"Kanpotarrari gaztelaniaz egiten badiogu, esaten ari gatzaizkio katalanak ez duela garrantzirik"

  • Rosario Palomino Liman (Peru) jaio zen eta 30 urtetik gora daramatza Bartzelonan bizitzen. Katalanez erraz egiten du, eta hala ere, katalan hiztunek gaztelaniaz egiten diote, kanpotar itxura duelako. Badaki errespetuaren izenean egiten diotela gaztelaniaz, baina bera diskriminatua sentitzen da. Katalan hiztun autoktonoei kanpaina luzatu die: No em canviïs la llengua (Ez aldatu hizkuntzaz).

Argazkia: Jordi Borràs.
Argazkia: Jordi Borràs.

Iazko maiatza zen. Rosario Palomino Bartzelonako El Clot auzoko merkatu batera joan zen butifarra jana zegoelako. Txartelak erosteko ilaran saltzaileari galdera bat egin zion katalanez, ahal duen guztietan hitz egiten duen hizkuntza berean. Saltzaileak gaztelaniaz erantzun zion. Ilarako batek kargu hartu zion saltzaileari: “Zergatik egin diozu gaztelaniaz, berak katalanez egin badizu?”. Beste pare bat galdera egin Palominok eta saltzaileak berriz ere gaztelaniaz, eta ilarakoak berriz ere kargu hartu zion. Saltzaileak gaztelaniaz jarraitu zuen. Palominok dio saltzailea blokeatuta geratu zela lehen kargu hartzetik. Tirabira sortzetik urrun, barrez hasi ziren eta Palominok hala bota zion: “Ez aldatu hizkuntzaz!”.

Gertaera eta gero Palomino saltzaileari kargu hartu zion eroslearekin eta haren senarrarekin hasi zen hizketan. Kolonbiarrak ziren, emazteak ondo egiten zuen katalanez eta senarra ikasten ari zen. Biek aitortu zioten Palominori gauza bera gertatzen zitzaiela: haien itxura fisikoagatik gaztelaniaz egiten zioten, nahiz eta haiek katalanari eutsi. Peruarrak argazkia atera eta Twiterrez zabaltzea proposatu zien, katalan hiztunei eskatzeko ez aldatzeko hizkuntza. Horixe da No em canviïs la llengua kanpainaran abiapuntua.

Twiterrez bidalitako mezu hura izan zen hasiera.

Bai, hala da. Dena dela kanpainako esaldia motzagoa da. 30 urte daramatzat hemen eta beti esaldi bat esaten diet gaztelaniaz egiten didatenei: “Ez aldatu hizkuntzaz, bestela ez dut inoiz ikasiko”. Hiruron argazkiarekin bidalitako txioak hainbeste bertxio izan zituen, erabaki bainuen No em canviïs la llengua [@CanviisEm] kontua irekitzea. Ni bezala zebiltzanei dei egin nahi nien, haien gertaerak kontatzeko eta kanpainarekin bat egiteko. Erantzuna sendotu ahala interneten plataforma gehiago ireki nituen: Instagram, Facebook, Telegram, eta jendeak grabatutako bideoak.

Nori egiten diote gaztelaniaz?

Atzerritar itxura dugun guztiekin egiten dute, izan latinoamerikarrak, beltzak, asiarrak... Hizketan doinu berezia duenari ere gauza bera egiten diote. Eta badakit holandarrak edo alemaniarrak ere horrela dabiltzala. Azken horiek ez dute kanpotar tankerarik, eta agian doinuan ere ez diete antzeman, baina haien izena jakin dutenean edo pasaportea begiratu dietenean automatikoki gaztelaniaz egin diete. Ezagutu ditut errusiarrak eta errumaniarrak, haien lehen hizkuntza ez da gaztelania, eta batzuek gaztelaniaz hitz egiteko zailtasunak dituzte.

Beraz, kontua ez da itxura fisikoa soilik.

Beste toki batean jaio denaren arrastoren bat baldin badago, autoktonoak automatikoki gaztelaniara pasatzen dira.

Zergatik?

Bi arrazoi daude. Batetik, hezurretaraino sartu diete errespetuagatik aldatu behar dutela hizkuntza, eta bestetik, haiek uste dute herritar orok gaztelania dakiela. Katalanak atseginak dira, eta besteen bizimodua errazten saiatzen direnez, uste dute gaztelaniaz eginda laguntzen digutela.

Zuek nola bizi duzue jarrera hori?

