Hans Massaquoi, beltza nazi artean

Hans-Jürgen Massaquoi (1926-2013), svastika jertsean josita duela.
Hans-Jürgen Massaquoi (1926-2013), svastika jertsean josita duela. Kalangu
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Hanburgo, 1926ko urtarrilaren 19a. Hans-Jürgen Massaquoi jaio zen. Ama Berta Beatz zuen, alemaniar erizaina; aita, berriz, Liberiako kontsul Momulu Massaquoiren seme Al-Haj. Aitak ez zuen seme jaioberria bere gain hartu, baina aitonak besoak zabalik hartu zituen ama-semeak kontsulatuan.

Lehen urteetan errealitate paralelo batean bizi izan zen Hans. Kanpoan nazionalsozialismoa indarra hartzen ari zen bitartean, kontsulatuan Hansen inguruko gehienak beltzak ziren eta etxeko zuri apurrek nagusi liberiarren zerbitzuan lan egiten zuten. Kalean, mutiko exotikoak arreta eta losintxak jasotzen zituen. Beltzak zurien gainetik zeudela, bere arraza abantailatsua zela iruditzen zitzaion Hansi.

1932an kontsulak Liberiara itzuli behar izan zuen eta ama-semeak argindarrik eta urik gabeko atiko batera aldatu ziren. Hantxe bukatu zen ordura arteko bizimodu erraza. Eta hurrengo urtean Hitler kantziler izendatu zuen Hindenburgek.

Bere adineko beste asko bezala, nazien distirak liluratu zuen. Ama lanean zenean, Hans zaintzen zuen bizilagunari, izeba Möller-i, jertsean svastika josteko eskatu zion. 1936an, hamar urterekin, Deutsches Jungvolk Hitlerren Gazteriaren haurren taldean sartu nahi izan zuen, baina ez zioten utzi. Ikasle ona zen eta ingeniaria izan nahi zuen. Baina 1938an eskolako zuzendariak bere txostena faltsutu zuen ikasle mulatoa bigarren hezkuntzara iritsiko ez zela eta, beraz, unibertsitatean ikasiko ez zuela ziurtatzeko. Burdindegi batean sartu zen aprendiz eta han jardun zuen hainbat urtez.

Gerra piztu zenean ez zuten errekrutatu, eta bere borondatez frontera joateko izena eman zuenean ere armadak ezezkoa eman zion.

Behin Alderdi Naziko kide batek taberna batean eraso egin zion eta Bertha amak geldiarazi zuen erasotzailea. Eta gerran pilotu aliatutzat jo zuten beste batean; ozta-ozta atera zen onik. Baina beltzak ez zituzten jazarri sistematikoki, juduak edo ijitoak bezala. Behe-mailako gizakitzat zituzten, baina ez zegoen haiek sarraskitzeko premiarik.

Gerra ostean Liberiara joan zen lehenik eta AEBetara gero. Kazetaritza ikasi zuen eta, besteak beste, Martin Luther King buru zuen eskubide zibilen aldeko mugimenduan parte hartu zuen. 2013an hil artean, behin eta berriro adierazi zuen Alemania zela bere aberria.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!