"Uste baino lotura handiagoa izan dugu Kanadako herri indigenekin, aspaldi-aspalditik"

  • Kanadan dabil Iratxe Andueza. Euskal arrantzaleek  XVI. mendean hara eramandako tresnak aztertzen ari da. Euskara-algonkinoa pidgina gertutik ezagutzeko aukera izan du. Orain indigenok nola bizi diren ere badaki, eta ezin egin balorazio onik.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Iratxe Andueza Rota (1994, Garralda)

Garraldan eta Iruñean bizi eta ikasi ondoren, Baionan Euskal Ikasketak egin zituen. Ikasturte honen hasieran Kanadara joan da, Quebeceko Laval Unibertsitatera, bertako Lehen Nazioen indigenen eta euskaldunen artean izaniko harremanen inguruko ikerlana egitera. XVI. mendean hemengo arrantzaleek nolako tresnak eramaten zituzten aztertzen ari da zehazki. Jauzarrea euskal kulturaren azterketa eta zabalkunderako funtsak 2011tik antolatzen dituen nazioarteko biltzarretan aritzen da laguntzaile gisa. 

Zure ibilbidea laburra baina trinkoa, ezta?

Txikitan bi urtez bizi izan nintzen Garraldan, eta ondoren, astean zehar Iruñean, ama San Fermin ikastolako irakaslea zelako eta aitak ere hemen egiten zuelako lan. Batxilergoa bukatutakoan Baionara joan nintzen unibertsitatera, Euskal Ikasketak egitera. Antropologia, Soziolinguistika, Soziologia, idazketa lantzeko ikastaroak, Historia, Geografia, euskara, frantsesa… denetik ikasten da. Oso karrera polita da. Han hiru urte eginda, udazken hasieran Kanadara joan nintzen bi urterako, printzipioz.

Zer dela eta Kanadara?

2011tik harremana daukat laguntzaile gisa Jauzarrea, euskal kulturaren azterketa eta zabalkunderako funtsarekin. Oreina Urkian Kanata biltzarretan izan nuen euskaldunon eta Kanadako indigenen arteko harremanen berri. 24 hitzaldi baino gehiago eskaini dituzte urte hauetan gai horren inguruan eta oso aztergai egokia iruditu zitzaidan masterra egiteko. Quebeceko Laval Unibertsitatean ikusi nuen bi urteko graduondoko ikastaroa egiteko aukera eta hara joan naiz.

Zer da zehazki ikasten duzuna?

Graduondo honetan hango herrien antolakuntza nolakoa den ikasten da eta baita etnologia, arkeologia eta abar. Ikasketa orokorrak dira, hemen Euskal Ikasketen karreran, Gasteizen edo Baionan, egiten direnen antzekoak.

Hasieran proiektua aurkeztu behar duzu eta gero, horren arabera, nahi dituzun ikasgaiak aukera ditzakezu. Nire lanaren izena oso orokorra da: Objektuen transmisioa Kanadako Lehen Nazioen eta Euskaldunen artean XVI. mendean. Laurier Turgeon, etnologia irakasle ezaguna da nire proiektuaren zuzendaria. Berak ikertu zuen oso ongi XVII. mendeko harremana eta ni pixka bat atzerago joanen naiz, XVI. mendera, hori baita harreman estuena izan zen garaia.

Etnologia eta ondare materiala da nire ikerketaren abiapuntua; euskaldunen eta hango indigenen arteko harremana, objektuen trukaketan oinarrituta. Hala ere, ondare materialaz haratago joan nahi nuke eta aztertu objektuen sinbologia eta hango gizartean izan duten eragina. Ondare materiagabea ere aztertu nahi dut, beraz.

Maiatzera arte egonen naiz Quebecen eta asmoa dut udan Oñati, Bordele eta Nafarroako artxibategietan murgiltzeko, hara itzuli baino lehen. Uste dut gai honen inguruko informazio gehiago aurkituko dudala hemen han baino.

Argazkia: Xabi Otero.

Zer objektu dira aztertzen ari zarenak?

