"Zero Zabor errepublika zabal bat da, behetik gorako mugimendua: etorkizuna gurea da"

  • Goizean eskolan ari zen umeekin Capannorin, eguerdian hegazkina hartu Pisan, Loiun barrena gauerdian heldu, larunbatean Hernanin hitz egin errausketaren aurkako aktibistei, “zorionak zuri!” entzun (61 bete ditu) bazkaritan, igande goizez Zubieta eta Usurbil, bazkal ostean hegazkina eta astelehen goizean eskolan ariko da berriro.

Ercolini konpostagunea bisitatzen.
Ercolini konpostagunea bisitatzen.(Arg:Dani Blanco)
1955, Capannori (Italia)
Rossano Ercolini

“Maisua egunez, aktibista gauez” aldarrikatzen du bere buruaz, gaztetatik lehen mailako hezkuntzako errient dirauenak. Oraindik bizi du ama 96 urterekin. Ama bezala “zimela eta burugogorra” izaki, luzaro bizitzea espero du. Soiltasun handiko gizona, txoriak adina jaten du, baina ez dio uko egingo baso bat ardo oni. Maitatu du Urumeako sagardoa, “txotx!”. Hondakinetan zentraturik bizimodu hobe baten bila izandako bizipenez osatu du liburua: Non bruciamo il futuro (Ez dezagun etorkizuna erre). Bigarrena ari da prestatzen, Zero Zabor haurrei azaldua. Jai eta aste maisu eta aktibista indarrez irauteko,  goizero Hatha Yoga ordu erdiz, huts egin gabe.

Hona hemen Barack Obamarekin hitz egiteko aukera izan duen gizon bat.

2013ko apirilaren 18an gertatu zen, bai. Urte hartan Goldman Prize saria jaso genuenok izan genuen ohore hori: Irakeko Azam Alwash, Hegoafrikako Jonathan Dial, Indonesiako Aleta Baun, AEBetako Kim Wasserman eta Kolonbiako Nora Padillak, Bogotan hondakinak birziklatzen dituzten langileen liderrak.

Etxe Zurira joan aurretik Munduko Bankuan errezibitu gintuen erakunde hartan hondakinen kudeaketaren eta klimaren aldaketaren gaiak jorratzen dituen task force [zuzendaritza tekniko] osoak, eta hori seinale nabarmena da, errauskailuak finantzatzen aritu den erakundea interesatzen hasi delako Zero Zabor esperientziez ere, lanpostuak ugaritzeko daukaten garrantziagatik.

Harreman horiek guztiak Goldman Fundazioak ematen dituen sarietako bat irabazteagatik.

Bai. 2012ko urri amaieran deitu zidaten eskolara: “Hello, Mr. Ercolini? Hemen Goldman Fundazioa, San Franciscotik. 2013ko Ingurumen Saria irabazi duzu!”. Urteak daramatzat lanean Lucca (Toskana) inguruko Marlia herriko eskolan. Atsedenaldia bukatuta geografiako ikasgaia ematen harrapatu ninduen deiak, 5. mailako 27 haurren artean. Neska-mutikoak barrezka hasi ziren telefonoz ingelesez sentitu nindutenean, ea norekin aritu nintzen hizketan. San Franciscoko andre bat zela. “Eta zer nahi zuen?”. “Esan dit Rifiuti Zeron [Zero Zabor] egindako lanagatik sari oso inportante bat eman didatela”. “Zenbat diru?” “150.000 dolar!”. Eta haiek: “Baina orain aberatsa zara!”. Lanak izan nituen haur haiek konbentzitzen albistea sekretua zela eta nire konplize izan behar zutela hori isilik gordetzen…

Zer esan zenion Obamari?

Lau minututan, hasteko esan nuen lehen mailako eskolako maisu bat naizenez igual neska-mutikoek zorotzat hartuko nindutela Obamarekin Etxe Zurian egon nintzela esandakoan. Barre egin zuten denek. Ondoren esan nion Italian sinpatia handia geniola presidentearen emazte Michelleri Etxe Zuriaren ondoan baratzea egiten zuelako eta konposta ere bai. Gure kezka azaldu nion Washington hiriburutik gertu batzuek erraustegi bat proposatzen dutelako, eta gure itxaropena dela amerikarren diru publikoak errausketaren ordez konpostatzera, birziklatzera eta Zero Zabor estrategietara bideratzea.

AEBetako gizarte mugimenduetan asko daude haserre Obamarekin. Zero Waste mugimenduan, esaterako, Brenda Platt edo Neil Seldman bezalako pertsonalitate erreferentziazkoak, Yes we can hura sinetsi zutenak, oso etsita daude Obamarekin honen agenda multinazionalek gehiegi baldintzatu dutelako: baina kanpotik begiratuta uste dut ez dagoela konparaziorik Obamaren AEBen eta George W. Bushen interbentzionismo gerrazale eta multinazionalen interesei lotu haren artean.

Erraustegien kontrako zure borrokan hasiera konta iezaguzu.

1995eko udazkena beroa izan zen gurean. Toskanako eskualdeak bi erraustegi berri eraiki nahi zituen Lucca probintzian, bata Capannori gure herrian eta bestea Pietrasantan. Horren aurrean Non bruciamo il futuro (Ez dezagun etorkizuna erre) elkartea antolatu genuen. Capannorik dituen 40 auzoetan egin genituen bilerak, herritarrek masan erantzun zuten, erraustegia egin nahi zuten Casa del Lupon mila lagun bildu ginen.

Ni eskolan modu nahiko bitxian hasi nintzen gaia lantzen. Goiz batez zaborrez betetako zaku beltza eraman eta hasi nintzen hartatik ateratzen botilak eta bidriozko zerak, sagar eta platano hondarrak, Coca Cola eta kontserba latak, plastikozko botilak, kaiera orriak, kartoiak… Pilatan sailkatu ostean, galdetu nien haurrei: “Zer ikusten dituzue pila hauetan, hondarrak ala zaborrak?”. Eta haiek azkar: “Hondarrak!”. Gero batek esan zuen aita paper fabrikan ari dela lanean eta kontatua diola paper usatuekin berria nola egiten duten, besteak aita ikusi izan du fruitu kondarrekin ongarria egiten… “Orduan, non da zaborra?” nik, eta haiek: “Ez da zaborrik!”.

Hala ere, hortik erraustegi bat gelditzera…

Jauzi kualitatibo bat behar genuen, halako zientifikotasun zigilu bat zertifikatuko zuena gure arerioen eta batik bat iritzi publikoaren aurrean erraustegiak oso arriskutsuak direla. Horretan babesik gabe aurkitu ginen, isolaturik. Berdeek ere esaten zuten errauskailu zaharrek kutsatzen zutela dioxinaz, baina belaunaldi berrikoek energia sortzeaz gain ez dutela kutsatzen beste fabrika batek edo autoen trafikoak baino gehiago. Ni Alderdi Berdearekin aritua nintzen hasieratik, zinegotzi ere izan nintzen, baina errausketaren kontra egotetik alde egotera aldatu ziren, esaten genuen berdeak zirela dolarraren kolorea zeukatelako.

Garai hartan ez genuen aurkitzen inguruko unibertsitateko irakasle ospetsurik babestuko zuenik, datu gezurta ezinekin, errausketaren aurkako gure jarrera. Medicina Democraticako doktoreek lagundu ziguten, baina politeknikoetako mundu akademikoak belaunaldi berriko errauskailuak sustatzen zituen. Eta errausketaren lobbyak ekin zion herritarrak konbentzitzeko kanpaina indartsuari.

Orduan, esan ohi duzunez, gertatu zen zuen Big Bang berezia.

AEBetatik ekarri nahi izan genuen Barry Commoner New Yorkeko CBSN Biologia Naturalaren Sistemen Zentroko zuzendari eta ekologismo modernoaren sortzaileetakoa. Hura gaixorik zegoela eta, Paul Connet ekarri ahal izan genuen, St. Lawrence unibertsitatean Ingurumen Kimika irakasten zuena, dioxinak elikagaien katean transmititzeaz azterketa ezagunak plazaratua.

1996ko urtarrilaren 25erako antolatu genuen eztabaida, Luccan. Errausketa sustatzen ari zen arduradun nagusia, Del Lungo, etortzekoa zen baina… ez zen azaldu, Connet bakarrik utziz. Aretoa jendez beteta zegoen, inguruetako alkate eta zinegotziak, bestelako agintari eta funtzionarioak, kazetariak, herritarrak… Amerikarrak kikildu ote zuen Del Lungo? Connetek, hitz egiteko txanda eman ziotenean, ireki zuen maletatxoa eta handik aterata panpinazko oilasko bat ipini zuen errausketaren aholkulariak hitz egin behar zuen lekuan, esanez: “The yellow chicken!” (Oilo bustia).

Paul Connet ezagutzen dugu Gipuzkoan ere, bai, komunikatzen maisua da.

Connetek azaldu zuen erruduna dioxina dela, erraustegi modernoetatik ere erasotzen duen killerra. Berriek zaharren dioxinen hamarrena isurtzen omen dute, baina bitartean deskubritu da dioxinak lehen uste zirena baino ehun aldiz arriskutsuagoak direla. Ez dira biodegradatzen, eta bitan egiten dute kalte: haizeak eta tenperaturak airez barreiatzen dituztenean, eta elikadura katean sartzen direnean. Emakumeak, gainera, gantzetan pilatzen den pozoi hori kanporatzeko modu tragikoa dauka: haurdunaldian daraman umeari pasatzen dio, eta horrela ondorengo belaunaldiei. Gero daude metal astunak, kadmioa, merkurioa, beruna, artsenikoa, eta beste pozoiak…

Gutxi balitz, gezurra da errauskailuak “hondakinen zikloa ixten duela” dioten hori: ehun tona hondakin erretzeak 30 tona eskoria uzten ditu, horietatik %10 errauts arriskutsuak, zabortegi bereziak behar dituztenak. Horra zergatik. Errausketak gutxitzen ditu gaikako bilketa eta birziklatzea, eta multinazionalek hain maitea duten hiper-kontsumoa sustatzen.

Baina zuek Luccan irabazi egin zenuten.

Lortu genuen bai Capannoriko eta bai Pietrasantako proiektuak geldiaraztea, eta geroago 2008an Castelnuovo de Cafagnanako erraustegi zaharra ere ixtea lortu zen.

Pietrasantakoa ez zenuten geldiarazi eraiki eta martxan jarri ostean?

Pietrasantak bazuen 1974an Falascaiako erraustegi zaharra. Herritarrek etengabe salatzen zuten hark beren osasunean sekulako kalteak eragiten zituela. Eta hura itxita arazoa konpontzera zihoazela zirudienean, 1997an agintariek erabaki zuten haren lekuan berria eraikitzea. Herritarroi esaten ziguten Europako sistema kontrolatuena zela, dioxina isurketak etengabe neurtzen zituelako, eta abar.

Hondakinak erretzen hasi eta bi urtera Falascaiaren kudeaketa pasatu zen Veolia multinazional frantziarraren eskuetara eta laster gutun anonimo bat iritsi zen epaitegira, seguruenik boterea galdu zuen norbaiten mendekua izango zen: Falascaian emisioak kontrolatzeko sisteman software bat jarri zutela kutsaduraren neurketa faltsutzeko, datuak hamar aldiz gutxituz. Urte batzuk geroago Volkswagen autoen eskandaluaren antzera.

Tarte horretan, 2003an analisiek erakutsi zuten erraustegiaren kutsadura zela legez onartua baino hamabi bider handiagoa. Eta gauez inguruko errekara ur kutsatua isurtzen ere harrapatu genituen. Azkenean, estatuak 2010ean itxi zuen Pietrasantako labea. Gaur Lucca “Incinerator Free” lurraldea da.

Lorpen horiekin, ez da harritzekoa inguruetatik zuei laguntza eske hastea.

Lehenagotik, 1996ko Big Bang hartatik hasi zitzaizkigun deika Italia osotik, Toskana, Lazio, Ligurua, Campania… Gure elkartea “Ambiente e Futuro” bihurtu genuen. 2004an Rifiuti Zero sarea antolatu genuen Italian, aurretik mundu osoko mugimenduekin ere harremanetan jarrita. Capannori bihurtu zen lehenbiziko Zero Zabor herria Italian. Eta mundu mailako Zero Waste biltzarra 2009an Napolin antolatu genuen.

Irakurleak oroituko dira Napoliko zaborrez, telebistek irudi ikusgarriz erakutsi zuten Italiako hegoaldeko krisia.

Napolin, eta oro har Campanian, edonola kudeatzen ziren hondakinak. Agintariek modu burugabean jokatu zuten Campanian, erabat baztertu zuten gaikako bilketa, eta itsu-gorrak bailiran hurrengo apustua egin zuten mega-errauskailu batzuen alde, batere gardenak ez ziren konpainiekin elkartuta.

Napoliko zaborren dramak abiada eman zion milaka herritarren heltze prozesuari, zabor pilatuen erdian gaikako bilketa aldarrikatzen hasteko. Elkarrekin aritu ziren Italiako Rifiuti Zero eta lekuko hainbeste talde eta elkarte, hainbeste bilera, manifestazio eta elkarretaratzetan.

Ez denak bakean bukatuak, hain zuzen ere.

Oraindik begien aurrean dauzkat 2004ko abuztuaren 29ko irudiak, 30.000 pertsona oinez abiaturik Acerra herritik erraustegia eraikitzen ari ziren obren aldera, eta jende olde hura nola geldiarazi zuten helikopteroetatik bonba negar eragileak jaurtiz, emakume eta haurren artera. Zero Zabor mezua geldiarazi nahi izan zuten jendea tratatuz etsaia balitz bezala, atsedenlekuak militarizatuz, poliziarekin erasoz hondakinak hobeto kudeatzeko irrikaz ari ziren herritarren manifestazioa.

Egia da azkenean Acerrako erraustegia egin egin zutela, jendearen borondatearen kontra. Baina aldi berean gaikako atez ateko bilketa eta Zero Zabor eredua zabaldu dira Salernon, Beneventon, Avellinon eta beste herri askotan. 2014rako Salernok, bere 140.000 biztanleekin, gaikako bilketan %70 gainditua zuen, ondoren Benevento, Portici, Agerola, Torre del Greco, Maiori, Ravello eta beste askok bezala. 

Italiatik zein da Euskal Herrira ekarri duzun mezua?

Hernanin egon nintzen 2010ean, lau aldiz jina naiz geroztik. Duela sei urte gauzak ez zeuden hain argi, batetik beldur handia eragiten zuen errausketak baina bestetik frogatu beharra geneukan ea Atez Atekoa zen Hernanirentzako soluziorik onena. Gaur esan dezakegu Atez Ateko bilketak eta Zero Zabor praktikarik onenek emaitza onak ematen dituztela Hernanin. Hernanin bezala ikusi dut Usurbilen eta badakit Gipuzkoan beste asko ari direla berdin.

Neroni harrituta geratu naiz hemengo konpostatze sistemarekin. Nire iritzian, Europako konpost sistemarik onena dago Hernanin. Gustatuko litzaidake zuen sistema kopiatzea Capannori gure herrian. Baina Zero Zabor sistemaren beste ataletan ere Hernani norabide onean ari da, ziurrenik, gizartea sakonki inplikatu delako, lekuko gizarteak parte hartu nahi duelako Zero Zaborrerako bide horretan.

Indar handiko mezua da hori politikarientzako. Ez naiz ari udal mailako politikariez, ikusi baitut alkatea Zero Zabor bidea sustatzearen oso alde dagoela. Baina indar handiko mezua da Donostiako politikarientzako.

Esaiezu, beraz, Donostiako agintariei.

Ez da posible sustatzea errausketa gizarteak bultzaka ari direnean horrelakorik eraiki ez dadin. Europako gobernuak abiatu dira bide beretik. Izan berria naiz Ljubljanan (Eslovenia). Ljubljana da Zero Zabor helburua aldarrikatu duen lehenbiziko hiriburu europarra.

Ljubljana gai baldin bada abiatzeko norabide horretan, ez dut ulertzen zergatik Donostiak, Europako Kultur Hiriburuak, zergatik itzuli nahi duen iraganera. Ez da posible. Mesedez, oso garrantzitsua da saihestea hanka-sartze tragiko hori

Errausketa iragana da. Errausketa da gure etorkizuna erretzea. Etorkizuna behar dugu, gazteentzako etorkizuna. Gazteak asko inplikatzen dira, zeren eta zaborren zorroari begiratzen baitiote etorkizuna daukatenen begiekin. Ezin dugu erre gazteen etorkizuna.

Hau da politikarientzako mezua: gizartea egiten ari da berari dagokiona. Zuek, politikook, gauza bera egin behar duzue, hartu lekuko komunitateen helburuak eta eskatu enpresei gauza bera egitea. Ez dugu nahi produktu birziklagaitz edo konpon ezinik, produktu ez-konpostagarririk. Diseinu berria sustatu, hondakinak ekidin, zaborra saihestu. Komunitatea oso ondo ari da, hondakinen %70 eta %80 gaika jasoz. Arazoaren gainerakoa konpontzea dagokie politikariei eta enpresei. Mezua da: demokrazia!

Hemen denek aipatzen dute demokrazia…

Zero Zaborrek izan nahi du halako errepublika zabal bat, praktika onen itsasoan bat egiten duten hainbat nazionalitate eta esperientzien errepublika. Errepublika eder bat behetik zabalduz doana, Zero Zabor behetik gorako mugimendua baita. Demokrazia ekintzan, beren bizilekuetan burujabe izan nahi duten jendarteak. Horrelako gizarteek daukate etorkizuna, beheko mailan kontsentsuak eraikitzen dakitenek. Goitik beherako ereduetan, erabakiak hartu egiten dira baina ondoren bete gabe geratzeko arriskuarekin. Ez, etorkizuna gurea da.

Azken hitza: Konektatu

“Zero Zabor mugimendua da lokala eta globala. Gure indarra da elkarrekin konektatzea Europa eta mundu mailako batailak. Politikariak, maila oso txikiko politikariak, ez dira ohartzen Zero Zabor mugimendu globala dela. Zuen arazoa lekuan bertan daukazuen bitartean, politikariak lasai egongo dira, badakite nola kontrolatu. Baina gaia Europan barrena zabaltzen baldin baduzue… Gandhik esan zuen: hasieran mespretxatuko zaituzte edo ignoratuko; gero kriminalizatu egingo zaituzte, hainbeste lagun pertsegitu dituzte errausketaren lobbyak eta politikariek; eta azkenean irabaziko duzu”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errausketarik ez
2023-09-11 | Usurbilgo Noaua
Hondakin gehiago ez erraustea eskatzeko Kontxa inguratu dute

Ia bi hamarkada luzez egin duten moduan, "errausketarik ez!" aldarrikatu eta oihukatu dute, Kontxako Banderaren bigarren eta azken jardunaldi egun honetan, Donostiako hondartza inguratu duen giza katean.


2023-04-27 | Usurbilgo Noaua
"Erraustegiaren errealitate kutsatzailea" agerian uzteko martxa larunbatean

Lasarte-Oriatik Zubietako erraustegira martxa deitu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak apirilaren 29rako, 11etan abiatuta, "Erraustegia, airea, ura eta lurra kutsatzen" aldarripean, aipatu plantaren "errealitate kutsatzailea" agerian uzteko. Herritarrak... [+]


2022-11-16 | ARGIA
Zubietako erraustegiaren inguruetako kutsaduraren orain arteko datuak aurkeztuko dituzte Hernanin

Azaroaren 19an goizerako hitzaldi berezia antolatu du Hernanin Zero Zabor elkarteak: Holandako ToxicoWatch fundazioak Zubietako erraustegiaren kutsaduraz 2021ean bildutako laginekin egin duen txostena oinarri hartuta, Errausketaren Aurkako Mugimenduko bi kidek datuak eta... [+]


2021-12-21 | ARGIA
Errausketaren aurkako mozioa aurkeztu dute Bergarako Udalean eta elkarretaratzea egin dute

Abenduaren 20ko Bergarako Ohiko Udal Batzarrean mozioa aurkeztu dute bi herritarrek eta gaia eztabaidatu dute ondoren udaleko alderdi politikoek eta herritarrek. Mozio horrek laburtzen ditu Bergarako erraustegiaren auziko puntu nagusiak.


2021-11-24 | Leire Artola Arin
Bergarako erraustegi proiektuaren mahai-inguruak kezka handiagoa piztu du herritarrengan

Ekologistak Martxan taldeko ordezkariak Greene enpresari aurpegiratu dio “gezurretan” aritzea eta herritarrei “datuak ezkutatzea”; hondakinak pirolisi bidez tratatzearen kalteez ohartarazi du. Proiektuaren arduradunek, ordea, plantaren... [+]


Eguneraketa berriak daude