ARGIA.eus

2020ko maiatzaren 25a
Jakoba Errekondo @bizibaratzea
2016ko ekainaren 12a
Ogi arbola (Artocarpus altilis).
Ogi arbola (Artocarpus altilis).

Greziatik ekarri dut suzko zuhaitzaren berri, Grevillea robusta. Baina zer historia eta istorio ditu suzko zuhaitzak? Grevillea izena duen generoak biltzen duen landare jendea Australasiakoa da. Izena Charles Frances Grevilleri zor dio, haren ohorez jarria baitu. 1749tik 1809ra bizi izan zen politikari ingeles aberatsa zen. Naturaz aparteko interesa zuen, eta baratze zabalak landu zituen, baita berotegiak ere. Bere azaña ezagunena 1807ko neguan egin zuen: banilla fruitua ematen duen Vanilla planifolia orkidea lorarazi zuen berotegian, ordura arte sekula lortu gabekoa.

Greville jauna Joseph Banks (1743-1820) sonatuaren laguna zen. Biak naturazale amorratuak eta Society of Dilettanti bereziaren partaide. Elkarte horrek garai bateko Greziako eta Erromako artearen ikerketa sustatzen zuen; nahiz eta Horace de Wolpolek 1743an “Italian izandako mozkor jende baten elkartea” zela zioen.

Banks jauna hara eta hona ibili zen Amerikan, Ozeanian eta Asian lurralde “berrietako” landareen bila: eukaliptoak (Eucaliptus sp.), akaziak (Acacia sp.) eta bere ohorez bataiatutako Banksia generoko landareak ekarri zituen lehenengoz Europara. 1768-1771 artean Cook kapitainaren Endeavour ontziaren bidaldi izugarriaren partaide izan zen; horretarako, zazpi laguntzaile eraman zituen: bi botanikari, bi artista, idazkari zientifiko bat eta bi zerbitzari beltz. Bidaia horretan, Tahitin ezagutu zuen ogi zuhaitza edo ogi arbola, Artocarpus altilis. Arbola hori emailea da: fruitu handia du, eta ogi egin berriaren usaina du. Hortik izena: Artocarpus, grekoko arto (ogia) eta karpos (fruitua) eta altilis latinez “lodia” esan nahi duen hitzetatik datoz.

XVIII. mendearen bukaera aldera, Ingalaterrak Karibe aldean zituen kolonietako esklabo langileei jatena merke eta hazkurritsua emateko asmoz, ez zekiten zer asma. Banks jaunari 1787an otu zitzaion bidaldi bat antolatzea: Tahitira ontzi handi bat bidali, ogi arbolez bete eta Karibe aldera ekarri. Esklaboak izan daitezkeela buruan duenak eskifaia ere antzera tratatuko zuen eta, marinelak matxinatu eta arbolak eta kapitaina bere zaleekin itsasoan utzi eta HMS Bounty ontziaz jabetuta, Tahiti aldera bueltatu ziren. 1791n bai lortu zuten, bigarren bidaldian, esklaboen lurraldeetara ogi berria eramatea. Ez omen zitzaien gustatu...

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Fruitu arbolak

Fruitu arbolak kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2016ko ekainaren 12a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude