“Traba nagusia ez da ikusmen arazoa, gizarteratzeko jartzen zaizkigun oztopoak baizik”

  • Mundua hautemateko moduak pertsona bakoitzaren araberakoak dira. Esparru guztietara iristeko aukera berdinak al ditugu, ordea? Ikusmenean aniztasun funtzionala duten hainbat lagunek errealitatea nola sumatzen duten kontatu digute, egunerokoan dituzten zailtasunak ardatz.

Garraio publikoari dagokionez zer hobetu asko dago oraindik. Zerbitzu ugarik ez dute soinu-sistemarik, eta daukaten horien artean ere badira gabeziak, zarata desatsegina ateratzen duten megafonoak, kasu.
Garraio publikoari dagokionez zer hobetu asko dago oraindik. Zerbitzu ugarik ez dute soinu-sistemarik, eta daukaten horien artean ere badira gabeziak, zarata desatsegina ateratzen duten megafonoak, kasu.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Itsuen edo ikusmen urritasuna duten pertsonen inklusioa sustatzen dute Gipuzkoako Begiris, Bizkaiko Aukera Berriak eta Arabako Itxaropena elkarteek.  Gasteizen, Bilbon eta Donostian batzartu dira egunotan, arazoak detektatu, informazioa bildu, eztabaidatu eta proposamenak plazaratu aldera, hirietako irisgarritasuna oinarri hartuta.

Irisgarritasuna eta enplegua

Historikoki, ikusmen disfuntzioa duen pertsona kupoi-saltzaile aritu da lanean ONCEn. %90ak hori izan du ogibide. Horretan jarduteko aukerak murrizten ari direla kontatu digute, ordea, elkarrizketatuek:  “Kupoiak beherakada jasan du eta ez dago bestelako alternatibarik”, dio Aukera Berriak elkarteko Manu Agirrek. ONCEko EAEko ordezkari Juan Carlos Anduezak jokoaren konpetentzia aipatu du aldaketen zio bezala: “Lehiakortasun handikoa eta dinamikoa da jokoaren sektorea; horregatik, gure bezeroei begira, etengabe egokitzen dugu”.

M. Agirre, Aukera Berriak:
“Kupoi salmentak beherakada jasan du eta ez dago bestelako alternatibarik”

Espainiako Estatuan 20.000 pertsona dira kupoi-saltzaile gaur egun, Anduezak adierazi digunez. Horietatik ikusmen urritasuna dutenak %7 inguru direla azaldu digu Begiris elkarteko Joxean Txintxurretak. Gaur egun beste mota bateko aniztasun funtzionala duen jendea ere lanean ari dela dio, baita elbarritasunik gabeko zenbait ere “Mugikortasuna bilatzen da, elbarritasun txikia duen pertsona mugituaren perfila. Itsuek gero eta leku txikiagoa daukagu”. Era berean, ONCEn lanean aritzeko aukera duenak, lan baldintza “kaskarretan” egin beharko duela adierazi digute: “Lan irizpideak ere aldatzen ari dira: behin behineko kontratuak, oinarrizko soldataren %70a kobratzea, produktibitateari lotutakoa...”, dio Aukera Berriak-eko Agirrek.

Bizitzaren sostengurako eta norberaren autonomiarako enplegua tresna garrantzitsua dela esan digute, gehituta Euskal Herrian lan egiteko aukera “eskasa” dagoela. “Enpleguaren sektoretik aparte geratzen garenok arazoak ditugu gizarteratze txukuna izateko”. Agirre eta Txintxurreta kupoiak saltzen ibilitakoak dira. Biak erretiratuak. Urtebeteko lanagatik urte eta erdiko kotizazioa lortu dutela kontatu digu Agirrek, Gizarte Segurantzako Araudian egondako aldaketaren harira. Horregatik erretiroa. “Lanpostuetan murrizketak egiteko trikimailu” bezala deskribatu du.

“ONCE aski ezaguna da pertsona desgaituei zuzendutako enplegua sortu eta sustatzeagatik”, esan du Anduezak. “Krisi garaian gure konpromiso sozialari aurre hartu eta pertsona desgaituentzako enpleguaren formazio eta sorkuntza egitasmoa sortu genuen”. Txintxurretak bestelakoa dio, baina: “ONCEk urte onak izan ditu, dirua mugitu du eta bide berriak bilatu eta sortzeko  aukerak eduki ditu. Krisia dela eta, ekintzak mugatu ditu eta aukerak agortu zaizkio. Hartara, egoera “ilun” batean irudikatu dute enplegua Agirre eta Txintxurretak.

Urritasun mota hau dutenak kupoiak saltzera mugatu diren arren, gaitasun gehiago dituztela gaineratu dute: “Hiruzpalau fisioterapeuta daude Gipuzkoan eta sei-zazpi Bizkaian”, azaldu digu Txintxurretak. Bestalde, telefoniarekin lotutako lanpostuak ere galdu egin dira. “Orain makinak dira lan hori egiten dutenak”, dio Agirrek.

Pertsona hauek lanean ikusi dituenak, ONCEn ikusiko zituen ziurrenik. Txintxurretaren hitzetan, horrek deskonfiantza eragiten dio langileak kontratatu nahi dituenari: “Ez gaituzte ezagutzen, ez gaituzte lanean ikusi. Lan munduan ez gara inor ONCEtik kanpora. Ezjakintasunagatik edota deskonfiantzagatik ez gaituzte nahi. Enpresa publikoek eman beharko lukete lehen pausoa, lehen arduradunak dira”.

Administrazio publikoen esku hartzea

Administrazioek, betidanik, arazo hau ONCEren esku utzi dutela adierazi dute Txintxurretak eta Agirrek, eta lanean integratu ahal izateko beharrezkoa dela haien esku-hartzea. “Herri administrazioek ez dute honi buruz azterketarik egin, ezta irtenbiderik planteatu ere. Egoerari beste modu batean heldu behar zaio, arazoa mahai gainean jarri eta ardurak hartu. Iritsi da ardura publikoa hartzeko unea”. Lehen pertsonan bizi dituzten mugak txosten batean bildu eta administrazioekin harremanetan jarri dira.

J. Txintxurreta:
“Lan munduan ez gara inor ONCEtik kanpora. Ez gaituzte ezagutzen, deskonfiantzaz hartzen gaituzte. Ezjakintasun horrek bultzatuta ez gaituzte eurenean nahi”

Pasa den ekainean Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Zerbitzu Sozialeko kontseilari Lide Amilibiarekin bildu ziren hiru elkarteetako ordezkariak. Egoera zein den ezagutarazi zioten lehenik, ez baitzuen “aski ongi” ezagutzen. “Lanbide aipatu ziguten, ezgaituentzat aukerak ematen dituztelako. Baina ez zekiten han ere gutxi direla ikusmen urritasuna dugunontzako aukerak. Batzuetan oposizioak egin ondoren esan digute lan horretarako ez dugula balio. Denak zaku berean sartzen gaituzte eta ez dakite zeintzuk diren bakoitzaren beharrak”, aipatu du Txintxurretak. Egoera aldatzeko lan egiteko “beharra” azpimarratu eta hau guztia ikusarazten eta kontzientzia pizten ari direla nabarmendu digute.

Horretarako datuak eskatu dizkiote Jaurlaritzari: Erkidegoan dagoen itsu kopurua, egin dituzten ikasketak, zein lanetan ari diren eta zein lan eskaera dagoen eta abar. “Ikuspuntu errealista batetik abiatu behar gara, zer eta nola planteatu jakin ahal izateko. Zertaz ari garen jakin behar dugu”, diosku Txintxurretak.

Gizarte aurrerakoia hankamotz

“Espazio publikoa ez dago herritar guztiontzat eskuragarri”, dio Agirrek. Hirietan aldaketak ematen dira, baina irizpide batzuk ez direla kontuan hartzen salatu dute eta horrek haien autonomia murrizten duela. Hartara, egunerokoan jasaten dituzten oztopoak bildu eta horiei aurre egiteko neurriak proposatu dituzte:

“Donostiako Egia auzoan egin berri duten autobus geltokiko diseinuan plan bat egiten aritu gara Udalarekin. Elbarritasun fisikoak kontuan hartu zituzten aurrez, baina guretzat ez zegoen orientazio seinalerik. Gauza batzuk falta arren, nahiko txukun geratuko da”, esan digu Txintxurretak.

“Bilboko zenbait autobusek megafonia erabiltzen dute informazioa helarazteko. Batzuen soinu-sistemak baldintza kaskarrean daude, zarata desatsegina ateratzen dute eta horrek jendea kontra jartzen du. Beste batzuek gutxieneko hori ere ez daukate”, dio Agirrek: “Megafonoak aktibatzeko aparailu bat behar dugu, ahaztuz gero ezin dugu erabili. Bilbokoa ez bazara, gainera, aparailurik ez duzu izango. Halaber, autobus bat baino gehiago etortzean seinalerik ez dugu jasotzen. Hainbeste muga ez dauzkaten megafoniak eskatzen ditugu”. Metroan, bestalde, tiketa hartzeko hitz egiten duen makinarik ez dago. “Behin tiketa pasata bi noranzko daude, seinalizatu gabekoak. Nahikoa litzateke braillez idatziriko karteltxo bat. Eta kalera irtetean ere arazoak. ‘Plataforma Bakarra’ izendatu duten diseinuarekin ari dira hiria berritzen. Bertan maila berean doaz oinezkoak eta automobilak. Espaloirik gabe ez dakigu zein esparrutan gauden eta segurtasuna galtzen dugu. Semaforo batzuek soinua egiten dute, baina beste batzuek oraindik ez. Ez dakigu zeinen aurrean geratzen garen, geldi egon behar garen, pasa gaitezkeen edota semafororik dagoen ala ez”.

Kulturaz osotasunean gozatu

Kultur aretoak aipatu dituzte Gipuzkoako Begiris taldekoek. “Tabakalerako arduradunarekin ari gara lanean. Areto berria da, gurpildun aulkidunak kontuan hartu dituzte egiturak egiteko, baina gu ez”. Kultur programazioari dagokionez, eskaintzarik handiena “ikustekoa” dela nabarmendu dute, gutxi dagoela entzuteko edo ukitzeko. “Eskulturaren munduan adibidez, irudi handiak paratzen badira, nolakoak diren ere ezin dugu imajinatu. Azpialdean maketa txiki bat jarrita, ordea, bai”.

Kultur arloan ere zer hobetu badagoela esan digute elkarrizketatuek. Artearen esparruan, esaterako, oso lagungarria da eskulturen alboan haien maketak jartzea, bestela nolakoak diren ere imajinatzerik ez dagoelako, figura handien kasuan bereziki. Argazkian, Bilboko Guggenheim Museoaren kanpoaldean dauden eskulturen maketak. / GUGGENHEIM MUSEOA

Literatura eta hizkuntzan gozatu edo trebatzeko aukera gutxi dituztela kexatu dira, eta eskaintza berriak ezin dituztela eskuratu: “EAEn liburutegi digitala ere badago; bada, guk ezin dugu kontsultatu. Euskaraz hain garrantzitsua eta esanguratsua den ahozko literaturaz ere apenas goza dezakegun sarean”, kexu da Aukera Berriak elkarteko Agirre.

C. Andueza (ONCE):
“Teknologia berriak ez dira irisgarriak, baina abantailak ere badituzte: mugikorrarekin ONCEren liburutegira sar naiteke, ahots-sistema bidezko programak daude...”

Eta teknologia? “Aukerak ekar ditzake ongi kudeatzen bada. Baina teknologia berriak ez badira denontzako bideak, hesiak eta oztopoak eraikitzen dira, diskriminazioa eta bazterkeria”, gehitu du. ONCEko ordezkari Andueza iritzi berekoa da, alegia, gailu berriak ez direla irisgarriak. Abantailak ere aipatu ditu, ordea: “Mugikorrarekin ONCEren liburutegira sar gaitezke. Ordenagailu eta  telefono pantailak handitzen dituzten edo ahots sistema duten programez ere balia gaitezke”. Txintxurretak aplikazioen etengabeko aktualizazioa ikusten du oztopo gisa: “Gaur ikasi dugunak bihar ez du balio. Gaur irisgarria dena bihar ez da izango. Etxetresna gehienak digitalak dira orain eta maneiatzeko arazoak ditugu, lehen ez bezala. Bestalde, langileak kontratatzerakoan aitzakia gisa erabiltzen dute teknologiaren erabilera. Denontzat ona dela dirudi baina kontuz, aurrera joateaz gain, atzera ere bagoaz”.

Gaitasunak aktibatzen

Aldaketak poliki-poliki ematen direla aditzera eman duten arren, lanean jarraitzeko indarrez azaldu dira. Oinarrizko eskubideez hitz egiten ari garela adierazi dute behin eta berriz, “ez gutiziez”. Hala nola, ingurura begiratu eta gaia kontuan hartzeko deia luzatu nahi diete herritar zein administrazioei, irtenbideak planteatzen hasteko.

Garai batean hezkuntzan ere inklusioaren arazoa zegoela kontatu digute. Agirrek, esaterako, Pontevedran (Galizia) jaso behar izan zuen hezkuntza berezia. Gaur egun neska-mutikoek euren herrietan ikas dezakete. “Ahalegin hau eskolatik kanpo ere gauza dadin baliabideak bilatu behar ditugu, zubia erdibidean ez uzteko”, dio Txintxurretak. “Gizartean oinarrizkoak dira pertsonak eta harremanak. Haiei gaitasunak ukatzea, garatzeko aukerak mugatzea da. Kontu larria da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
Patologia duala duten pertsonentzako eguneko zentro bat exijitu du Katearen Loturak elkarteak

Urteak daramatzate salatzen administrazio publikoak “albo batera begiratu beharrean” tratamendu “integrala” eman beharko lukeela.


Eako Udalak Arartekora jo du mediku falta salatzeko

Uda sasoian hamalau egunetan baino ez dute medikurik izan herrian, “inoiz baino jende gehiago” biltzen den egunetan, hain zuzen. Osakidetza “gainbeheran” dagoela salatu du udalak, eta herritarrak mobilizatzera deitu ditu.


Gorputz hotsak
"Pertsona asko, diagnostikorik gabe daudenez, bizitza kalitatea galtzen ari dira"

Jatorra, alaia eta positiboa da Sara Mirones (Bilbo, 1997). Pandemian mastozitosia izeneko gaixotasun arraro bat diagnostikatu zioten. Ordutik, Maratón de Lunares kanpaina abiatu du gaixotasuna ikusarazteko, gizartea kontzientziatzeko eta ikerketarako dirua biltzeko... [+]


Ikasleek alzheimerraren inguruko oinarrizko jakintzak lantzeko saioak eginen ditu Afan elkarteak

Aintzane Mariezcurrena Afan elkarteko psikologoak nabarmendu du “oso garrantzitsua” dela txikitatik alzheimerrari loturako zalantzak argitzea eta gaiaz hitz egitea, haurrek beldurrik izan ez dezaten.


2025-09-05 | Sustatu
Itzulbide jarri dute martxan Osakidetzan, euskarazko lan-hizkuntza eraginkorragoa izateko

Osakidetzak Itzulbide aurkeztu berri du. Itzultzaile neuronal bat da EAEko osasuneko profesionalentzat, euskaraz egiten diren kontsulta medikoetako informazioa gaztelaniara itzultzen duena. Euskara lan-hizkuntza eraginkorra izateko baliabide gehiago eskainiko dizkie... [+]


Gorputz hotsak
"Bizitzaren aldeko jarrerak bigarren planoan uzten du zarata"

Bertigo baten ostean, etengabeko txistu bat entzuten hasi zen Jexux Mari Irazu Muñoa (Larraul, Gipuzkoa, 1972) bertsolaria, bertso-eskolako irakaslea eta gai-jartzailea. Tinnitus edo akufeno deitzen zaie Irazuk entzuten dituen zaratei. Horrek egunerokoan daukan inpaktuaz... [+]


"Bero jasangaitza" eta "arreta urria" salatu dute Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan

Nafarroako Osasun Departamentuak iragarri du ospitaleko solairu gehienak klimatizatuko dituztela 2026 amaierarako. ARGIAk elkarrizketaturiko bi erizain laguntzaileek nabarmendu dute premiazkoa dela banako gelak, komun irisgarriak eta aire girotua izatea.


2025-08-29 | Euskal Irratiak
Maitena Chohobigarat
"Beharbada menopausia gehiago aipatu beharko genuke, aterabideak badirelako"

Baionako ospitalean unitate berritzaile bat ideki da: kardio-ginekologia unitatea, menopausian diren emazteei zuzendua. Gai hau, askotan tabu edo bazterrean utzia, osasun arazoak eragin ditzake bizitzako etapa horretan.


Denge eta chikungunya kasuak ugaritu dira Europan, klima aldaketak eraginda

Abuztuan chikungunya infekzio kasu bat atzeman dute Hendaian. Bero boladek, tenperaturaren igoerak eta eremu tropikaletara egindako bidaiek areagotu dituzte kasuak.


Inoiz izan ez zen osasun ituna: aukera galdua Osakidetzarentzat

Duela gutxi Eusko Jaurlaritzak bultzatutako "Euskadiko Osasun Ituna" izenekoaren porrota ez da anekdota politiko soil bat, ezta osasun-kudeaketan unean-uneko estropezu bat ere. EAEko osasunaren ikuspegi kolektibo, inklusibo eta benetan publiko bat galtzea politika... [+]


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Jai eredua neurodibergentziatik aztertzen

Bilboko Aste Nagusia pertsona autistentzat irisgarriagoa izateko zenbait gako dakartzate Oihan Iriarte Eletxigerrak eta Iker Boveda Martinek, euren esperientziatik.


Pazienteek 25 egun itxaron behar dituzte, batez beste, Osasun Mentaleko Zentruetan arta jasotzeko

25,6 eguneko batez besteko itxaron zerrendak daude Osakidetzako Osasun Mentaleko Zentruetan. Larrialdi kasuetan, aldiz, 24 eta 72 ordu arteko itxaronaldiak daude. 


2025-08-05 | El Salto-Hordago
Plastikoak eragindako kutsadurak 1,3 bilioi euroko osasun gastuak eragiten ditu

The Lancet aldizkariak argitaratutako ikerketa batek eman du datua eta ohartarazi du plastikoaren ekoizpenak osasunean eragina duela bere ekoizpen prozesu osoan eta gazte zein helduei eragiten diela. Gehitu du 1950tik 200 aldiz biderkatu dela plastikoen ekoizpena.


Sendabelarrak oliotan

Sendabelarra oliotan beratzeaz ariko gara baina ukendurik egin gabe. Bai, arraroa dirudi baina sendabelar freskoak oliotan beratu, iragazi eta erle argizaria ipinita ukendua egiten ikasi duenari olioarekin beste era batera lan egitea badagoela esan nahi nioke. Oleato edo olio... [+]


Eguneraketa berriak daude