ARGIA.eus

2020ko ekainaren 05a
Asier Lafuente, Agurainen "75 ordu euskaraz"

"Bestelako elkarbizitza nahi badugu, erdaldunei funtzio bat eman behar zaie"

  • Aguraindarrek bazuten haien 15 ordu euskaraz jaia, baina aurten beste zerbait egitea pentsatu dute. Ez dute jairik egin, azaroaren 8tik 11ra, astegun buruzuriz, egunerokoan, euskaraz egiten saiatu dira. Euskaldunak aktibatu dituzte, erdaldunei egoera berrira egokitzeko azalpenak eman dizkiete, eta erdi lokartuta zegoen herriko euskalgintza piztu da. Asier Lafuente 75 ordu euskaraz ekimeneko kidea elkarrizketatu dugu.

Onintza Irureta Azkune @oirureta
2016ko abenduaren 25a
Ezkerretik eskuinera: Asier Lafuente, Ainhoa Arbaiza eta Maiteder Sasieta. Argazkia: 75 ordu euskaraz.
Ezkerretik eskuinera: Asier Lafuente, Ainhoa Arbaiza eta Maiteder Sasieta. “Hiru mezu eman nahi genituen: euskara beharrezkoa egin, euskaldunen jokaera aktiboak dira motorrak, eta beste guztiak egokituko dira. Pello Jauregiri hartutako mezuak dira. Zalantza izan daiteke ea nola egokitzen diren erdaldunak. Batzuetan erdaldunen eta euskaldunen artean amildegia dagoela pentsatzen dugu, baina hurbiletik proposatzen duzunean, hori da guk egin duguna, funtzionatzen du. Harrigarria da erdaldunen kolektiboak nola moldatu diren Agurainen”. Argazkia: 75 ordu euskaraz.

Zergatik egin duzue 75 ordu euskaraz egitasmoa?

Inertzia bat apurtzeko. Otsailaren 23an elkartu ginen, bi urtean behin jai-aldarrikapen moduko bat egiten delako Agurainen, 15 ordu euskaraz. Betiko formatuko jaia da, egun osoko egitaraua, bazkaria kalean, eta abar. Otsailean elkartu ginenean esan genuen zerbait gehiago behar genuela herrian, ondorio bat utziko zuen zerbait.

2015ean Lutxo Egiak egindako performancea aipatu genuen, baita Donostiako Egia auzoan ere egiten ari zirena. Hori proposatu genuen bilera horretan eta hurrengo bilerara proposamen zehatzagoa eraman genuen. Zalantza egiten genuen, zenbat izan gintezkeen hizkuntza jokaera harekin Agurainen hainbat egunez? Bileran hogei lagun geunden eta hasi ginen kalkulatzen: bakoitzak bost lortzen baditu ehun izan gaitezke. Konbentzimendu osoz, baina zalantza askorekin abiatu ginen.

Zein zen helburua?

Euskara beharrezkoa egitea, eta horretarako euskaldunak ahaldundu eta aktibatu behar ziren, ohitura linguistikoak aldatu. Baina ohiturak ez dira aldatzen momentu batetik bestera, horregatik sei hilabeteko epea ipini genuen, azaroan egiteko. Lau egun, asteartetik ostiralera, jai egunik ez, lortu nahi genuen esparrua egunerokoa zen.

Nahiz eta helburua ez ziren erdaldunak, Agurain herri erdalduna da eta beharrezkoa ikusten genuen herria prestatzea, erdaldunak egokitzeko egoerak lortzea. Kolektibo, establezimendu eta erakundeen bitartez lortu nahi genuen adostasun sozial hori.

Bi kanpaina egin genituen, bata, Nik 75 eta 283 konpromiso lortu genituen. Horiek lau egunetan edonon eta edonorekin euskaraz egin dute. Beste kanpaina Guk 75 izan zen. Bisitak egin genizkien erakunde, establezimendu eta kolektiboei eta konpromiso batzuk eskatu genizkien. Dendari eta tabernariei adibidez, eskatu genien elkarrizketa elebidunak izatea, eskatu genien euskaraz egiten zietenei ulertzen saiatzea, ez esatea erdarara pasatzeko. Euskararen alde egotea besteari euskaraz hitz egiteko aukera ematea da.

Mezu urratzailea dela diozu.

Gu konbentzituta gaude bestelako elkarbizitza nahi badugu Euskal Herrian erdaldunei funtzio bat eman behar zaiela eta euskararen alde egotea ez da nahikoa. Ez du balio esateak “ez dakit euskaraz eta erdaraz egitea eskatzen dizut”.

Errealitatea da kolektiboek, establezimenduek… oso ondo hartu dutela eta lortu dugula adostasun sozial bat. Hitz potolo horiek, Eusko Jaurlaritzak berak ere erabiltzen ditu, baina zertan gauzatzen da? Gure ustez horretan gauzatu behar da, erdaldunen jokaeretan, euskaraz bagoaz haiengana ez diezagutela eskatu erdarara pasatzea.

Parte-hartzaileen artean galdeketa egin duzue. Zer erantzun dute?

Kokatzeko esan dezagun Agurainek 5.000 biztanle dituela, 17 urtetik gorakoak 3.600. 17 urtetik gorako euskaldunak 800. Kanpainan euskaldun aktibo izan dira 283. Beraz, 500 inguru euskaldun pasibo ditugu herrian. 283 sinatzaileetatik 201 lagunek erantzun dute galdeketa. Lehenengo galdera zen ea normalean baino ahalegin handiagoa egin duten euskara erabiltzeko. %86k esan du baietz. Gero galdetu diegu ea herrian antzeman duten beste euskaldunen aktibazioa eta %65ak esan du baietz. Beste galdera bat zen ea non irabazi dituzten euskarazko harreman berriak. Horrela erantzun dute: dendari, tabernari edo erakundeekin %51k; ezagunekin %34k; kuadrillakoekin %22k; etxekoekin %17k; ezezagunekin %17k; lankideekin %9k; eta %19k ez du harremanik irabazi.

Nabarmentzekoa da dendari eta erakundeekin eman diren harreman berrien ehunekoa. Guk batez ere eremu horretan egin dugu lan. Ikasi duguna da antolakuntzatik arlo bat lantzen baldin bada harreman berriak sortzen direla.

Hurrengo galderan nolako ahalegina egin duten galdetu diegu. Sei hilabetez portaera berri batzuk proposatu dizkiegu eta jakin nahi genuen zeintzuk erabili dituzten. Erantzunak ikusita konturatu gara badaudela bi aktibazio maila. “Lehen hitza euskaraz” portaera %80k erabili du, baina beste portaera guztietan %20 inguruan gabiltza. Adibidez, “guztiekin euskaraz egin dut” %20; “erdaraz erantzuten bazidaten nik euskaraz jarraitzen nuen” %26; “nahiz eta euskaraz ez ulertu saiatu naiz keinu bidez adierazten” %20; “euskaraz egitea adostu dugu” %24.

Azken galderaren erantzuna guretzat pozgarria izan zen. Galdetu genien ea prest zeuden jarraitzeko portaera berriekin. %87k erantzun du baietz. Guretzat lau egunotako helburuetako bat zen, portaera berriak zabaldu ahal izateko jendea ahalduntzea, gero horri jarraipena emateko.

Egitasmoa antolatzeko talde heterogeneoa elkartu zarete.

Otsailaren 23an kolektiboetako ordezkariak etorri ziren jai bat antolatzeko asmoz. Baina bilera hartan nola beste egitasmo bat proposatu zen, norbanakoak elkartuta abiatu ginen. Agurainen Olbea euskara elkartea dago, eta nahiz eta 75 ordu euskaraz taldean horko batzuek parte hartu, ez dugu funtzionatu Olbea euskara elkarte bezala. Ekimenak herriko euskalgintza aktibatzeko balio izan du. Ez geunden oso aktibo.

Bigarren pauso bat eman behar badugu, erabaki behar dugu nola funtzionatuko dugun; Olbea bezala, horrek ekartzen duen militantziaren konpromisoarekin edo ea aurkitzen dugun halako formula bat zibismoarekin gehiago lotuta dagoena. Jendeak ez du lotu nahi bizitza osorako egitasmo batera. Harritu ginen zenbat jende hurbildu zen halako gauza bat proposatuta. Aurrera begira ere formula egokia izan daiteke: egitasmoak hasiera eta bukaera dauzka, jendea aldatzen joan daiteke.

Euskaldunei ez ezik erakunde publikoei ere dei egiten diezue.

Kontziente gara egin dugunarekin erantzukizun guztia euskaldunengan, euskaldun aktiboengan, ipini dugula. Haiei eskatu diegu urratzaileak izatea, motorra izatea, beharra sortzea. Uste dugu orain erakundeei eskatu behar diegula sortu den egoera berri horri, elkarbizitza berri horri, eustea. Giza eta ekonomia baliabideak ipini behar dituzte. Hasi gara alderdi politikoekin elkartzen, EAJrekin eta EH Bildurekin. Balorazioa transmititu nahi diegu, baliabide gehiago eta politika ausartagoak egiteko eskatu nahi diegu. Erakundeak busti behar dira.

Udala eta aldundia, haiek ere hasi behar dira pedagogia soziala egiten. Guk egin dugu, gomendioak etengabe eman ditugu euskaldunak aktibatzeko eta erdaldunak egokitu ahal izateko. Momentu honetan instituzioek ez dute egiten, pedagogia asko egiten dute beste arlotan, ekologian, generoan, kontsumoan, trafikoan, baina hizkuntza ohituretan ez. Hor ere hasi behar dute.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Egia eredua  |  Agurain

Egia eredua kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2016ko abenduaren 25a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude