Barraskiloaren abiadura ulertzeko aztarnak

  • Herri administrazioak euskalduntzeak bi gauza esan nahi ditu, bata herritarrei zerbitzua euskaraz bermatzea, eta bestea, administrazio horietan lan hizkuntza euskara izatea. Bi alorretan dago bide luzea egiteko. Euskalduntzea bideratzeko neurriak hartuta daude, Eusko Jaurlaritzaren ustez egokiak dira, euskalgintzak berriz dio motelegi goazela. Abiadura apala izatea eragiten duten hainbat gako aztertu ditugu erreportaje honetan. Eusko Jaurlaritzak duela hilabete batzuk aurkeztu duen hizkuntza eskakizunen asignazio sistema berrikusteko proposamena ere azalduko dugu.

Argazkia 2015ekoa da, Eusko Jaurlaritzak Osakidetzarako deitutako 
lan eskaintza publikoko azterketa egunekoa. Argazkia: Luis Jauregialtzo / Argazki Press
Argazkia 2015ekoa da, Eusko Jaurlaritzak Osakidetzarako deitutako lan eskaintza publikoko azterketa egunekoa. Argazkia: Luis Jauregialtzo / Argazki Press

“Noiz euskaldunduko da administrazioa?”, galdetu zuen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Euskal Herriko hiru administrazioetako hizkuntza politikak aztertu zituen 2010eko txostenean. “Noiz?” galdetzen zuen, helmuga orokorrik ez dagoelako zehaztuta, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) ez duelako ezarrita noraino heldu nahi duen euskalduntzean.

Bost urteko plangintzaldiak egiten dira, 2017 amaitu arte izango dena bosgarrena da. Plangintzaldiaren erdibidean eta amaieran, ezarritako helburuak zein neurritan bete diren ebaluatzen da. Euskalgintzako hainbat sektorek behin baino gehiagotan adierazi du hori ez dela administrazioaren euskalduntzea neurtzeko bidea, ez duela balio, helmuga nagusirik jarri gabe, tartekako ebaluaketetan gelditzeak. Ebaluaketa horien arabera, emaitzak beti dira positiboak, beti da administrazioa aurreko bizpahiru urteetan baino euskaldunagoa, euskalduntzeko tarte handia du. HPSk dio progresibotasunez euskaldundu behar dela herri administrazioa, haren erritmoa motelegia dela diotenek ez dute ukatzen pausoka-pausoka joatea, baina ez dute uste zentzurik duenik helmuga non dagoen ez jakiteak. Orain goazen erritmoan, EAEko herritar guztiei zerbitzua euskaraz eskaintzea lortu ahal izateko ehun bat urte beharko lirateke.

Administrazioa euskalduntzea eragozten duten zortzi gako

Gehiago ere badira, jakina, ezin da halako prozesu konplexua zortzi argazkitan laburtu. Ondoko lerroetan bildu ditugunek administrazioa euskalduntzeko oinarri nagusietakoa den hizkuntza eskakizunen asignazio sistemarekin eta derrigorrezko datarekin dute zerikusia. Derrigorrezko datak adierazten du halako lanpostuk hizkuntza eskakizuna noizko egiaztatu behar duen, beti ez baita derrigorra langileak lanpostua lortzerako hizkuntza eskakizuna egiaztatuta izatea, lanean ari dela egiaztatu dezake behar duen euskara maila. Euskalgintzak urte luzez mahai gainean jarri ditu sistema horri buruzko kritikak. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak horietako batzuekin bat egiten du, gero ikusiko dugun moduan. Ondoren, zortzi argazkitan, erradiografia kritikoa azalduko dugu:

Sestaoko eta Ondarroako herritarrek ez dituzte eskubide berak

Teorian bai, baina praktikan ez. Esate baterako, herri bateko eta besteko bizilagunek udalarengandik zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea daukate, baina Ondarroakoak, proportzioan, aukera gehiago ditu euskaraz artatua izateko, Sestaokoak baino. Zergatik? Bada, hizkuntza eskakizunak egiaztatu behar dituzten lanpostuen kopuruak herri horretako datu soziolinguistikoen arabera kalkulatzen direlako, alegia, euskara dakitenen kopurua gehi ia euskaldunen erdia hartzen da kontuan. Herria zenbat eta euskaldunago, administrazioan are langile gehiagori eskatuko zaie euskara mailaren bat.

Lanpostuen %44k ez dauka hizkuntza eskakizunaren beharrik

Lanpostu guztiek ezarria dute zein hizkuntza eskakizun (1, 2, 3 edo 4.a) dagokien, baina horrek ez du esan nahi denek egiaztagiria behar dutenik. Langileen %56k lanpostua lortzeko edo lanpostuan hasi eta denbora jakin batera derrigor egiaztatu behar du dagokion hizkuntza eskakizuna. Langileak hizkuntza maila lortzen ez badu litekeena da lekualdaketak edo lan aldaketak izatea, baina ez du lanpostua galduko. Egiaztagiria izatea derrigorra ez denean merezimenduzkoa da euskara jakitea.

Etxeko laguntzaileak 1. hizkuntza eskakizuna?

Lanpostuak dituen funtzio komunikatiboak eta lanpostu horretarako eskatu den euskara maila sarri ez datoz bat. Adibidez, atezainak edo etxeko laguntzaileak 1. hizkuntza eskakizuna du ezarrita. Agian, idatziz ez du maila goragokorik behar, baina jakina da hizkuntza eskakizun horrekin euskaraz hitz egiteko gaitasunik ez duela. Batzuetan lanpostuak euskara maila hobea beharko lukeela ondorioztatzen da, eta beste batzuetan maila baxuago bat nahikoa dela.

Langile euskaldunak bai, baina euskaraz ari al dira lanean?

Administrazioko langile asko lanpostua lortu eta gero euskaldundu dira. Euskaltegian orduak eta orduak eman dituzte. Administrazioak hartu du horiek euskalduntzeko lana (hori ere bada beste kritika bat: zergatik ez dira zuzenean hizkuntza eskakizuna duten langileak kontratatzen, gero euskalduntzen ibili beharrean?). Langilea euskalduna izateak ordea ez du bermatu euskaraz lan egitea. Langileok lan giro eta lan zirkuitu erdaldunak aurkitu dituzte, sarri gaztelaniaz egin dute ahoz eta idatziz. Ikasitako euskara ez dute praktikan jarri. Euskalgintzaren galdera errepikatuenetako bat da hau: Zertarako balio du langileak euskalduntzea, gaztelaniaz idatzi eta hitz egingo badute lantokian?

45 urtetik gorakoak salbuetsita daude

Adina da irizpidea. 45 urtetik gorakoek ez daukate inolako hizkuntza eskakizunik egiaztatu beharrik. 45 urte baino gehiago dituen langileak lortu duen postuak hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko data iraungita balu, langile horrek ezin izanen luke postua eskuratu. Iraungi gabe balu eta egiaztatze data bitartean 45 urte beteko balitu, salbuetsita geratuko litzateke. 23. orrialdean dagoen infografian ikusiko duzuen bezala, euskara mailaren bat egiaztatzea derrigorrezkoa duten lanpostuen %7’8, hau da, 23.439 lanpostutatik 1.718 salbuetsita daude.

Plaza duenak beste lanpostu batera alde egin badu?

Eman dezagun lanpostu batek derrigorra duela hizkuntza eskakizunen bat. Langileak egiaztatua du titulu hori. Behin-behinean ordea, lanpostua utzi  du. Bada, haren ordez etorri den langileak, ordezkoa denez, ez dauka aurreko lankidearen hizkuntza eskakizuna egiaztatu beharrik. Langileak eskubidea du lanpostua behin-behinean uzteko, baina horrela herritarraren eskubideak urra daitezke, langile berria erdalduna izan daitekeelako.

Ez da gauza bera zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza

Gauza bat da udalek, foru aldundiek, Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak... herritarrak euskaraz artatzeko gaitasuna izatea, eta beste bat, erakunde horiek guztiek etxe barruan, idatziz eta ahoz zein hizkuntzatan egiten duten lan. Zerbitzu hizkuntzan zuloak daude oraindik, eta lan hizkuntzan are zulo gehiago. Parekatzea ezinezkoa bada ere, hona adibide bat: herritarrek ahozko harremana euskaraz eskatutakoan %78,7ri hala erantzuteko gaitasuna du administrazioak. Aldiz, administrazioetako lantokietako lan bilerak hartzen baditugu kontuan, bileren %51,3 da euskaraz.

Eta ordezkari politikoek ez badakite euskaraz?

Ez baitute derrigorrez euskara jakin behar ordezkari politikoek. Borondatearen araberakoa da hizkuntzarena. Haiek harreman zuzenak dituzte herri administrazioekin, ahozkoak eta idatzizkoak. Euskaraz ez badakite, hizkuntza horretan harremanak asko zailtzen dira. ARGIAn ordezkari politikoen hizkuntza gaitasunez argitaratu genuen artikuluan (2.485. zbk. 2015-11-29), 2012tik 2016ra arteko Legebiltzarreko ordezkarien hizkuntza gaitasunaz hitz egin genuen. 75 legebiltzarkideetatik 25ek ez zekiten euskaraz eta 11k erdizka.

Zer proposatu du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak?

Hizkuntza eskakizunen esleipenerako irizpideak bateratzeko eta baloratzeko proposamena egin du HPSk eta 2017an luzatuko da gaiari buruzko gogoeta HAKOBAn (Eusko Jaurlaritza, hiru foru aldundiak, hiru hiriburuetako udalak, EUDEL eta UEMA). Zer esan nahi du horrek? HPSk dio lanpostuaren eta ezarritako hizkuntza mailaren artean disfuntzioak edo inkoherentziak sortu direla urteen poderioz. Funtzio komunikatibo bertsuko lanpostuetan hizkuntza eskakizun desberdinak aurki daitezke gaur egun. Patxi Baztarrika HPSko orain arteko sailburuordeak emandako pare bat adibide erabiliko ditugu egoera hobeto ulertzeko: unibertsitate irakaslea eta administrari laguntzailea, biak, 3. hizkuntza eskakizunarekin aurki daitezke edo lanpostu berean hiru hizkuntza eskakizun (lanpostuaren eta hizkuntza eskakizunaren arteko lotura administrazioak berak egiten du. Alegia, udal batek lanpostu bati hizkuntza eskakizun bat ezar diezaioke eta alboko udalak lanpostu berari beste bat).

Esleipenak berrantolatzeko herri administrazioetako lanpostuak 42 multzotan bildu dituzte, haien funtzio komunikatibo nagusien arabera (hamaika administrazio aztertu dituzte, besteak beste, EAEko administrazio orokorra, udalak, foru aldundiak, EHU, eusko legebiltzarra eta Arartekoa). Funtzio komunikatibo horiek oinarrian hartuta proposamen bat egin du HPSk. Proposamen horren arabera, administrazioko lanpostu bat betetzeko edo lanpostu horretan jarduteko eskatzen den gutxieneko euskara gaitasuna izango da lanpostu horretarako eskatzen den formazio akademikoa euskaraz osorik edo zati handienean egiteagatik aitortzen den euskara gaitasun bera. Beste modu batez esanda, Zuzenbidea euskaraz ikasi duen herritarrari C1 (3. HE) maila aitortzen bazaio, administrazioan C1 eskatuko litzaioke. Irizpide nagusia litzateke, zeren lanpostuaren funtzio komunikatiboen arabera 4. hizkuntza eskakizuna ere eska dakioke, adibidez, langile hori epaitegietako auzibideetako abokatua bada, trebetasun handiagoa beharko bailuke ahoz eta idatziz.

Goragoko titulua baino, praktika gehiago

Eragozpenen zerrendan aipatu dugu, sarri esan dela euskara titulua duenak lanpostuan euskara erabiltzeko gaitasunik duenik ez duela esan nahi, are gutxiago lantokian trebatzeko aukerarik ez badu, lanean gaztelaniaz egiten delako. HPSren proposamenean aitortzen da lanean euskaraz aritzeko gaitasuna beti ez dela konpontzen hizkuntza eskakizun altuagoa eskatuta. Hots, 3.aren ordez 4.a eskatzea ez da beti irtenbidea. Zein da beraz HPSren proposamena? Bada, hizkuntza prestakuntzan eragitea, alegia, langileak haien zereginetarako bereziki prestatzea. HPSren ustez, hizkuntza erabiliz ikasten da eta trebatzen da.

Atezainak zenbat euskara jakin behar du idatziz, eta zenbat ahoz?

Eta aguazilak, begiraleak, etxeko laguntzaileak? HPSk egiten duen hausnarketaren arabera, aukera bat izan daiteke lanpostu batzuetarako hizkuntza eskakizun bateko trebetasun batzuk (irakurmena, idazmena, entzumena eta mintzamena dira lau trebetasunak) eta beste hizkuntza eskakizun bateko trebetasunak eskatzea. Dantza irakaslearen adibidea jartzen du. Agian, ahoz 3. HE behar du eta idatziz nahikoa du 2. HE. Atezainari berriz, beharbada, 2. HE eskatu behar zaio mintzamenean eta idazmenean nahikoa du 1. HE.

Eztabaidarako proposamena mahai gainean du Eusko Jaurlaritzak. Hizkuntza eskakizunen asignaziorako irizpideak baloratzea, bateratzea eta finkatzea da helburua. Asignazio sistema administrazioa euskalduntzeko oinarri garrantzitsuenetakotzat du HPSk. Alabaina, berrikusketa prozesu horretan ez dira hausnartuko erreportaje honetan aipatu diren beste hainbat alor, hala nola, ea derrigor hizkuntza eskakizuna behar duten lanpostu kopurua gehitu behar den ala ez, alegia, indize soziolinguistikoen araberako hizkuntza eskakizun egiaztatze kopuruak aldatuko diren ala ez. Eta ez da hitz egingo hizkuntza eskakizuna lortzeaz salbuetsita dauden 45 urtetik gorakoez, edo salbuespenik gabe inolako euskara egiaztagiriren beharrik ez duten ordezkari politikoez.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza politika
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Hamabi hizkuntzatan banatuko du UEMAK Korrikari buruzko informazioa

23. Korrikaren atarian, udalerri euskaldunetako bizilagun guztiek Korrikaren berri izatea garrantzitsua dela iritzita, diptikoa banatuko du UEMAk hamaika hizkuntzatara itzulita.


2024-03-04 | ARGIA
Udalekuak egingo ditu UEMAk euskaraz bizi diren gazteentzako

Beste urte batez, uda garairako, Salto! udaleku ibiltariak antolatu ditu UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dira aisialdiaz gozatzeko. UEMAren helburua da “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu... [+]


Euskara Ipar Euskal Herrian
Azken sokatirak, hizkuntza politika eraginkor baten alde

2024 urte hastapenean adostuko du ondoko urteetarako hizkuntza politika Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta EEPk 2050ari begira egindako aurreikuspenak esku artean, alarma gorria pizturik du euskalgintza sozialak: ezin da orain... [+]


Azkoitiko Udala UEMAko kide izango da

EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko bozkekin hartu dute erabakia. Udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamaseiren aldeko botoa jaso du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera (UEMA) sartzeko eskaerak.


Eguneraketa berriak daude