ARGIA.eus

Bultza kazetaritza independentea
Alejandro Cearreta. Geologoa eta paleontologoa

“Planeta bere dinamika naturaletik ateratzen ari gara”

  • Gizakion eragina hain handia da gure planetan ezen lorratza uzten ari gara etorkizuneko geruza geologikoak izango diren egungo sedimentuetan. Horregatik, egun bizi garen epokari Antropozenoa deitzea proposatu dute batzuek. Nazioarteko Estratigrafia Batzordeak, hori onartu aurretik, frogak biltzea eskatu dio zientzialari talde bati; horretan dabil Alejandro Cearreta bilbotarra, EHUko irakaslea.


2016ko apirilaren 17a
Plastikoak, garbigailuak, telefonoak... Guk fabrikatuko gauzak dira Antropozenoaren arrasto nagusia geologoek 
aztertzen dituzten geruzetan. Argazkian, Errenteria inguruan (Gernika) jasotako laginei begira ageri da Alejandro Cearreta. Argazkia: Alejandro
Plastikoak, garbigailuak, telefonoak... Guk fabrikatuko gauzak dira Antropozenoaren arrasto nagusia geologoek aztertzen dituzten geruzetan. Argazkian, Errenteria inguruan (Gernika) jasotako laginei begira ageri da Alejandro Cearreta. Argazkia: Alejandro Cearretak utzia

Nola sortu zitzaizun fosilekiko lilura?

Nerabea nintzela, Arabako Zuhatzu Kuartangon igarotzen nituen udak. Behin, gurasoen lagun batek harri puska bat erakutsi eta fosilizatutako itsas trikua zela azaldu zidan. Fosilak ezagutzeak nire buruan sekulako eztanda eragin zuen: duela milioika urte bizirik zegoen animalia begien aurrean ikustea ideia liluragarria iruditu zitzaidan.

Itxurazko lehenengo kontradikzioa: zientzia eta pasioa.

Funtsezko osagaia da pasioa. Ondoren metodo zientifikoaren bidez garatuko duzu ikerketa, baina lilura hori ezinbesteko pizgarria da.

Edonora zoazela harriei begira geratzen direnetakoa zara?

Dudarik gabe, hondartzara banoa, toalla zabaltzean, hondar aleei erreparatzen diet. Deformazio profesionala da baina ziur nago botanikoriei ere antzera gertatzen zaiela landareekin.

Mikropaleontologia ez da hain ikusgarria.

Museoetan lagin ikusgarriak daude: dinosauro hezurrak, balea hezurrak… Baina ugariagoak eta aurkitzeko errazagoak dira beste batzuk: polen aleak, adibidez, oso txikiak dira baina geruzetan oso erraz antzematen dira eta informazio oso zehatza ematen digute, aldaketa paleoanbientalak, itsasoaren mailaren aldaketak...

Zientzialari batzuek egungo garai geologikoari Antropozeno deitzea proposatzen duzue, zergatik?

Fosilei begira, lurraren iraganeko eonak, aroak eta epokak zehaztu ditzakegu. Bada, ikerlari askok uste dugu une honetan planeta bere dinamika naturaletik ateratzen ari garela gizakiok. Aldaketa nahikoa erakusten dute frogek Holozenoa ez den beste garai batean sartu zarela esateko. Garai horri Antropozeno deitzea proposatzen dugu.

Zerk salatzen du Antropozenoa geruzetan?

Adibidez, plastikoa egoteak, zati mikroskopikoak batez ere, isotopo erradioaktiboek, zementuak, guk fabrikatutako gauzek, garbigailuek, telefonoek, panpinek… Milioika dira eta 1950eko hamarkadatik hona mundu osoan zabaldu dira. Banaketa globala izatea ezinbestekoa da garai geologiko izendatu ahal izateko.

Pixka bat freskoago behar genuke, egun.

Bai, azken 800.000 urteotan, batez beste, 90.000 eta 10.000 urtekoak izan dira, hurrenez hurren, glaziazioak eta aro epelak. Holozenoak, 11.700 urterekin, aro epelen batez besteko iraupena gainditu du daborduko, hurrengo glaziazioaren hastapenean beharko genuke. Baina batzuetan izan dira glaziazio arteko tarte luzexeagoak, horrek sortzen du zalantza, iraupen luze hau naturala ote den.

Agian berdintzen ari gara hozte hori planetaren berotzearekin?

Hor dago koxka: hoztea zer ari den moteltzen. Akaso gasen isurketaren ondorioz dagoen berotzeak? Normala da ala gizakion ondoriozkoa? Interes handiak daude berotze globala eta Antropozenoa onartuak izan ez daitezen, onartzeak behartuko gintuzkeelako gure bizimodua, sistema ekonomikoa eta aberastasunaren banaketa birpentsatzera. Baina aldeko eta kontrakoen lehia politikoa da, ez zientifikoa.

Denak zarete Antropozeno deitzearen aldekoak talde horretan?

Denak ados gaude Antropozeno izendapenarekin baina ez gatoz bat horren abiapuntua zehazteko unean. Taldean 32 lagun gaude eta gehienok 1950etik aurrera gertatutako bizkortze handian ezartzen dugu Antropozenoaren hastapena. Beste batzuek Neolitoan jartzen dute, animaliak eta landareak gobernatzen hasi ginen garaian.

Zeintzuk dira Antropozenoa kontzeptua arbuiatzen dutenen argudioak?

Ez zela geologiatik sortu, behaketa batzuetatik abiatuta froga geologikoak bilatzeari ekin zaiola. Jenio baten burutapena izan zen? Bai, baina horrek ez du baliorik gabe uzten kontzeptua. Beste gaitzespen batzuen ildoa da kontzeptu politikoa dela zientifikoa baino.

Horrek galga dezake onarpena?

Bai, zientzialariok orain arte iraganera begira egon garelako, denbora horietatik kanpo kokatzen ginen. Honek galdetzen digu egun bizi garen aroaz eta nolabaiteko beldurra sortzen du geologoen komunitatean, Antropozenoaren onarpenak ondoren horren inguruko galderak egitera behartuko gintuzkeelako, onargarria ote den… Kontzeptuak interpretazio politikoak izango ditu gero, noski, baina oraingo eginkizuna haren existentzia zientifikoki zehaztea da, froga geologikoei erreparatuta.

Kanpo interferentziarik bada?

Antropozenoa onartzeak interes ekonomiko batzuei eragingo lieke. Adibidez, petrolio ekoizleei. Beraz, lehia politikoa da hor, ez zientifikoa. Zer abantaila luke abiapuntua Neolitoan jartzeak? Bada, ez lukeela zalantzan jarriko gure jokabidea, ardura arbasoengan jarrita. Beste batzuk Antropozeno on batez mintzo dira, think tank estatubatuar batzuen eraginez, akaso ona delako ustea bultzatzen ari dira AEBetan. Klima aldaketaren ondorio onei erreparatzen diete, garia landatu ahal izango dugula Alaskan edo Siberian… Beste batzuk oso kezkatuta daude, Ozeano Bareko irla batzuk desagertuko ote diren beldur dira. Eztabaida zientifikoa interpretazio horietatik kanpo mantendu behar dugu.

Padurak eta hondartzak mintzo

“Bizi naizen lekua ulertzea interesatzen zait, eta itsas padurek asko esaten digute, azken 4.000 urteotan sortuak baitira, ozeanotik ura sartu ostean. Txipioko padura, Urdaibaikoa, oso suntsituta dagoen Bilbokoa... Kostaldea oso interesgarria da, azkar aldatzen da berez, baina gainera  jende gehien bizi den ingurua da. Ondorioz azpiegiturak, industria, aisia... dena kostaldean jarriz gero, gatazka handiak sortzen dira. Kostaldean Antropozenoko material metaketa aurki dezakegu; jada, Getxoko Tunelboka eta Gorrondatxe aldean, bost metroko lodiera duen material berrien metaketa naturala gertatu da”.


Geologia kanaletik interesatuko zaizu...
Ibilbide geologikoak (IV)
Bodovalle: burdinazko zuloa arrezifea zenean

Geologia hitza etzun eta milioika urtetan sortutako paisaiak irudikatzen ditugu sarritan. Baina gizakiak urte gutxitan egindakoak ere asko dira, eta Meatzaldea da horren adibide bikaina.


Ibilbide geologikoak (V)
Toloño: faila erraldoi bat Pirinioen mugan

Arabako Errioxako lurretan mahasti onenak hazi eta ardoak gustuz ontzen badira, ez da soilik mendez mende eta belaunaldiz belaunaldi kultur transmisio baliotsu batek iraun duelako; duela milioika urte izandako gertaera tektoniko baten ondorioz ere bai.


Ibilbide geologikoak (I)
La Verna: Larrako karstaren azpian

Euskal Herritik atera gabe koral arrezifeetan, basamortuetan eta glaziarretan barrena bidaiatu dezakegu, denboran atzera eginez gero. Geologiak kulturarekin, ekologiarekin eta politikarekin duen lotura estua deskubrituko dugu inguruari arreta pixka bat jartzen badiogu, eta... [+]


Ibilbide geologikoak (II)
Santxikorrota: Bardea Zuriko iraganaren lekukoak

Lurraren historia geologikoa urtebetean laburtu beharko bagenu, Errege Bardea abenduaren 30ean sortu zela azpimarratu dute adituek. Baina hala ere, milioika urte ditu.


Ibilbide geologikoak (III)
Geoparkeko flysch harrigarria irakurtzen

Euskal kostaldean barrena ibiltzea, historia liburu bateko orrialdeak hatzen artean igarotzea bezala dela esan ohi da. Flyschak dira liburu hori, milioika urteko denboraren joana geruzaz geruza azaltzen baitzaigu.


Eguneraketa berriak daude