"Ileapaindegi honetan inor ez da ilegala"

  • GureHaizeak Donostiako Gros auzoan irekiko duten ileapaindegi komunitarioa da. Bost lagunek abiatutako proiektua da, baina kultura desberdinak elkartuko dituen eta auzoan sustraituko den proiektua izatea nahi dute.


2021eko abuztuaren 04an - 07:24
Azken eguneraketa: 09:31
Maialen Mangas Urkijo eta Mohsin Chargui GureHaizeak proiektuko kideak Txofre kalean, ileapaindegiaren lokalaren aurrean. (Argazkia: Oihane Arretxea Bereziartua)

Borroka antirrazistan parte hartu duen lagun talde batek osatzen du GureHaizeak proiektuaren taldea. Guztiak aritu dira munduko herrialde desberdinetan bazterkeria eta errepresioa bizi duten jendea ezagutzen, eta hori bera izan da elkartu dituena: “Iraganean egin ditugun gauzek ekarri gaituzte hona; nik Tangerren [Maroko] ezagutu nuen Mohsin [Chargui]”. Hasieran taldekide gehiago ziren arren, talde motor bat osatzea beharrezkotzat ikusi zuten. Maialen Manga Urkzuo, Mohsin Chargui, Goizeder Barcia Rodriguez, Ander Mugika eta Zakara Laassri dira talde motorreko kideak, une honetan.

Finean, papergabeei erraztasunak eman nahi dizkiete proiektu honen bidez: “Sistema honetan herritar izateko lan kontratua behar duzu, baina kasu askotan egoera honetako pertsona askok ez dute lan kontraturik izaten”. Hala, behar eta nahi duen orori bertan lan egiteko aukera emango diote. Beste proiektuekin alderatuz, erantzun zuzena ematen dio arazoari. “Auzo honetan jende asko dago, bertan aske eta lasai bizi ezin duena. Guk espazio hau segurua izatea nahi dugu”. Erantzun horrek mugak izango dituela badakite, baina haiek baliabideak eskaintzen saiatuko dira. Hala ere, paternalismo eta hierarkiarik gabeko proiektua izatea nahi dute.

Urte hauetan, magrebtar gazte asko ezagutu dituzte eta ongi ezagutu dute haien egoera. “Kultura horretan, ileapaindegiak sozializatzeko espazio bat dira; auzoan gertatzen ari denaz hitz egiteko, esaterako”, dio Charguik. Horregatik hautatu dute ileapaindegiaren eredua proiektua aurrera eramateko. “Ileapaindegiak ez dira dendak bezala: normalean bertara sartu eta tarte bat igarotzen duzu han, hainbat kontuz hitz egiten”, gehitu du.

Hala, ileapaindegiak aukera ematen du proiektu ireki bat sortzeko, elkarrizketak sortzeko eta kultura desberdinetako pertsonek elkar ezagutzeko. Beste era batera esanda, komunitatea indartzeko espazioa izan liteke.

Bitxia da ileapaindegi eredua aukeratu izana, proposamen berritzailea da. Ceutan (Espainia) ezagutu zituzten madrildar batzuk erreferentetzat izan dituztela dio Mangasek. Getafen (Espainia) Makuum izeneko ile-apaindegi bat ireki zuten duela hilabete gutxi eta ideia Donostiara ekarri nahi izan dute.

Hasieran izen egokia topatzeko zailtasunak izan zituzten, baina egun batean guraize hitzak dena barnebiltzen zuela konturatu ziren. “Guraizeek mozteko eta eraldatzeko balio dute, eta guk gauza asko moztu nahi ditugu”, nabarmendu du Mangasek. Aldaketaren sinbolo gisa identifikatzen dute. Aldi berean, haizea espazioan mugitzen den zerbait izanik, proiektua zabaldu nahi dutela eta haien ikuspuntua besteei transmititu nahi dietela irudikatzeko aproposa iruditu zaie. Ondorioz, hitz joko horrekin GureHaizeak izena jarri diote.

Auzoan sustraitzeko proiektua

Proiektua komunitarioa dela esateko arrazoi desberdinak dituzte. Batetik, autofinantzaketa bidez aurrera eramango dute, ez baitute elkarte edo instituzioen aldetik dirurik jasoko. Bizilagunen ekarpenetan oinarrituta osatuko da proiektua. Bestetik, nahi duenak bere egingo duen proiektu bat izatea nahi dute, eta horretarako, espazio irekia izatea nahi dute. “Borroka antirrazista gauzatzeko espazioa izatea nahi dugu, bai Grosen, bai Donostian”. Horrez gain, badakite antirrazismoak ez duela bidea bakarrik egingo, eta espazio honetan lanketa feminista egitea aurreikusten dute: “Donostiako mugimendu eta borroka ezberdinak gurutzatzeko espazioa ere izango da”.

Ileapaindegiko lokala Pandora tabernaren ondoan dago, Grosen. Konpontze lanak hastear daude, eta irailean irekitzen ahaleginduko dira. Finantzaketa lortzeko bidean daude orain, abuztuan egingo dituzten lanak ordaindu ahal izateko. Sare sozialetan zein kaleetan zabaldu dituzten eskuorrietan kontu korronte zenbaki bat jarri dute, jendeak ekarpenak egin ditzan. Bultzada ekonomikoa beharrezkoa dutela dio Charguik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura aniztasuna
Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


Borderline Fabrika
Arteetatik komunitate arteko nahasketaz gozatzeko gunea

Tarte luze batez espazioa eraldatzen ibili ondoren, azkenik, 2021eko martxoan zabaldu zuten Borderline Fabrika; Hendaiako geltokiaren albo batean dagoen "lan egin eta topatzeko lekua". Proiektua ezagutzeko asmoz, bertako kide eta bultzatzaile den Ander Fernandezekin... [+]


“Ongi etorri eskolara” programa
Nola utzi bizkarra emateari

Dorleta Mikeok esango digu elkarrekin baina nahastu gabe bizi garela, ez dagoela bizikidetzarik bertakoen eta beste jatorri batzuetatik etorritako familien artean. Mikeo eta Lola Boluda Donostiako Egia auzoan, Aitor ikastolako jolastokian, abiaburua izan zuen egitasmoa garatzen... [+]


Eguneraketa berriak daude