‘Merci Patron’ filmarekin obreroak behingoagatik nagusia izorratu du

  • François Hollanderekin sozialdemokrazia ari denean langileei ehun urteotako eskubide murrizketarik handiena antolatzen, astekari txiki batek ekoiztutako film dokumental xumeak inarrosi du klase borroka Frantziako estatuan. Klase borroka, bai, pobreak aberatsen kontra, ez gutxiago, baina oraingoan txiroak menderatu du aberatsen arteko aberatsena.

‘Merci Patron!‘ filmetik ateratako fotograman, ezkerrean telefonoz hizketan François Ruffin kazetaria, aurrean dauzkala Jocelyne eta Serge Klur senar-emazte langabetuak. Dokumentalak bildu ditu hirurok, ‘Fakir’ aldizkariarekin eta oihalgintzatik kanporatu
‘Merci Patron!‘ filmetik ateratako fotograman, ezkerrean telefonoz hizketan François Ruffin kazetaria, aurrean dauzkala Jocelyne eta Serge Klur senar-emazte langabetuak. Dokumentalak bildu ditu hirurok, ‘Fakir’ aldizkariarekin eta oihalgintzatik kanporatutako langile militanteekin elkarlanean, Bernard Arnault oligarkari egindako xantaia eta iseka. Film lotsagabeak erakusten du Louis Vuitton, Moët-Chandon, Kenzo eta beste hainbat luxuzko konpainiaren jabe den Arnaulten aberastasunen jatorri iluna eta obreroekin darabilen jokabide errukigabea.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

François Ruffin kazetaria gerta ote daiteke Frantziako Pablo Iglesias berria? ARGIA baino handiagoa ez den Fakir aldizkarian oinarrituta, Merci Patron! filmarekin aspaldiko jipoirik handiena eman dio denen jabe egina den oligarkiari. Noiz eta François Hollande eta Manuel Vallsen eskutik sozialdemokrazia prestatzen ari denean langileen eskubideen ehun urteko atzerakadarik handiena.

Baionako L’Autre Cinema salan dago ikusgai martxoaren 21 arte Merci Patron!. Ez da segurua gaztelaniaz ikusi ahalko dugun. Euskaraz ziur ezetz. Belgikako mugako Frantzia horretan bertan girotutako Bienvenue chez les ch’ti filmak ekarri bazuen Bienvenidos al norte eta Chomin del Regatoz girotutako sekuelatzat Ocho apellidos vascos: Madril eta Bilboko oligarkiek lortuko ote dute euskaldun espainoloi ezkutatzea?

Ikusi. Serge eta Jocelyne Klur senar-emazteak miserian bizi dira. Munduko luxu konpainiarik sendoena den LVMH –Louis Vuitton, Dior...– taldearen Ecce enpresan ari ziren Kenzo markako janzkiak josten, harik eta langabeziara bota zituzten arte: ugazabak produkzioa Poloniara deslokalizatu zuen.

Lau urte daramate lanik gabe. Agortu zaie langabezia saria. Hilabetea 400 eurorekin pasatu behar. Negua luze egiten da kalefakziorik gabe. Lanik bilatzen duzue? Bai, gasolina ordaintzeko bost edo hamar euro dauzkatenean badoaz batera eta bestera ate joka. “Egunean hiru eurorekin bizitzea ez dirudi erraza, nola lortzen duzue?”. “Batzuetan jan gabe. Eguberri ospatu dugu gazta tarta batekin”. Erruki bila ez dabiltza Klurtarrak, baina pobre izatea ez dute ezkutatzen.

CGTko militante baten bitartez aurkitu ditu François Ruffinek. Aspalditik ari da Frantziako gizonik aberatsena, Bernard Arnault, LVMHren jabea ikertu eta pertsegitzen. Ironiaz baino sarkasmoz betetako hizkera darabil Ruffinek: aberatsen eta langileen arteko bakea nahi duela, klaseen arteko elkarrizketa, ezin duela sinetsi Arnault esaten dutena bezain bihozgabea denik...

Arnaulti buruzko dokumentala grabatzen ari direla, ezustekoa: miserian egoteaz gain etxetik alde egin beharra egokitu zaie Klurtarrei. Segururik gabe daukaten kotxearekin 4x4 handi bat jo dute eta auzitegiak ezarri die 25.000 euroko kalteordaina. Etxea ere galdu?

Ez zaio buruan sartzen Sergeri. Bizi osoko lanaren fruitua den etxe hotz xumea, beren eskuz zaharberritua, eguneroko otorduetan zer jana ematen dien baratzea... Etxea galdu baino lehen emango dio su eta ez da izango inoren.

“Ez dago –dio Frederic Lordon ekonomialari ezkertiarrak– Klur familiarena baino historia lokalagorik, baina ezta globalagorik ere. Klurtarrek laburbiltzen baitute ia osorik sistema”. Gauza da hortik abiatuta Ruffinek eta Fakirreko ekipoak ez dutela jo neoliberalismoak langileak nola tratatzen dituen azaltzera  pedagogiaren eta analisien ildotik, beste batzuek egin duten gisa. Merci patron! nekez klasifikatzen da. Frederic Lordonek dio dela “un film d’action directe“. La Vanguardian Rafael Pochek deitu dio “una película gamberra”.

Ekintza zuzenaz zerbait badaki Ruffinek. Arnaulten gezurrak salatzeko, artikuluak eta liburuak argitaratzeaz gain, hark  langabezian utzitako langile askorekin batera LVMHren akziodun bilakatu eta 2008an lehertu egin zioten akziodunen urteroko batzar lasaia. Merci Patron! filma ere salaketatik harago doa: Klur familiaren kinka larriari erantzuteko, xantaia egingo diote Frantziako gizonik dirudunenari. Xantaia, argi eta garbi, besaulkitik zeure begiekin ikusiko duzuna. Baina a zer nolako mendekua!

Batez ere, ez esan Fakirekoei

Bernard Arnaulten fortunaren hasiera lotuta dago Boussac herriaren eta oro har Picardie, Pas de Calais eta Nord departamenduetako milaka familiaren malurrarekin. 1984an erosi zituen horko oihal lantegiak, 13.000-15.000 langile, %20 kaleratu eta gainerakoak salbatzea agindu… ondoren dena deslokalizatzeko.

Konpainia osotik Dior zen erostea interesatzen zitzaion bakarra, gainerako industria alferrik zuen eta likidatu egin zuen. Baina 30 urte geroago ia ez da inor oroitzen hartaz, Boussacen bertan prekariotasun osora kondenatutako gazteek ez dakite ezer sarraskiaz.

Urteotan Arnaultek lortu du inork inon ez aipatzea Boussac Saint Freres usinen hondamendia, langabezia, kaleratzeak, suizidioak, miseria... edo aipatzekotan, eufemismoz itxuraldatuta. Kontakizun propioa –relato famatua– sorrarazi du, kazetari erosiek idatzitako liburu, elkarrizketa eta erreportajeekin.

Arnaultek lortua zuenean “jatorrizko bekatua” estaltzea. Ruffinek aurkitu du krimenaren oroimena zaindu duen azken lekukoa, Catherine Thierry moja langile sindikalista, urte haietan gordetako  prentsako orrietan dager Saint Freres nola arpilatu zuten, hura salbatzeko subentzioak gezurretan baliatu, enpleguak mantentzeko promesak ahaztu…

Ez joan Merci Patron! 30 urteotako neoliberalismoaren historia ikusita tristatzera: oligarketan lotsagabeenari eskarmentua ematea da hemen kontua. Catherine lekaide gorria haserretu egiten da oraindik Arnaultekin. Alta, Ruffin-Davidek Klur senar-emazteekin batera irri egin nahi du Goliaten kontura, barregarri utzi, izorratu... eta 45.000 euro kendu.

Gutuna idatziko diote nagusiari: estu eta larri gaude, astakeria bat egiteko zorian, baina zuk lagundu diezagukezu 45.000rekin eta Sergeri zure konpainia ugarietako batean lanpostua emanez. Zuretzako keinu txiki bat, guretzako hil ala biziko aldaketa. Bestela, prentsara jo beharko dugu gure miseriak azaltzera, Le Monde, Mediapart, Fakir...

Sinesteak lan duen arren, amarruak funtzionatu egingo du. Oligarkak kezkatuta egon behar du Klurtarren etxeraino bidali duenerako negoziatzera bere segurtasun pribatuko buru bat, Frantziako polizia sekretuko komisario izandakoa. Gero esku hartuko du François Hollanderen aholkularia eta politiko sozialista ezagun batek. Panikoa jauregian, antza. Padrone prest dago obrero baldarrari 45.000 euro dirutan emateko eta Carrefourren enplegua... edozer, prentsara ez jotzekotan. Azkenean, langileon algara betea izan dadin, bietan galtzaile aterako da sekula ezertan galdu ez duen urrezko Arnault: pagatu eta gainera mundu guztiaren aurrean irrigarri geratu.

Hona itxaropenezko film bat langileen zanpatze orokorraren garaiotan, menturaz ezkerreko jendeaz gain txiro zanpatu batzuek ere ikusiko dutena. Zalapartaren gakoa non dagoen komisario-ohiak azaldu du, Klurtarrei esan dienean kontuz ibili behar dutela batik bat Fakirreko jendearekin. Aldizkari txiki horrekin? Zergatik? ”C’est les minorités agissantes qui font tout”. Gutxiengo ekintzaileak dira arriskutsuenak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frantzia
2025-06-11 | Nicolas Goñi
Duintasunez hiltzeko eskubidea baino lehen, duintasunez bizitzeko baldintzak zer?

Maiatzaren 27an Frantziako Estatuko Legebiltzarrak onartu zuen heriotzarako laguntza baimentzen duen legea. Askok aurrerapen humanistatzat jo arren, lege berri honek kezkak piztu ditu pertsona ezinduen eskubideen aldeko mugimenduetan. Gaur egungo gizarteak ez badizkie pertsona... [+]


Albert Le Layek ez zuen trukean ezer eskatu

Canfranc (Huesca, Espainia), 1940ko ekaina. Charles De Gaulle jenerala buru zuen Londresko Frantzia Askearen gobernuak erabaki baten berri eman zion Albert Le Lay Canfranceko nazioarteko tren geltokiko Frantziako aduanako arduradunari: bere postuan geratu behar zuen. Ez zirudien... [+]


Erretzea debekatuko dute haurrak elkartzen diren Ipar Euskal Herriko espazio publikoetan

Debekua uztailak 1ean sartuko da indarrean hainbat espazio publikoetan, hondartzak edo parkeak kasu. Araua errespetatzen ez duten herritarrei 135 euroko isuna jarriko diete.


 


2025-05-28 | ARGIA
Hiltzeko laguntza jasotzea baimentzen duen legea onartu du Frantziako Asanbleak

Eutanasia edo suizidio lagundua gisako hitzak nahita saihestuta, “hiltzeko laguntza aktiboa” baimentzen duen legea onartu du Frantziako Asanblea Nazionalak. Senatuaren oniritzia jasoz gero, 2027an sartuko litzateke indarrean legea, kasurik azkarrenean.


Erregeen sukaldaria eta sukaldarien erregea

Saint-Cloud (Frantzia), 1810eko apirilaren 1a. Napoleon enperadorea Maria Luisa Austriakoarekin ezkondu zen, eta eztei-tarta ikusgarria Marie-Antoine Carême (1784-1833) sukaldari ospetsuak egin zuen.  

Baina Carême gorteko luxuetatik urrun jaio zen, Pariseko... [+]


Palestinako 14.000 haur txiki hilko dira ostegunerako giza laguntza jaso ezean, Nazio Batuen esanetan

Astearte eguerdian egin du ohartarazpena Nazio Batuen Erakundeak. Astelehenean laguntza humanitarioa daramaten bost kamioi sartuko direla iragarri du Israelek, hamaika asteko blokeo erabatekoaren ostean. "Tanta bat da ozeanoan", adierazi du Tom Fletcher NBEko Giza... [+]


Seaskak salatu du Parisek hurrengo kurtsorako eskaini dizkion baliabideak ez direla nahikoa

Herri Urrats jaialdiko hasiera ekitaldian Seaskako zuzendaritzako kide Erik Etxartek salatu zuen Parisek oraindik ez ziela irakasle postu gehigarrien proposamenik egin hurrengo ikasturtera begira. Asteburuan heldu zaie Frantziako Hezkuntza Ministerioaren erantzuna, eta... [+]


Itzalaldiak argitu digu bidea: sare elektrikoaren deszentralizazioa

Iberiar penintsulan apirilaren 28an gertatutako itzalaldiak, egungo energia sistemak dituen arrakala guztiak utzi zituen bistan. Enpresa elektriko handien diru gosea, berriztagarrien ezarpen masiboak dakartzan ajeak, eta herritarrok bizimodu hiper-elektrifikatuarekiko dugun... [+]


Sexu erasoak egiteagatik zigortu dute Gerard Depardieu aktorea, baina ez da kartzelara joan beharko

Hemezortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio epaitegiak, baina ez du zigorra bete beharko. Azken hamarkadan, dozenatik gora emakumek salatu dute aktore frantziarraren sexu erasoen biktima izan direla. 2021ean Les volets verts filmaren grabaketan eraso ziela salatu zuten bi... [+]


Ukrainarako “irtenbidearen” bila, edo ez?

"Bakearen" bidean, Errusiak proposatu du kontrolpean ez dituen lurraldeei uko egitea. Trukean AEBk hainbat onura emango dizkio, Financial Timesen arabera. Hala ere, Kremlineko bozeramaile Dmitry Peskov-ek abisu egin du: "Ez fidatu hedabideez, ezta errespetagarriak... [+]


Oloro-Donamariako suprefetura okupatu du ELBk, behi tuberkulosiaren kontrako protokolo “gogorregia” salatzeko

Eritasunaren kontrako protokoloa salatzeko eta prefeturarekin hitzordu bat lortzeko asmoz, bideratu dute okupazioa ehun bat laborarik. Tuberkulosia kasu batzuk agerturik Zuberoan, eritasunaren kontrako neurri sanitarioak segitu beharrean dira inguru horietako 280 etxalde... [+]


Bost urterako inhabilitatu dute Marine Le Pen, Europako Parlamentuko funtsak desbideratzeagatik

Parisko Auzitegi Korrekzionalaren arabera, 2,9 milioi euro desbideratu zituen Frantziako RN Batasun Nazionalak 2004 eta 2016 artean. Le Penez gain, alderdiko beste 24 kide ere errudun jo dituzte. Helegitea aurkeztuta ere, RNko buruzagia ezingo da aurkeztu 2027ko Frantziako... [+]


ANALISIA
EH ez da salgai, legedia ere ez

Lurraren alde borrokan dabilen orok begi onez hartu du Frantziako Legebiltzarrak laborantza lurren babesteko lege-proposamenaren alde bozkatu izana. Peio Dufau diputatu abertzaleak aurkezturiko testua da, eta politikoa eta sentimentala juntaturik, hemizikloan Arbonako okupazioa,... [+]


Zuhaitz landaketa: mozketa masiboak egin ahal izateko jukutria “berdea”

Mila milioika mintzo dira agintariak. CO2 isurketak konpentsatzeko neurri eraginkor gisa aurkeztuta, zuhaitz landaketei buruzko zifra alimaleak entzuten dira azken urteetan. Trantsiziorako bide interesgarria izan zitekeen, orain arteko oihanak zainduta eta bioaniztasuna... [+]


Eguneraketa berriak daude