arraiza Zabalegik zehaztu duenez. Orain arte puntualki eta behar zehatz batzuk konpontzeko harremanetan ziren, egun haratago joan nahi dute. Espetxe martxan, elkartasuna adierazirik eta preso eta iheslari guztien etxeratzea exijitu ondoan, presoen gogoetak biltzen hasiko dira. Batetik, emakume izanda kartzela nola bizi duten eta bestetik, errealitate horri aurre egiteko ahalduntze tresnak zein ote dituzten galdetuko diete. Erantzunak batu eta bidaliko dizkiete, Arraiza Zabalegik dioenez, “beraiek ere sentitzeko subjektu bat osatzen dutela ”. Presoen hitz eta esperientzietatik abiatuta, egoera jendarteratzen segituko du Bilgune Feministak. Presoen lekukotasunak biltzearen premiarekin bat egiten du Dañobeitia Ceballosek ere: “Orain arte ez diegu emakume errepresaliatu bakoitzak bizi izan dituen min eta erresistentziei begiratu. Ondorioz, ez dugu kontakizun kolektiborik eta ez dugu ikaspen kolektiborik sortu”. Gatazka politikoari eta gatazkaren ondorioei generoaren ikuspegitik begiratzeko gogoa ikusirik, hutsune hau betetzeko osagaiak baturik direla dirudi.
Maribi Ugarteburuk, EHNE Bizkaiaren enkarguz, herrialdeko hamar emakume baserritarren bizi historiak batu ditu Erein, Borrokatu, Bizi liburuan. Azken mende erdian Hego Euskal Herrian nekazaritzan eta abeltzaintzan izandako gertaerak bizi izan dituzten emakumeak dira protagonista.
Argitaratutako oharrean, EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimenduak ohartarazi du "faxismoa eta ideia faxistak" zabaltzen ari direla mundu mailan, eta "erresistitzeko prest" daudela: "Beldurra baino askoz handiagoa da sentitzen dugun amorrua".
Tramite burokratikoetan murgilduta dago Ed Rojas. Kolonbian jaio eta bizi, 2022an Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterra egin zuen EHUn. Baina titulua amaitu eta hiru urtera, ez du lortu bere izenean jasotzea. Arrazoia? 2022an ez-bitar markagailua jarri zuen bere... [+]
Mauleko Chaumes gasnategian langile eta CGTko sindikatu ordezkaria izandako gizon baten kontrako lau salaketa dira pausaturik, eta Larraine gaineko Iratiko Txaletetan lankide ukandako bosgarren emakume batek ere gehitu du berea. Uztailaren 3an iraganen da auzia Pauen. Erasoa... [+]
Gazte batek etxetik atera eta psikologoarenera joateko bizi dituen beldurrak eta barne gatazkak lantzen ditu ‘Barruko dardara’ film laburrak. Maider Arrutik (Errenteria, Gipuzkoa, 2003) sortu du, eta agorafobia nola bizi duen ikusaraztea du helburu. Bere bizipenetan... [+]
Maitasun erromantikoari lotuta, nerabe askok normalizatuta eta barneratuta du bikotekideak mugikorraren eta sare sozialen bidez kontrolatu nahi izatea. “Inportantea da ziberbiolentzia gisa identifikatzea, eta ez maitasun seinale gisa”, gogorarazi dute ikertzaileek.
Lagun marika batek deitu dit galdetzeko nola salatu dezakeen hurrengoa: joan zen Akarlandara, EHUren parean dagoen parkera, eta komun publikoetan bi tiporekin zegoela, udaltzainen bizpahiru kotxe agertu ziren super azkar, poliziak sartu ziren komunera borrekin hormak kolpatzen,... [+]
Javier Escudero Pascual (Iruñea, 1979) “poz-pozik” dago erretiroa hartuta nahi beste gauza egiteko astia duelako. Nafarroako Aspace kirol klubeko motordun aulkiko futbol taldeko jokalaria da. Duela urtebete sortu zuten taldea, eta hirugarren geratu dira... [+]
Irungo Alarde Parekidean sortu berri den Meaka konpainiako kapitaina da Nagore Olaskoaga. Alarde Tradizionala vs. Parekidea, “kopuruak direnak dira, baina oso pozik gaude gazte askok eta askok hartzen dutelako parte Alarde Parekidean, eta beraiek dira gure herriaren oraina... [+]
Ekainaren 14an egingo da Hernanin San Juan jaiak iragartzen dituen 30. Preludio kontzertua. Aurten emakume bat izango du zuzendari musikal: Judith Montero Imaz. Behin batuta hartuko, eta emakumeek musika ondarean egindako ekarpena ekarri du fokupera. Berarekin eta Hernaniko... [+]
Señora Sariketaren V. edizioa izan da 2025ekoa, benetan berezia: aurtengo bertsolari parte-hartzaileak plazak utziak zituzten andre eta genero disidenteak izan dira. Binaka egin dute plazara itzulera, saioetarako giro goxo eta xamurra lagun.
Neska transexual baten ama, haurtzaroan bere genero identitateagatik bullyinga jasan zuen gizona edota LGTBI kolektiboko nikaraguar erbesteratua ezagutu eta horietakoren batekin bizipenak partekatu eta solastatu nahi duenak aukera izango du datozen egunetan Nafarroako sei... [+]
Sexu-erasoak, bikotekideen edo bikotekide ohien erasoak eta bestelako senideek egindakoak hartu dituzte kontuan zenbaketan. Bizkaian, %29 egin dute gora salatutako sexu-erasoek.
13 urteko mutil bat da Adolescence telesailaren protagonista, bere eskolako neska bat erailtzeagatik atxilotua. Lau kapitulutan zehar saiatuko gara ulertezina ulertzen, baina gidoilariek ez digute azalpen errazik emango, baizik eta bullying dinamika nahasiak, manosferaren eragin... [+]