Euskal baleazaleen lorratzean

  • 1615ean Islandiara balea ehizatzera joandako euskaldunak sarraskitu zituzten bertako buruzagi baten aginduz. Lau mende geroago lurralde horietan barna bidaia egin du ARGIAk. Euskal baleazaleek uharte hartan izandako presentzia garrantzitsua bertatik bertara ezagutzeaz gain, jabetu gara gertaera haiek utzitako arrastoak ez direla oraindik urtu.

Húsavík izeneko herria da gaur egun baleak ikusteko irteeren hiriburu islandiarra; euskaldunen ehizalekuetatik ekialdera dago.
Húsavík izeneko herria da gaur egun baleak ikusteko irteeren hiriburu islandiarra; euskaldunen ehizalekuetatik ekialdera dago.Haritz Rodriguez

Mendebaldeko Fiordoetako Museoan ez dago euskal baleazaleen historiaren inguruko arrastorik. Ísafjörður herriko itsas ondarearen erakustoki hau Neðstikaupstaður izeneko zonalde historikoan kokatuta dago. Bi neska gaztek egiten diote bisitariari harrera XVIII. mendeko eraikinean, eta hauek ere ez dirudi 1615. urtean handik oso gertu hil zituzten euskal baleazaleen berri dutenik. Halako batean, baina, elkarri so egin eta batak besteari galdetu dio: “Spánverjavígin? ” 

Neskatoek lotsa antzeko batez begiratu diote harrerako gizonari. 2014ko ekaina da. Ulertu dutenagatik, Euskal Herria izena duen toki batetik dator, hain zuzen ere 400 urte atzera izandako liskar baten ondorioz hil zituzten horien lurraldetik. Euskal baleazaleena islandiarrek eskolan ikasten duten gertakaria da, eta “Espainiarren hilketa” bezala ezagutzen dute. Dirudienez, iraganeko pasarte horrek nolabaiteko lotsa nazionala eragiten du, historikoki hilketa eta kriminalitate tasa oso baxua izan duen herri honetan. 

1615. urteko udan 3 itsasontzi euskaldun iritsi ziren Islandiara balea ehizatzera. Orduan ez zekiten zein izango zen euren patu krudela. Pasarte hori, ordea, euskaldunek Islandiarekin izandako harreman dokumentatuetako bat besterik ez da. Euskaldunek Islandiarekin izandako lotura Mendebaldeko Fiordoetan (Vestfirðir) gauzatu zen nagusiki. Euskal baleazaleek utzitako aztarnak Snæfellsjökull sumendi glaziarretik iparraldera daude, Jules Vernek Lurraren bihotzean barneratzeko aukeratu zuen sarbidetik harago. 

Jón Guðmundsson Jakintsuak 1625ean argitaratutako “Fjölmóður” poema autobiografikoaren arabera, 1613. urtean iritsi ziren Strandir izeneko eskualdera balea ehizarako prestatutako lehenenengo euskal itsasontziak. Haien ondotik, balea ehizatzeko itsasontzi ugari iritsi zen Strandir-era Euskal Herritik. Baina 1615ean Danimarkako Erregeak –uhartea bere erreinupean baitzegoen– Islandian balea ehizatzen ari ziren euskaldunen aurkako legeak onartu zituen, haiek negoziotik at uzteko asmoz. Euskaldunen eta islandiarren harreman komertzialetik ez zuen etekin handirik ateratzen erregeak antza, eta hori ez zuen gustuko, jakina. Lege horien arabera, euskaldunek bertako biztanleen egunerokoari kalte eginez gero, haiei jazartzeko baimena zuen edozein islandiarrek.

Euskaldunen hilketa

Errege daniarrak legea onartu eta gutxira, uda hasieran iritsi ziren inguru horietara Gipuzkoatik abiatutako 3 itsasontzi, Pedro Agirrekoak, Esteban Telleriakoak eta Martin Villafrankakoak gobernatuta. Izatez, 1615ekoa urte gogorra izan zen Islandian. Kostaldeko izotzak ez ziren urtu uda iritsi arte eta Mendebaldeko Fiordoetan gosea zen nagusi. Euskal baleazaleek islandiarrekin zuten akordioari esker, 10 bat bale ehizatu ahal izan zituzten. 

Bertako bizilagunekiko harremanak hasieran onak izan ziren arren, dirudienez giroa apur bat gaiztotu egin zen, alde bateko zein besteko batzuen jarreragatik. Irailaren 20an, abiatzekotan zirela, bat-bateko ekaitzak kolpatu eta izotzak itsasontziak harkaitzetara bultza zituen. Hiru gizon ito ziren. Beste 82 marinelek txalupak itsasoratu eta itsasontzi handiagoen bila egin zuten arraun. Bizia salbatu zuten, momentuz.

Lurreratu zirenean, euskaldunek bertako biztanleei garrantzia gutxiko zorrak galdegin zizkieten. Aste batzuk lehenago emandako balea-koipearen truke, goseteak jotako bizilagunen ardiren bat eskuratu nahi zuten. Jón Grímsson apezak muzin egin zion euskaldunen eskaerari eta Martin Villafrankakoaren gizonek astindu egin zuten. Une horretan okertu zen betiko lehenagotik ere gaiztotutako giroa. 

Ihesean Ísafjarðardjúp-era iritsi zirenean, hiru taldetan banatzea erabaki zuten euskaldunek. Pedro Agirrekoaren eta Esteban Telleriakoaren 50 marinelek negua Vatneyri-tik gertu pasa zuten. Udaberri aldera, arrantzontzi ingeles bati oldartu, bere egin eta Islandiatik ihes egitea lortu zuten azkenik. Ez dakigu Euskal Herrira iristea lortu ote zuten. 

Martin Villafrankakoaren agindupekoak, bi taldetan banatuta, bestelako zoria izan zuten. Dýrafjörður-eko fiordora begira euren txalupaz boga egindako hamalau gizonak Þingeyri herrira iritsi ziren. Bidean, bizirauteko zenbait gauza lapurtu zituzten hutsik zegoen arrantzagune daniar batean. Ihesi ari zirela bertako biztanleekin talka egin eta marinel guztiak hil zituzten. Gainontzeko 18 itsasgizonak, Martin Villafrankakoa buru zutela, Æðey izeneko uhartean geratu ziren, bertan negua pasatzeko asmoarekin. 

Apezarekin izandako gertakariaren ostean, ordea, Ögurreko Ari Magnússon buruzagiak euskal baleazaleen aurkako neurriak hartzeko batzarra deitu zuen, eta berrogeita hamar lagun bildu zituen euskaldunei oldartzeko. Urriaren 13ko gauean Villafrankakoaren eskifaiako hainbat marinel hil zituzten Æðey uhartean. Ihes egin ahal izan zutenak Sandeyrin atzeman zituzten, uharte txiki hartatik gertu, txabola batean babestuta.

Babesgabe zegoela, Magnússon-en gizonetako batek aizkoraz zauritu zuen kapitain donostiarra. Itsasora salto egin eta igerian ihes egiten saiatu zen, islandiarrei burla eta kantu eginez. “Itsas-txakurra edo amuarraia bailitzan” egiten omen zuen igeri. Izatez, inork gutxik jakingo baitzuen garai hartan Islandian igerian, itsaso hotz horietan ezinezkoa zelako. Harri batekin buruan jo zuten arte ez omen zen isildu Martin Villafrankakoa. Harrapatu, lehorrera eraman eta zintzurretik zilborrera zatitu zuten labanaz. Gainontzeko marinel euskaldunak ere laurdendu ostean, tripak harriz bete eta itsasora bota zituzten banan-bana, Islandian hain ohikoak diren amildegi zuribeltz horietako batetik. Jón Jakintsuak, bertsio ofiziala zalantzan jarriaz, idatzi zuen islandiarrek euskaldunekiko jokabide gupidagabea izan zutela.

Islandiako hainbat tokitan izan gara euskal baleazaleen lorratzari segika. Argazki galeria honetan iraganean barrena bidaiatzeko aukera izango duzu (argazkiak: Haritz Rodriguez)
 
Aztarnategiak

Strandir eskualdeak “Kostaldea” esan nahi du islandieraz eta aitzinatik izan da Islandiako Ipar-Mendebaldeko kostaldeko gune urrunenetako bat. Gaur egun, 800 lagun inguru bizi da bertan. Steingrímsfjörður fiordoan, bada Hveravík izeneko abeltegi bat. Haren oinetan dagoen Strákatangi istmoak altxor izkutu bat gorde du mendetan. Bertan dago kokatua euskal baleazaleek utzitako aztarnategi arkeologiko garrantsitsuena, Hólmavik herriaren parean, fiordoaren bestaldean.

Ragnar Edvardsson Islandiako Unibertsitateko arkeologoa da seguruenik euskaldunek Islandian utzitako lorratza gehien ikertu duen pertsona. Strákatangi-ko balea estazioa aztertu du bereziki, indusketa arkeologikoen bitartez. Ikerlariaren ustetan, jatorriz euskaldunek eraiki eta erabili bazuten ere, hainbat urtetan ehiztari nederlandarrek eta ingelesek berrerabilia izan daiteke. 

Joan den udan tour gidatuak eskaini zituen Edvardsson-ek aztarnategietan barrena. Strákatangi-koan ez ezik, handik ez oso urrun dauden Kóngsey eta Strakéy uhartetan ere topatu ditu balea estazioen arrastoak. Arkeologoaren arabera, “estazioaren tamaina kontuan hartuta, misterio bat da zergatik ez ote den garaiko inolako dokumentuetan aipatzen. Isiltasuna da nagusi. Eta hori oso arraroa da kontuan izanda industria mailako operazioa izan zela euskaldunen jarduna”. Beraz, ez da harritzekoa dokumentatu gabeko beste aztarnategi batzuk ere egotea inguruetan.

Baleazaleen ibilbidea

Pingeyri-n hiru ume ari dira portuan jolasten. Ekainean egunak amaigabeak dira, eta haurrek argi ordu guztiak probesten dituzte kalean egoteko. Itsas izarrak harrapatu nahian dabiltza, gorputzaren erdia moilan eta bestea ur gainean zintzilik dutela. Reykjavik-etik Ísafjörðurrera bidean dago herri txikia, hiriburutik 200 kilometro ingurura. Handik oso gertu igaro ziren hainbat euskaldun, orain 400 urte. 

Strandir eskualdeak aintzinatik izan du harreman estua sorginkeriarekin, eta bertako biztanleek elizaren jazarpena jasan zuten maiz. Jón Guðmundsson berak aztikeria eta siniskerien inguruko zenbait liburu idatzi zituen, eta sorginkeria leporatuta exiliora kondenatua izan zen.  Halaxe ekarri zuen gogora Islandiako Unibertsitateko historialari Einar G. Pétursson-ek, 2015eko apirilean  Islandiako Liburutegi Nazionalak gertakarien IV. mendeurrena oroitarazteko hartu zuen kongresuan. Adiskidetze ekitaldi sinbolikoa ere egin zen, XVII. mendean euskaldunen aurka onartutako legea XXI. mendean bertan behera uzteko. Hain zuzen ere, Hólmavik-eko Sorginkeria eta Aztikeria Islandiarraren Museoan izan zen ekitaldia, sarraski hartako bi aldeetako protagonisten oinordekoak han zirela.

Islandian balearen ehiza oraindik baimendua dago. Zorionez, gehiago dira egun argazki kamerekin ehizatzen direnak, arpoiekin ehizatzen direnak baino. Egunero-egunero, hainbat itsasontzi ateratzen da Húsavík-eko portutik, euskaldunen ehizalekuetatik ekialdera. 70eko hamarkadan ehizarako erabiltzen ziren itsasontzi berak baliatzen dituzte gaur turistek balea ikus dezaten. Irtenaldi horietako batzuk Robert izeneko gizon batek gidatzen ditu. 

Herri horretako Balearen Museoan gogorarazten denez, “euskaldunak izan ziren Islandiako uretan balea ehiza antolatua ezarri zuten lehenengo europarrak. Mendebaldeko Fiordoetan”. Robertek badu euskal baleazaleen istorioaren berri, baina euskaldunen erahilketa saihesten saiatzen da. Beste behin, lotsa nazional edo antzeko hori arnasten da ontzigainean. Bisita amaitutakoan, Hörður kapitainari deitu dio, bisitan euskaldun bat izan dela kontatzeko. Donostian izandakoa da Hörður eta honek ere entzun du, noski, Martin Villafrankakoari buruz. Burua errespetu keinu gisa apur bat makurtuz, gorazarre egin nahi izan dio euskaldunen nabigatzaile famari: “Itsasgizon ausartak, gero”.

Euskal baleazaleen lorratzean egindako bidaiaren azkeneko geralekua Reykjavik hiriburuan dago. Háskóli Íslands Unibertsitateko Árni Magnússon Institutuan hiru harribitxi dituzte gordeta. XVIII. mende hasieran idatzitako euskara-islandiera hiztegiak dira, euskaldunek islandiarrekin izandako harremanaren lekuko paregabeak. Hiztegi horietako batean, orrialdearen izkinan, euskaldunok bidaia honetan murgildu gaituen ugaztunaren izena dago idatzita, euskaraz eta islandieraz, betiereko omenaldi gisa:  “Balia: Hvalur”.

Eleberri edo film baterako moduko istorioa

Euskal baleazaleek Islandian jasandakoak eleberri batetik ateratako istorioa dirudi, zalantzarik gabe. Hain zuzen ere, gertakarien 400. urteurrenaren harira hainbat erreportaje, liburu eta dokumental abiatu dira, “Baskavígin” bezala berrizendatua izan den gertakariaz.

Tapio Koivukari idazleak 1615 Islandia: Gartziaren istorioa izeneko liburuan gertakarien bertsio nobelatua eskaini du finlandieraz, eta Nafarroako Ikastolen Elkarteak ingelesera eta euskarara ekarri du lana. Bertan, Gartzia Aranburu kupelgilearen ikuspegitik aurkezten dira gertakariak, fikzioa nahasiz.

Julia Montejo idazle iruindarrak, bere aldetik, gaztelaniaz idatzi du baleazaleen istorioa ardatz duen Lo que tengo que contarte (Kontatu behar dizudana) eleberria. Euskaraz ere argitaratu da 1615. urtean gertatutakoaren inguruko kontakizunik, Iñaki Petxarroman kazetariaren eskutik. Kearen Fiordoa du izenburu.

Bestalde, aurten gutxienez bi dokumental osatzeko proiektuak abiatu dira Euskal Herrian. Eñaut Tolosaren zuzendaritzapean, Gogoan ekoiztetxeak lantaldea bidali zuen Islandiara pasa den udazkenean.  Elkarrizketak eta grabazioak ez ezik, baleontzien arrastoak topatzeko urpekaritza saioak ere egin zituzten crowdfunding bidez finantzatutako Balezaleak egitasmoan.

Getxoko Old Port Films ekoiztetxea ere ari da dokumentala osatzeko aurre-ekoizpen lanetan. Aior Aspe da lanaren zuzendaria eta Baskavígin izango da filmaren izenburua. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bale arrantzaleak
Baleen galbiderako lehen kolpea

Lekeitio eta Ondarroa, 1623ko martxoaren 11. Bi herrietako arrantzale kofradiek hitzarmena sinatu zuten biek batera harrapatutako balea elkarren artean banatzeko.


2020-05-05 | Goiena
Ternua eta euskaldunen arteko harremanak ikertu zituen Selma Huxley hil da

Euskaldunon iraganean bilatzeko artxiboz artxibo ibilitako ikerlaria zen Selma Huxley Barkham. Euskal Herria eta Kanadako itsas historiaren alorrean lan handia egindakoa. 1973ko uztailean heldu zen Oñatira, artxibo aberatsak erakarrita, eta bertan bizi izan zen 20 urtez,... [+]


Euskaldunak eta itsasoak
Ternuako itsasertzetik euskal portuetara

Gure herriaren historia eta memoria beste ikuspegi batetik landu eta garatu asmoz, itsasora begira jarri gara azken urteotan euskaldunok, historiografia handietatik haratago, bestelako iragan baten trazuak arakatuz. Berreskuratzen ari garen memoria honetan ordea, kontakizun... [+]


Eguneraketa berriak daude