ARGIA.eus

2020ko urriaren 02a

Beskoitzeko ikastola aurrera, Parisek salaketa kendu ostean

  • Falloux Legea aitzaki hartuta Frantziako Gobernuak Seaskako ikastolei jartzen ari zaizkien oztopoen testuinguruan, arnasaldi txiki bat ekarri du Pierre-André Durand Pirinio Atlantikoetako prefetaren iragarpenak: ez ei du kontrako neurririk hartuko Beskoitzeko ikastola eraikitzeko.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza
2014ko martxoaren 25a
Seaskako guraso eta irakasleek uztailean PSren Baionako egoitza okupatu zuten (arg.: Axier Lopez)

Prefetak gutuna igorri dio Beskoitzeko Herriko Etxeari, herriko lurretan ikastola berria eraikitzeko proiektuaren kontrako salaketa kenduko duela esanez.

Beskoitzeko Herriko Kontseiluak 520 metro koadroko zelaia alokatu zion Seaskari, hainbat urtetan berrikusi beharreko hitzarmen baten bidez bertan ikastola eraikitzeko proiektua aurrera ateratzeko. Hendaiako ikastolarekin egin bezala baina, Frantziako Gobernuak hitzarmena ezeztatzea eskatu zuen, 1850eko Falloux legea ez zela betetzen argudiatuta. Lege horrek debekatzen du iraskaskuntza pribatuari laguntza publikoak ematea; ikastetxe kristauen eragina mugatzeko lege aurrerakoia izan zen, XIX. mendean.

XXI. mendera etorrita, Paxkal Indo Seaskako lehendakaria pozik azaldu da prefetaren erabakiarekin eta beste ikastolen kontrako neurriak ere bertan behera geratuko diren itxaropenez hitz egin du Euskal Irratietan. Hur Gorostiaga ikastolako zuzendariak, berriz, mobilizatu diren euskaltzaleei eskerrak eman dizkie; “soluzio orokor” bat izan arte galdegiten segituko dutela azaldu du.

Bi urteko borroka luzea

2012an hasi zuen Frantziako Gobernuak ikastolaren kontrako oldarraldia, Hendaian eraikina egiteko proiektuaren legezkotasuna zalantzan jarri zuenean. Ondoren, Beskoitze eta Hazparneko ikastolekin gauza bera egin zuen. Biarnoko Artixe herriko calandreta-ren –okzitanieraz irakasten duen ikastola– kontra ere jo du. Geroztik hamaika mobilizazio egin dituzte ikastolako jarraitzaileek. Uztailean PSren Baionako egoitza okupatu zuten, esate baterako.

Patrick Dallennes Baionako suprefetak egoerari aterabide bat emateko lanean ari direla azaldu zuen berriki, baina hortik gutxira jakin zen suprefetak Hendaiako ikastolako proiektuaren kontra jarritako salaketa aintzat hartu zuela Paueko auzitegiak.

Hitz ederrekin sinesgogor azaldu da beti Seaska, lege dezimononikoa lurperatu ezean, ziurgabetasunak segiko baitu ikastola guztietan.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Falloux Legea  |  Beskoitze

Falloux Legea kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude