Beste urrats bat emateko zapatak lotzeko unea

  • Pandemiak eragindako bi urteko hutsune behartuaren ostean, Senpereko lakuak Euskal Herriko txoko guztietako pertsonak jasoko ditu igande honetan, 2022ko Herri Urratsen. Itzulera honetan zapatilak lotu eta hainbat ikuskizun eta kontzertuz gozatzeaz gain, Seaskak bosgarren kolegioa irekitzeko finantzaketa lortu nahi du jaialdiari esker. Bereziki sinbolikoa izango da gainera aurtengo Herri Urrats, Senperen bertan irekiko baitute kolegioa, lakutik oso gertu.

Senperera itzuliko da Ipar Euskal Herriko ikastolen festa. Argazkian, 1999ko Herri Urrats. (Argazkilaria: Pablo S Quiza)

Uste baino luzeagoa izan da itxaronaldia. Koronabirusak sortutako krisiak ekitaldi handi eta txiki guztiak gerarazi zituen, tartean Herri Urrats. 2019ko maiatzaren 12an egin zen azkenekoz Ipar Euskal Herriko ikastolen jaialdia Senperen, eta hiru urte geroago, kantuak, jauziak eta algara Senpereko lakura itzuliko dira.

Itzulera hau, gainera, bereziki garrantzitsua izango da, diru bilketak bosgarren kolegioa irekitzea ahalbidetuko baitio Seaskari. Ipar Euskal Herrian handitzen ari da ikasketak euskaraz egiteko eskaria, eta horrek ikastetxeak jendez gainezka egotea eragin du. Senpereko kolegio berriak, hein handi batean, leku falta hori arintzeko balioko du. Duela 30 urte baino gehiago, Herri Urrats lehenengoz egin zenean, Kanboko Xalbador kolegioa irekitzeko balio izan zuen jaialdiak, eta aurten, Senperen bertan bosgarrena irekitzeko balioko du; 2023ko ikasturterako kolegioa eraikita egotea espero dute.

Seaskako presidente Peio Jorajuriak kontatu digunez, azken bi urteak gogorrak izan dira, baina Herri Urrats Senpereko lakura itzultzeko irrikatan daude, denbora gutxian antolatu behar izan badute ere. Ipar Euskal Herriko euskaldunentzat Herri Urrats “biziki festa berezia” dela dio Jorajuriak, hainbat arrazoi direla eta. Lehenik eta behin, Seaskako kideei eta haien inguruan nola edo hala parte hartu duten guztiei eskerrak emateko festa da, “egindako lan guztia ospatzeko”. Bestalde, euskarari plaza handi bat eskaintzen zaio; Ipar Euskal Herrian euskararen inguruan egiten den festarik handiena da Herri Urrats. Azkenik, Seaskaren aurrekontuaren ehuneko handi bat Herri Urratsen lortzen dute, eta kolegioak eta ikastolak mantentzeko, handitzeko eta berriak egiteko ezinbestekoa dute.

Izan ere, Ipar Euskal Herrian egoera berezia dute ikastolek: “Frantziako Estatuan bada lege bat dioena botere publikoek ezin dituztela gure egoitzak finantzatu; hainbat konpromiso hartu dituzte herriko etxe askok, baina hala ere badakigu egoitza berrien finantzaketa gure gain dagoela, eta horrek gure aurrekontuan parte oso handia hartzen du”.

Azken hamabost urteetan ikasleen kopuruak nabarmen egin du gora, eta hasieran lehen mailan sartu zen ikasle olatu horri kolegiora joateko ordua iritsi zaio

Azken bi urteetan lortu dute hala nola mantentzea kanpaina publikoen bidez, baita 2021ean egin zituzten 30 Herri Urrats ttipiei esker ere: “Herriz herri, plaza bakoitzean, ikastola bakoitzak bere forman antolatu zuen Herri Urrats, eta horri esker azken bi urteetan diru mailan gutxi gora behera lortu dugu mantentzea”, azaldu du presidenteak.

Ikasgelak, gainezka
Ipar Euskal Herrian euskaraz ikasteko eskaria asko handitu da azken urteetan. Jorajuriaren arabera, lehen mailan, gela txikietan, azken hamabost urteetan ikasleen kopuruak nabarmen egin du gora, eta hasieran sartu zen olatu horretako ikasleei kolegiora joateko ordua iritsi zaie. Seaskak dituen lau kolegioek ikasleen edukiera gainditzen dute, eta kudeatzea zaila egiten ari zaie, are gehiago pandemia garaian: “Ziburuko kolegioa 300 ikaslerentzat zegoen pentsatuta, baina egun 350 ikasle inguru daude. Ikasgeletan, irakasleak moldatu egin dira, baina kanpoaldean ezinezkoa bihurtu da denak batera egotea, eta aire-hartzeak txandaka egin behar dituzte. Azken bi urteetan gainera, segurtasun distantzia mantendu behar izan dutenez, zailagoa egin da. Irtenbide bat behar dugu, bereziki Lapurdin ditugun ikasle horientzat guztientzat, eta horretarako behar dugu bosgarren kolegioa Senperen”, dio.

Azken kolegioa Baionan ireki zuten 2017. urtean, Kanboko Xalbador kolegioa arintzeko, baina bost urte eskasean berriro ere beste bat irekitzeko beharra dute. Bazekiten Ziburu inguruan behar zuela bosgarren kolegioak, Senpereko Herriko Etxeak “biziki harrera ona” egin zien Seaskako kideei, eta lakuaren ondoan lursail bat eskaini zieten: “Aintziraren ondoan eraikiko dugu kolegio berria; beraz, Herri Urrats egiten den lekuan kolegio bat izango dugu laster, oso sinbolikoa izango da”.

Azterketak, euskaraz
Une berezian dator aurtengo Herri Urrats; enegarrenez, ikasleei debekatu egin diete baxoa eta brebeta azterketak euskaraz egitea. Hainbat protesta eta ekintza egin dituzte komunitateko kideek, baina Bordeleko errektoreak Seaskari bizkarra ematen jarraitzen du.

Jarrera horren atzean dogma bat dagoela dio Jorajuriak: “Hizkuntza gutxitu bat gara Frantzian, eta Frantziak ez ditu ezagutzen bere hizkuntzak. Horren atzean dogma bat dago, Frantsesak gorago egon behar duela dioena; are gehiago, hizkuntza gutxituek, euskara barne, beherago egon behar dutela dioena”.

Frantziak dio arazo tekniko eta juridikoak daudela, baina Jorajuriaren ustetan hizkuntza batek duen erabilgarritasuna dago atzean: “Haiek uste dute azterketak euskaraz egitea lortzen badugu, gure hizkuntzak zerbaitetarako balio duela pentsatuko dugula. Eta hori da nahi ez dutena. ‘Hizkuntza bat ikasten duzue, baina ez duzue baliatzen ahalko. Ez baldin bada azterketetan baliatzen ahal, zergatik ikasi?’. Azterketen borroka erabileraren borroka bihurtu da”.

Eskaintza zabala
Sei gune izango ditu Herri Urratsek, datorren maiatzaren 8an: Araba, Nafarroa, Gipuzkoa, Lapurdi, Baxe Nafarroa, eta Xiberoa. Kontzertu gehienak lehen hiruetan izango dira, eta Lapurdi gunean Artxeroak, bertsolariak eta Nat eta Watsonen kontzertua izango dira.

Kontzertu nagusiak Nafarroa gunean izango dira. 14:00etan agur esatear den Skakeitan taldeak joko du, talde donostiarraren azken birako lehen kontzertua izango da. Jarraian Des-Kontrol taldeak joko du, eta ostean Willis Drummond talde lapurtarraren txanda izango da.

Gune guztietan egongo da jan-edanerako aukera, eta etxeko txikienentzako ikuskizunak ere izango dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri Urrats
Muga Zero taldea da Herri Urratseko lehen maketa lehiaketaren irabazlea

40 taldeen artetik garaile atera da Muga Zero punk-rock taldea.


Euskaraz abesten duten taldeen maketa lehiaketa antolatu du Herri Urratsek

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festak “aukerak ireki” nahi dizkie euskal musikagileei. Urtarrilaren 3an amaituko da izena emateko epea, eta otsailean iragarriko dute irabazlea. Saria maiatzaren 12an Herri Urratsen zuzenean jotzea izango.


2023-05-15 | ARGIA
"Elkartasun uholdea" behar du Seaskak, ekaitzak Herri Urrats festa zapuztu ostean

"Ekaitz erauntsiak Herri Urratsen 40. urteurrena ospatzeko geneukan ametsa zapuztu du. Besta bere handitasun osoan ezin ospatze horrek milaka euroko galera ekonomikoa ekarri dio Seaskari; hori dela-eta, deialdi zabal bat egiten diogu euskal jendarte osoari".


Software libre eta euskaldunak txokoa izango du Herri Urratsen

Igande honetan, maiatzak 14, urtero bezala Ipar Euskal Herriko ikastolen Herri Urrats festa ospatuko da Senpereko lakuaren inguruan. Aurten, Ilargikoop ikasle kooperatibak bere txoko propioa izango du Xiberoa gunean. Elkartenetekin batera egun osorako egitaraua antolatu dute:... [+]


Eguneraketa berriak daude