Normalean hilobietan aurkitutakoak: aizkorak, kobrezko ontziak… lanabesak, oro har. Hemendik hara eramandako objektuak. Hasteko, testuinguru bat sortzen ari naiz, orain arte argitaratu den materiala bilduz. Gauza asko ikertu dira arkeologian, toponimian, genetikan… baina falta da denboran kokatzea eta zergatiak argitzea.  

Nor bizi zen han garai hartan?

Herri asko dira indigenak, baina Atlantikoko ertzean garrantzitsuenak ziren innuak, beothuk-ak, abenakiak, cris-ak, mi’kmaq-ak, iroquesak eta innuit-ak. Haiek “lehen nazioak” esaten diote beren buruari. Kanadako ekialdeko kostaldean, Ternuan, Labradorren eta San Laudendi golkoan bizi ziren herriekin izan zuten harremana euskaldunek bereziki. Mi’kamaqei “zurikoak” esaten zieten, agian euskaldunekin nolabaiteko antzekotasuna zutelako, agian azalaren kolorean. Oro har, -quois bukaera duten izen edo hitzak (souricoa –zurikoa– eta iroquoa) euskararekin dute lotura, Kanadako hizkuntzetan ez baitago horrelako atzizkirik.

Kolon hara joan baino lehenagoko harremanak dira horiek, beraz nork aurkitu zuen Amerika?

Galdera ona. 1342. urtekoa da dokumentatua dagoen lehen datua eta bada 1372ko Donibane Lohizuneko agiri bat euskaldunen eta itsasoz bestaldekoen arteko hartu-emanez hitz egiten duena. Euskaldunak aipatzen dituen lehen dokumentu garaikidea, berriz, 1517koa dugu. Guk uste baino lotura handiagoa izan dugu Kanadako herri indigenekin, aspaldi-aspalditik.

Haien arteko harremanak nolakoak ziren?

Akordio komertzialez harago, harreman ona izan dela ohikoa esanen nuke nik. Horren erakusgarri izan daiteke haien hiztegietan adeiskidex (adiskide) eta ania (anaia) hitzak ageri direla. Hitzok haien hizkuntzetan barneratuta geratu dira mendeetan zehar. Horrez gain, euskaldunak oso trebeak ziren arrantzan eta ontzigintzan, eta hangoei teknika batzuk erakutsi zizkieten haien itsasontziak egin zitzaten. Agirietan aipatzen da, adibidez, euskaldunen bat han gelditu zela hizkuntza ikasteko eta hango Mi’kmaq nazioko norbait Euskal Herrira etorri eta hemen gelditu zela.

Bestalde, toponimian izen andana gelditu da Kanadako Atlantiko kostaldean: Nouvelle Biscaye, Pirénées, Port Savalette (Zabaleta), Cap aux Basques, Île aux Basques, Port-au-chois (Portutxoa)… Toponimiak erakusten digu noraino iritsi ginen.

Oraindik asko dago ikertzeko, baina argi dago euskaldunek ez zutela kolonizatu hura. Frantsesak berriz, XVII. mendean, harreman komertzialetik erabateko kolonizaziora pasa ziren.

“Kanadako indigenak sozialki ez daude ongi baloratuak. Turismoarekin lotutako ekimenetan baino ez zaie ematen garrantzia, gainerakoan batere ez”

Nola sortu zen euskara-algonkinoa pidgina?

Euskal arrantzaleak XVI. eta XVII. mendeko bisitari nagusietakoak ziren Kanadan. Horren testigantza euskal jatorria duten hainbat hitzetan dugu, bertako nazioen hainbat hizkuntzatan jasota daude. Horrekin batera, euskaldunen eta bertako nazioen arteko tratu komertzialerako hizkuntza sortu zuten.

Euskaldunek Kanadara iristean, hiru hizkuntza familia aurkitu zituzten: inuktitut, Labradorko inuitek hitz egiten zutena, hizkuntza irokesak eta hizkuntza algonkinoak. Azken horien eta euskararen artean sortu zen pidgin berezia. Pidgina harremanik gabeko bi hiztun komunitatek elkar ulertzeko sortzen duten hizkuntza praktiko eta oinarrizkoa da, hizkuntza baten egitura eta hiztegia oinarri hartuz. Adibide ezaguna “Apaizak hobeto” esaera da, agurtzeko orduan Kanadakoei “zer moduz?” galdetu eta hala erantzuten zuten.

Pidgin horri buruzko gogoetak eta aurkitu diren aztarna linguistikoak oso garrantzitsuak dira hizkuntzan eginen diren ikasketentzat, baita euskaldunen eta Kanadako bertako nazioen artean izan diren harremanak ikertzen dituztenentzat ere.

Pidginaren adibide gehiago emango, mesedez?

Bi hitz aipatuko ditut, haien esanahiaren garrantziagatik, harreman onaren erakusle izan daitezkeelako. Marc Lescarbot-ek 1607an aipatu zuen adesquidex hitza erabiltzen zutela Mi’kmaq naziokoek. Euskarazko adiskide hitzarekin duen antzekotasunak eta mi’kmaq-ek hitz egiten duten hizkuntzan antzeko hitzik ez egoteak, Peter Bakker euskal etimologia daukala ondorioztatzera eraman du. Bakker-ek ania hitzak ere euskal etimologia duela ondorioztatu du. 1630ean montagnais jendeak erabiltzen zuen hitza euskal anaia hitzarekin lotu du. Haien hizkuntzan anaia nichtai edo nichim esaten da.

Peter Bakkerren iritziz, adesquide eta ania euskal pidgin baten ondorio dira. Kanadako hainbat naziotako herritarrek hitz egiten zuten, gutxi gorabehera 1540. eta 1640. urteen artean. Amerikako pidgin ez-indigena zaharrena da.

Beste adibide askotxo ere aurki daitezke bertako hizkuntzetan txertatuta gelditu direnak: kessona (gizona), makia (makila), atouray (atorra), orignac, orignal (oreina), matachia (txanpona), pilotoua (gidaria), adesquidex/s (adiskidea), chabaya (basatia), endia (handia), echpata (ezpata), carcaria/ircay (irri-karkara), elege (erregea).

Kontua da bertara iristen ziren beste europarrei ere pidgin horretan egiten zietela. Beraz, Kanadako bertakoen eta Europako herritarren artean erabilia zela uste da, ez bakarrik euskaldunekin. 1497an dokumentatuta dago. John Caboten (Genova, Italia) bidaiaren kronikan aipatzen da nola mi’kmaq-ek haiekin pidgina erabiltzen zuten.

Iratxe Andueza Stephen Keptin Augustine Mi’kmaq Kontseilu Nagusiko
buruzagiarekin Kanadako Cape Breton Unibertsitatean,
Eskozia Berrian. Argazkia: Xabi Otero.

Nola bilatzen duzu informazioaren arrastoa?

Oso zaila da datu zehatzak aurkitzea, normalean euskaldunak bidaia ofizialetan ez zirelako agertzen. Arrantzarako ontziak bidaltzen ziren, baina ez normalean potentzia handiek, Portugalek edo Frantziak, adibidez, antolatutako bidaietan. Gainera, Nafarroako konkistaren garaiaz ari gara hizketan eta oso zaila da euskaldunen arrastoak jarraitzea. Gertatu izan zait euskaldunak frantses bezala aurkitzea zenbait dokumentutan. Batzuetan arrantza-ontziak nondik abiatzen ziren ikusita edo abizenei erreparatuta euskaldunen arrastoak aurkitzen dira.

Gaur egun nola daude herri indigenak Kanadan?

Kanadan 630 jatorrizko herri baino gehiago bizi dira eta bakoitzak bere kultura, hizkuntza eta ohiturak ditu. Lehen Nazioen Batzarra osatzen dute eta Kanadako Gobernuak egindako erroldaren arabera 698.025 indigena dira. Oso egoera txarrean bizi dira. 1980ko hamarkadara arte gobernua ez zen haiekin bildu. Etnia horiek bizirik daude, baina haien egoera ez da batere erraza mendeetako zapalkuntza jaso dutelako. Hizkuntza eta kultura identitatearen galerak nabarmena dira.

Duela zenbait urte Otawan bizi izan nintzen hilabete batez eta mi’kmaq jendea eta haien kultura pixka bat ezagutzeko aukera izan nuen. Haien baloreetan naturari, ehizari, animaliei eta jendeari errespetua garrantzitsuena da. Hori da belaunaldiz belaunaldi transmititzen saiatzen direna.  

Hemengo indigenekin parekotasunik ikusi duzu?

Bai, balore tradizionaletan, baita egungo mendekotasun egoerari dagokionez ere. Haiek, gainera, sozialki ez daude ongi baloratuak. Turismoarekin lotutako ekimenetan baino ez zaie ematen garrantzia, gainerakoan batere ez. 

Sistema bitxia bezain zapaltzailea da. Ofizialki indigenatzat hartua izateko izena eman behar dute errolda batean eta erreserba batean bizi. Gauza on bakarra da zerga batzuk ez dituztela ordaintzen, beste guztia ez dago haien alde. Kreditu txartela edukitzea edo mailegu bat eskatzea, adibidez, ez da batere erraza haientzat. Haien hizkuntzak eta kulturak zapaltzen zaizkie, egunero, nazio bezala, beste baten menpe daudelako. Hala ere, batzuk haien aurka mintzatzen dira, pribilegiodunak direla esaten dute, zenbait zergatatik libre daudelako.

Zer dugu haiengandik ikasteko?

Esanen nuke oso interesgarria dela ikustea nola ari diren lanean. Kontzientzia handia dute eta borrokan ari dira haien eskubideen alde. Bertako askok, esate baterako, uko egin diote zerrendetan izena emateari, eta mugimenduak daude hauteskundeetan parte ez hartzeko. Desobedientzia zibilaren aldeko iritzia oso zabaldua dago.

Honen eta haren bila

“Islandia, Kanada, Ternua, Labrador eta San Laurendira joaten ziren euskaldunak arrantzaleak eta merkatariak ziren. Balea, bakailaoa eta itsas txakurren azala ekartzen zituzten. Hemengo kandelak pizteko erabiltzen zen balearen olioa ere handik ekartzen zuten ‘Europa argitzeko’”.

Azken hitza: Quebec-Garralda

“Quebecen egun hauetan zero azpitik 26 gradu ditugu, edo hotzago. Hala ere, Garraldako etxetzar horietan hotz handiagoa egiten du Kanadan baino! Jendea oso atsegina da. Berehala hasten zaizkizu hizketan kalean eta toki guztietan. Beti daude laguntzeko prest eta interes handia dute Euskal Herriaz. Txarrena da nahiko garestia dela eta oraingoz ez dudala inolako bekarik lortu, baina oso garrantzitsua da niretzat ikasketak in situ egitea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bale arrantzaleak
Baleen galbiderako lehen kolpea

Lekeitio eta Ondarroa, 1623ko martxoaren 11. Bi herrietako arrantzale kofradiek hitzarmena sinatu zuten biek batera harrapatutako balea elkarren artean banatzeko.


2020-05-05 | Goiena
Ternua eta euskaldunen arteko harremanak ikertu zituen Selma Huxley hil da

Euskaldunon iraganean bilatzeko artxiboz artxibo ibilitako ikerlaria zen Selma Huxley Barkham. Euskal Herria eta Kanadako itsas historiaren alorrean lan handia egindakoa. 1973ko uztailean heldu zen Oñatira, artxibo aberatsak erakarrita, eta bertan bizi izan zen 20 urtez,... [+]


Euskaldunak eta itsasoak
Ternuako itsasertzetik euskal portuetara

Gure herriaren historia eta memoria beste ikuspegi batetik landu eta garatu asmoz, itsasora begira jarri gara azken urteotan euskaldunok, historiografia handietatik haratago, bestelako iragan baten trazuak arakatuz. Berreskuratzen ari garen memoria honetan ordea, kontakizun... [+]


Eguneraketa berriak daude