Ternuako itsasertzetik euskal portuetara

  • Gure herriaren historia eta memoria beste ikuspegi batetik landu eta garatu asmoz, itsasora begira jarri gara azken urteotan euskaldunok, historiografia handietatik haratago, bestelako iragan baten trazuak arakatuz. Berreskuratzen ari garen memoria honetan ordea, kontakizun batzuk erdigunean jartzearekin batera, beste batzuk alboetan gelditzen ari dira. Izan ere, elipsiak leku berean kokatzen jarraitzen baitugu, besteak beste, emakumeak eta genero harremanak ikusezin bihurtuz. Baleazaleen arrastoaren atzetik, euskal portuetara gerturatu eta memoria eta ahanzturak gurutzatzen diren leku horiez hausnartzeko gonbidapena da honakoa.


2018ko uztailaren 27an - 00:00
Old Ferrole irlako harlauzek bakailaotan ibilitako euskal arrantzaleen arrastoak erakusten dizkigute.

Euskal baleazaleen historiari lotutako Mekarik badago, 1565eko neguko egun batez hondoratu zen San Joan ontzia dagoen Labradorreko (Kanada) Red Bay herrixka da hori. Gizadiaren itsaspeko ondare izendatua, Pasaiako portuan eraiki eta mundu mailan urpean egoerarik onenean mantentzen den XVI. mendeko ontzia dago bertan. Herri txikia da Red Bay, Ternua eta Labradorreko herrixka gehienen antzekoa, baina duela bostehun urteko euskaldunek utzitako arrastoen nondik norakoak azaltzen dituen museoari esker, zailtasunez betetako baldintzen aurrean bizirauteko aukera izan du.

Hainbesteko osperik gabe, Ternuako iparraldeko penintsula deritzon mendebaldeko itsasertzak ere badu euskaldunekin lotura esturik. Granbaya moduan izendatu zuten Belle Isle itsasartetik behera luzatzen den itsasertz honi ordea, behinola, Ternuako Euskal Kostaldea deitu zitzaion, La Côte des Basques. Oraindik orain, kostalde malkartsu honetan ugariak dira euskal jatorriko izenak, hala nola, Port-au-port (Opor Portu), Ingornachoix (Aingura Txar), Port-aux-Choix (Portutxoa) edo Bonne Bay (Baya Ederra).

Eako Joanesen 1632ko testamentuaren kopia irakur liteke Plum Point herriko eliza anglikanoko horman, arrantzalea
lurperatu zuten tokitik gertu.

 

Memoria eta ahanzturak gurutzatzen diren leku horietako bat da Plum Point herria. Hemen ez dago euskaldunen arrastoez diharduen museorik, justu-justu hauek bertan izan zirela azaltzen duen panel informatibo bat besterik ez. Gida turistikoek ere ez dute horrelakorik aipatzen, baina uda sasoian pinu basoetara altze eta karibuak ehizatzera joaten direnentzat prestatutako motel pareko eliza anglikanoan kasualitatez sartzen denak, sorpresaz irakurri ahal izango du 1632an lur eremu honetan lurperatu zuten Eako Joanesen testamentua. Fotokopia zahar batean mendebaldeko euskaran jasoa eta ingelesera transkribatua dago eatarraren azken nahia:

“Bizkaiko Ia itsasportu txikiko euskal marinela, Ferrol Zaharra portu ondoan lurperatu eben. Bale eta makailua harrapatzen ibiltzen zan Mutrikuko San Pedro untzi gipuzkoarrean joianean hil zan. Hil aurreko egun batean bere azkeneko borondatea adierazi eutson untziko kapitaina zan Iturrizabalzagako Antoniori (…)”

Selma Huxley historiagile anglo-kanadiarrak, euskal arrantzale eta baleazaleek Ternua eta Labradorren egindakoen inguruan gehien ikertu duen adituak jarri zuen tenplu anglikanoko horman testamentua, Eako Joanes lurperatu zuten lekuan bertan. Izan ere, 1931n baxurako marinel eta nekazari txiroek sortutako komunitate honek, mapa zaharretan, Old Ferrole izena baitauka, Ferrol Çaharra, Galiziako portuaren antzekotasunagatik jarria. Ziburuko Martin Oiartzabalek 1579an frantsesez idatzi eta Piarres Detcheverry Dorre-k 1677an euskarara ekarri zuen Liburu hau da Ixasoco Nabigacionekoa-n aipatzen denez, espagnolec, Etchaire Portu izenez ezagutzen zuten leku hori. Bada handik oso gertu beste Ferrol bat, Ferrolko Punta, Hondarribiako Iger lur muturraren magalean kokatutako Amuitzekin duen antzekotasunagatik edo, hegoaldeko euskaldunek Amiuxko Punta deitu ziotena.

Gure begirada modernoa ezaugarritzen duen mundu ikuskera binariotik harago, bestelako errealitateak ageri zaizkigu XVI. mendean

Lapurteraz idatzitako liburu ederra da Nabigazionekoa, Huxleyk euskal toponimia identifikatzeko baliatu zuen izkribua. Dorre-k hala adierazi bezala, “adieraztera nihoakio, nolakoa zen urte haietako bereziki MCCCCLXXVII urtean eginiko Hartzen Irlako Nabigazionea, geroago Bakailao Uhartea eta azkenik Ternuakoa bezala ezagutu izan dena, munduan den kreaturik handienaran ehizean” joandako bidaietan osatu zituen bertako oharrak. Izena duen oro bada, euskaldunek izen aldakorrez eman zieten izatea leku hauei.

Old Ferrole irlan egindako indusketetan ez da euskaldunak bertan izan zireneko arrastorik topatu, nahiz eta Huxleyren arabera, irla horretako lautadatan kokatutako harlauzen antolaketak nabarmen erakusten duen haiek izan zirela bertan, eta bakailao arrantzan joandakoek bizitoki izan zutela. Hemen ez da indusketa erraldoietarako inbertsiorik egin ordea, seguruenera, Kanadako Gobernuak Red Bay eta Chateau Bay-ko baleazaleen estazioak bilatzeko egindako milioika dolarretako inbertsioekin, nahikoa justifikatuta gelditzen delako XVI. mendeko euskaldunek harilkatutako genealogia europarra.

Izan ere, bitxia da –baina ez inondik inora kasualitatea–, Ternua iparraldean eta Labrador hegoaldean dauden bi museo garrantzitsuenak, jatorriko herrien inguruko memoriaren lekuak izan beharrean, L´Anse aux Meadowseko vikingoen museoa eta Red Bayeko euskal baleazaleena izatea. Azken batean, ondare kulturala eta genealogia historikoei gagozkielarik, zeri ematen zaio garrantzia? Zein kontakizun aukeratzen da herri baten genealogia idazteko?

Red Bay-ko museoan dagoen txalupa. XVI. mendeko bidaia itsastarrak “egunerokotasunaren epopeia” gisa izendatu zituen Selma Huxley ikerlariak; historia kontatzeko modu handikitik haratago (lehenak, azkarrenak, onenak...), jendartearen nolakotasunean
jarri nahi zuen fokua. (Arg.: Dennis Manty)

Egunerokotasunaren epopeia

Euskal baleazale eta bakailao arrantzaleek XVI. mendean zehar egindako bidaia itsastarrak “egunerokotasunaren epopeia” gisa izendatu zituen Huxleyk. Inperioen historiografiak zedarritu duen historia kontatzeko modu handikitik haratago –lehenak, azkarrenak, onenak, handienak… izan ginela erdigunean jartzeko ohiko joera gaindituz–, gertaera historiko horiek posible egin zituen jendartearen nolakotasunean fokua jartzeko saiakera azpimarratu gura zuen esamolde honekin. Errealitateak, askotan, fikzioa gainditzen duela lehen lerrora ekarriz.

Hala ere, azken hamarkadetan berreskuratzen ari garen historia kontatzeko moduetan, maizegi, handira eta mundua ulertzeko modu konkretu batzuetara jotzeko joerak, gainditu gabe jarraitzen du. Ternuan bezala Euskal Herrian ere, errealitate historiko hau kontatzeko memoria ariketak egiten ari gara azken urteotan, memoriaren leku batzuk sortuz, eta beste kontakizun batzuk ahanzturara kondenatuz. Gai honen inguruko memoria berreskuratzeko saiakerak ugaritu dira, museo, dokumental, literatura eta bestelako baliabideen bitartez. Kontakizuna josten duten gorputzak ordea, gizonezkoenak dira beti. Apenas ageri da emakumerik itsas istorio hauetan.

Dorre-ren Nabigazioneko liburuko lehen atala irakurtzea besterik ez dago ordea, fikziorik gabeko errealitateekin topatzeko. Garaiko euskal portuen inguruko deskribapen ederra da honakoa, kasu honetan, Donibaneko portuari dagokiona:

Han andere berriketariak oihu eta garrasi, hor emabalesaltzaileak enkantean balenkia eskaintzen, hemen arrainketari batzuek beren arraintxo saskiekin sardinak, antxoak, txipiroiak, legatzak, lupiak (…), era, luzera, zabalera, kolore ta tamaina guztietakoak aldarrikatzen. Batzuek besapean saski zabalak harturik hiriko karriketan barrena barreiatzen ziren solas etengabean, beren marxandizak leihoetara eta etxe atarietara ageri ziren etxekoandreei eskaintzen zietelarik. Dena saldu zutenak, otarreak hutsik kaiondoko tabernetan ikus zitezkeen zintzur marrantatu arno gorriz eta agardentaz bustitzen, algara handiak sortzen eta azken agurrak ematen partitzean ari ziren marinelei.

Euskaldunok ez dugu gure memoria subjektu historiko gisa kontatzeko aukerarik izan, eta are aukera gutxiago euskal emakumeok. Horrek ez du ordea kontakizunik ez dagoenik esan nahi, asko izan baitira emakumeek izan zuten paperaz ikertu duten historialariak

Huxleyk aipatzen zuen “egunerokotasunaren epopeia” horretan euskal jendarte guztiak parte hartu zuela, eta noski, baita inoiz kontatzen ez den jendartearen erdiak ere, emakumeek hain zuzen. Historia kontatzeko moduetan elipsiak leku berean kokatzen baitira etengabe, ikuspegi androzentrikoa gailenduz, emakumeak eta genero harremanak ikusezin bihurtuz. Euskaldunok ez dugu ez gure memoria subjektu historiko gisa kontatzeko aukerarik izan, eta are aukera gutxiago beraz euskal emakumeok. Horrek ez du ordea kontakizunik ez dagoenik esan nahi, asko eta asko izan baitira garai honetan emakumeek izan zuten paperaren inguruan ikertu duten historiagileak.

Sexuen araberako bestelako lan banaketa bat

XVI. mendeko merkataritzan emakumeek izan zuten paperaren inguruko artikulu batean zioen Huxleyk, adibidez, euskal emakumeek gainontzeko Europako herrietako emakumeek baino aitortza sozial gehiago izan zutela. Handira jotzeko arriskuan jausi gabe –beste batzuekiko diferentzialak markatzeko joera ere nabari baita baieztapen honetan–, Lope de Isasik 1625ean Gipuzkoako konpendio historikoan jasotako Villaviciosako Markesa izengoitiaz ezagutzen zen emakume baten kasua aipatu daiteke, zeinak zazpi nao eta ontzi eraikitzea agindu zuen, besteak beste, 1565ean bale ehizara Labradorrera abiatu zen Trinidade izenekoa, edo 1571an Ternuan bakailao arrantzan zebilen beste bat. Alargun gelditutakoan hartu zuen enpresaren ardura, baina izan ziren senarra galdu gabe ere ontziak armatu, pleitatu, hornitu eta kontramaisua aukeratzeaz arduratzen zirenak ere, Madalena Urdaide bezala.

Emakumeak ez ziren salbuespena izan portuetako eta barnealdeko jardueretan. Baina historia kontatzeko moduetan elipsiak leku berean kokatzen dira, ikuspegi androzentrikoa gailenduz.

Emakumeak ez ziren salbuespena izan portuetako eta barnealdeko jardueratan. Gabarrera gisa aritu ziren, hogei tonako ontziak sokez porturatzen; batelera gisa aritzen ziren, Erregearen Armadako edo portura iritsi berri ziren ontzietako tripulazioak lurreratzen; bakailaoa ontzietatik jaitsi eta salgaiak hondartzetan antolatu, prestatu, zaindu eta merkaturatzeko ardura zuten; hornigaiak portuetatik barrualdeko bailaretara eramaten zituzten garraiatzaileak izan ziren; mesonera edo tabernariak ere bai; liho eta kotoiaren prozesuetan ardura berezia izan zuten; bakailaoa gazitzeko erabiliko zen gatza –besteak beste, Leintz Gatzagako dorletan egindakoa– ekoizteaz arduratzen ziren; elikagaiak eta lur berrietatik zetozen produktuak hiriguneetako ferietara eramaten zituzten; marinelek hilabete luzetako bidaiatan lagun zuten biskoxa ere, bi egosialdiko ogia, emakumeek egiten zuten esklusiboki; itsasoko bidaiatan hain garrantzitsua zen sagardoaren prezioa negoziatzen zuten emakumeak ere aurki daitezke dokumentu historikoetan. Etxe, baserri eta negozioen oinordekoak ere izan ziren. Oihane Oliveri historiagilearen arabera, Gipuzkoan XVI. mendean baserrien jaraunspenen %40 emakumezkoek jasotzen zuten oinordekotza integralari esker.

Gure aitzindariei begira jartzen garenean, gizon eta emakumeak espazio ezberdinduetan irudikatzen ditugu, pribatu/publikoa, erreproduktiboa/produktiboa gisako dikotomiak definituz. Baina gure begirada modernoa ezaugarritzen duen mundu ikuskera binariotik haratago, bestelako errealitate batzuk ageri zaizkigu XVI. mende horretan genero ikuspegia kontuan hartzerakoan.

Ez da berdina subjektu historikoa Gaztelako erregeen izenean munduari bira eman zion gizon baten narrazioaren bueltan, edo komunitate oso bati bizirauteko baliabideak eman zizkion jarduera ekonomiko baten inguruan eratzea; ez eta jarduera hori epopeia epiko gisa kontatu eta logika horrek baliabideen gehiegizko ustiapenarekin izan zuen harremana saihestea ere

Dekolonialitateaz

Marc Auge antropologoak zioen bezala, historia, anitzegia, aberatsegia eta sakonegia da bertatik ihes egin duen harri batera mugatzeko. Bere hitzetan, ez dago begirada gabeko paisaiarik. Azken batean, historiara begiratzeko moduak baitaude. Eta beraz, historia horretatik edanez sortutako memoriak.

Euskal Herri itsastarraren memoria berridazten ari garen garaiotan, euskaldunena kontakizun azpiratu bat izan den heinean, diskurtso hegemonikoetatik kanpo gelditu diren gainerako zapalkuntzen elkarreragina kontuan hartzen hasteak berebiziko lehentasuna behar luke subjektu historikoa garatzera begira. Historiografia nagusiak inperioen, estatuen eta aberastasun metaketaren inguruan ardaztu dira, baina historia sozial eta kulturalak, herrienak eta herritarrenak behar lukete.

Ez baita berdina subjektu historikoa Gaztelako erregeen izenean munduari bira eman zion gizon baten narrazioaren bueltan, edo komunitate oso bati bizirauteko baliabideak eman zizkion jarduera ekonomiko baten inguruan eratzea; ez eta jarduera hau epopeia epiko gisa kontatu eta logika honek baliabideen gehiegizko ustiapenarekin izan zuen harremana saihestea ere –bale-ehiza masiboa egin baitzuten euskaldunek, aditu batzuen ustez, kasik espeziearen desagertzea ekarri zuena–. Ez baita berdina jatorriko herririk ez balego bezala genealogia europarrak gailentzen diren kontakizunak erdigunean jartzea, ez eta hauekin izandako harreman ustez onak bakarrik kontatzea –inuit-ek euskaldunak begi onez ez ikustearen arrazoietako bat, hauek lur haietan bortxatu omen zituzten emakumeekin zerikusirik izango ez balu bezala–. Eta besteak beste, ez baita berdina, historiaren erdia izandako emakumeak elipsira kondenatzen dituen narratibak sortu edo modu inklusiboan barnebilduko dituen memoria kritiko bat sortzea. Ez da berdina.

Zein kontakizun aukeratzen da herri baten geneaologia idazteko? Ternua iparraldeko eta Labrador hegoaldeko museo garrantzitsuenek vikingoen eta euskal baleazaleen historia kontatzen dute, ez ordea jatorrizko herriena. (arg: Latonia Hartery)

Iraganaz diharduten adituek ez baitute herri bat edo denbora bat aztertzen, horien baitan egiten dute. Ondare kulturalari ikuspegi elitista, mendebalzentrista eta maskulino batetik begiratu zaio, besteak beste, eta oraindik orain, memoria koordenada horietan aztertzen eta errepresentatzen jarraitzen dugu. Historian zehar gizon txuri aberastuen nagusitasuna iraunarazten eta islatzen duen antolaketa eredua izan da kontakizun ororen ardatza.

Iraganeko aitzindarien erruak gure gain hartu gabe beharbada, baina ardura handiz heldu beharko genioke subjektu historiko gisa definitzen ari garen kontakizunari. Kolonialismoak eraldatzen joan diren arren, kolonitateak bere horretan jarraitzen baitu, gure pentsamendu eskemak, gizarteak, subjektuak eta ezagutzen arteko ezberdintasunak legitimatzen dituen ekintza marko gisa. Ariketa dekolonial horretatik, ahanzturak eta ahaztuak erdigunera ekarri eta azpiratuon ikuspegiak elkar josteko saiakerak, gure memoria historikoa berreskuratzerako orduan oinarrizkoa behar luke. Iraganera begiratzea interesgarria baita, baina gaur egungo erronkak ulertzeko baliatu eta etorkizunera proiektatu nahi dugun memoria harilkatzeko ariketa gisa batez ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2018
Pobrezia 'trendy' bihurtu nahian

Zu zer zara, langile klasekoa? Prekarioa? Klase ertainekoa? Ertain-baxukoa agian? Gure baliabide ekonomikoak mailakatzeko erabiltzen diren kontzeptu horiek hedabide nagusietan agertzen dira oraindik tarteka, baina azken boladan sailkapen horien gainetik beste fenomeno batzuk... [+]


AHT: Amaiera gabeko trenbidea

Agintariek herritarrei “etorkizunaren” izenean hitz emandako Abiadura Handiko Trenbide sarearen hiru laurden amaitu gabe dago, lehen proiektuak hasi eta ia hiru hamarkada ondoren. Oraindik urteak beharko dituzte zati gehienak amaitzeko eta batzuk seguruenik ez dira... [+]


Langile borroka
Erresistentzia kutxan (derrigor) sartu beharreko bost gauza

Diru-ekarpenez, funtsez eta sosez harago, beste oinarrizko osagai batzuk ere behar dira sartu zorroan, greba baten bidaia luzerako prestatzeko.


Zer egingo dugu erasotzailearekin?

Eman dezagun zigor sistema ez zaigula baliagarria iruditzen, kartzelarik ez dugula nahi. Orduan, zein da alternatiba? Zer egingo dugu eraso matxista egin duen horrekin? Mugimendu feministek askoz gehiago landu dute erasoa jasan duenaren gaia, erasotzaileaz gutxiago gogoetatu da... [+]


Eguneraketa berriak daude