NATOko militarrak Errusiaren atarian berotze ariketak egiten

  • Varsovian biltzar nagusia burutzeko bezperan, NATOko militarrek herrialde baltikoetan egin dituzte azken 25 urteotako maniobrarik handienak, Anakonda 16 izenekoak, Errusiako armadaren balizko inbasioari aurre egitea irudikatuz. Vladimir Putinek haserre protestatu du, Errusiari pixkanaka zintzurra estutu nahi diotelakoan. NATOko biltzarraren azken deklarazioari ere Gerra Hotzaren kutsua dario.

Marem Dembskik Wprost webgunerako egindako argazkian, NATOko tropak Polonian eta herrialde baltikoetan egindako ‘Anakonda 16’ maniobretan: zubia osatu dute bandera alemanak daramatzaten blindatu anfibioz. Putinek ariketa militarrok alderatu ditu justu due
Marem Dembskik Wprost webgunerako egindako argazkian, NATOko tropak Polonian eta herrialde baltikoetan egindako ‘Anakonda 16’ maniobretan: zubia osatu dute bandera alemanak daramatzaten blindatu anfibioz. Putinek ariketa militarrok alderatu ditu justu duela 75 urte alemanek Sobiet Batasuna inbaditzeko antolatu zuten Barbarrosa operazioarekin. Alex Grouxko Errusiaren Bruselako enbaxadoreak esana omen da NATOren ekialderako zabaltzeak errusiarrei eragin diela “frontean bete-betean dagoen estatuaren sindromea”.

Varsovian NATOko buruzagiek uztail hasieran egin behar zuten bilkuraren ia bezperetan, ekainean, erakundeko indar militar elitekoek Anakonda 16 maniobrak burutu dituzte Polonia iparraldean: 20 herrialdetako tropak puntako teknologiazko armaz ekipaturik, Berlingo harresia eraitsi eta Gerra Hotza ofizialki amaituz geroztik NATOk egin dituen maniobra handienean.

Polonia eta herrialde baltikoetako lurretan eraso eta kontraeraso militarrak irudikatzen aritu dira 30.000 militar, horietatik 14.000 iparramerikar, berekin zeramatzatela 200 karro blindatu, 105 hegazkin eta 12 itsasontzi, gainerako artilleria, misil eta iskilu sofistikatuez gain. Gerra Hotzaren aipamena ez da debaldekoa: maniobretan NATOko tropek Europa defenditu behar zuten “Gorrien Batasun” delako baten erasotik, zeinak edukiko baitzuen “gizontxo berdeen” laguntza; disimulu handirik gabe esanda: Sobiet Batasuna izandakoaren armada eta honen aldeko komando atzerritarrak, bertako separatisten itxurak eginez.

Hilabete beranduago, uztail hasieran,  NATOko buruak bildu dira Varsovian erakundearen biltzar nagusian. Hedabideek azpimarratu dituzte NATOk gaur darabiltzan bi lerro estrategiko nagusiak: alde batetik, sendotzea NATOko armaden presentzia Afrikako Magrebean, Europan gero eta hurbilago sumatzen den islamismoaren oldarrari hesia gogortzeko; eta bestetik, aurre egitea Errusiak ekialdean sortzen duen mehatxuari.

Varsoviako gailurraren azken deklarazioa irakurtzen duenak –NATOren webgune ofizialean dago frantsesez, ingelesez eta… errusieraz!– nabarmenduko dio Errusiarekiko Gerra Hotzaren usaina. 139 ataletatik 9.a hasten da: “Azken 80 urteotan NATO saiatu da Errusiarekiko elkarlana eraikitzen, nagusiki NATO-Errusia kontseiluaren bidez. Errusiaren azken aldiko jarduera eta politikek egonkortasunari kalte egin diote, segurtasun giroa aldatu dute. NATOk nazioarteko konpromisoak errespetatzen dituen arren, Errusiak bortxatu ditu NATO-Errusia harremanaren oinarrian dauden balioak, printzipioak eta konpromisoak”.

Le Monde Diplomatiquen armaden jarraipena egiten duen Philipe Lemayrek Defense en Ligne blogean kontatu du Varsoviako gailurraren bezpera hain maniobra handiak eginez NATOk azpimarratu nahi izan duela Errusiarekiko azken urteotan daraman politika, zeinaren defendatzaile sutsuenak baitira antzina Sobiet Batasunaren bazkide edo mendeko izandako herrialdeetako agintariak.

Georgia, Krimea eta Ukrainako gatazkek gaiztoturik Europaren ekialdeko mugetako giroa, NATOko militarren presentzia handiagotuz joan da inguruotan. Berrikitan Ashton Carter AEBetako defentsa idazkariak iragarri du lautan biderkatuko duela Pentagonoak Eki Europan gastatzen duena, 3.400 milioi dolarretara igoaz, 4.000 militarreko brigada blindatua finkatzeko.

“Neurriok –idatzi du Lemayrek– kokatu behar dira NATOren ‘disuasio eta elkarrizketa’ estrategian; aldiz, Moskuren ustez horiek bortxatzen dute 1997an NATOrekin ekialderantz zabaltzeari buruz hitzartutakoa: akordio hartan ulertutzat ematen zen NATOk ez zuela base finkorik ezarriko Errusiarekin mugakide diren herrialdeetan”.

Arma berria: “Antiaccess/area denial”

Hogei urte geroago, promesa hari iskin egin dio NATOk indar armatu berri bat sortuz: ibiltaria izango omen da ekialdeko brigada blindatu berria –beraz, ez base egonkorra– herrialde baltikoetatik hasita Polonia, Errumania eta Bulgariatik pasatuz bederatzi hilabetero. Poloniako agintarien eta eki Europako beste zenbaiten ustez, Errusiak Krimea bereganatu eta Donbassen gizon txiki berdeak sartu dituenez, NATO libre da 1997ko promesa urratzeko.

Moskuk, bere aldetik, mendebaldeko auzoen politikari erasokorra eta itxia derizkio; ez alferrik Errumaniak AEBei lekua utzi die misilen kontrako base bat eraikitzeko eta Serbiatik bereizitako Montenegro bilakatzear dago NATOren 29. bazkidea, erakunde honek Errusia bakartzeko daraman estrategian urrats berria eginez.

Egia errusiarrak ere urteotan disimulu gutxirekin aritu direla mendebaldekoak probokatzen. Haien hegazkinek Frantzia, Britainia Handia eta Norvegiako aire espazioaren mugetara hurbildu dute muturra, AEBen itsasontzi eta hegazkinen inguruetan egin maniobrak, aurretik NATOkoek egindako desafioei erantzuten zietela argudiatuta. Ezin esan nork xaxatu duen nor besteak baino gehiago.

Eta pixkanaka NATOren eta Errusiaren arteko tentsio militarra berotuz joan da. Itun atlantiarrak bere posizioak ekialdera zabaldu ahala, Moskuk modernizatu ditu Kaliningradoko misil bateriak, horietan ezartzekotan da 500 kilometro arte zama atomikoa eraman dezaketen Iskander-M misil berriak… Ororen buru, hiruz biderkatu da errusiarren aurrekontu militarra, hogei urteko berrarmatze planaren barruan.

Mendebaldetik gero eta gehiago nabarmentzen da errusiarrek taktika batean bederen hartu omen dutela aurrea. Antza denez, Sirian Baxar al Assaden gobernuari laguntzen ari zaiola, Latakia hiriaren inguruan Errusiak erakutsi du gai dela ehunka kilometroko eremuan etsaien hegazkin eta misilen lana eragozteko, S-400 eta S-500 sistemen bidez halako babes-burbuilak sortuz.

Babes-burbuilok antolatzen dituzte radar finko eta mugikor sare batez frekuentzia apaleko gortina antzekoa zabalduz, hurbiltzen den edozein arma aurrez detektatuz edo horiei aurre egiteko misilak gidatuz. Ingelesez “antiaccess/area denial” deitzen denaz Latakiaren 400 kilometroko inguruan arerioen hegazkin eta misil guztien gidatze sistemak blokatu izan dituzte, frekuentzia apaleko uhinez saturatuz ingurua.

Defentsa eta estrategia militarrei buruzko TTU Très Très Urgent buletinak esan du martxoan NATOko indarrak, eta zehazki AEBetakoak, beren lana egin ezinean aurkitu direla Sirian, errusiarrek sortutako burbuilak medio beren hegazkinek ezin zutelako ez eraso, eta ez babesik eman lurrean ari ziren aliatuei. “Gerra Hotza –dio TTUk– amaitu zenez geroztik, NATO inoiz ezin zen aurkitu antiaccess/area denial arazoen aurrean”, alegia, nonbait muturra sartu nahi eta bere komunikazioak arras blokaturik.

Orain mendebaldetik neutralizatu behar da arerioen abantaila. TTUk aipatu du, esaterako, AEBek prest dituztela errusiarren burbuila berriak zulatzeko hegazkinak, baina armak saltzen dituzten frantsesek oraindik ez. Fabrikanteak presaka armen ahalmenak hobetzeko lehian. Eta denen artean XXI. mendeko Gerra Hotza berotzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: NATO
Non dago ezker abertzalea?

Euskal Herrian eta Europan bizi den euskal herritar bat naiz.

Europako egoera geopolitikoa kontuan hartuta, nahiz eta 2014ean hasitako gatazka izan, Mendebaldeko hedabide ofizialek Ukrainako guda deitzen duten gerra 2022ko otsailean hasi zen, eta dagoeneko hirugarren urtean... [+]


NATOk dio europarrak prestatu behar direla 20 urte barru Errusiaren aurka gudara joateko

NATOko Batzorde Militarreko presidente Rob Bauerrek adierazi du gerra piztuz gero, zibil asko mobilizatzeaz gain, gobernuek “prozesua kudeatzeko sistemak” ezarri beharko lituzketela. Hurrengo 20 urteetan eman litekeen gertakaritzat jo du.


Gerra, genozidioa eta moral bikoitza

Denok genekien gezurra zela. Ukrainari emandako babesaren atzean ez zegoen arrazoi moralik, ez zegoen giza eskubiderik, nazioarteko legedia edo demokrazia defendatzeko asmorik. Urteetan Mendebaldeak beste alde batera begiratu zuen Kievek Donbasseko biztanleria bonbardatzen... [+]


1980an Italian 81 hildako eragin zituen hegazkin-istripua ez zen hala izan: Frantziaren erasoa izan zen Gaddafi hiltzeko asmoz

Giuliano Amato Italiako lehen ministro ohiak elkarrizketa batean esan du duela 23 urte Frantziak botatako misil batek eraitsi zuela hegazkina. Gaddafi ohartarazi egin zuten eta ez zen hegazkinera igo. Frantziako Gobernuaren eta NATOren isiltasuna salatu du.


Ukraina NATOra sartzeko Errusiari lurralde batzuk ematea proposatu du Aliantzako goi kargu batek

Norvegian urtero antolatzen den foro batean egin ditu adierazpenak NATOko idazkari orokorreko gabinete-buru Stian Jenssenek. Egun batzuk geroago, bere hitzartzea “akatsa” izan dela aitortu du.


Eguneraketa berriak daude