ARGIA.eus

2022ko urriaren 01a

Prosa aproposa gurea?

  • Euskaraz hala moduz idazteko joera orokortzen ari ote den, horra galdera potoloa. Jo dezagun erantzuna baiezkoa dela: zergatik ari da gertatzen? Zein da horren erantzule? Testuak maite dituzten bi lagun elkartu ditugu gaiaren bueltan, Irene Arrarats eta Joxerra Garzia.

2016ko urtarrilaren 17a

Nola hasi behar nuke testu hau idazten? Nori zuzentzen natzaio? Zein ote da adierazi nahi dudan hori haiek ongi ulertzeko modu aproposena? Horiek dira, inoiz baino modu kontzienteagoan, ordenagailuaren parean eseri eta burura etorri zaizkigun galderak. Ariketa hori egin eta erantzunekin asmatzen bada, orduan izango da idazteko modu bat eraginkor eta kalitatezko. Galdera horiei aurre egin gabe ordea, nabarmena da arriskua: ideiak aurrez ikasi edo barneratutako esaldi eta egituretan txertatzea, formari ia erreparatu gabe. Bigarren joera hori nahikoa zabaldua dagoelakoan, zergatik gertatzen den eta inertziazko idazketa horretan zein prosa mota nagusitzen den jakin nahiak eraman gaitu idatzizko komunikazioan aritu eta aditu diren Irene Arrarats eta Joxerra Garziarengana.

“Badago prosa mota bat oso zabaldua, berez tradizioko prosarekin zerikusi handirik gabea: ez du idazle klasikoen antzik, ez Auspoako herri idazleen antzik, eta ez ahozkoaren tankerarik ere”. Hala dio Irene Arrarats Berria egunkariko zuzentzaile eta itzultzaileak. Zer nolakoa den prosa hori? Hiru ezaugarrirekin lotzen du: batetik, euskara pobretua da, baliabide gutxikoa eta horregatik errepikatzen ditu gehienetan egitura berberak; bestetik, beti erregistro berean aritzen da, ez du bereizten unibertsitateko azterketa baterako den ala herri bateko jaiak iragartzeko; eta azkenik, prosa modu hori ez da bere baitakoa, hau da, sortzen duen gehiena erdararen imitazioa da.

Prosa eredu horren zabaltzeak automatismo batzuk ere ekarri dituela dio Arraratsek: atzerakarga, gerundio faltsuak, puntuazio pobrea –komak eta puntuak bakarrik erabiltzea–, perpaus erlatiboen erabilera neurrigabea… “Batzuentzat hori da euskara batua, hori baino ez. Erregistro formaletan, prosa modu hori hankamotza da, zehazta-sunik gabea; lagunarteko erregistroan ordea, pozoi hutsa da, artifiziala eta graziarik gabekoa delako. Nolanahi ere, beste askok ez dute porru hori irensten, eta, bistan denez, bestelako prosa modu batzuk ere sortzen dira, komunikatiboagoak eta erakarga-rriagoak”.

Komunikazio helburua zer?

Orokortu den prosa mota hori gatzgabea eta kamutsa dela uste du euskaraz eta komunikazioaz han eta hemen gogoetatu duen Joxerra Garziak ere. Testuaren eraginkortasuna beharrean zuzentasuna lehenesteari egozten dio, azken finean testu baten funtzioa komunikatu nahi duen horretan asmatzea baita. “Helburuak testu barrukoak ezarri ohi dira: kohesioa, koherentzia eta, jakina, zuzentasun gramatikal eta sintaktikoa. Hori guztia ondo dago, baina ez helburu moduan, bitarteko moduan baizik. Helburuak, benetakoa, testutik eta hizkuntzatik kanpokoa behar du izan: gure idatziaren bidez zer eragin nahi dugun irakurlearengan”. Hizkuntza edo prosa eraginkorra den edo ez jakiteko, ordea, zer lortu nahi den jakin behar da aurrez. Senekaren aipu bat dakar gogora Garziak: “Haize onik ez baitago nora joan ez dakienarentzat”.

Uste berekoa da Arrarats, baina arriskutsua iruditzen zaio zuzentasun eza komunikazio gaitasunarekin lotzea, ez baitira elkarren etsai. “Lizentziak hartzeko ere, araua behar da; araua hausteko ere, araua behar duzu. Araua, berez, ez da Euskaltzaindiaren bilduma horretan agertzen dena bakarrik. Araua da hizkuntzaren logikaren barrenean dagoena. Damolat edo dizerdit asmatzea ederra da, euskararen bizi-indarraren seinale, baina ez bazaigu ateratzen, pentsatu ere egin gabe, badamolat esatea, banoa esaten den bezala, bada, problema da arrotza zaigula euskararen sistema, eta, beraz, sistemarik gabe, hots, hizkuntzarik gabe geratzeko arriskua dugula”.

Erdaren menpeko dotorezia

Idazten duenarengan nagusitu diren inertzia horiek ustezko dotoretasunarekin lotzen dira maiz. Arraratsek dioen moduan, “Trenak oraintxe burutuko du bere irteera” esaten badugu, batzuek nahiago dute hori “trena oraintxe aterako da” esatea baino. Garziak aldiz, dotore ari garelakoan eta kohesioaren izenean, etengabe erabiltzen ditugun “izan ere”, “alabaina”, “lehenik eta behin” eta gisako lokailuak aipatzen ditu adibide gisa. Gaztelaniatik edo frantsesetik abiatzearekin lotzen du fenomeno hori Arraratsek, oso zaila delakoan, begi-belarrietan erdararen oihartzun etengabea izanda, egituraz-eta guztiz bestelakoa den hizkuntza baten dotoretasuna estimatzea. “Transmisioan eten bat gertatu da, eta, horren ondorioz, aurreiritzi batzuek indar handiagoa hartu dute gure tradizioak baino, eta, zoritxarrez, ez dakarte batere abantailarik komunikazioa hobetzeko. Horixe da gure bide itsuen sorburua, nik uste”.

Ezin dena hezkuntzari aurpegiratu

Inertziazko idazketa hori nolakoa den eta zergatik gertatzen den nolabait argituta, bada erantzuleen bila hasteko garaia. Arraratsi gehiegitxo iruditzen zaio eredu hori eskoletan sustatu dela esatea, baina aitortzen du egoera soziolinguistikoaren ondorioz euskara mehetuz joan den neurrian, arlo guztietan sartu dela, baita eskoletan ere. “Komunikabideak, filmak, bideo-jokoak... Gehien-gehiena erdaraz jasotzen dute haurrek. Euskal mundua arlo gutxitara iristen da, eta eskolak ezin beteko ditu beste arloe-tako hutsune guztiak”. Gogora dakar, hala ere, alde handia dagoela eskoletan euskaraz eta erdaraz irakurtzen denaren artean: erdaraz literatura landua, eta euskaraz, oinarrizko prosan idatzitako nerabeentzako liburuxkak. “Gurpil zoro bat da: euskara pobretu hori baino ez dakigunez, beldur gara gehiago eskatuz gero ez ote ditugun uxatuko haur-gazteak, baina besterik irakatsi-entzun-leitu ezean, nondik aterako dute?”.

Berriki erretreta hartu badu ere, orain gutxi arte EHUren Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean jaso ditu Joxerra Garziak aurrez eskoletatik iga-rotako ikasleak. “Ikasleen prosa gainbeheran ote doan? Baliteke, baina askoz gehiago kezkatzen nau irakasleen prosak, are gehiago komunikazioa irakasten dutenenak. Negargarria da, oro har, gure testu akademikoen prosa maila”. Hezkuntzatik kanpoko eragileetara zabaltzen den gaitza dela dio, euskarazko hedabideak ere jo puntuan jarrita: “Akats gramatikalik gabeko testuei aise ematen zaie oniritzia. Sarri, ordea, akatsik gabeko testu horiek ez dute ezer lortu edo eragiteko balio, inertziazko idazkera lo-arazle baino ez dira. Horri ez zaio, baina, garrantzirik ematen, eta zuzenak badira, argitaratu egiten dira”.

Berria egunkariko zuzentzailea da Arrarats eta eguneroko lana du kazetaritza eta iritzi testuak berrikustea. Antzematen du arriskutsua iruditzen zaion hizkuntza etengabe berrasmatzeko joera: “Komunikazioa hobetzeko behar den guztia alda dadila euskara, baina ahal den gutxiena, higatzearen poderioz exonormatibo bihurtu ez dadin”. Tradizioko forma edo egituraren ordez beste bat zabaltzen hasten bada, baina abantaila komunikatiborik ez badakar, zertarako behar dugu? Euskara asmatua dago”.

Kanal hauetan artxibatua: Soziolinguistika  |  Literatura  |  Hezkuntza

Soziolinguistika kanaletik interesatuko zaizu...
2022-07-17 | Unai Brea
Aitor Bedialauneta Arrate. Euskal Gorrak elkartearen presidentea
“Gorrak gutxiengo soziolinguistikoa garela uste dugu”

Zeinu hizkuntzaren interpretearen ezinbesteko laguntzaz egin diogu elkarrizketa Aitor Bedialauneta Arrateri (Ondarroa, 1991), Euskal Gorrak EAEko gorren elkarteen federazioaren presidenteari. “Interpretearen mendekotasunik dudan? Une honetantxe, biok daukagu”,... [+]


Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sariketaren XV. edizioa abian da
Soziolinguistika Klusterrak eta UPV/EHUk antolatzen dute eta irailaren 16ra arte dago lanak aurkezteko aukera.

2022-05-25 | Leire Artola Arin
Euskararen kale erabilera egonkortasunetik ateratzeko beharra azaleratu du azken neurketak

Soziolinguistika Klusterrak asteazkenean argitaratu du 2021eko ikerketaren txostena. Neurtu dute euskararen kaleko erabilera egonkor dagoela, eta azken neurketan bezala zortzitik batek hitz egiten duela (%12,6). Eremu euskaldunenetan jaitsi egin da. Proposatu dute hazkundea... [+]


2022-03-16 | Leire Artola Arin
Arnasguneetako euskararen erabileraren bilakaera negatiboa erakutsi du UEMAren ikerketak

Kaleko 71.000 elkarrizketa eta 227.900 solaskide behatu dituzte UEMAko herrietan, eta 2017koa baino ikerketa are sendoagoa burutu dute. Erabilera orokorra ez da ia aldatu: bostetik hiru aritzen dira euskaraz. Adina eta generoaren arabera badira desberdintasun batzuk.



Irakurrienak
ASTEKARIA
2016ko urtarrilaren 17a
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude