'Matthew' urakanak ez, beste norbaitek hil ditu 900 herritar Haitin

  • Matthew urakanak Haiti jo zuen urriaren 4an, Ameriketako herrialderik txiroenaren mendebaldean sekulako txikizioak eraginez. Hilabete geroago, ia 900 hildako zeuden kontabilizatuta, eta kolera izurritea zabaltzen ari zen hiri eta baserrietan barrena. Hondamendi naturala aipatu den arren, Haitiko ezbehar berri hau da ehunka urteko desastre politiko, ekologiko eta sozialek eragin eta larriagotutako katastrofea.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2016ko azaroaren 13a
Hector Retamalen argazkian, emakumea Matthew urakanak birrindu arte bere etxe izandakoaren atarian, Grand’Anseko hiriburu Jeremien. Ondo begiratuz gero, matxarro gainean ur pittin bat berotzen ari da bi egur muturren sutan. Haitiko hamar biztanletik zortzi txirotasunean bizi da, gutxieneko legezko soldata egunean 4,5 dolarrekoa da. Egoera ez dute nazioarteko laguntza programek konpondu: gehienak GKEk kudeatzen dituzte Haitiko gobernuaren kontrolik gabe eta gehiago balio dute AEBetako nekazaritza industrialaren soberakinak ekartzeko bertako produkzioa sustatzeko baino

2007an bereak eta bi egin zituen Felix urakanaz geroztik Matthew izan da Karibea astindu duen 5. mailako lehenbiziko zikloi tropikala. Kolonbian hildako bat utzi du, 4 Errepublika dominikarrean, 49 AEBetan... bakar bat ere ez mota guztietako krisiei aurre egiten eredugarri den Kuban. Haitin hildakoen kopurua ia 900era iritsia zen azaroaren hasieran, baina zenbait adituk 1.500 edo gehiago izan direla uste du. Estatistiketarako betarik ez dauka Ameriketako herrialderik txiroenean munduko gizarterik zanpatuenetakoa kudeatzen duen sasi-estatuak.

Haiti ekaitz erraldoiak harrapatu du oraindik burua jaso ezinik zebilenean 2010eko lurrikaratik. Urtarrilaren 24 hartan Richter eskalako 7. mailako astinduak sekulako triskantza eragin zuen, iturri batzuen arabera 100.000 eta 160.000 artean hildako, Port-au-Princeko gobernuaren kopuruetan 300.000tik gora hamar milioi eta erdiko populazio batean. Hondamendi bakoitza da Apokalipsia hemen.

“Baina gertatua ez da naturala izan”, idatzi du Laura Wagner antropologo iparramerikarrak. “Hemen hondamendien sustraiak daude faktore sozioekonomikoetan eta bortizkerian [‘slow violence’], hondamendien kalteak izugarri nozitzen dituzte hirietako txabolategi mukuru betetako zein urrun bakartutako herrixketako jende txiro baztertuek. Matthew urakana bezala 2010eko lurrikara dira Laurent Dubois historialari haitiarrak aftershocks of history deitzen dituenak, mendeetako  gertakizun politiko, ekologiko eta sozialek eragindako oihartzunak”.

Wagnerrek antropologiako tesia Haitin egin zuen, 2010eko lurrikararen eraginetan ikertuz. Orduan hiriburua eta inguruak birrindu zituen katastrofeak, izuak eta goseak eraginda milaka haitiar eramanaz Tiburon lur muturrera eta bereziki Grand’Anse eskualde naturaz aberatsera. Oraingoan alderantziz gertatu da eta gaur Port-au-Princera ikasketetara edo lan bila joandako herritarrak dira Grand’Anseko familien berririk gabe geratu direnak.

Askorik aipatzen ez den arren, Haitiren antolaketa hiper-zentralizatuak areagotzen ditu kalteak. Lurrikarak txirtxilatu zuen hiru milioi biztanletik gora –herrialdearen herena– bidonville txabolategietan pilatzen dituen hiriburua. Orain urakanaren azioak are gaiztoago gertatu dira mendebaldeko sarrera-irteerak arras kaxkarrak direlako. Argindarrik gabe, uholdeek zubiak eramanik, kaltetutako populazioak isolaturik geratu dira aste luzez.

XVIII. mendean Frantziak munduko nekazaritza instalazio emankorrena bihurtu zuen Haiti, milaka jenderen esklabotzan oinarrituta. Haiek ezarritako eredu zentralista, hiritarrak eta baserritar morroiak erabat bereizten zituena, gaurdaino heldu da, administratzaile bakoitzak –AEB okupatzaileek 1915-1931 epean, Duvalier diktadore neokolonialek geroztik...– okerragotu du lurraldearen antolaketa buru gabea. Matthewk milaka herritar gehiago eramango ditu bortxaz Port-au-Princera, han direlako nazioarteko indarrek eta GKEk banatzen dituzten laguntza gehienak.

Lagun batek idatzi dio Wagnerri Haititik esanez irratian norbaiti entzun diola ekaitz hau gaiztoagoa izan dela duela sei urteko terremotoa baino. “Harritu ninduen, ezin baitira alderatu orduko eta oraingo biktimen kopuruak. Gero ohartu naiz, ordea, nazio osoa elikatzen duen mendebaldea birrindu duela Matthewk, zuhaitz bakar bat ez duela zutik utzi, soroetako uzta guztiak desegin dituela, eta agian arrazoi zuela”.

Bakegileak eta gosetearen industria

Urriak aurrera egin ahala, Haitik hedabide nagusietara iritsitako irudiak aberastuz joan dira, alde batetik laguntzaz betetako hegazkinak iristen mundu osotik, bestetik kolera izurriteak hildakoen lehenbiziko albisteak.

Baina kasu kolerarekin, dio Wagnerrek. “Ez duzu pentsatu behar hondamendiak automatikoki dakarrela kolera. Izurriterik ezin da gertatu koleraren bakteriorik ez den lekuan, denik eta txiroena izanda ere, eta Haitik ez zuen kolerarik Nazio Batuen Erakundeak bake misioz bidalitako militarrek zabaldu zuten arte 2010ean”.  Hilabete gutxitan 9.000 jende hil eta milioi erdi gehiago gaixotu ziren, ustez haitiarrei laguntzera NBEaren MINUSTAH operatiboan iritsitako militar nepaldarrek sarturik.

Fabrizio Lorusso kazetariak, “Haiti, gosetearen industria” liburuaren egileak, La Jornada egunkari mexikarrean geopolitikan eta historian kokatu ditu herrialde honen malurrak: “El vudú neocolonial contra Haití”. Munduko lehen errepublika beltz eta esklabotzarik gabekoa izana baita Haiti, 1804an Napoleon Bonaparteren Frantziari independentzia irabazita.

Geroztik potentzia handiek sistematikoki ebaki dizkiote hegalak. Frantziak 1825ean kolonoek bertan utzitako ondasun eta esklaboen kalte-ordaintzat 150 milioi franko urrezko pagatzea eskatu zion Haitiri eta beste potentzia handiekin batera blokeoa ezarri. Pagakizunek 125 urte iraun zuten. Tartean, 1914an AEBetako soldaduek inbaditu zuten Haiti, gerra mundialaren aitzakian; bertan geratuko ziren 1935a arte.

1950eko hamarkadan hasi zen Duvaliertarren agintea, François Papa Doc lehenbizi, haren seme Jean-Claude Bébé Doc gero 1986 arte. Terrorezko istoriorik nahi duenak, aski du haien borrero eskuadrak ziren Tonton Macouteen balentriak irakurtzea. Duvalier Parisen hil zen bake ederrean 2011n. Aldiz, herritarren botoz hautatutako Jean-Bertrand Aristide teologo ezkertiarra bi aldiz kendu zuten militarrek bortxaz, 1991n eta 2004an. Bigarrenean bidali zituen Nazio Batuen Erakundeak tropa bakegileak, eskuinak agintea benetan galtzen duen aldi oro ongi antolatu ohi duen kaosa harturik estakuru.

“Haitiren zorigaitza askoz gehiago dago lotua geopolitika eta ekonomiarekin, naturaren apetekin baino”, idatzi du Lorussok. 2010ean Bill Clintonek publikoki eskatu zuen barkamena bera agintean egondako urteetan Haiti derrigortu zuelako AEBei arroza erostera. AEBek diruz lagunduta bere nekazaritza industriala babesten zuen bitartean, baserritar haitiar asko hondoratu eta txabolategietara emigratzera behartu zituen. Baina Clintonen hitzek ez dute aparteko aldaketarik ekarri; aldiz, haitiarrek beren elikatzeko moduak aldatu dituzte bortxaz.

Herrialdea konponbiderik gabeko txirotasunean hondoratuta, 10.000 GKEk kudeatzen dituzte nazioarteko laguntza humanitarioak. Laura Wagner, hondamendietako antropologoa: “AEBetako eta Frantziako leku asko aberats eta indartsuak dira Haiti bezalako beste asko txiro eta ahulak direlako. Gu hemen gaude haiek han daudelako”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Neokolonialismoa  |  Hondamendiak

Neokolonialismoa kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude