Historiarik ez duen denborari begira

  • Bertaratutako euskaldunek Gran Bahia deitu zioten duela mende asko Ternua eta Labrador kasik bateratzen diren Belle Isleko itsasarteari. Arrantzaleek ustezko badia erraldoiaren sarrerako penintsula eta irla-artean ezarri zituzten baleak ehizatu eta euren olioa ateratzeko denboraldiko herrixkak. Hilabeteak ematen zituzten bertan, ontziak ahalik eta olio gehienarekin bete eta Euskal Herrira buelta egin aurretik. Red Bay dugu gurean porturik ezagunena, baina Chateau Bayen ere topatu dira euskaldunen arrastoak.


2017ko uztailaren 07an - 16:10

Xateo

Itsasontziz bakarrik hel daitekeen Labradorreko penintsulako badia honek, gaztelua du ikur. Lanbro etengabeak ezkutatzen duen basaltozko mendi ederrak ematen dio izena inguru osoari, bata bestearen aldamenean organo erraldoi baten gisan lotzen diren zutabe pentagonalek, izaera fantasmagorikoa ematen diotelarik. Hala ere, ez da zaila imajinatzen Europatik zetozen marinelentzat zergatik izan zen hau erreferentziazko gunea; itsasertzera iritsita ikusten zen lehen mendi esanguratsua behar zuen izan harritzar eta atalaia honek.

Euskarazko liburu zaharrenetakoa den Libvrv hau da Ixasoco Nabigacionecoa itsasoan ibiltzeko gidan, Bordelen 1677an argitaratua, lur berriak nola bilatu azaltzen da. Bertan nabigazioko arauak eta bideak deskribatu zituen Piarres Etxeberrik eta bereziki interesgarria da mapa gaineko ariketak barik, inguruaren azalpenetatik ematen dituen batera edo bestera iristeko informazioak.  Kuriosoak dira itsasertzera heltzeko koordenadak.

“Iakiteko duzu, ikusten baituzu xori xuri handi batzuk, marloinak baino handiagoak eta lepo luzeak, zeiñak deitzen baituste eskaldunek gorrak; baita halaber, xori belz batzuk, zeiñek baituste xango gorriak, zeiñak deitzen baituste eskaldunek xukutun xoriak; hek ikusten ditutzunean, etzare hagits urrun izanen, eta eginen diozube zeben buruei guardia”.

Chateau Bayen ere bada xori xuri eta beltzik, akaso Etxeberrik deskribatu zituen horiek berberak. XVI. mendeko euskal baleazaleek Xateo bezala ezagutzen zuten hamarkada luzez bizitoki izan zuten kokapen lasai hau. Oñatiko dokumentuetan askotan aipatzen den lekua da, mic mac eta innuitekin tratuan egin ohi zen elkargunea. Egun estalita dauden arren, 80. hamarkadan egindako indusketetan balearen industriarako beharrezkoak ziren labeak, kupelak, aroztegia eta teila pilak topatu zituzten arkeologoek bertan. San Juan ontzia urperatuta dagoen Red Bayen bezala, badia zabal honetako ur izoztuetan ere bi euskal nao daudela baieztatu dute adituek. Gunean ikerketak aurrera eramateak dakarren kostuaren erraldoitasunak ordea, bostehun urtez hondoratutako egurrezko arrastoak bertan geldi lagatzea esan nahi du ezinbestean.

chateau indusketak 1

1989. Chateau Bayen egindako indusketen argazkiak. Bale olioa urtzeko labeak eta aroztegia. (1)

Hego-iparra  

Ipar-hegoa logikak beste zentzu bat hartzen du Iparralde handian. Gero eta gorago, orduan eta gogorragoak dira bizi baldintzak. Mendiaren magalean bada hilobi harrigarriki berriak dituen hilerri zahar bat. Hildakoen adinak salatzen du inguruaren gogortasuna.

Gaur egun eraikin gutxi batzuk besterik ez dira gelditzen gaztelu azpiko herrixkan. XX. mende hasierako biztanleen azken bizi arrastoak, denborara abandonatuak. Manu Izagirre arkeologoak jakinarazi zigun duela hiru hamarkada Red Bayen San Juan ontziaren indusketa arkeologikoak egiten aritu zirenean bazegoela oraindik jenderik bertan. Ordurako jakina zen herria hutsik geldituko zela ordea, joan den mendeko berrogeita hamargarren bueltan, Ternua eta Labrador Kanadara batzerakoan, hau bezalako 300 herri inguru birkokatu baitzituen Konfederazioko gobernuak hegoalderagoko lur populatuagoetan. Estatuak ezin zituen oinarrizko azpiegiturak hain urruneko herrietan bermatu eta berrantolaketa demografikoa bultzatu zuen.

 

Dennis Minty eta Dani Munten irudiak.

Denborari begira

Eraikinak jausita, egur xaflak ustelduta, irlatik irlara pasatzeko zubiak puskatuta… Ekain hasiera izanik, Groenlandiako glaziarretatik askatutako izebergak ur gainean kulunkan dabiltza, korrontearen indarrak eroan zain, banaka zein multzoka. Behe lainoa momentuka agertu eta desagertzen da. Itsasoa zakar eta aldakor dago. Haize fina ipar ekialdetik dator. Duela hamarkadak eta mendeak bezala agian?

Hondatutako eta hondoratutako mundu hauen aurrean, Marc Augé antropologoaren El tiempo en ruinas liburuko ideiak estimulagarriak iruditu izan zaizkit beti. Augék dio aurriei begiratzea ez dela historian zehar bidaia bat egitea, denboraren esperientzia bizitzea baizik, denbora purua sentitzea. Ez dago begiradarik gabeko paisaiarik, paisaia horren gaineko kontzientziarik gabe. Entzulerik ezean, basoan erori den zuhaitzak soinurik ez duen bezala. Historiarik ez duen momentuaren kontzientzia besterik ez da, iraganeko mundu horiek eskaintzen duten ikuskizunari begira sentitzen den intuizio bizkor eta laburra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bale arrantzaleak
Baleen galbiderako lehen kolpea

Lekeitio eta Ondarroa, 1623ko martxoaren 11. Bi herrietako arrantzale kofradiek hitzarmena sinatu zuten biek batera harrapatutako balea elkarren artean banatzeko.


2020-05-05 | Goiena
Ternua eta euskaldunen arteko harremanak ikertu zituen Selma Huxley hil da

Euskaldunon iraganean bilatzeko artxiboz artxibo ibilitako ikerlaria zen Selma Huxley Barkham. Euskal Herria eta Kanadako itsas historiaren alorrean lan handia egindakoa. 1973ko uztailean heldu zen Oñatira, artxibo aberatsak erakarrita, eta bertan bizi izan zen 20 urtez,... [+]


Euskaldunak eta itsasoak
Ternuako itsasertzetik euskal portuetara

Gure herriaren historia eta memoria beste ikuspegi batetik landu eta garatu asmoz, itsasora begira jarri gara azken urteotan euskaldunok, historiografia handietatik haratago, bestelako iragan baten trazuak arakatuz. Berreskuratzen ari garen memoria honetan ordea, kontakizun... [+]


Eguneraketa berriak daude