ARGIA.eus

2020ko uztailaren 03a

Sentikorrak

Inma Errea @inmaerrea
2016ko abenduaren 25a

Wikipediak dioenez, sentimentalismoa mugimendu literario eta filosofiko bat izan zen –Gotthold Ephraim Lessing idazle alemaniarrak Empfindsamkeit deitua–, eta sentimentalismo erlijiosoa eta morala ere ekarri zituen berekin. XVIII. mendearen bukaeran sortu zen, mende bat lehenago abiatua zen Argien Garaiko arrazionalismoari aurka eginda.

Sentimentalismoak Erromantizismoari ireki zion atea, eta, mugimendu sentimentalistaren parte izan ziren sortzaile ugariez gain (Samuel Richardson, Sophie dela Roche, Edward Young…), haren eraginpean ere aritu ziren Jean-Jacques Rousseau eta Johann Wolfgang von Goethe.

Segur aski, sentimentalismoa beharrezkoa izan zen gehiegizko arrazionalismoari aurre egiteko, eta gogoratzeko gure emozioak eta sentipenak ere kontuan hartu behar ditugula, animalia arrazional hutsak ez garen heinean.

Baina sentimentalismoak baditu arriskuak, neurriz kanpokoa bada.

Herritarrok sentimentalismo azukretsuaren pean
biziko ez bagina, erneago ibiliko ginateke, ongintzako erakunde eta antolamenduak sobran leudeke

Mugimendu filosofiko gisara aspaldi desagertu zen arren, sentimentalismoak iraun badirauelako. Areago, sentimentalismoa, sentipenak eta emozioak pentsamendu arrazionalen gainetik jartzen dituen aldetik, nagusi da orain jendarte eta botere egitura mendebaldarretan.

Gehiegizko sentimentalismoaren isla dira telebistako iragarki hipergluzemikoak, ekimen solidario onkeriazale asko, Eguberrian bereziki, baina ez solik (eta elkartasun masifikaturako dei zuriak, non maiz ahalegin “txiki” bat eskatzen edo irakoditzen) baitigute herritarroi hala enpresa irabazi-asmodunek nola irabazi-asmorik gabeko erakundeek eta gobernuek beraiek, zertarako eta asetzeko berez herritarron zergen bidez bete beharko lituzketen beharrak (gizakien behar oinarrizkoenak, jana, aterpea, osasuna, hezkuntza eta halakoak) edo jendarte aurreratuek berezko omen dituzten beste egiteko batzuk (osasun ikerkuntza edota aberastasunen partiketa zuzen eta bidezkoa, kasu).

Giza izaeran doakigu solidarioak izatea, estu lotuta sentitzea kidekoekin eta unibertsoko izaki bizidun guztiekin. Ebidentzia horri eutsita formulatu zituen sentimentalismo filosofikoak gizakion betebehar etikoak.

Orain kapitalismoak gizakion egiazko sentipenak eta jatorrizko joerak manipulatu, eta hain zuzenak ez diren gauzak sinetsarazi nahi dizkigu, sentimenduak bezain gizatiarrak diren zentzuduntasun eta logika ororen gainetik. Herritarrok sentimentalismo azukretsuaren pean biziko ez bagina, erneago ibiliko ginateke, eta aberatsenei ez genieke utziko hain erraz ihes egiten haien irabazietatik behar dutena jendartearen beharrak asetzera bideratzeko haiek ere duten eginbeharrari. Eta sobera egongo lirateke ongintzako erakunde eta antolamenduak.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Iritzia  |  Filosofia

Iritzia kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2016ko abenduaren 25a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude