Arnasguneetako euskararen erabileraren bilakaera negatiboa erakutsi du UEMAren ikerketak

  • Kaleko 71.000 elkarrizketa eta 227.900 solaskide behatu dituzte UEMAko herrietan, eta 2017koa baino ikerketa are sendoagoa burutu dute. Erabilera orokorra ez da ia aldatu: bostetik hiru aritzen dira euskaraz. Adina eta generoaren arabera badira desberdintasun batzuk.


2022ko martxoaren 16an - 10:40
UEMAko 87 udalerritan eta Tolosaldeako seitan egin dute ikerketa. / Argazkia: Tolosaldeako Ataria.

Euskaldun gehiagorekin, euskararen erabilera handiagoa da. Horixe da Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta Soziolinguistika Klusterrak egindako azken ikerketaren ondorioetako bat. “Euskaldunen dentsitatea eta trinkotasuna oso garrantzitsua da euskara erabiltzeko, eta hori da udalerri euskaldunek euskararen normalizazioan jokatzen duten rol garrantzitsuenetako bat”, laburtu dute txostenean. Dena den, ohartarazi dute arnasguneetan (euskaldunak %80tik gora diren herrietan) kaleko euskararen erabilerak bilakaera negatiboa izan duela azken lau urteetan: “Ez da galera handia, baina bai arnasguneen bilakaerari buruzko zantzu bat”.

Ehunka bolondresek UEMAko udalerrietako kaleko elkarrizketak behatu dituzte bigarren aldiz, euskararen erabilera neurtzeko. 2017an baino ikerketa sendoagoa egin dute 2021ean, lehengoan baino hamazazpi udalerri gehiagotako laginak hartuta: UEMAko 87 udalerritan eta Tolosaldeako seitan egin dute behaketa. 71.000 elkarrizketaren eta 227.900 solaskideren lagina hartu dutenez, neurketak fidagarritasun handia lortu du. 74 udalerri hartu dituzte aurreko emaitzekin alderaketak egiteko, eta ondorio orokorra 2017koaren ia berbera izan da: aztertutako pertsonen %61,1 euskaraz aritu da.

Haurrek euskara gehien

Txostenaren arabera, zenbait faktorek eragin zuzena dute hizkuntzaren erabileran, hala nola pertsonaren soslaiak (generoa, adina…) edota udalerriaren nolakotasuna (tamaina, euskaldun kopurua...). Batetik, emakumeek (%61,7) gizonek (%60,3) baino gehiago darabilte euskara, batik bat adin tarte gazteenetan. Bestetik, zenbat eta helduago izan, orduan eta gutxiago erabiltzen da euskara; alegia, ikus daiteke ezagutzak eragin zuzena duela erabileran. Haurrek (%75,7) eta gazteek (%65,6) hitz egiten dute gehien euskaraz, eta gutxien 40-64 urte artekoek (%50,1).

Gainera, ondorioztatu dute solasaldiko pertsonen adinak eragina duela hizkuntzan. Euskara gehien entzun dute haurrak haurrekin ari direnetan (%75,2), eta entzun dutenez, haurrak helduen elkarrizketen parte direnean euskara gehiago erabiltzen da: %57tik %73ra igotzen da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskararen erabilera
Jaime Altuna. EHU-ko irakaslea eta ikerlaria
"Euskararen auzia nerabeena baino gehiago da helduena"

Jaime Altunak Hizkuntzaren funanbulistak. Hizkuntza-sozializazioa kirol eremuan adin eta generoan ardaztuta doktoretza tesia uztailean bukatu du. Gaiaren ezagutza sakonetik eta aurrez beste ikerlariek idatzitakotik hurbildu da begirada berezi bezain zorrotzaz Gipuzkoako zenbait... [+]


Biarritzeko turismo-audiogidetan euskararen arrastorik ez

Audiogidak frantsezez, alemanez, ingelesez eta gaztelaniaz daude. Biarritzeko turismo bulegoko zuzendari Genevieve Fontainek argudiatu du euskara ez dela “berehalako eskarietako bat”.


Jon Zapata, 'Haurren aurrean helduok heldu' ekimenaren koordinatzailea
“Haurrek ulertzen dute euskara haurren hizkuntza izanen dela”

Haurren aurrean helduok heldu ekimena urriaren 19tik 29ra egingo da Hego Euskal Herriko 80 herritan. Protagonistak, batez ere, gurasoak izango dira eta bi helburu azpimarratu ditu Euskaltzaleen Topagunea antolatzaileak: batetik, gurasoek hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoak... [+]


Iñigo Urrutia
"Gaztelania eta frantsesa armen bidez inposatu zituzten Euskal Herrian"

Euskarafobia legalaren historia legez lege eta arauez arau aztertu du Iñigo Urrutiak (1966, Jatabe-Maruri), Xabier Irujorekin batera. Horren emaitza da Historia Jurídica de la Lengua Vasca (1789-2023) liburu mardula. Irujo atzerrian zegoenez, Urrutiarekin mintzatu... [+]


Eguneraketa berriak daude