Hirigune Elkargoa abian da, Jean-René Etchegarayren presidentziapean

  • Hirigune Elkargoa osatu da. Frantziako Iraultza ondorengo lehen instituzio politikoa Ipar Euskal Herrian martxan dago. Jean-René Etchegaray da lehen presidentea, hautetsien gehiengoak hala erabakita.


2017ko urtarrilaren 24an - 09:07
Jean-René Etchegaray Hirigune Elkargoa osatze bidean. (Argazkia: Isabelle Miquelestorena).

231 hautetsi bildu ziren atzo Baionako fakultatean. Anfiteatroa guztiz bete zen. Hego Euskal Herriko instituzioetako ordezkaritza zabala egon zen. Alderdi abertzaleetako ordezkariez gainera, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza eta Nafarroako Gobernuko eledun María Solana, besteak beste. Iparraldeko alderdi guztietako ordezkariak ere bertan zeuden, baita Bizi, Aitzina eta Euskal Konfederazioko ordezkariak ere.

Euskal Elkargoaren presidentziarako hautagaiak hauek ziren: Baionako auzapez Jean-René Etchegaray, Gotaine-Irabarneko Bernard Lougarot auzapez zuberotarra eta Angeluko hautetsi komunista Jean-Jacques Doyhenart.

Baionako auzapeza izendatu dute presidente, 157 boz bildurik. Jean-René Etchegaray zentrista da, UDI alderdiko kidea. Gotaine-Irabarneko auzapezak 51 boz lortu zituen. Angeluko hautetsiak, berriz, 5.

Donibane Lohizuneko auzapez Peyuco Duhartek, behin behineko presidenteak, hartu zuen hitza, frantsesez, euskaraz eta gaskoiez egin zuen  agurra. Elkargoaren eskumeneko gaiak izan zituzten hizpide hautetsiek, hala nola, garapen ekonomikoa, lurralde antolaketa, ingurumena eta etxebizitza. Alta bada, hizkuntza kudeatzeko gai zaila dela ageri zen instituzioa osatzeko lehen batzarrean.

EH Baiko Iker Elizalde hautetsi hendaiarrak euskara eta frantsesa erabiltzea eskatu zuen. Bokaleko auzapez Francis Gonzalezek ezetz erran zion, “Frantzian gaude” argudiatuz. Angeluko hautetsi Guy Mondorgek gaskoiak eta euskarak leku parekidea izan behar dutela adierazi zuen. Jean Etchegarayk bi hizkuntzak erabiltzea lehenetsi zuen. Alabaina, aktak frantses hutsean jasoko direla berretsi zuen.

Euskararen gaiak zer esana eman zuen atzo Hirigune Elkargoaren funtzionamenduan, eta emanen du ere etorkizunean. Euskarari berezko trataera eman nahi dioten sektore euskaltzaleek gaiaren egoera ikusi ahal izan zuten euskal instituzioaren lehen batzarrean.

Euskararen aldeko giroa hala izanik ere, Les Républicains (LR) alderdiko eta Miarritzeko hautetsiak honela adierazi zuen: “Eztabaida politikoaren garaia joan da, lanean hasteko garaia heldu da”. Elkargo bakarraren kontrakoa eta alderdi bereko Claude Olive Angeluko auzapezak hauxe gehitu zuen: “Guztiz inplikatua naiz instituzio berri honetan”. Hala ere, berarentzat uraren eta etxebizitzaren gaia dute lehentasuna. Hendaiako auzapezak (PSko kidea), zaborren kudeaketari eman zion garrantzia gehien.

Hirigune Elkargoak badu presidentea: Jean-René Etchegaray. Instituzioa gobernatzeko moldea erabakitzeak lanak emanen ditu ordea. Gobernantza hitzarmena eta bozkatzeko modua ongi zehaztu beharko dituzte, Euskal Elkargoa behar bezalako sendotasunez abiatuko bada.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal Elkargoa
2023-11-09 | Euskal Irratiak
Europako 10 milioi euro zuzenean kudeatuko ditu Euskal Hirigune Elkargoak

Lehen aldia izanen da Europako funtsak zuzenean kudeatzen ahalko dituela Euskal Hirigune Elkargoak, Akitania Berriko eskualdearen esku hartzerik gabe. 10,8 milioi euroko diru-funtsa izanen da, 2024 eta 2027 artean baliatu beharrekoa.


2023-07-18 | Ilargi Manzanares
Ipar Euskal Herriko hondartzetako dutxak itxiko dituzte, ur kontsumoa murrizteko

Euskal Hirigune Elkargoko kontseiluak proposatutako Idorte Planaren neurrietako bat da. Neurriaren lehentasunaren eta osasun-ondorioen inguruko kezkak areagotu dira.


2023-03-21 | Euskal Irratiak
Etxebizitza eskumen handiagoa galdegin dio Elkargoak Parisi

Botere eta diru laguntza gehiago galdegin dizkio Euskal Hirigune Elkargoak Frantziako Gobernuari, lekuko etxebizitza politika azkar bat abiatzeko. Horretarako, AOH Etxebizitza Antolatzeko Autoritatea bilakatu nahi luke.


Isabelle Pargade (Euskal Hirigune Elkargoko presidenteordea)
“Nahiago nuke laborari gehiago, herritar gehiago baino, baina nola egiten da hori?”

Euskal Hirigune Elkargoan elikadura eta laborantzaren ardura du Isabelle Pargadek. Laborantza lurren desagerpenari buruz galdetu dio ARGIAk, eta lehen sektorearen funtsa guzion plateretan ageri denez, elikadura burujabetzaz hitz egiten bukatu dugu.


Etxebizitza turistikoen konpentsazio neurria indarrean jarri dute Ipar Euskal Herrian

Lapurdi kostaldeko 24 hirietan etxebizitza turistikoa alokatuz gero, jabeak ondasun bat gehiago eskaini beharko du iraupen luzeko alokairu kontratupean, hiri berean eta azalera baliokidearekin.


Eguneraketa berriak daude