"Gure historiaurrea berridazten ari gara"

  • Paleolito garaiko labar arte aztarnategi ugari aurkitu eta aurkeztu dira azkenaldion. Bereziki aipagarriak izan dira 2016an Bizkaian Berriatuko Atxurra eta Lekeitioko Armintxe kobazuloen aztarnategi garrantzitsuen aurkikuntzak. Horien atzean ageri da Diego Garate plentziar arkeologoa.

Diego Garate, Alkerdi II kobazuloan lanean. (Arg.: Satorrak Espeleologia Taldea)
Diego Garate, Alkerdi II kobazuloan lanean. (Arg.: Satorrak Espeleologia Taldea)

Modan omen dago Paleolitoa Bizkaian.

Tira, hamar urteko lanaren emaitza da, labar artean normalean ez dira urtero aurkikuntzak egiten. Oraintsu izan da Santimamiñeren mendeurrena, eta beste hiru kobazulo besterik ez ziren aurkitu ondorengo 75 urteetan, baina azken hamar urteotan ia urtero aurkikuntza baten berri izan dugu. Zergatik? Bada, miatzeko proiektuak jarri direlako abian, espezialista berriak agertu direlako eta teknologia eta teknika aldetik aldaketak, iraultza egon delako. Gipuzkoan gauza bera gertatu da, prozesu paraleloak izan dira.

"Hiru kobazulo besterik ez ziren aurkitu 75 urtean, baina azken hamar urteotan ia urtero aurkikuntza baten berri izan dugu. Zergatik? Bada, miatzeko proiektuak jarri direlako abian"

Zergatik egon gara hainbeste urte Santimamiñe baino askoz gehiago geneukala jakin gabe?

XX. mendean ikerlari bakarra Barandiaran izan zen, Telesforo Aranzadik lagunduta, eta haiek egin zuten dena. Egun, gizon baten inguruan antolatutako eskema hori guztiz aldatu da, espezialistak daude eta lantaldeak egiten dira. Oso gai zehatzetan berezitutako jendea dago, labar artean esaterako, eta baliabideak hobetu dira. Barandiaranek linterna ziztrin bat erabiltzen zuen; gaur egun, aldiz, LED argiekin San Mames bezala argiztatu dezakegu kobazulo bat, eta hormak programa informatikoekin aztertu.

Espeleologoekiko elkarlana ere faktore berria da?

Bai, duela hamar urte hasi ginen hiruzpalau arkeologo ikerketa programa sistematikoa egiten, lanetik kanpo, gure aisialdian, baina berehala konturatu ginen espeleologoak behar genituela. Kobazuloetan aztarnategia argia heltzen den lekuan egoten da, baina batzuetan labar artea barrurago ere aurkitu daiteke eta arkeologoak normalean ez gara haraino sartzen, hori espeleologoen eremua da. Azken hamarkadetan ia harremanik ez da egon, baina Bizkaiko Foru Aldundiak espeleologoentzako jardunaldi batzuk antolatu zituen 2015ean. Arkeologoak eta paleontologoak egon ginen eta aztarnak aurkitzeko irizpideak eta protokoloak eman genizkien. Emaitzak berehala etorri dira: Bizkaian Armintxe, Morgota eta Ondaro; Nafarroan Alkerdi II; Gipuzkoan Aitzbitarte…

Euskal Herrian hutsunea omen zegoen.

Bai, identifikatutako hiru gune garrantzitsuren erdian; Asturias-Kantabria, Pirinioak eta Perigord. Horien arteko harremana egon behar zuen derrigorrez, pasabide bakarra Irun aldea delako. Beraz, eztabaida zegoen “euskal hutsunea” azaltzeko: zergatik hain aztarnategi gutxi? Gure hipotesia ikerketa lan gutxi egina zegoela zen, eta hortik abiatuta bilatzen hasi ginen. Egun, hutsune hori bete egin da neurri handian, dagoeneko baditugu apaindutako 34 kobazulo Euskal Herrian. Aztarnategi gutxi zeudelako irudia zegoen eta orain, aldiz, gure historiaurrea berridazten ari gara.

"Paleolitokoak gu bezalakoak ziren fisikoki, baina oso trebeak eta gogorrak, gaur egun haien baldintzetan ez genuke astebete iraungo" (Arg.: Aritz Loiola)

Gu bezalakoak ziren Paleolitokoak?

Bai, gu bezalakoak fisikoki, baina oso trebeak eta gogorrak, gaur egun haien baldintzetan ez genuke astebete iraungo. Europako aborigenak Neanderthalak ziren, eta duela 40.000 urte heldu ziren gure arbasoak, egungo errefuxiatuek egiten duten ibilbide bera eginda. Neanderthalak baztertu eta lurraldeaz jabetu ziren. Orduan hasi zen artea.

Artea, zertarako egiten zuten?

Magia sinpatikoaren teoria dago, irudia egin errealitatea bihur dadin, baina egia esan ez dugu inoiz jakingo labar artearen esanahi zehatza... Haien mentalitatea eta mundu sinbolikoa duela 20.000 urteko kontua dira. Egun Amazonian topa ditzakegun ehiztari-biltzaileen antzeko bizimodua bai, baina mundu sinbolikoa oso ezberdina izango zen. Arte motak ezberdindu daitezke: kobazuloaren sarreran, arte publikoa da, talde osoarentzat, baina Berriatuko Atxurran, esaterako, aztarnategira heltzea oso zaila eta arriskutsua da. Hiru bat lagun sartu, artelana egin eta agian inoiz ez ziren bueltatu, bertan ikatz zatiak utzita. 

Betiko galdutako aztarna batzuk ere dokumentatuta daude.

Mañarian Atxuri kobazuloa harrobiak eraman zuen. Aitzbitarte IV kobazuloan udalak hormak mangerekin-eta garbituak zituela esan ziguten espeleologoek. Auskalo zer zegoen hor. Aitzbitarte V-en bisontea ikusi nuen bide nagusian, ageri-agerian, grafitiz josita dagoen kobazuloa da.

Grafiti garaikideak eta zaharragoak ere bai...

Bai, karlista gerretakoak aurkitu dira Atxurran eta Lumentxan, eta Amorotoko Abittaga koban XIX. mende bukaerako armen gordelekua aurkitu zuten ADES Gernikako espeleologia taldekoek. Dirudienez, Lekeitioko bizilagun batek hirugarren karlistaldia antolatu nahi zuen eta bertan gorde zituen armak. Atxurra grafitiz josia dago, eta bisonte batzuk aurkitu ditugu spray margoen azpian, suntsituta. Zorionez Paleolito garaiko artelan gehienak gorago daude, erlaitz batzuen gainean.

Eta aztarna berriagoak ere agertuko dira leku batzuetan.

Bai, adibidez, Zeanuriko Eguzkiola kobazuloan ETAk gizon bat eduki zuen bahituta eta, indusketak egitean, lehenengo geruzan horren aztarnak agerikoak dira, oihal etxolak-eta prestatzeko lurra mugitu baitzuten. Beheragoko geruza batean gerra zibileko aztarna ugari aurkitu dira eta, are beherago, historiaurreko gorpuak. Gure historia ia osoko aztarnak zeuden hor, bando gerren garaikoak agertzea falta zen bakarrik.

Adrenalina pizgarria

“Arkeologia beti interesatu zait, Deustun karrera egin ondoren labar artean berezitu eta Arenazan hasi nintzen ikertzen, eta hortik aurrera besteak etorri dira. 2011n Askondokoa aurkitu genuenean uste genuen helduak ginela arkeologo batek amestu dezakeen gorenera, lo egin ezinik egoten nintzen, pentsa, arkeologo gehienek ez dute inoiz aztarnategirik aurkitzen beren bizitzan. Gero dinamika horretan jarraitu dut, etorriko zena jakin gabe. Aurkikuntza bakoitzarekin adrenalina igoera izugarria da. Atxurran itzela izan zen: hemen bisonteak, hemen zaldiak… Pentsatzen duzu: hau ez du inork ikusi 20.000 urtean eta hemen gaude gu orain”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historiaurrea
Duela 100.000 urteko neandertalen hortzak aurkitu dituzte Axlorren

Axlor aztarnategian (Dima), duela 100.000 urte inguruko gizakien fosilak aurkitu dituzte IIIPC  Historiaurreko Ikerketen Kantabriako Nazioarteko Institutuko ikertzaileek. Zehazki, 10-12 urteko bi haurren eta heldu gazte baten hortzak dira, eta Iberiar penintsularen... [+]


10.000 urteko harresia

Mecklenburgeko golkoan, Baltikoko uretan, ia kilometro bateko harrizko egitura bat identifikatu zuten arkeologoek 2021ean. Orain diziplinarteko ikerlari talde batek harresiari buruzko ikerketa argitaratu du PNAS aldizkarian.

Egiturak 10.000 urte inguru ditu eta gizakiak egina... [+]


Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


2024-01-14 | Diana Franco
Teknologia
Kobazuloetako teknologiak

Asteburu honetan historiaurreko margoak zeuden kobazulo bat bisitatu dut. Burdin eta manganeso oxidoa erabilita orain dela 30.000 bat urte egindako margoak. Bisita hauek interesgarriak iruditzen zaizkit, gizaki gisa munduan dugun lekua birkokatzeko; aukera dira historia... [+]


Venus ez zen jaio Willendorfen

Willendorf (Austria), 1908. Wachau bailarako aztarnategi batean, Josef Szombathy arkeologoak emakumezko baten estatua antropomorfo txiki bat aurkitu zuen, 11 cm ingurukoa, harrian zizelkatua eta okre gorriz tindatua.

Orduz geroztik, Paleolitoko venusik ezagunena da, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude