Herri Elkargoa

Sortuko ahal da!

  • Euskal Departamendua aldarrikatzetik Lurralde Kolektibitatea aldarrikatzera pasa ziren Ipar Euskal Herriko herritarrak. Ez bata ez bestea, Herri Elkargoa (HELEP) izan daiteke tokiko euskal herritarren instituzio politikoa. Lehenbiziko bi aldarrikapenak lortzea ezinezkoa iruditzen zaigu, egungo egoera soziopolitikotik begiraturik. Herri Elkargoa berriz, urrats handia izan daiteke berezko euskal instituzioa lortzeko. Tokian tokiko instituzioen arteko harremanen bidez, EAE, Nafarroa eta Iparraldea euskal lurralde bakarrean irudikatzea une historikoa litzateke. Aspaldiko ametsa.

Asier Iturralde Sarasola @aldatsa  |  Mikel Asurmendi @masurmendi
2016ko ekainaren 19a

Frantziak ez du inoiz Euskal Herria errekonozitu. Estatuaren egungo instituzioen markoa Iraultza garaian (1789-1799) sortu zen. Aldian aldiko gobernuek, ezkerrekoa izan edo zentro-eskuinekoa, beti errefusatu dute euskal instituzioa. Euskal Departamendua bi mende luzetan aldarrikatu zen, iragan mendeko erdialdeaz geroztik indartuz joan zena. Harrezkero, berezko instituzio baten aldeko ekimen ugari izan ziren. Egungo egoera politikoa 1990. urte hasieran aldatzen hasi zen. Tokiko eragile sozial, politiko eta kulturalek, beste gisa batez hasi ziren pentsatzen euskal lurraldeaz. Garapen Kontseilua 1995ean hasi zen ernatzen, gizarte zibilak bultzatua, Hautetsien Kontseiluaren begiradapean. Egungo Herri Elkargoa osatuko duten sailak orduan hasi ziren diseinatzen, baita Garapen Kontseilua lehen aldiz, Estatua-Erregioa-Departamenduaren eskutik dirua biltzen hasi ere. Lurraldea garatzeko Kontratua deitua orduan finkatu zen. Kontratua sei urterako sinatua izaten da. Hiru aldiz berritu izan da orainokoan. Kontratuaren berezitasunetako bat hauxe da: dirua ez da legez Garapen Kontseiluaren eskutik erabiltzen, aitzitik, gizarteko elkarte eta hauen eragileek beren proiektuak aurkezten dituzte eta Estatuarekin negoziatzen dira zuzenean. Pays deitu Kontratuaren izendapenean proiektu asko garatu izan dira.

Pays izendapenaren amaiera

2010ean, Nicolas Sarkozyk Frantziako Lurraldearen erreforma bultzatu zuen eta Pays izendapena amaitu zen. Pays egituraren bitartez instituziorik gabeko lurraldeek beren beharrizanak garatzeko aukera izan dute. Euskal Herria aitzindaria izan da Hexagonoan.

Garapen Kontseiluaren asmoa Euskal Herriari izaera instituzionala ematea izan da. Hautetsien Kontseiluarena aldiz, ez; ez aurrekoaren gogo berberaz, behintzat. Pays izendapena galbidean sartu zenean, Hautetsien Kontseiluko kideen artean ez zegoen kontsentsurik etorkizunari begira. Garapen Kontseilua galtzeko arriskua izan zen 2.010. urtean, gorabeherak eta tentsioak izan ziren, eta duda-muda franko gizarte zibileko eragileen artean. Gizarte zibila ordezkatzen duen Garapen Kontseilua jabetu zen berebiziko indarra biltzen zuela bere inguruan. Hartara, Garapen Kontseiluak herritarrei mezu hau helarazi zien: “Ezin dugu Pays egiturak eman duena baino gutxiago onartu”.

Garapen Kontseilua orduko lehen ministro Édouard Balladurrekin bildu zen Parisen. Garapen eta Hautetsien kontseiluko kideen aldetik (Parisko diputatuak eta senatariak barne) inoiz ezagutu gabeko ekimenak izan ziren. Jauzi kualitatiboa eman zen, jarrera politikoen aldaketa, bereziki. Euskal Herriko Hautetsi eta Garapen kontseiluak indartsu antzeman zituen Gobernuak, bere gibelean gizarte antolatua sumatu zuen. Gizarte eragileek akuilatua Garapen Kontseilua harago joateko prest agertu zen, euskal lurraldearentzat instituzioa ezartzeko eman beharreko urratsak negoziatzeko indartsu.

Indar erakustaldi gisako hark, “bake moduko bat ekarri zuen” Iparraldean. Frantziako Lurraldearen erreformaren  “erasoa” aurrean, Garapen eta Hautetsien kontseiluen arteko hurbiltze gisako bat eman zen. Eraiki zorian dagoen instituzioa osatzeko estrategiak lantzen lagundu zuten jarrera berriek.

2.010. urtean proiektuaren aldeko lanetan murgildu ziren gizarte eragileak, Gobernuak ras-le-bol moduko bat ezarri nahi zuen: “Ikuspuntu juridiko batetik ez dago instituzio berezkorik ematea”, erran zuen. Gobernuak Euskal Herria antzinako herrialdeen artean kokatu ohi du, euskal aldarrikapena Frantziako ordenamendu juridikoak eskaintzen duenaren markotik at ezarri du betidanik. Garapen eta Hautetsien kontseiluak eta gizarteko elkarteak negoziatzeko prest zeuden hala ere. Hartara, 2.011n, Estatuak berak gidaturik, eragile guztiak bildu zituen. Gizarte zibila eta hautetsiak proiektu kolektibo bat sortze bidean jarri zituen.

Lurralde Kolektibitatea

Estatuak eskainitako aukera ez zen aldarrikapenetan sartzekoa, edukietan baizik. Galdera nagusia hauxe izan zen: “Zer nahi dugu Euskal Herriarentzat?”. Eragileak zortzi gairen inguruan ados jarri ziren: ekonomia, turismoa, laborantza, kultura, hizkuntza, etxebizitza, garraioa eta mugaz gaindikoa. Arlo horiek oinarri harturik, Lurralde Kolektibitatea deitu zioten ekimen berriari. Frantziako Konstituzioan badago artikulu bat, Kolektibitate espezifikoak  sortzeko aukera ematen dituena. Adibidez, Paris hiriburua. Kolektibitate espezifikoa da, departamendu bat eta hiri bat elkargo batean biltzen dituena. Korsika da bigarrena. Hirugarrena Lyon da. Azken honek departamendua eta aglomerazioa baterazi ditu. Euskal Herriko instituzioaren aldekoek formula hori onetsi zuten. Bi hilabeteko lanetan, beldurrik sortu gabe aritu ziren, isilean. Ezkerra, eskuina eta zentroaren kontsentsua bilatu zuten, baita lortu ere. Ia aho batez, Lurralde Kolektibitateari bai eman zioten. Garapen eta Hautetsien kontseiluak, Batera plataforma, Baiona-Euskal Herriko Merkataritza eta Industria Ganbara eta gainerako eragileak batu, eta Erreforma Instituzionala ardura duen ministerioan aurkeztu zuten. 2013. urtea zen. Garapen Kontseiluak proiektua aurkeztu zion gizarte zibilari forum batean. Alabaina, Frantziako Gobernuak proiektua blokeatu zuen. Proiektuan engaiatuek diotenez, Gobernuak ez zuen Euskal Herria izena entzun nahi. Gobernuaren hitzetan, antzinako eskema eta betiko aldarrikapenak ziren. Lurralde Kolektibitatea errefusatu zuen. Alta bada, ekimena aurrekaria izan zen. Parisko Asanblea Nazionaleko –Kongresuan eta Senatuan– euskal diputatuek eta senatariak proiektuari atxikimendua eman zioten. Lehen aldiz, ordura arte zatitua zen Euskal Herria, proiektu baten inguruan batu zen.

 

Lurralde Kolektibitatearen egitasmoa bertan behera geratu zen. Anartean, gobernu aldaketa izan zen. Jean-Marc Ayrault lehen ministroak halaxe erran zuen: “Ez dago Lurralde Kolektibitaterik, baina Kontratu berri bat izenpetu daiteke”. Premisa bezala hauxe gehitu zuen Ayraultek: “Horretarako elkarrizketa politiko berri bat sortu behar da”.

Lehen ministroak berak izendatu zuen egungo Pierre-André Durand prefeta. Prefetak erran zuen “proposamenak” zituela egiteko. Urte bat joan zen, tarteko herriko bozak zirela eta. Garapen Kontseiluko kideek “zer da egungo erreforma?”, galdetu zioten prefetari. Hari entzun ondoren, lurraldeen erreforma, herrien arteko erreforma gisa ikusi zuten. HELEP delakoa zirriborratu zuten nolabait. Euskal Herriko hamar Herrien Elkargoak Elkargo bakar batean bildu litezkeela ikusi zuten. Abertzaleek ez zuten proposamena begi onez ikusi. Jende asko eszeptiko agertu zen.

2014an, Garapen Kontseiluak Durand prefetaren bisita izan zuen. Garapen Kontseiluko zuzendari lanetan ari den Philippe Arretzek erran digunez, prefetak erronka edo txantxa gisako bat egin zion Garapen Kontseiluari: “Lurralde Kolektibitatea aldarrikatu duzue, eta Estatuari betetzeko eskatu ere. Baina, gauza al zarete HELEP antolatzeko. Zuen artean moldatzeko?”. Prefetaren irribarrean kitzikatzeko gogoa ikusi zuten Garapen Kontseiluko ordezkariek. Prefetak ez zekien nonbait, Euskal Herriko gizartea mende erdi bat ari dela berezko instituzio baten alde buru-belarri, halaber, Garapen Kontseilua duela 20 urte ari dela lanean. Prefetak ez zuen pentsatzen HELEP bezalako ekimena bururaino eramateko gauza izango zirenik. Ekimena abian jartzeko bi baldintza jarri zituen, herrien eta biztanleriaren erdia baino gehiago alde egotea.  

Garapen Kontseilua ez da aski baloratua izan gizarte sektore batzuen aldetik. Herritar, elkarte eta eragile askoren ustez, Garapen Kontseiluak lan asko egiteaz gain, ikasi du elkarrekin lan egiten, eragileak eta hautetsiak elkarrekin lanean jartzen. Garapen Kontseiluaren metodoak eta bitartekoak, herritar eta erakundeen sentsibilitateak akordiora eramaten erakutsi duen ahalmena errekonozitu zaio orain.  

Garapen Kontseiluko kideak, 2015eko ekainean, HELEP abiarazteko legea bozkatzean, ez ziren guztiz ziur. “Aitzina, zergatik ez?”, pentsatu zuten. Ez zela idealena izango, baina berezko instituzioa lortzeko lehen urrats bezala baloratu zuten. Orduantxe, mundu abertzaleak ulertu zuen bazela jokatzeko partida moduko bat. Funtsean, sortuko dena instituzio politiko bat delako. Hasteko, Euskal Herriko beste instituzioekin lan egin dezakeena. Onarpen gisako bat izan zen.

Garapen Kontseiluak eragile guztiei galdeturik bozkatu zuen eta HELEPren aldeko baiezkoa nagusitu zen. Hautetsien Kontseiluan berriz, gehiengoak alde bozkatu zuen, baina ez kontsentsuz. Hautetsien artean ez da adostasunik inoiz izan. Lanean jarraitu zuten iragan urteko martxora arte; iragan udazkenean bozketa positiboa izan zen. Udaberriko bigarren bozka eman orduko, proiektua aurrera eramatea baimentzen zuen bozaldia ezagutu bitartean, Garapen Kontseiluko kideek informazio asko eta ongi funtsatua eraman zuten herriko etxeetara, hautetsiek beldurrik gabe bozka zezaten. Iazko udazkeneko aldeko jarrera berretsi da udaberri honetan.

Helegite hierarkikoa   

Durand prefetak jarri zituen baldintzak bete ondoren, hau da, herrien eta biztanleriaren gehiengoa alde daudela jakindakoan, Hautetsien Kontseiluko partaide diren 60 hautetsi inguruk helegite hierarkiko bat jarri dute HELEPren aurka. Hautetsi hauek, Euskal Kosta-Aturriko Herri Elkargokoak (Baiona, Miarritze, Angelu, Bokale eta Bidarte) eta Amikuzeko Herri Elkargokoak dira. Hala izanik ere, barnealdeko bi hautetsik (Barthelemy Aguerre eta Lucien Delgue) baino ez dute aurpegia eman.

Herri Elkargoaren desmartxa barne-barnetik segitzen dutenentzat ez da ustekaberik izan. 2015eko udatik horiek ez daude ados. Hautetsien Kontseiluan escrache moduko bat egin dute harrezkero era sofistikatuan. Gutxiengoa da, baina ahalmen handiak dituzte. Lobby modukoa da eta presio handia egiten ari dira Parisen. Euren argudioen artean, itsasalde eta barnealdeko herrien eta biztanleriaren artean desoreka dago. Zaila ikusten dute tokian tokiko enpresei ezarri behar zaien fiskaltasuna modu orekatuan ezartzea. Adituek diotenez, normalean helegite administratiboak ez du bide egiterik. Alabaina, helegiteak auzi-prozesal bidean segi dezake aurrera. Hauek lirateke auzi-prozesala abian jartzeko argudioak: “Lurraldea bi partetan banatuta dago nabarmen, hiria eta barnealdea. Itsasaldea gainpopulatua dago eta barnealdea herri txikiz populatua. Hartara, landako hautetsi kopurua handiagoa da, eta desoreka dago”.

Elkargoa osatzeko batzordea osatu da

Hautetsien Kontseiluko eta gaur egungo hamar elkargoetako kideek parte hartuko dute Herri Elkargoaren osaketan. Haatik, Euskal Kosta-Aturriko kideek lortu dute ordezkaritza zabalena izatea: Euskal Kosta-Aturriko zortzi kide, Hautetsien Kontseiluko lau, Hego-Lapurdiko lau, eta bertze zortzi herri elkargoetatik bina kide. Garapen Kontseiluko eta Auzapezen Biltzarreko presidenteek ere parte hartzen ahalko dute batzordean, baina soilik iritzi emaile gisa. Antza, Euskal Kosta-Aturrik nagusitasuna lortzea, aurka daudenak kontentatzeko moduko keinua izan da, herri kopuruaren desoreka aintzat hartzeko modua. Hedabideetan zabaldu diren berrien arabera 60 hautetsi inguru daude helegite hierarkikoaren atzean, baina ez dute beren burua ezagutzera eman. Batzordean dauden horietako batzuk izan litezke.

HELEPren aurkako helegitea jarri dutenen nahia hauxe izan daiteke: Konstituzio Kontseiluak auzibidea hartzea; honek HELEP osatzeko baliatu den legea deusezta lezake. Garapen Kontseiluan ez dute ezinezko ikusten Konstituzio Kontseiluak epaia berrikustea. Kontrakoak isilean daude, baina teman segitzen dute. Gerta daiteke.

Itxura batez, HELEPren aurkakoek ez zuten espero ekimenak gehiengoaren babesa jasotzea. Aldi berean, aldekoek ez dute aurkakoen jarreran konfiantzarik. Politikan, elkarren arteko konfrontazioetan, badaude alde bakoitzekoei eskuetatik joaten zaizkien gauzak. Helegite hierarkikoarekin hasi dena, auzi-prozesala bihurtu daiteke.

Adibidez, Angeluko Claude Olive eta Miarritzeko Michel Veunac auzapezak ez dira ofizialki kontra, eta publikoki adierazi dute ez dutela parte hartu helegitean. Aldiz, hainbaten ustez, ofizialki egon gabe, aurka ari dinenengan eragiten dute. Angeluko Guy Lafitte hautetsia, esaterako, helegitea aurkeztu dutenen artean dago. Bi auzapezen ingurukoa da. Gizarte eta elkarteetako eragileen ustez, “hiri handietako auzapezak herri txikietako hautetsiez trufatzen dira. Ofizialki ez dute aurkeztu kontrako helegitea, baina barnealdeko hautetsien bitartez egin dute”. Euren ustez, HELEP desmartxa ez da jukutria politikoetatik guztiz libre.

HELEPren aldeko abertzaleen esanetan, berau gauzatzea borondate kontua da, baina hautetsi batzuek ez dute Ipar Euskal Herria instituzio bakarrean ikusi nahi, edo ez dute behintzat harengan sinesten. Euskal Herria maite dutela diote, baina ez dute politikoki eratua ikusi nahi. Gainera, ez dute esaten argi eta garbi. Euskal Herria osotasunean ezin dute ikusi. Lurraldea ez badute bihotzean, hura politikoki osatuz gero arrotz sentituko dira. Garapen Kontseiluan lanean ari diren batzuen ahotik honelakoak ere aditu ditugu: “Hautetsi horiek beren burua Euskal Herritik at daukate. Identitate arazoa dute, edo euskal identitatearekiko errezeloa. Aiher direla esatea sobera da, baina ezin dute Euskal Instituzioa berentzat hartu”.

Herri etxeetako bozketen emaitzen mapa interaktiboa.

Mapa interaktibo eta eguneratua.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Ipar EH-ko politika

Ipar EH-ko politika kanaletik interesatuko zaizu...
2018-12-09 | Bea Salaberri
Je suis Trambus

Azaro hastapenean gertatu zen Trambusaren aurkezpen ekitaldia.

Trambusa, azal dezadan, Baiona-Miarritze-Angelu hirigunean gaindi ibiliko den autobus sofistikatua da, garraio ohiturak irauli behar dituena, errazagoa bihurtuko diguna edonora autobusez joatea, autoz baino. Kostu ikaragarrikoa da, bistan dena, eta bi urte dira jada bideen moldatzeko obrak abiatuak dituztela. Ibilgailua bera Irizar enpresak egina da, ederra, elegantea, distiratsua, erakargarria.  

Je suis Trambus. Hori... [+]


2018-11-18 | Jakes Bortairu
Euskal Elkargoko gobernantzari buruzko herritar auditoretza

Udazken honetan Batera plataforma 2017ko urtarrilean sortu zen Iparraldeko lehen erakunde publikoaren funtzionamenduaz auditoretza burutzen ari da. Urrian zehar, tokian tokiko 150 lagun bildu dira instituzio berriko bi urteko ibilbidean agertu diren elementu negatiboak zein positiboak zerrendatzeko. Bigarren fase batean entzuketak antolatuak izan dira, alde batetik jendarteko pertsona gaitu batzuen iritzia galdegiteko eta bestalde Elkargoaren ardura postuetan diren hautetsiak galdekatzeko,... [+]


2018-10-28 | Mikel Asurmendi
Txomin Poveda
"Mugimendu alternatiboek aterabide praktikoak ematen dituzte, erradikaltasuna eta pragmatismoa artikulatuz"

Urruña, 1992. Soziologia, geografia eta kultur animazio arloko ikasketak egina da.  Ipar Euskal Herriko praktika alternatiboen militantziari buruzko doktorego-tesia egiten ari da Paueko Unibertsitatean:  “Lurralde honetan landu diren gizarte praktiken bidez, XXI. mendean eraldaketa soziala gauzatzeko modua aztertzen ari naiz. Planteamendu nahiko orokorra eta aldi berean koherentea egin nahi dut, xumea egin ere ”.


2018-10-21 | Bea Salaberri
Jin-ustia-parti

Amaia buru-belarri ari da Kanboko Marieniako lurren arrazoizko erabilera gauza dadin. Laborantza lurrak eraikigarri bilakatzekotan dira eta begitan harturik dituzte showroom erraldoiak, turistentzako egoitzak eta jostalekuak eraikitzeko. Amaiak nahiago luke herritarrentzat egoitza sozialak egitea eta zenbait lur laborantzarako atxiki. Ordulariaren kontrakoa hasi du bera baino handiagoak eta zekenagoak direnen parean.

Allende Larrunen gora doa goizean goiz, kaskoa mehatxatzen duen egitasmoa... [+]


2018-09-09 | Itxaro Borda
Beatus

Irriñoa ezpainetara datorkit gure udako komentarista zenbaiten lumatik Iparralde honetan, barkatu Lapurdi-Nafarroa Beherea-Zuberoako lurraldeon, azken urteotan gertatzen den bilakaera instituzional ekumenikoa jorratzen dutelarik: J. R . Etxegarai presidenteak eramaten duen Euskal Elkargoa, independentziara berehala heltzen ikusten dukete. Beste aldetik, abertzaleek zentro-eskuineko buruzagien ontziaz baliatzea irudikatzen dute, beraien helburuak lortzeko bide politikoa erabiliz, orain... [+]


2018-09-09 | Bea Salaberri
Azken bainua

Azken bainua hartu genuen Kantaurin. Ez diogu sekulan gure buruari aitortzen azkena dela, ongi dakigun arren; egun luze eta goxoak izanen direla oraino, uda ez dela bukatu, udazken hasieran ere itzultzen ahalko garela uretan murgiltzera, halaxe diogu; alta, badakigu azkena dela, gero lanak, sartzeak, kezkek, haurren gorabeherek irentsiko gaituztela. Orduan, azken hori besteak bezalakoa, besteen arteko bainua baizik ez da kasik.

Alabaina, ongi pasa genuen aste zenbaitez, argi da. Euskal... [+]


Euskal Herri mailako estrategiari buruzko Iparraldeko ekarpena (1/2)

Borroka armatuaren desagerpenak egoera berri bat sortu du, nahi ta ez, Euskal Herriko bizitza politikoa baldintzatzen duena. Testuinguru hortan, Euskal Herri osoko estrategia bakar bat eraiki daitekea? Prozesu hortan Iparraldea bere ekarpena egiten ari da, gure lurraldeak hemengo jendartearen pentsamoldeak eraldatzeko balio duten bitartekoak asmatu baititu.


"Euskal Elkargoa"-ren azken kontseiluaren bileran gertatua

Bakar batzuek menturaz gogoratuko dute, duela 4 urte, udal hauteskundeen ondotik, Uztaritzeko udaletxe berriak euskara frantsesarekin koofizial egin nahi zuen mozio bat bozkatu zuela. Nehorentzako sorpresarik gabe, Auzitegi konstituzionalak erabakia baliogabetu zuen, konstituzioaren 2.artikuluarekin kontraesanean zegoelako.


2018-06-25 | ARGIA
Bi delibero euskararen inguruan

Euskal Konfederazioak joan den larunbatean, ekainaren 23an, Euskal Elkargoak euskarari buruzko bi delibero bozkatu zituen.  Euskara Elkargoaren eremuko lurralde hizkuntza gisa ofizialki aitortzeko lehena, euskararen aldeko hizkuntza politika proiektua bigarrena. Bi deliberoei buruzko azalpenak eman zituen artikulu honen bidez. 


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEAK
Eguneraketa berriak daude