Euskara jendeak Andeetan, Kurdistanen eta Serbian

  • Ez dago nahi gabe idazten duenik, nahiz eta harrabotsik gabe heldu zaigun irakurleoi Jon Sarasuaren Bost truke (Pamiela, 2015). Hizkuntza kooperazioa helburu, hara eta hona egindako bidaiak eta, are, han-hemen ezagututako hizkuntza-jendeak gogoeta iturri zaizkio. Munduaz pentsatzeko modu hoberik ez.

Asko usteko ez zuela, bost herrialdetan izatea –ez besterik gabe, postalik postal ibiltzea, izatea baizik–, egokitu zitzaion Jon Sarasua irakasleari 2014ko maiatzetik 2015eko apirilera. Gutiz gehienetan hizkuntzaren gaineko elkarlanak deiturik jo zuen Garabideko kideak Kolonbia, Bolivia, Kurdistan, Ekuador eta Serbiara. Sarasuak berak dioskunez, “hiztun komunitateetako muineko geruza antolatuekin epe luzeko bidaidetza egitea da gure iparra, zubi iraunkorrak sortzea”. Egiteko gaitzak eraman du Sarasua bost herrialdeotara, eta herrialdeak izendatuagatik ere, muinean zalantza du Garabidekoak, zapaldu dituen herrialdeen izenak izendatu behar dituen “ala nasekin, kitxuekin, kurduekin… izan naizela jartzea dagokidan. Bolivian gobernukoekin jardun nuen eta hiztun komunitate desberdinetakoak ziren tartean. Eta orduan zergatik ez esan kurduekin ze estatutan egon naizen? Kurdistan sartzen badut, zergatik aipatu Ekuador eta ez kitxua herria? Eta abar. Euskaldunen burujateak”. Horratik, ez du izango burujate ez burutxikitze bakarra, liburuan askoz ere gehiago baitira zinezko zalantzak azpildurarik gabeko ziurtasunak baino. Sarasuarenak ez ezik, belaunaldi oso batenak litezke ziurgabetasunok.

Hiztunpolisa (Pamiela, 2013) argitaratu eta han zurian beltz jarritakoak defendatu eta zabaltzetik dator Jon Sarasua, baina honako Bost truke hau, aldiz, aurrekoago baten uztarrikoa da, Ertzeko zatiak (Argia, 2010) lanaren eite bereko, Brasilera-eta egindako lan-bidaietan batutako oharrez osatutako liburuaren bizki. “Ustekabean urtebeteko epean bost apunte sorta desberdin pilatu zirenean, liburu bat atontzeko moduko zirkulua osatu zela sentitu nuen, truke-lan horien instantanea gisan, urtebeteko jasokinen argazki moduan”.


Diskurtsoetatik harago

Sarasua ez da entzule soil joan jendarteotara. Beti da hizlari, eta hizlari bezainbat entzule nahiz ikastari. Itzulian, gisako gogoetak ekarri dizkigu, parteka ditzagun, nahieran. 

Eta zergatik da, lehenik, euskalduna bateko eta besteko foroetan solaskide? “Zergatik? Ze ‘meritu’ dauka euskararen herriak esker on eta erakarpen hori sortzeko? Gure hizkuntzaren egoera erdipurdikoa eta gure ‘erromesaldi herrena’ ikusita, besteen aurrean eredu agertu behar ote dugu ba? Lotsa apur bat eman behar liguke”. Esaterako, horixe izango da liburua, has eta buru, tindatzen duen kolorea: klixe ezarrietatik eta politikoki zuzen diren hitz eta iritzietatik aienatzeko guztizko borondatea.

Konparazio batera, hizkuntza eskubideen lege proiektu bat abiarazten parte hartu du Sarasuak Ekuadorren. Artikulatua osatu dute, atal, kapitulu eta artikulu, eta horretan, Euskal Herriko eskarmentua darama bizkarrean Sarasuak: “Irudikatzen duzue ni bezalako euskalzulo ‘sutsu’ bat Ekuadorreko taldeak proposatutako artikulu ausartenei beherapenak ezartzen? Zuhur dabil garabidetarra. Lege ona nahi du, inoiz baino hobea, baina salduko dena. Eta gauza handirik jakin gabe ere, bere kartak jokatzen ari da. Eta ikasten, batez ere asko ikasten”. Lantzen ari diren testua, alabaina, ez da legea, aurreproiektuaren zirriborroa besterik. “Eta ontasunaren eskala absolutuan, zenbat eta hobea izan [lege aurreproiektua], orduan eta zailagoa da aurrera ateratzea. Halaxe dago hizkuntzen gaia munduan”. Hitzean eta hortzean beti “oso garrantzitsua” hizkuntza, baina, egiatan, bigarren edo hirugarren mailako gai agintari politiko nahiz herri eragile askoren agendan. Kitxuena da kexua: “Borrokan ari diren buruzagiek ez diete transmititzen hizkuntza seme-alabei”. Orain ere esan genezakeen, “halaxe dago hizkuntzen gaia munduan”, eta Euskal Herrian.


Diskurtsoetatik harago, beti

Beste batean, Kolonbian, hitzaldia egin ondoren lekuko mutu ikusiko du bere burua Jon Sarasuak. “Hitzaldiaren ondorengo galdera, iruzkin eta mini-diskurtsoetan hartzen du batek bere inpaktuaren tenperatura. Gaur gehienak ihes egin dit, nasaz jardun baitute gehienek, bereziki zaharrenek”. Arbelean querer hitza handiz idatziz ekin dio bere tarteari Sarasuak: “… eta galdetu dut ea zer den benetan nahi dutena, zer izan nahi duten. Baliteke nasak izaten jarraitu nahi izatea, eta baliteke nekazari kolonbiar izan nahi izatea. Biak dira zilegi. Baina zer nahi du bakoitzak benetan, diskurtsoetatik harago? Isiltasuna egin dut minutu pare batez”. “Nahi”, zer nahi du bakoitzak, zer nahi dugu guk denok batera?

Arestian hizpide hartu dugun hitzaldia egin eta egun batzuetara, Kolonbian barna, indigenen eta gobernuaren arteko negoziazio garaian fortunatu da Sarasua. Biltzarrak egiten ari dira indigenak, eta iparraldeko biltzarrean da Sarasua. “Hemen ez dago aurreko eguneko komunitateetako jardunaldietan izandako konturik hizkuntza aldetik. Haietan %60 ulertu gabe geratu nintzen. Hemen dena ulertzen dut: ‘Egun on’ esaten dute nasaz, eta zuzenean harira gaztelaniaz”. Han, eta hemen, diskurtsoetatik harago beti.

Sarasuaren Bost trukeren meritu eta merezimendu da hotzetatik etorritako inkesta-azterketen, ez aurka, baina haien ondoan, bizidunok ibiltzen ditugun eguneroko bide humanoetatik gu ibilaraztea, hiztun komunitate jakin bateko kide izan nahi dutenen ahal eta ezinak betsarerik gabe bistaratzea, galderak egitea eta erantzuten saiatzea –ez beti–, inguratzen gaituen munduari begiratu eta hura ikustea, arrotzarekin solastatzea, hitza hartuz bezainbat adituz. Sarasuak, muinean, bat egin du nasarekin, aimararekin, kurduarekin, kitxuarekin, eslaviarrarekin. Euskara jendearekin. Orainean bizi da, zangalatraba hizkuntzaren iraganaren eta etorkizunaren artean, erromes. 

Geldi

Pontificia Universidad Católica del Ecuador-eko irakasle da Marleen Haboud. Hartaz ari da Jon Sarasua: “Badu altxor bat esku artean: herrialdeko azterketa geolinguistiko-soziolinguistikoa (…) hiztun komunitate guztietan ikerketa itzela egin dute, dozenaka pertsona prestatu eta mobilizatuz, komunitate txikietan elkarrizketak eginez, inkestatu bakoitza gps bidez geoerreferentziatuz. Hizkuntzen egoeraren argazki aparta egin dute, aurrekaririk gabeko zehaztasun eta sakontasunez. Hizkuntzaren ezagutza, erabilera, transmisioa, jarrerak eta beste hainbat gai landu dituzte elkarrizketa bakoitzean. 1.500 elkarrizketa baino gehiago bildua dute.

Duela 30 urte antzeko ikerketa egin zuen Haboudek, mendikatean. Hiru hamarraldi pasata, bi argazkiak parean jartzeak asko esaten du.

Estatistiken grafikoak koloretan ikustea ileak tente jartzekoa da. Kitxua elebakarren kopurua, elebidunena eta gazteleradun elebakarrena kolore banatan adierazita, hiru belaunaldiren arteko bilakaera begietatik sartzen da. Ez dago diskurtso handien beharrik: grafiko horiek esaten dute esan beharrekoa. Hizkuntzen egoeraz dagoen (in)kontzientzia lausoa mugiarazteko moduko marrazkiak dira (…) eragin handikoa litzateke ikerketaren sintesia klase politikoak begien aurrean izatea. Jendea falta horretarako. Eta datu gorriak unibertsitatean geldi”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura aniztasuna
Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


Borderline Fabrika
Arteetatik komunitate arteko nahasketaz gozatzeko gunea

Tarte luze batez espazioa eraldatzen ibili ondoren, azkenik, 2021eko martxoan zabaldu zuten Borderline Fabrika; Hendaiako geltokiaren albo batean dagoen "lan egin eta topatzeko lekua". Proiektua ezagutzeko asmoz, bertako kide eta bultzatzaile den Ander Fernandezekin... [+]


"Ileapaindegi honetan inor ez da ilegala"

GureHaizeak Donostiako Gros auzoan irekiko duten ileapaindegi komunitarioa da. Bost lagunek abiatutako proiektua da, baina kultura desberdinak elkartuko dituen eta auzoan sustraituko den proiektua izatea nahi dute.


“Ongi etorri eskolara” programa
Nola utzi bizkarra emateari

Dorleta Mikeok esango digu elkarrekin baina nahastu gabe bizi garela, ez dagoela bizikidetzarik bertakoen eta beste jatorri batzuetatik etorritako familien artean. Mikeo eta Lola Boluda Donostiako Egia auzoan, Aitor ikastolako jolastokian, abiaburua izan zuen egitasmoa garatzen... [+]


Eguneraketa berriak daude