Errausketaren aurkako mozioa aurkeztu dute Bergarako Udalean eta elkarretaratzea egin dute

  • Abenduaren 20ko Bergarako Ohiko Udal Batzarrean mozioa aurkeztu dute bi herritarrek eta gaia eztabaidatu dute ondoren udaleko alderdi politikoek eta herritarrek. Mozio horrek laburtzen ditu Bergarako erraustegiaren auziko puntu nagusiak.


2021eko abenduaren 21an - 09:04
Azken eguneraketa: 10:13
Abenduaren 20an Bergarako Udalaren batzarraren atarian egindako elkarretaratzea. Argazkia: @goiena.

Bideo honetan, 35:05 minututik aurrera ikusentzun daiteke “Valongreene Paper SC enpresak Larramendin martxan jarri nahi duen jardueraren inguruko mozioa, German Letek aurkeztuta”. Enpresaren benetako jarduera zein izango den argitzeko eskatu dute, salatuz Udalaren baimena lortzeko txostenean gauza bat adierazi zuela enpresak, eta Jaurlaritzaren aurrean oso bestelako bat. Ingurumenean eta osasunean izango dituen eragina ikusita, egingo zaizkion kontroletan gabeziak daudela ere adierazi dute.

 

Mozioak dio enpresa horrek “burutu nahi duen hondakinen trataerako benetako helburuaren iluntasunak eta bailarako biztanleon osasunean eta ingurumen segurtasunean izan ditzakeen eraginak zalantza eta kezka larriak piztu ditu Bergarako herritarrongan. Kezka horren adierazgarri dira jasotako ia 4.000 sinadura. Kezka nagusiak hauek lirateke:

1. Instalazioaren jarduera nagusia tratamendu termikoa da, pirolisi bidez. Hau da, 815/2013 Errege Dekretuaren bigarren artikuluak dioenez, hondakinak errausteko instalazioa litzateke, alegia, erraustegia.

2. Lohiak erraustu ondoren, errautsetatik kaltzio karbonatoa berreskuratzea ez da jarduera nagusia. Izan ere, urtean 150.000 tona paper lohi sartzetik, 27.600 tona kareharri baino ez litzateke irtengo, metal astunez kutsatua gainera. Eta 600.000 tonelada ke isuriko lituzke.

3. Proiektuaren zati garrantzitsuak ezkutatu egin dira: tratu beharreko hondakinen protokoloa, erabiliko diren ekipo teknikoak, kare produktuen irtenbideak, eta abar.

4. Ingurumen azterketak akats larriak ditu: Ez ditu berotegi gasen isuriak aztertzen; ez du baso suteen arriskurik aztertzen; ez ditu aztertzen sintesi gasaren kontrolik gabeko erretzearen ondoriozko leherketa arriskuak; ez ditu inpaktu akustikoak aztertzen, ez luminikoak, ezta usainari dagozkionak ere; ez du airearen kalitatea aztertzen, ezta emisio kontrolen beharrik ezartzen ere; aplikatu beharreko legediak onartzen ez dituen emisio mailak proposatzen ditu.

5. Enpresak ez du inolako esperientziarik sektorean, prototipo bat besterik ez baitu garatu. Bergarako pirolisi instalazioa bere lehen esperientzia izango litzateke.

Era berean, jakinda Udalak jarduera honen inguruan hurrengo erabakiak hartu dituela:

- Azaroaren 2an emandako dekretu baten bidez 2021eko uztailaren 23an onartutako Hirigintza Bateragarritasunari buruzko txostena baliorik gabe uztea. Ikusita enpresak txosten hori lortzeko adierazitako jarduera ez datorrela bat Jaurlaritzan Ingurumen Baimen Integratuaren espedientean aitortutako jarduerarekin.

- Irailaren 23an EAEko Aldizkari Ofizialean enpresak aurkeztutako proiektu teknikoari eta Ingurumenaren Gaineko Eraginaren Azterlanari hainbat alegazio egitea. Besteak beste, ezarri nahi den jarduera ez dela bateragarria indarrean dagoen APOarekin eta Larramendi sektoreko Plan Partzialetik eratorritako zehaztapenekin.

Beraz, espediente honek ezingo lukeela izan aldeko ebazpenik. Beraz, osasun publikoarekiko arnasten dugun aireak ez du kolore politikorik eta ingurumenarekiko, bertako landaredi, fauna, eta klima aldaketari buruzko Nazio Batuen Konbentzioaren neurriak eta eragingo lituzkeen kalteak kontutan hartuta, hurrengo Osoko Bilkuran honako erabakirik hartzea eskatu nahi diogu Udal Batzari:

1. Bergarako Udalak une guztietan bergararron osasuna eta ingurumena tinko defendatzeko asmotan konpromisoa hartzen du ez duela gai honen inguruko inolako erabakirik hartuko herritarron borondateari bizkar emanda. Eta pauso guztiak emango dituela proiektuak sortzen dituen hutsune eta kezka guztiak argitzeko: bereziki, proiektuaren benetako jarduera zein den. Urrats horietan lehena, enpresaren jokabidea argitu eta ikertzea. Hau da, Udalari baimena lortu asmoz planteamentu bat egin izana eta Jaurlaritzari ingurumenaren aldetik askoz larriago bat dena aurkeztu izana. Eta jokabide horretan erantzukizunak baleude, eskatu eta depuratzea.

2. Bergarako Udalak osasun eta ingurumen estandar altuenak irizpidetzat hartuz, konpromisoa hartzen du beharrezkoak diren pauso guztiak emateko Valorgreene enpresak Larramendi poligonoko H parzelan jarri nahi duen jarduera ez dela bateragarria indarrean dagoen udal planeamenduarekin defendatzeko.

3. Bergarako Udalak konpromisoa hartzen du bergaratar guztion osasunerako eta ingurumenerako oso kaltegarria izan daitekeen papeleretako hondakinak errausteko jardueraren inguruan Jaurlaritzak hartu ditzakeen erabakiei jarraipen zorrotza egiteko eta argitasun guztiarekin jokatzeko, eman beharreko pauso guztiak emanez".

Argazkia: @goiena.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errausketarik ez
2023-09-11 | Usurbilgo Noaua
Hondakin gehiago ez erraustea eskatzeko Kontxa inguratu dute

Ia bi hamarkada luzez egin duten moduan, "errausketarik ez!" aldarrikatu eta oihukatu dute, Kontxako Banderaren bigarren eta azken jardunaldi egun honetan, Donostiako hondartza inguratu duen giza katean.


2023-04-27 | Usurbilgo Noaua
"Erraustegiaren errealitate kutsatzailea" agerian uzteko martxa larunbatean

Lasarte-Oriatik Zubietako erraustegira martxa deitu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak apirilaren 29rako, 11etan abiatuta, "Erraustegia, airea, ura eta lurra kutsatzen" aldarripean, aipatu plantaren "errealitate kutsatzailea" agerian uzteko. Herritarrak... [+]


2022-11-16 | ARGIA
Zubietako erraustegiaren inguruetako kutsaduraren orain arteko datuak aurkeztuko dituzte Hernanin

Azaroaren 19an goizerako hitzaldi berezia antolatu du Hernanin Zero Zabor elkarteak: Holandako ToxicoWatch fundazioak Zubietako erraustegiaren kutsaduraz 2021ean bildutako laginekin egin duen txostena oinarri hartuta, Errausketaren Aurkako Mugimenduko bi kidek datuak eta... [+]


2021-11-24 | Leire Artola Arin
Bergarako erraustegi proiektuaren mahai-inguruak kezka handiagoa piztu du herritarrengan

Ekologistak Martxan taldeko ordezkariak Greene enpresari aurpegiratu dio “gezurretan” aritzea eta herritarrei “datuak ezkutatzea”; hondakinak pirolisi bidez tratatzearen kalteez ohartarazi du. Proiektuaren arduradunek, ordea, plantaren... [+]


2021-11-05 | ARGIA
Elkarretaratze jendetsua egin dute Bergaran erraustegi proiektuaren aurka

Ekologistak Martxan mugimenduak deituta elkarretaratzea egin dute Bergaran azaroaren 4 iluntzerako, herri horretan paper fabriketako hondakinak gasifikazioz tratatzeko eraiki nahi duten plantaren kontra. Talde hau izan da hondakin planta berri hori ere erraustegia dela seinalatu... [+]


Eguneraketa berriak daude