Etorri berriak eta hemen urte asko daramatzagunok diskriminaziotzat hartzen dugu hizkuntza aldatzea, ia errefusatuak sentitzen gara. Niri bertakoen eta kanpotik datozenen arteko zubiak egitea gustatzen zait. Bertakoek ez dute nahita hartzen jarrera hori. Jende askori esan diogu nola sentitzen garen eta gaizki sentitu dira, ez dira konturatu min egiten ari direnik eta eskerrak eman dizkigute gure sentimenduak azaltzeagatik.

Jende batek interesa du azpimarratzeko katalanek kanpotarrak diskriminatzen dituztela, baina faltsua da ideia hori. Niri eta ni bezalako beste askori eskerrak eman dizkigute hizkuntza ikasteagatik eta hona egokitzeagatik.  

Argazkia: Jordi Borràs.

Hainbat hizkuntzari gertatzen zaio gauza bera. Zuenean katalana da hizkuntza menderatua eta gaztelania menperatzailea.

Arrazoi nagusia hori da, jakina. Kataluniaren historia berrikusi besterik ez dago. Hiru mendetako kolonizazioa. Espainiaren kolonia ohi batean jaiotakoa naiz.  Pare-parekoak dira bi adibideak.

Etorri berriak uler dezake hizkuntza komuna gaztelania dela.

Gaztelaniara aldatzen garen bakoitzean katalana arrisku bizian jartzen dugu. Alemaniara, Ingalaterrara edo Frantziara joaten bagara eta hizkuntza ez badakigu, pentsatzen dugu esnatu eta hizkuntza ikasten hasiko garela, ezta? Hona edo Euskal Herrira iritsi eta jasotzen duten mezua bada katalana edo euskara beharrezkoak direla, esnatuko dira eta ikasiko dute. Alabaina, gaztelaniaz egiten badiegu mezua bestelakoa da: ez zaitez saiatu ere egin hizkuntza ikasten, gaztelaniarekin nahikoa duzu.

Batzuek diote katalanek hizkuntza aldatzen dutela Generalitateak bere lana ondo egiten ez duelako, eta beste batzuek diote estaturik ez dugulako gaudela horrela. Sentitzen dut, baina ez nago ados. Denok dugu ardura, katalan hiztun bakoitzak ere bai. Behetik gora egin behar da lan. Generalitateak milioiak gastatuko ditu eta ez du funtzionatuko, estatua izango dugu eta ez du funtzionatuko. Hamar milioi katalan hiztunok jabetu behar dugu hizkuntza zaintzen ez badugu desagertu egingo dela. Guk gaztelaniara jauzi egiten badugu, kanpotarrari esaten ari gatzaizkio gure hizkuntzak ez duela garrantzirik.

Ciudadanos alderdiak salaketa jarri dizue kanpainarengatik.

Ciudadanosek lan ikaragarria egin du. Hizkuntza eta kultura menperatuari egunero esan dio hizkuntza eta kultura babesten baditu xenofoboa, arrazista eta supremazista dela. Azkenean, hiztunak atzera egiten du, gatazka saihestu nahi du, eta hizkuntza aldatzen du.

Euskal abizena duen [Maite Pagazaurtundua] Europako parlamentuko ordezkari batek Europako parlamentuan eta Espainiako Arartekoaren aurrean salatu gaitu kanpaina xenofoboa eta arrazista egin dugulako.

Argazkia: Jordi Borràs.

Hasteko, ez da Generalitatearen kanpaina, pribatua da, eta ez gaitu inork diruz laguntzen. Ikertu nahi banaute, hemen nago, ez naiz ezkutatuko. Kanpaina katalan hiztunei zuzendu diegu. Beste kontu bat da hainbat herritarrek gaztelaniaz hitz egitea nahi izatea. Iruditzen zaien moduan egin dezatela. Hala ere, %93k katalana ulertzen du, nik uste dut katalanez egiten jarraitu dezakegula inolako arazorik gabe. Nik katalanez eta besteak gaztelaniaz. Guk ez dugu esan gaztelania hiztunek guri gaztelaniaz ez egiteko, baizik eta gurekin aritzerakoan katalanetik gaztelaniara ez aldatzeko gure itxura fisikoagatik, jada katalan hiztunak baikara!. Gure diskurtsoa, esan dutenarekin alderatuta, oso desberdina da.

Ciudadanos zauria egiten ari da hizkuntza kontuetan?

Jaio zenetik. Mundua kolore bakarrekoa ikusten dute, haientzat ederra litzateke euskara, katalana, galegoa... desagertuko balira. Zergatik egin dute gogor gure kanpainaren aurka? Beraien diskurtsoa deseraiki dugulako. Haiek edozein aukera baliatzen dute esateko katalan hiztunak arrazistak, xenofoboak eta klasistak direla. Diskurtsoa erori zaie zeren atzerritarrak hasi dira esaten etorkin sentitzetik nazio katalanaren kide sentitzera pasatzen ari direla. Ni neu harro nago Perun jaio naizelako eta harro nago katalan sentitzen naizelako.

Euskal Herrian ez litzaiguke gaizki etorriko zurea bezalako kanpaina bat.

Hemengo euskaldun bati bota nion amua, baina ez zen ezer atera. Ni prest zuei laguntzeko. Ez egon zuen gobernuak dirutza gastatu zain, behetik gora egin behar da. Faxismoari zutik egin behar zaio borroka, pixka bat makurtuta zaudela antzematen badu gogorrago joko zaitu. Horregatik esan nion Ciudadanoseko hari aurrean ninduela, egiteko galderak, erantzungo nituela. Francoren garaia bizi izan zutenak ditut gogoan. Ezin dugu gutxiagotasun konplexua errepikatu. Gazteek “nahikoa da!” esan behar dute.

 

Biografia linguistiko eria

Rosario Palominoren aita Cusco hirian jaio zen eta 10 bat urterekin emigratu zuen familiarekin Limara. Han kitxua galdu zuen. Palominok azpimarratu duen moduan, “baserritarren eta behartsuen hizkuntza da, gutxiespenarekin lotuta beti ere”. Gorde zuen gutxia ez zion alabari irakatsi. Palominoren amak ez zekien kitxua. Gure elkarrizketatuak dio bakeak egin dituela bere sustraiekin eta egunen batean kitxua ikastea espero duela, “nire ama hizkuntza beharko lukeena”.

Nor da arrazista?

“Kanpainan ‘autoktono’ hitza erabili dut. Bertako katalan hiztunei hitz egin nahi nien eta hitz bat behar nuen haiek definitzeko. Batzuek nire asmoa desitxuratu dute autoktono hitza erabili dudalako. Jaio den toki berean bizitzen jarraitzen duena da autoktonoa. Katalan aurpegia ez daukatenei katalanez egiteko eskatu dugu eta batzuek arrazista deitu digute. Non dago arrazismoa? Arazoa ez da gu desberdinak garela adieraztea, baizik eta itxuragatik desberdin tratatzea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalana
2024-02-18 | Cira Crespo
Júlia Ojeda, literatura-kritikaria eta UOC-eko ikertzailea
"Globalizazioaren oldarraldi handiei aurre egiteko diskurtsoak falta zaizkigu"

Júlia Ojeda literatura-kritikariaren ahotsa garrantzitsua da gaur egungo Kataluniako hedabideetan, eta prozesu independentistaren osteko Katalunia birpentsatzen ari den ardatz ugarietako batera hurbiltzen laguntzen digu. Matriotes-eko kide ere bada, “feminista eta... [+]


Bat, txikia eta librea

Carme Junyent hizkuntzalari katalana hil zen pasa den irailean. Hizkuntza-politikari buruz esaten zituenak arretaz segitu ditugu hemen, haren proposamen batzuk noizbait gurean aplikatzera ausartuko ginelako itxaropenez-edo, beharbada. Aho-bizarrik gabe jarduten zuen. Aldizkari... [+]


Europar Batasunean katalana ofizialtzea lehenetsiko du Espainiako Gobernuak, euskararen eta galizieraren aurretik

Manuel Albares Atzerri Ministroak erabilitako arrazoiak dira, besteak beste, katalana lehenesteak prozesua arinduko duela eta katalanak beste bi hizkuntzek baino hiztun gehiago dituela.


Carme Junyent hizkuntzalari katalana hil da

Irailaren 3an zendu da pankreetako minbiziaren ondorioz. Katalanak desagertzeko dituen arriskuez zorrotz hitz egin izan du hizkuntzalariak eta haren mezu gordinek deserosotasun ugari sorrarazten zuten. Azken unera arte borrokatu da bere hizkuntzaren alde. Bizitzako azken uneetan... [+]


2023-08-31 | Ilargi Manzanares
Andorrak gutxieneko katalan maila eskatuko du bertan bizitzeko

Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.


Eguneraketa berriak daude