Gorputz osoz entzuna

Argazkia: Dani Blanco
TABAKO, RON TA KANELAZ

Europa bat-batean kantu inprobisatuaren nazioarteko topaketaren barruan, uztailaren 13an Tabakaleran egindako emanaldia. Partaideak:
Galestik: Karen Owen
Kubatik: Yunet López
Mallorcatik: Maria Isabel Servera
Mexikotik: Rebeca Limón
Euskal Herritik: Miren Amuriza eta Maialen Lujanbio.

Sartu orduko ohartu ginen ez genekiela zer jazoko zen iluntze hartan. Esertzeko aulki bila hasi, eta batzuk eszenategi txiki bati begira jarriak, eta beste batzuk bigarren eta hirugarren eszenategiei begira zeuden. Entzuleontzat lehen aulki-jolasa, zer eszenategiri begira jarri hautatzea izan zen, beraz. Eta lehen aldiz saio batean, beste norabide batean eseritako entzuleekin topo egiten zuten gure begiradek, parez pare. Emanaldi osoan, halako irri atseginak eta konplizitate giroa sortzeko gakoa izan zen.

Emanaldiari sarrera berezia eman zion Uxue Alberdik. Nabaritu zen lantalde batek elikatuta, Alberdik hilabetetan egindako lana: ordura arte ezezagun genituen kantu moldeak uztartzeko ariketetan, gaietan, gaiak emateko testu landuetan... Saioak oso hezurdura indartsua zuela sentitzen zen. Inprobisatzaileek momentu batzuetan andamio horretatik gora jauzi egin zutela, eta beste batzuetan erori egin zirela, baina andamio sendoak hor jarraitzen zuela, saioari eusteko berme. Jauzi ederrak gozatu bai, baina hegan egitera ez ginen iritsi. Ez dago aurrez inoren esku hori gertatzerik. Eta hala ere arrats hark merezi zuela sentituz irten ginen aretotik.

Saio hasieran etorri zitzaidan 2014ko Bertso Egunaren irudia, jaialdi handi bat (nagusiki) emakumeek osatua. Irriz pentsatu nuen “aretoa bete da entzulez berriz eta oholtzan ageri diren antolatzaileek gaur ere poz aurpegia dute...”. Tabakalerako emanaldiari eskertu nion jarri gintuela hitz-esamolde-errima-metrika-metafora parametroz kanpoko gertakizunak gorputz osoz perzibitzera, eta beraz, lepoz gaineko kritikariaren matraka isilarazi genuela apur bat gure baitan. Ulertzen ez ditugun hizkuntzetan, aurreko balio horiek denak harrapa ezinak dira. Saio hartan jada zer “demostratu” beharrik ez zegoela, hori izan zen nire sentsazioa.

Hautemandako hainbat kontu

Molde bakoitza den bezala eder, eta konparatibarik ez: Konplizitate handia sumatzen zen munduaren punta banatako artisten artean: esaterako, Miren Amurizak Huasteca herriko Rebeca Limónekin egin zuen oholtzatik oholtzarako saioan “nire burua ikusten dut 15 urterekin” bota zionean. Ispilu ziren.

Oholtza bakoitzean zeuden pare bat euskaldun, artistei belarrira itzulpenak egiten eta edozein laguntza eskaintzen. Zaintza eszenara eraman zela ikusi zen.

Plazako izaera agertu zuten seiek. Ausardia, bertigoari eustea azpimarratu daiteke Limónen kasuan. 15 urterekin eta goizeko hitzaldian aitortu zuenez, urtean oso emanaldi gutxi eginda, sentitzen genuen estrofa bakoitza osatzea ariketa itzela zuela. Ale ederrak osatu zituen hala ere, eta kantaeran, eszenan jartzeko moduan, harrigarri eutsi zien isiltasun tarte tentsoei. Adin bereko gutxi ezagutzen dira taula hori dutenak. Publikoa irabazteko kasta atera zuen Yunet Lópezek ere, gure ohitura eta protokoloen gainetik, dezima kantatzen jarraitu zuenetan. Lópezek eta Limónek usainei buruz eginiko saioa usainak adina gordeko dugu gogoan.

María Isabel Serveraren graziak ere harrapatu gintuen, nola glosak emateko modu adierazkorrean, hala ofizioka ironia handiz jolasteko moduan ere. Lujanbiorekin deman eginiko saioa izan zen une distiratsuenetako bat.

Karen Owenek poesia deklamatu zueneko hori zer izan zen? Hain moderno (musika elektronikoa hondoan entzuten zela), hain gordin... Publikook, erritmoa eramaten “laguntzeko”, hankaz lurra jotzen jarri gintuen, eta poema bukaeran esan ez zigun bada, gerrara joan eta itzuli ez ziren oinak zirela gureak?

Etxekoen lana ere gorputzetik baloratzeko, euskara ulertzen ez zuen kubatar baten iruzkinak ekarriko ditut: “Amurizak oinekin ere kantatu zuen eta!”, gorputz osoarekin sonoritate distiratsuz, egia. “Eta Lujanbiok, a zer errespetua, zer isiltasuna sortzen duen kantuan hasterako!”. Txirritari ere jarriko zion errespetua, haren bertsoetako neskazaharrak berpiztu eta hitza itzuliko liekeela bota zuen bertso biribil harekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Emakume bertsolariak
Bertso saioetan parte hartzen duten gizon eta emakumeen proportzioa parekatzen ari da

Bertsozale Elkarteak bertso plazen eta saioen inguruan txostena argitaratu du. Bertsolari emakume eta gizonen arteko desoreka eta belaunaldiartekotasuna aztertu ditu, besteak beste.


Nerea Ibarzabal
"Bertso plaza aldatu egin da azken urteetan eta arriskua ikusten nuen finala plazako iruditik urrun geratzeko"

Irundik estomagoan zuen lantza kendu zuen Baionan markinarrak, saio borobila osatuz eta lehen postua erdietsiz.


2022-06-02 | ARGIA
Señora Sariketaren finala ekainaren 4an izango da Leitzan

Ekainaren 4an jokatuko da II. Señora Sariketako finala, Leitzan. Hauek dira kantuan arituko direnak: Amaia Iturriotz, Ane Labaka, Aner Euzkitze eta Sarai Robles sailkatu dira Hendaia eta Laudioko kanporaketetatik, eta Erika Lagoma eta Uxue Fernandez dira bigarren edizioko... [+]


2022-05-24 | ARGIA
Bizkaiko bertso munduko emakumeen* lehenengo topaketa egin dute Markina-Xemeinen

Maiatzaren 22an bertso munduko eremu eta belaunaldi ezberdinetako 60 emakume* elkartu dira Markina-Xemeinen. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak antolatu du ekimena, "elkar ezagutu, saretu eta gozatzeko" asmoz.


Odei Barroso. Zalantzan ziur
"Mesede baino kalte handiagoa egin dit besteen onarpenaren arabera bizitzeak"

Bertsolaria eta raplaria da. Urruñarra da eta Baionan bizi da. 2zio rap taldeko partaide izana, ODEI bakarkako proiektuan dabil orain, buru-belarri.


Eguneraketa berriak daude