Falloux legearen oldarraldiari eutsita

  • Beskoitzen ez zen ikastolarik, 2013an inauguratu zuten arte, guraso batzuen etxean, hiru haurrekin. Falloux Legearen mamua hor badabil ere, gaur egun herriko etxeko lurretan, alokairuan, prefabrikatuan, 13 haur daude ikastolan.

13 haur, irakaslea eta laguntzailea dabiltza Beskoitzeko ikastolan. Aurten beste prefabrikatu bat atontzekotan dira.Kanaldude
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Lapurdiko Beskoitze herrian biztanleen  %17,44k daki euskaraz (2010eko datua, Wikipediak emana). Erabilera berriz, 2011ko datuen arabera, %1,8koa da. Xabi Irigoien Beskoitzeko ikastolako lehendakari eta gurasoak beste modu batez azaldu ditu zifrak Kanaldudek egindako bideoan: “Duela ehun urte denak euskaraz ari ziren eta ttipiki-ttipiki gune guztietatik, ez desagertu, baina isildu da. Gaur egun beharbada ehuneko hogeiek badakite euskaraz, baina ez da entzuten, eta egia da euskaldunek ere gero eta gutxiago baliatzen dutela euskara. Gure nahia litzateke euskara zabaltzea, eta desagertu den gune guztietan berriz euskara entzutea, erran nahi du, hemen, ikastolan, ikastolatik plazara, plazatik okindegira, okindegitik herriko etxera”. Kontuan hartzeko beste datu bat: 1975ean 1.085 biztanle zituen herriak eta gaur egun badira 2.400 inguru beskoiztar. Irigoienek gogoeta: “Jendea etorri da eta beharbada guk euskaldunok ez dugu jakin haiek errezibitzen, haiei euskararen beharra sentiarazten”.

Gurasoek beren haurrek ikastetxea herrian izatea nahi zuten –eskola publikoa eta pribatua ere badira herrian– eta ikastola izatea.

Herriko etxearen lurretan

Guraso batzuen etxean hasi zuten ikastola 2013an, hiru haurrekin. Orain herriko etxeari alokatutako lur zati batean dira. Bi eraikin dituzte, bata prefabrikatua. Azken horretan dituzte ikasgela eta logela. 13 haurrak biltzen dira ikasgela horretan. Alboko eraikinean aterpe txiki bat eta komunak dituzte. Urte honetan bertan beste prefabrikatu bat eraikitzeko asmotan dira, logela han ezartzeko. Haurrek 2 urtetik hasi eta 6 urte bitartean dituzte. Urte eta erdiz eskola barruan bazkaldu dute eta orain herrian den kantinan, beste bi ikastetxeetako haurrek duten jangelan, tokia dute ikastolako haurrek ere.

13 haurren irakaslea Ane Gomez da eta laguntzailea Ainara Arano. Bi haurrek Haur Hezkuntza bukatuko dute aurten eta gurasoek herrian bertan jarraitzea nahi badute ere, ziurrenik ondoko herriko ikastolaren batera joan beharko dute ikastera. 13tik 11ra egingo du kopuruak orduan, baina baliteke 2016ko eskola sartzean beste bi haur berri izatea Beskoitzeko ikastolan.

Beskoitzeko Herriko Etxeari prefetak salaketa jarri zion 2013an, Seaskari ikastola ezartzeko lurrak alokatzeagatik. Beste behin, Falloux Legea zuen aitzakia, alegia, iraskaskuntza pribatuari laguntza publikoak ematerik ez dagoela. Azkenean, auzia gibelera botatzea lortu zen 2014ko martxoan. Herriko Etxearekin egindako hitzarmenak bere horretan segitzen du, eta beraz, ikastolak urte batzuetarako lasaitasuna izango duela dirudi.


Eguneraketa berriak daude